Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

100. PASARTEA

Paulo eta Timoteo

Paulo eta Timoteo

Timoteo Listrako kongregazioko gazte bat zen. Aita greziarra zuen eta ama, Eunize izenekoa, judua. Timoteori txiki-txikitatik irakatsi zioten Jehobari buruz amak eta amona Loidek.

Paulo Listrara joan zen bere bigarrengo predikatze-bidaian. Timoteok anai-arrebak bihotzez maite zituela eta hauei laguntzeko irrikan zegoela ikusi zuen han. Beraz, berarekin bidaian joateko gonbidapena egin zion Paulok. Denbora pasa ahala, Timoteo berri onen predikatzaile eta irakasle bikaina izateko trebatu zuen.

Edonora zihoazela, espiritu santuak gidatzen zituen Paulo eta Timoteo. Gau batean, Paulok ikuskari bat izan zuen. Gizon batek Mazedoniara laguntzera joateko eskatu zion. Beraz, hara joan ziren Paulo, Timoteo, Silas eta Lukas predikatu eta kongregazioak osatzera.

Gizon-emakume asko egin ziren kristau Mazedoniako Tesalonika hirian. Baina judu batzuek inbidia zieten Paulo eta bere lagunei. Hortaz, jende mordo bat bildu eta agintarien aurrera arrastaka eraman zituzten honakoa oihukatuz: «Gizon hauek erromatar gobernuaren etsaiak dira!». Paulo eta Timoteoren biziak arriskuan zeuden. Horregatik, Bereara ihes egin zuten gauean.

Bereako jendea berri onak ikasteko irrikan zegoen. Bai greziarrak, baita juduak ere, fededunak egin ziren. Baina Tesalonikatik etorritako hainbat judu iskanbila sortzen hasi zirenean, Pablo Atenasera abiatu zen. Timoteo eta Silas, berriz, Berean gelditu ziren anai-arrebak sendotzen. Denborarekin, Paulok Tesalonikara bueltan bidali zuen Timoteo hango anai-arrebei pertsekuzio gogorrari aurre egiten laguntzeko. Geroago, beste kongregazio asko bisitatu eta animatzera bidali zuen.

Paulok honakoa esan zion Timoteori: «Jehoba zerbitzatu nahi dutenak pertsegituak izango dira». Timoteo bere fedearengatik izan zen pertsegitua eta espetxeratua. Hala ere pozik zegoen, era honetara, Jehobari zion leialtasuna azaldu zezakeelako.

Paulok hau esan zien filipoarrei: «Timoteo bidaliko dizuet. Jehobaren zerbitzari moduan bizitzeak zer esan nahi duen irakatsiko dizue. Gainera, berri onak zabaltzeko prestatuko zaituzte». Paulok bazekien Timoteorengan konfiantza osoa izan zezakeela. Urte askotan egin zuten lan elkarrekin eta lagun minak izan ziren.

«Ez dut, izan ere, beste adiskide minik, ni neu bezala zuen gauzez benetan arduratzen denik; nor bereaz axolatzen dira denak eta ez Jesu Kristorenaz» (Filipoarrei 2:20, 21).