15. KAPITULUA
Zure lanaz gozatu
«Gizakiarentzat hoberena [...] bere lanaren fruituaz gozatzea» (KOHELET 2:24).
1-3. a) Zer sentitzen du jende askok egiten duen lanari buruz? b) Zer galdera aztertuko ditugu kapitulu honetan?
MUNDU osoan zehar jendeak gogor lan egiten du norberaren beharrak eta familiarenak asetzeko. Baina askori ez zaie duten lana gustatzen eta lanera egunero joan behar izatearekin larritu ere egiten dira batzuk. Horrela sentitzen bazara, zer egin dezakezu zure lanarekin gustura egoteko eta honetaz gozatzeko?
2 Jehobak honakoa esaten digu: «Jainkoaren emaitza baitu gizakiak jan, edan eta bere lanaren etekinaz gozatu ahal izatea» (Kohelet 3:13). Jehobak lana egiteko behar eta nahiarekin sortu gintuen. Egiten dugunarekin ongi sentitzea nahi du (Irakurri Kohelet 2:24; 5:17 [5:18, NW ]).
3 Orduan, zerk lagunduko digu gure lanaz gozatzen? Zer-nolako lan motak baztertu behar ditugu kristauok? Nola mantendu dezakegu gure lana eta Jehobaren gurtzaren arteko oreka? Eta zein da egin dezakegun lanik garrantzitsuena?
BI LANGILERIK ONENAK
4, 5. Zer iritzi du Jehobak lanari buruz?
4 Jehobak lan egitea maite du. Hasiera 1:1ak hau dio: «Hasieran, Jainkoak zeru-lurrak egin zituen». Lurra eta bertako guztia egin ondoren, «guztia oso ona zela ikusi zuen» (Hasiera 1:31). Gure Sortzailea egindako guztiarekin zoriontsu sentitu zen (1 Timoteori 1:11).
5 Jehobak ez dio inoiz lan egiteari utzi. Jesusek honakoa esan zuen: «Nire Aita etengabe ari da lanean» (Joan 5:17). Jehoba egiten aritu den gauza zoragarri guztien berri jakin ez arren, batzuei buruz badakigu zerbait. Esaterako, Jesu Kristorekin Erreinuan aginduko dutenak hautatzen egon da (2 Korintoarrei 5:17). Gainera, gizakiak gidatzen eta zaintzen ari da. Mundu-mailako predikatze-lanaren ondorioz milioika lagun Jehoba ezagutzen ari da, lurrean paradisu batean betiko bizitzaz gozatzeko esperantzarekin (Joan 6:44; Erromatarrei 6:23).
6, 7. Nolako langilea da Jesus?
6 Jehobak bezala, Jesusek lan egitea maite du. Lurrera etorri baino lehen, Jainkoaren «obra-maisu» izan zen, zeruko eta lurreko gauza guztiak sortzen lagunduz (Esaera Zaharrak 8:22-31; Kolosarrei 1:15-17). Lurrean egon zenean, Jesusek gogor segi zuen lan egiten. Gaztetan arotz trebea izaten ikasi zuen, ziurrenik altzari eta etxeak eraikitzen. Bere lanean hain trebea izan zenez, «arotza» izenaz ezagutzen zuten (Markos 6:3).
7 Hala ere, berri onak zabaltzea eta Jehobari buruz jendeari irakastea izan zen Jesusen lanik garrantzitsuena lurrean. Hiru urte eta erdi izan zituen bere predikatze-lana burutzeko eta, horretarako, goizean goiz jaiki eta berandu arte gogor aritzen zen lanean (Lukas 21:37, 38; Joan 3:2). Jesus hautsez beteriko bideetan barrena ehunka kilometro ibili zen, ahalik eta jende gehienari berri onak hots egiten (Lukas 8:1).
8, 9.Zergatik gozatu zuen Jesusek bere lanaz?
8 Jesusentzat Jainkoaren lana egitea janaria bezalakoa izan zen. Lan honek energia eta indarra ematen zion. Oso gogor lan egiten zuen eta batzuetan otordu bat egiteko ere denbora ez zuen hartzen (Joan 4:31-38). Aukera guztiez baliatzen zen bere Aitari buruz irakasteko. Horregatik esan ahal izan zion Jehobari: «Nik zure aintza azaldu dut munduan, zuk eman zenidan egitekoa betez» (Joan 17:4).
9 Argi dago, bai Jehobak, bai Jesusek, gogor egiten dute lan eta euren lanagatik pozik sentitzen dira. «Jainkoaren antzekoak» izan nahi dugu, baita Jesusen «urratsei jarraituz» ibili ere (Efesoarrei 5:1; 1 Pedro 2:21). Horrexegatik gogor lan egiten saiatzen gara eta edozein eginkizunetan ahal dugun guztia egiten dugu.
