53. PASARTEA
Joiada ausarta izan zen
Jezabelek bera bezain gaiztoa zen alaba zuen, Atalia. Judako erregearekin zegoen ezkondua. Senarra hil zitzaionean, semea ipini zen agintean. Baina hau ere hil zenean, Ataliak bere burua Judako agintari izendatu zuen. Orduan, erregearen senitarteko guztiak hiltzen saiatu zen, bere ordez errege izan zitekeen edonor. Bere bilobak ere hil zituen! Hau dela eta, jende guztiak beldur zion.
Joiada apaiz nagusiak eta bere emazteak, Joxebak, bazekiten Atalia egiten ari zena oso txarra zela. Beraz, beraien biziak arriskuan jarriz, Ataliaren biloba bat ezkutatu zuten, Joax izeneko haurtxoa. Mutikoa tenpluan hezi zuten.
Joaxek zazpi urte zituenean, Joiadak buruzagi eta lebitar guztiak bildu eta esan zien: «Zaindu tenpluko ateak eta ez utzi inori sartzen». Orduan, Joax Judako errege egin zuen Joiadak eta koroa jarri zion buruan. Judako jendeak honela zioen oihuka: «Gora erregea!».
Bildutako jendearen zalaparta entzutean, tenplura joan zen laster batean Atalia erregina. Errege berria ikusi zuenean, garrasi egin zuen: «Traizioa! Traizioa!». Buruzagiek erregina gaiztoa harrapatu, kanpora atera eta hil egin zuten. Ataliak oso eragin txarra izan zuenez nazioarengan, zer gertatuko zen orain?
Joiadak Jehobarekin ituna egiten lagundu zion nazioari. Itun honetan Jehoba bakarrik gurtuko zutela promestu zuten. Joiadak, orduan, Baalen tenplua behera bota eta irudiak txiki-txiki egitea agindu zuen.
Apaizak eta lebitarrak izendatu zituen tenpluan lan egiteko eta, era honetara, nazioak berriz ere Jehoba gurtzeko. Atezainak ezarri zituen tenplua zaintzeko, garbia ez zen inor sartu ez zedin. Orduan, Joiada eta buruzagiek Joax jauregira eraman eta errege-aulkian eseri zuten. Judako jendea oso pozik zegoen. Azkenik Jehoba zerbitzatu ahal izango zuten Atalia gaiztoaren eraginik gabe eta Baalen gurtzatik askatuta. Ikusi al duzu nola lagundu zion jende askori Joiada ausarta izateak?«Ez izan beldurrik gorputza hil bai, baina bizia hondatu ezin dutenei; izan beldur, gorputza ez ezik, pertsona osoa infernuan [Gehennan, NW ] honda dezakeenari» (Mateo 10:28).