Markos 15:1-47

  • Jesus Pilatoren aurrean (1-15)

  • Jesusi burla egin zioten jendaurrean (16-20)

  • Golgotan zutoin batean iltzatua (21-32)

  • Jesusen heriotza (33-41)

  • Jesusen hilobiratzea (42-47)

15  Eguna argitu bezain laster, apaizburu, adindun eta lege maisuak —bai, Sanedrin osoa— zer egin erabakitzeko elkartu ziren. Jesus lotu ondoren, Pilatorengana eraman eta bere esku utzi zuten. 2  Orduan, Pilatok galdetu zion Jesusi: «Zu al zara juduen erregea?». Eta berak erantzun: «Zuk zeuk esan duzu». 3  Apaizburuek, berriz, gauza asko leporatzen zizkioten. 4  Orduan, Pilato galdeketa egiten hasi zitzaion berriro, esanez: «Ez al duzu ezer esateko? Begira zenbat gauza esaten ari diren zure aurka». 5  Baina Jesusek ez zion ezer gehiago erantzun, eta Pilato txundituta geratu zen. 6  Pazko jai bakoitzean, Pilatok preso bat askatu ohi zuen, jendeak eskatzen zuena. 7  Bazen garai hartan kartzelan Barrabas izeneko preso bat. Gobernuaren aurkako matxinadan hilketak egin zituztenekin zegoen preso. 8  Beraz, jendetza Pilatorengana hurbildu eta ohitura zuen bezala egiteko eskatu zioten. 9  Pilatok erantzun zien: «Nahi al duzue juduen erregea askatzea?». 10  Izan ere, Pilatok bazekien apaizburuek inbidiagatik entregatu* zutela Jesus. 11  Baina apaizburuek jendetza berotu zuten, Jesusen ordez Barrabas libratzeko eskatu zezan. 12  Pilatok galdetu zien: «Orduan, zer nahi duzue egitea juduen erregea deitzen diozuen honekin?». 13  Berriro egin zuten oihu: «Zutoinean hil!». 14  Eta Pilatok esaten zien: «Zergatik? Zer egin du gaizki?». Baina gero eta ozenago oihukatzen zuten: «Zutoinean hil!». 15  Orduan, Pilatok, jendetza poztu nahian, Barrabas askatu zien eta Jesus zigortzeko* agindu ondoren, zutoinean hiltzeko entregatu* zuen. 16  Soldaduek gobernariaren jauregiko patiora eraman zuten Jesus, eta tropa osoari deitu zioten. 17  Purpuraz jantzi zuten eta arantzaz egindako koroa bat jarri zioten. 18  Eta oihuka hasi ziren: «Gora juduen erregea!». 19  Gainera, kanabera batez buruan jo eta txistua botatzen* zioten eta, belaunikatuz, bere aurrean makurtzen ziren*. 20  Azkenik, burla egiteari utzi ziotenean, zeraman purpurazko jantzia kendu eta bere arropa jantzi zioten, eta zutoinean iltzatzeko eraman zuten. 21  Orduan, hiri kanpotik etorritako gizon bat pasatzen ari zen handik: Zireneko Simon —Alexandro eta Ruforen aita—, eta tortura zutoina* eramatera behartu zuten. 22  Golgota izeneko tokira eraman zuten Jesus. Itzulita «buru hezur tokia» esan nahi du. 23  Han, mirrarekin nahastutako ardoa* ematen saiatu ziren, baina ez zuen edan nahi izan. 24  Orduan, zutoinean iltzatu zuten eta, bere arropa banatzeko, zotz egin zuten bakoitzak zer eramango zuen erabakitzeko. 25  Goizeko bederatziak aldera ziren* zutoinean iltzatu zutenean. 26  Bere aurkako kondenaren inskripzioak esaten zuen: «Juduen erregea». 27  Gainera, bi lapur jarri zituzten zutoinetan bere ondoan, bata eskuinean eta bestea ezkerrean. 28 * —— 29  Eta handik pasatzen zirenek iraindu egiten zuten burua astinduz eta esanez: «Bah! Hi, tenplua behera bota eta hiru egunetan eraikiko huena, 30  salba ezak heure burua tortura zutoinetik* jaitsiz». 31  Apaizburuek ere, lege maisuekin batera, Jesus barregarri uzten zuten, esanez: «Besteak bai, baina bere burua ezin salbatu! 32  Jaitsi dadila orain tortura zutoinetik* Kristo, Israelgo erregea. Hori ikustean, sinetsiko dugu». Bere ondoan zutoinetan zeudenek ere iraindu egiten zuten. 33  Eguerdiko hamabietatik arratsaldeko hirurak inguru arte*, lurralde osoa ilunpetan geratu zen. 34  Hirurak aldera, Jesusek ozen oihukatu zuen: «Eli, Eli, lama sabaktani?». Itzulita, honakoa esan nahi du: «Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu?». 35  Han inguruan zeuden batzuek, hori entzutean, esan zuten: «Begira! Eliasi deika ari da». 36  Orduan, norbaitek korrika esponja bat ardo garratzetan busti, kanabera baten muturrean jarri eta edateko eman zion, esanez: «Utzi! Ea Elias etortzen zaion jaistera». 37  Baina Jesusek ozen oihu egin eta hil egin zen*. 38  Eta santutegiko gortina bitan urratu zen, goitik behera. 39  Bere aurrean zegoen armadako ofizialak, hil zenean gertatutakoa ikusi zuenean, esan zuen: «Argi dago gizon hau Jainkoaren Semea zela». 40  Emakume batzuk zeuden urrutitik begira, hauen artean Magdalako Maria, Maria —Santiago Txikiaren eta Josesen ama— eta Salome. 41  Jesus Galilean zegoenean, emakume hauek Jesusekin batera ibiltzen ziren eta bera zerbitzatzen zuten. Jerusalemera berarekin igotako beste emakume asko ere bazeuden han. 42  Arratsaldeko azken ordua zen eta Prestaketaren eguna, hau da, Larunbataren bezpera. 43  Horregatik, Arimateako Jose —Kontseiluko* kide errespetatua eta Jainkoaren Erreinua itxaroten ari zena— etorri zen eta, ausardiaz beterik, Pilatorengana joan zen Jesusen gorpua eskatzera. 44  Baina Pilatok Jesus dagoeneko hilda ote zegoen jakin nahi izan zuen, eta armadako ofizialari deitu zion hori galdetzeko. 45  Armadako ofizialak Jesus hilda zegoela ziurtatu zionean, Joseri gorpua eramateko baimena eman zion. 46  Josek kalitate oneko lihozko oihal bat erosi eta Jesusen gorpua zutoinetik jaitsi zuen. Gero, gorpua oihalean bildu eta harkaitzean zulatutako hilobi* batean jarri zuen. Orduan, harri bat biraka eraman* zuen hilobiaren sarreraraino. 47  Baina Magdalako Maria eta Maria —Josesen ama— Jesus jarri zuten hilobira begira geratu ziren.

Oharra

Edo «bere eskuetan utzi».
Edo «zigorrez jotzeko; azotatzeko».
Edo «soldaduen eskuetan utzi».
Edo «listua botatzen; tu egiten».
Edo «belaunikatuz, omentzen zuten».
Efektu narkotikoa duen nahasketa.
Lit. «Hirugarren ordua zen».
Bertset hau ez da antzinako eskuizkribu inportante batzuetan agertzen.
Lit. «Seigarren ordutik bederatzigarren ordura arte».
Edo «azken arnasa eman zuen».
Edo «Sanedrineko».
Edo «oroitzapen hilobi».
Edo «itzulikatu».