Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

80. PASARTEA

Jesusek hamabi apostoluak aukeratu zituen

Jesusek hamabi apostoluak aukeratu zituen

Urte eta erdi predikatzen ibili ondoren, Jesus erabaki garrantzitsu bat hartu beharrean zegoen. Nortzuk aukeratuko zituen berarekin estu-estu lan egiteko? Nortzuk trebatuko zituen kristau kongregazioan aurrea hartu zezaten? Jehobaren gida nahi zuen Jesusek erabaki horiek hartzeko. Hortaz, mendira bakarrik joan eta gau osoa otoitz egiten igaro zuen. Goizean, jarraitzaile batzuk bildu eta 12 apostoluak aukeratu zituen. Ba al dakizkizu apostoluen izenak? Honela deitzen ziren: Pedro, Andres, Santiago, Joan, Felipe, Bartolome, Tomas, Mateo, Santiago Alfeoren semea, Tadeo, Simon eta Judas Iskariote.

Andres, Pedro, Felipe eta Santiago

12 apostoluek Jesusekin batera bidaiatu zuten. Trebatu zituenean, euren kabuz predikatzera bidali zituen. Jehobak deabruak botatzeko eta gaixoak sendatzeko boterea eman zien.

Joan, Mateo, Bartolome eta Tomas

Jesusentzat bere lagunak ziren 12 apostoluak eta konfiantza zuen beraiengan. Apostoluak gizon eskolagabe eta arruntak zirela uste zuten farisearrek. Baina Jesusek beste ikuspuntu bat zuen. Horregatik, egin behar zuten lanerako prestatu egin zituen. Bizitzan Jesusek igaroko zituen une garrantzitsuenetan egongo ziren berarekin, esaterako, hil aurretik edo berpiztua izan eta gero. Apostolu gehienak galilearrak ziren Jesus bezalaxe eta batzuk ezkonduta zeuden.

Santiago Alfeoren semea, Judas Iskariote, Tadeo eta Simon

Apostoluak ez ziren perfektuak, akatsak egiten zituzten. Batzuetan pentsatu aurretik hitz egin eta erabaki okerrak hartzen zituzten. Beste batzuetan pazientzia gutxikoak ziren. Denetan garrantzitsuena nor zen eztabaidatzen ere jardun zuten. Hala ere, Jehoba maite zuten gizon zintzoak ziren. Horregatik, Jesus zerura joandakoan kristau kongregazioaren lehen kideak izango ziren eta honetan eginkizun garrantzitsuak izango zituzten.

«Zuei adiskide deitzen dizuet, neure Aitak jakinarazitako guztia adierazi baitizuet» (Joan 15:15).