Markos 14:1-72

  • Apaizek Jesus hiltzeko konspiratu (1, 2)

  • Usain goxoko olioa Jesusen gainean isuria (3-9)

  • Judasek Jesus traizionatu (10, 11)

  • Azken Pazkoa (12-21)

  • Jaunaren Azken Afaria ezarria (22-26)

  • Jesusek Pedrok ukatuko zuela aurresan (27-31)

  • Jesus Getsemanin otoitz egiten (32-42)

  • Jesus atxilotua (43-52)

  • Sanedrinaren aurrean epaitua (53-65)

  • Pedrok Jesus ukatu (66-72)

14  Handik bi egunera Pazkoa eta Legamia Gabeko Ogien Jaia zen. Apaizburuak eta lege maisuak Jesus maltzurkeriaz harrapatu* eta hiltzeko moduaren bila ari ziren. 2  Baina honakoa esaten zuten: «Jaian ez; iskanbila sortu daiteke herrian». 3  Jesus Betanian Simon lepradunaren etxean jaten* ari zela, emakume bat hurbildu zitzaion usain goxoko olioz betetako alabastrozko ontzitxo batekin. Benetako nardozkoa zen, oso garestia. Eta alabastrozko ontzitxoa puskatu eta olioa Jesusen buru gainean isurtzen hasi zen. 4  Hori ikustean, batzuk haserretu eta elkarri esan zioten: «Zergatik gastatu da alferrik usain goxoko olio hau? 5  300 denario* baino gehiagotan saldu zitekeen eta dirua pobreei eman!». Eta izugarri haserretu ziren emakumearekin*. 6  Baina Jesusek esan zien: «Utzi ezazue bakean. Zergatik ari zarete bere kontra? Ederki jokatu du nirekin. 7  Zeren pobreak beti izango dituzue zuekin, eta nahi duzuenean lagundu ditzakezue, baina ni ez nauzue beti zuekin izango. 8  Emakume honek ahal zuena egin du; aldez aurretik nire gorputzaren gainean usain goxoko olioa isuri du nire hilobiratzea prestatuz. 9  Benetan esaten dizuet: mundu osoko edozein tokitan, berri onak predikatzen direnean, emakume honek egindakoa ere kontatu eta gogoratuko da». 10  Judas Iskariote —Hamabietako bat— apaizburuengana joan zen Jesus traizionatzeko eta beraien esku uzteko. 11  Hauek, hori entzun zutenean, asko poztu ziren, eta dirua* emango ziotela promestu zioten. Judas, orduan, Jesus traizionatzeko aukera on baten bila hasi zen. 12  Legamia Gabeko Ogien Jaiaren lehen egunean, Pazko sakrifizioa eskaini ohi zenean, dizipuluek Jesusi galdetu zioten: «Non nahi duzu Pazko afarirako prestaketak egitea?». 13  Orduan, bi dizipulu bidali zituen eta esan zien: «Joan hirira eta ur pitxer bat daraman gizon batek zuekin egingo du topo. Segi berari, 14  eta sartzen den tokian, hango etxeko nagusiari esan: “Maisuak dio: ‘Non dago nire dizipuluekin Pazkoa jateko gonbidatuen gela?’”‏. 15  Eta goian gela handi bat erakutsiko dizue, altzariz jantzita eta prest. Egin han guretzako prestaketak». 16  Beraz, dizipuluak atera, hirian sartu eta guztia Jesusek esan bezala aurkitu zuten, eta Pazkorako dena prestatu zuten. 17  Iluntzean, Hamabiekin iritsi zen hara. 18  Eta mahaian eserita* jaten ari zirela, Jesusek esan zuen: «Benetan esaten dizuet: nirekin jaten ari den zuetako batek traizionatu egingo nau». 19  Orduan, oso triste jarri ziren eta banan-banan esan zioten: «Ez naiz ni izango, ezta?». 20  Erantzun zien: «Hamabietako bat da, nirekin plater* berean eskua sartzen duena. 21  Zeren idatzita dagoen bezala, Gizonaren Semea badoa. Baina ai, Gizonaren Semea traizionatzen duena! Hobe jaio izan ez balitz». 22  Oraindik afaltzen ari zirela, Jesusek ogi bat hartu, otoitz bat egin*, zatitu eta dizipuluei eman zien, esanez: «Hartu; honek nire gorputza irudikatzen du». 23  Gero, kopa bat hartu, Jainkoari eskerrak eman eta dizipuluei eman zien eta denek edan zuten bertatik. 24  Orduan, esan zien: «Honek nire odola irudikatzen du, “itunaren odola”. Pertsona askoren onerako izango da isuria. 25  Benetan esaten dizuet: ez dut inondik inora gehiago ardorik* edango Jainkoaren Erreinuan ardo berria edateko eguna iritsi arte». 26  Azkenik, gorespen kantak* kantatu ondoren, Oliamendira joan ziren. 