Mateo 11:1-30
11 Jesusek 12 dizipuluei argibide hauek eman ondoren, inguruko hirietara joan zen irakastera eta predikatzera.
2 Joan kartzelan zegoela, Kristok egindakoa entzun zuenez, bere dizipuluak bidali zituen
3 Jesusi galdetzera: «Zu al zara etorri behar duena, ala beste baten zain egon behar dugu?».
4 Eta Jesusek erantzun: «Zoazte eta kontatu Joani entzuten eta ikusten ari zaretena:
5 orain itsuek ikusi egiten dute, herrenak ibiltzen dira, lepradunak garbi geratzen dira, gorrek entzun egiten dute, hildakoak berpizten* dira eta pobreek berri onak entzuten dituzte.
6 Zoriontsua nitaz zalantzarik ez duena*».
7 Joanen dizipuluak abiatzean, Jesus Joani buruz hitz egiten hasi zitzaion jendetzari: «Zer ikustera atera zineten basamortura? Haizeak astintzen duen kainabera bat?
8 Orduan, zer ikustera atera zineten? Arropa finez* jantzitako gizon bat? Horrela janzten direnak erregeen jauregietan egoten dira.
9 Zertara atera zineten, ba? Profeta bat ikustera? Bai, eta profeta bat baino handiagoa den norbait ikusi duzuela esaten dizuet.
10 Izan ere, berari buruz idatzi ziren hitz hauek: “Begira! Nire mezularia bidaliko dut zure aurretik* zuri bidea prestatzera!”.
11 Benetan esaten dizuet: ez da inoiz emakume batengandik Joan Bataiatzailea baino handiagoa den inor jaio. Hala ere, zeruko Erreinuan txikiena dena, bera baino handiagoa da.
12 Joan Bataiatzailearen garaitik hona, zeruko Erreinua da jendeak lortu nahi izan duen helburua, eta gogor saiatzen direnek lortzen* dute.
13 Zeren denek, bai profetek, baita Legeak ere, Joan iritsi arte profetizatu zuten.
14 Eta zuek onartzeko prest egon ala ez, bera da “etorri behar zen Elias”.
15 Belarriak dituenak adi-adi entzun dezala.
16 «Norekin konparatuko dut belaunaldi hau? Merkatuetan eserita dauden haurrak bezalakoa da. Beraiekin jolasean dauden lagunei oihukatzen diete:
17 “Txirula jo dizuegu, baina ez duzue dantzarik egin. Hileta kantuak kantatu, baina ez duzue negarrik egin*”.
18 Modu berean, Joan ez zen ez jaten, ez edaten etorri. Baina jendeak dio: “Deabru bat dauka”.
19 Gizonaren Semea, aldiz, bai jaten, bai edaten etorri zen. Baina jendeak dio: “Hara!, a ze tripontzi eta mozkorra*, zergalarien eta bekatarien laguna!”. Dena dela, ekintzek frogatzen dute jakinduria*».
20 Orduan, damutu ez zirenez, bere mirari gehienen ikusle izan ziren hiriak salatzen hasi zen:
21 «Ai ene, Korazin! Ai ene, Betsaida! Zuen artean egin diren mirariak Tiro eta Sidonen gertatu izan balira, aspaldi damutuko ziren zakuz jantziz eta errautsetan eseriz.
22 Baina nik esaten dizuet Epai Eguna gogorragoa izango dela zuentzat Tiro eta Sidonentzat baino.
23 Eta zu, Kapernaum, zeruetaraino altxatua izango zarelakoan, ala? Hilobira* jaitsiko zara. Zeren zurean gertatutako mirariak Sodoman gertatu izan balira, gaur arte zutik iraungo zuen.
24 Baina nik esaten dizut Epai Eguna gogorragoa izango dela zuretzat Sodomarentzat baino».
25 Momentu hartan, Jesusek esan zuen: «Denen aurrean goraipatzen zaitut Aita, zeru-lurren Jauna, zeren gauza hauek jakintsu eta intelektualei ezkutatu dizkiezu eta haurtxoei erakutsi*.
26 Bai, Aita, horrelaxe egin nahi izan duzu.
27 Aitak nire esku utzi du den-dena. Inork ez du Semea guztiz ezagutzen, Aitak izan ezik. Eta inork ez du Aita guztiz ezagutzen, Semeak eta honek erakutsi nahi dion edozeinek izan ezik.
28 Etorri nigana leher eginda eta zapalduta* sentitzen zareten guztiok, eta nik indarberrituko zaituztet.
29 Jarri nire uztarriaren azpian* eta nigandik ikasi, goxoa* eta bihotzez umila bainaiz. Nirekin indarberrituta sentituko zarete*.
30 Eramateko erraza* baita nire uztarria, eta arina nire zama».
Oharra
^ Lit. «altxatzen».
^ Edo «niregatik estropezu egiten ez duena».
^ Lit. «leunez».
^ Lit. «zure aurpegiaren aurretik».
^ Lit. «eskuratzen».
^ Lit. «tristuraz bularra jo».
^ Edo «ardozalea».
^ Edo «emaitzen bidez erakusten da jakinduria zuzena dela».
^ Edo «Hades-era». Hau da, hildakoek atseden hartzen duten toki sinbolikoa. Ikusi Glosarioa, hilobi.
^ Edo «ezagutzera eman».
^ Edo «nekatuta eta zamak itota».
^ Edo «Jarri nire uztarria zeuen gainean».
^ Edo «lasaia; mantsoa».
^ Edo «Nirekin atseden hartuko duzue».
^ Edo «leuna».