LANAREKIKO JARRERA
10, 11. Zerk lagunduko digu gure lanarekiko jarrera positiboa izaten?
10 Jehobaren zerbitzariok gure beharrak eta familiarenak asetzeko gogor egiten dugu lan. Gure lanean ondo sentitu nahi dugu, baina zaila izan daiteke. Orduan, zer egin dezakegu gure lanaz gozatzen ez badugu?
11 Jarrera positiboa izan. Agian ezin dugu gure egoera aldatu, lanarekiko jarrera, ordea, bai. Jehobak gugandik espero duena ulertzeak lagundu gaitzake. Adibidez, familiaburuak bere familia ahal duen hoberen zaintzea espero du Jehobak. Izan ere, familiari behar duena ematen ez diona «sinesgabea baino okerragoa» dela dio Bibliak (1 Timoteori 5:8). Familiaburua bazara, zalantzarik gabe familia mantentzeko gogor egiten duzu lan. Zure lana gustatu ala ez, ziur egon zaitezke familia zainduz Jehoba pozten ari zarela.
12. Zergatik da lagungarria zintzoa izatea eta gogor lan egitea?
12 Zintzoa eta langilea izan. Honek lanaz gozatzen lagunduko dizu (Esaera Zaharrak 12:24; 22:29). Alde batetik, zure nagusiak zugan konfiantza izango du. Nagusiek zintzoak diren langileak estimatzen dituzte ez dutelako diru, material edo denborarik lapurtzen (Efesoarrei 4:28). Bestetik, eta garrantzitsuagoa dena, Jehobak langilea eta zintzoa zarela ikusten du. Beraz, Jainkoa pozten ari zarela jakiteak kontzientzia garbia izaten utziko dizu (Hebrearrei 13:18; Kolosarrei 3:22-24).
13. Zer beste emaitza izan ditzake lanean zintzo jokatzeak?
13 Gogoratu lanean duzun portaerak Jehobari ohore emango diola. Hau gure lanean pozik aritzeko beste arrazoi bat da (Titori 2:9, 10). Agian lankideren batek Biblia aztertzen hasi nahiko du zure eredu ona ikusi eta gero (Irakurri Esaera Zaharrak 27:11; 1 Pedro 2:12).
ZER LAN AUKERATU BEHARKO NUKE?
14-16. Zer hartu behar dugu kontuan lana aukeratzean?
14 Biblian ez dago onartu edo baztertu behar ditugun lanen zerrendarik. Baina badaude lanaren inguruan erabaki onak hartzeko printzipioak (Esaera Zaharrak 2:6). Biblia-printzipio horiek erabiliz, pentsatu hurrengo galderetan:
15 Jehobarentzat gaizki dagoena egin beharko al dut lan honetan? Jehobak zer gauza gorroto dituen ikasi dugu dagoeneko, adibidez, lapurtzea eta gezurrak esatea (Irteera 20:4; Eginak 15:29; Efesoarrei 4:28; Apokalipsia 21:8). Horregatik, Jehobaren arauen aurka dauden lanak baztertzen ditugu (Irakurri 1 Joan 5:3).
16 Jehobak gorroto duen jarduerarik bultzatzen al du lan honek? Esaterako, zer egingo zenuke abortu klinika bateko harreran lan egiteko eskaintza jasoko bazenu? Harrera-zerbitzuko langilea izateak ez du ezer txarrik, baina Jehobak abortuari buruz pentsatzen duena badakizu. Beraz, nahiz eta abortuak zuk ez burutu, ez al duzu uste Jehobarentzat erruaren parte izango duzunik? (Irteera 21:22, oharra, 23, 24).
17. Zerk lagunduko digu Jehoba poztuko duten erabakiak hartzen?
17 Bibliako printzipioak erabiliz, «ona eta txarra bereizteko» gaitasuna dutenen artean egongo gara (Hebrearrei 5:14). Galdetu zeure buruari: «Lan hau onartzen badut, estropezu eginaraziko al diet besteei? Nire ezkontide eta seme-alabengandik urrun bizi beharko al dut, agian beste herrialderen batean? Zer eragin izango du honek beraiengan?».
«EGOKIEN DENA BEREIZTEN JAKIN»
18. Zergatik izan daiteke erronka gure adorazioari lehentasuna ematea?
18 «Azken egunetan une latzak» ditugunez, zaila izan daiteke Jehobaren adorazioari lehentasuna ematea (2 Timoteori 3:1). Lana aurkitu eta mantentzea benetako erronka izan daiteke. Gure familia zaindu behar dugu, baina gure adorazioak beste guztiaren gainetik egon behar duela ere badakigu. Ezin diegu ondasunei gure bizitzan garrantzi handiegirik izaten utzi (1 Timoteori 6:9, 10). Orduan, nola bereizi dezakegu kristauok «egokien dena» eta, era berean, familiaren beharrak ase? (Filipoarrei 1:10).
