10. IKASGAIA
Zer da familia-adorazioa?
Antzinatik, Jehobaren nahia familia bakoitzak elkarrekin denbora igarotzea izan da. Izan ere, honela bai Jainkoarekin duten harremana, baita beraien artekoa ere sendotzen dute (Deuteronomioa 6:6, 7). Hau dela eta, Jehobaren lekukook astero tarte bat hartzen dugu gure familiakideekin Jainkoa adoratzeko. Gure beharren arabera, Jainkoarekin dugun harremanarekin lotutako gaiak giro lasaian aztertzeko, aukera paregabea da hau. Bakarrik bizi direnek ere, denbora-tarte hori Jainkoarengana gehiago hurbiltzeko erabil dezakete, beraiek aukeratutako biblia-gai bat ikertuz.
Jainkoarengana hurbiltzeko aukera. «Hurbil zaitezte Jainkoarengana, eta hurbildu egingo zaizue» (Santiago 4:8). Jainkoa nolakoa den eta bere ekintzei buruzko xehetasunak Biblian ikastean, Jehoba hobeto ezagutuko dugu. Zure asteroko familia-adorazioa hasteko modu erraz bat, Biblia elkarrekin ozenki irakurtzea da. Hau egiteko, Zerbitzu eta bizimodua bilerako irakurketa programa segi daiteke. Familiakide bakoitzak irakurketako pasarte bat leitu dezake eta, ondoren, ikasitakoaz elkarrekin mintzatu.
Familiakideengana hurbiltzeko aukera. Familiak batera Biblia aztertzen duenean, senar-emazteek eta guraso eta seme-alabek elkarren arteko harremana estutzen dute. Denbora-tarte alaia eta lasaia izan behar du, pozez itxaroten den asteko momentua. Gurasook, zuen haurren adinaren arabera, gai egokiak aukeratu ditzakezue elkarrekin aztertzeko. Honetarako, La Tour de Garde edo La Atalayaren edo beste argitalpen bateko atalen bat, baita jw.org webguneko informazioren bat ere erabil dezakezue. Eskolako arazoei buruz eta hauei aurre egiteko erari buruz mintza zaitezkete. Zergatik ez duzue elkarrekin JW Broadcasting-eko (tv.jw.org) programa bat ikusten eta aztertzen? Honetaz gain, bileretan abestuko diren kantak entseiatuz ongi pasa dezakezue, baita familia-adorazioa amaitu eta gero, freskagarriren bat hartuz ere.
Astero denbora berezi hau elkarrekin Jehoba adoratzen emateak, Biblia aztertzea gustukoa izaten lagunduko dio familia osoari. Eta ziur egon Jainkoak zure ahaleginak biziki bedeinkatuko dituela (1. Salmoa 1-3).
-
Zergatik hartzen dugu astero tarte bat familiak batera Jainkoa adoratzeko?
-
Zer egin dezakete gurasoek denbora hau denentzat atsegina izateko?