19. Nola laguntzen digu Jehobarengan konfiantza izateak gure lanarekin orekatsuak izaten?
19 Jehobarengan konfiantza osoa izan (Irakurri Esaera Zaharrak 3:5, 6). Jainkoak gure beharrak zehatz-mehatz ezagutzen dituela eta gutaz guztiz arduratzen dela dakigu (37. Salmoa 25; 1 Pedro 5:7). Bere Hitzak hau esaten digu: «Ez izan diru-gose; egon pozik duzuenarekin, Jainkoak esana baitu: “Ez zaitut utziko, ez baztertuko”» (Hebrearrei 13:5). Jehobak ez du gure familiak behar duenari buruz etengabe kezkaturik egotea nahi. Behin eta berriz, bere herriaren beharrak asetzen dituela erakutsi du (Mateo 6:25-32). Dugun lan egoera axola gabe, Jainkoaren Hitza aztertzeko, berri onak zabaltzeko eta gure bileretara joateko ohitura izan behar dugu (Mateo 24:14; Hebrearrei 10:24, 25).
20. Zer egin behar dugu bizimodu korapilatsua ez izateko?
20 Begia onik mantendu (Irakurri Mateo 6:22, 23). Zer esan nahi du honek? Korapilatsua ez den bizimodua izatea, horrela Jehobaren zerbitzuan buru-belarri aritzeko aukera izateko. Lelokeria izango litzateke dirua, bizimodu erosoa edo punta-puntako gailuak Jainkoarekin dugun adiskidetasuna baino garrantzitsuagoak izatea. Orduan, zerk lagunduko digu gauza garrantzitsuenei lehentasuna ematen? Zorrak ez izaten ahalegindu behar gara. Dagoeneko zorrak badituzu, hauek gutxitzeko edo kitatzeko planak egin. Ez bagara adi egoten, gauza materialek denbora asko eta energia handia kenduko digute eta ez dugu otoitz egiteko, ikasteko edo predikatzeko denborarik izango. Gauza materialek gure bizitza korapilatzen utzi beharrean, oinarrizko gauzekin pozik egoten ikasi behar dugu, adibidez, «zer jan eta zer jantzi» izatearekin (1 Timoteori 6:8). Jehobaren zerbitzuan gehiago nola egin dezakegun ikusteko, noizean behin gure egoera aztertu behar dugu zein den axola gabe.
21. Zergatik erabaki behar dugu zerk duen lehentasuna bizitzan?
21 Lehentasun egokiak izan. Gure denbora, indar eta ondasunak zentzuz erabili nahi ditugu. Garrantzi gutxiago duten gauzek, esaterako, hezkuntzak edo diruak, gure denbora baliotsua kenduko digute adi ez bagaude. Jesusek hau esan zuen: «Bilatu lehendabizi Jainkoaren erregetza» (Mateo 6:33, oharra). Gure erabakiek, ohiturek, eguneroko ekintzek eta helburuek erakusten dute gure bihotzean zerk duen lehentasuna.
EGIN DEZAKEGUN LANIK GARRANTZITSUENA
22, 23. a) Zein da kristauok izan dezakegun lanik garrantzitsuena? b) Zerk lagunduko digu gure lanaz gozatzen?
22 Izan dezakegun lanik garrantzitsuena Jehoba zerbitzatzea eta berri onak zabaltzea da (Mateo 24:14; 28:19, 20). Jesusen eredua jarraituz, ahal dugun guztia egin nahi dugu lan honetan. Batzuk berri-emaile gehiago behar diren tokietara joan dira. Beste batzuk, berriz, hizkuntzaren bat ikasten ari dira jende gehiagoren bihotzera iristeko. Zergatik ez duzu beraiekin hitz egiten? Ziurrenik bizitza esanguratsu eta zoriontsuagoa dutela esango dizute (Irakurri Esaera Zaharrak 10:22).
23 Gaur egun, askok ordu luzeak eman behar izaten ditugu lanean edo lan bat baino gehiagotan gure familiaren oinarrizko beharrak asetzeko. Jehoba honetaz jabetzen da eta gure familia zaintzeagatik egiten ditugun ahalegin guztiak estimatzen ditu. Beraz, segi dezagun Jehoba eta Jesus imitatzen gogor lan eginez, zer lan dugun axola gabe. Eta gogora dezagun gure lanik garrantzitsuena Jehoba zerbitzatzea eta Jainkoaren Erreinuaren berri onak zabaltzea dela. Barren-barreneko poza emango digu honek.