27  Orduan, Jesusek esan zien: «Den-denek huts* egingo duzue, idatzita baitago: “Artzaina zaurituko dut eta ardiak sakabanatuko dira”. 28  Baina berpiztua* izan ondoren, zuen aurretik joango naiz Galileara». 29  Pedrok esan zion: «Beste guztiek huts* egiten badute ere, nik ez dut hutsik egingo». 30  Orduan, Jesusek erantzun zion: «Benetan esaten dizut: gaur, bai, gaur gauean bertan, oilarrak bi aldiz kantatu baino lehen, hiru aldiz ukatuko duzu ezagutzen nauzula». 31  Baina Pedrok behin eta berriz esan zion: «Zurekin hil behar badut ere, ez dut sekula ukatuko ezagutzen zaitudala». Beste guztiak ere gauza bera esaten hasi ziren. 32  Orduan, Getsemani izeneko tokira joan ziren eta Jesusek esan zien bere dizipuluei: «Eseri hemen otoitz egiten dudan bitartean». 33  Eta Pedro, Santiago eta Joan eraman zituen berarekin, eta izugarrizko tristura eta ezinegon handia sentitzen hasi zen. 34  Esan zien: «Izugarrizko larritasuna sentitzen dut, hiltzeko modukoa. Geratu hemen, eta esna mantendu». 35  Eta pixka bat urrunduz, lurrera erori eta otoitz egiten hasi zen, posible balitz, egoera hori berarengandik urruntzeko eskatuz. 36  Esan zuen: «Abba*, Aita, zuretzat dena da posible; urrundu nigandik kopa hau. Baina bete dadila ez nik nahi dudana, zuk nahi duzuna baizik». 37  Itzuli zenean, lotan aurkitu zituen eta Pedrori galdetu zion: «Simon, lotan? Ez duzu indarrik izan ordubete nirekin esna mantentzeko? 38  Esna mantendu eta egin otoitz etengabe. Horrela, ez zarete tentazioan eroriko. Noski, asmoa ona da, baina gorputza* ahula da». 39  Orduan, berriro joan zen eta gauza bera esanez egin zuen otoitz. 40  Eta berriro itzuli zenean, lotan aurkitu zituen ezin zituztelako begiak irekita mantendu. Eta haiek ez zekiten zer esan. 41  Eta hirugarren aldiz itzuli eta esan zien: «Horrelako momentu batean lotan eta atseden hartzen? Nahikoa da! Iritsi da ordua! Hara!, Gizonaren Semea traizionatu eta bekatarien esku utziko dute. 42  Jaiki, goazen. Begira! Hemen dator traizionatuko nauena». 43  Eta berehala, oraindik hitz egiten ari zela, Judas —Hamabietako bat— iritsi zen, eta berarekin batera apaizburuek, lege maisuek eta adindunek bidalitako talde bat, ezpatak eta makilak eskutan hartuta. 44  Judas traidoreak adostutako seinale hau eman zien: «Nik muxu emango diodana, huraxe da. Atxilotu ezazue eta ziurtatu ez duela ihes egiten». 45  Eta zuzen-zuzenean Jesusengana hurbildu eta esan zion: «Rabbi!», eta muxu goxo bat eman zion. 46  Beraz, Jesus harrapatu eta atxilotu egin zuten. 47  Baina han zegoen batek ezpata atera eta apaiz nagusiaren morroiari eraso egin eta belarria moztu zion. 48  Orduan, Jesusek esan zien: «Lapur bat al naiz nire bila ezpata eta makilak eskuetan hartuta etortzeko? 49  Egunero-egunero zuekin nengoen tenpluan irakasten nuen bitartean eta, hala ere, ez ninduzuen atxilotu. Baina hau Idazkiak betetzeko gertatu da». 50  Eta dizipulu guztiek Jesus abandonatu eta ihes egin zuten. 51  Baina gizon gazte bat, kalitate oneko lihozko jantzi bat besterik ez zeramana, hurbiletik segika hasi zitzaion. Bera harrapatzen saiatu ziren, 52  baina lihozko jantzia atzean utzi eta biluzik* egin zuen ihes. 53  Orduan, Jesus apaiz nagusiarengana eraman zuten eta apaizburu, adindun eta lege maisu guztiak bildu ziren. 54  Baina Pedrok urrutitik segitu zion, apaiz nagusiaren patiora iritsi arte. Han, etxeko morroiekin eseri zen sutondoaren epelean. 55  Apaizburuak eta Sanedrin osoa berriz, Jesus hiltzeko asmoz, bere aurkako testigantza bila zebiltzan. Baina ez zuten bat bera ere aurkitu. 56  Egia esan, asko izan ziren salaketa faltsuak aurkeztu zituztenak, baina beraien deklarazioak ez zetozen bat. 57  Beste batzuk ere zutik jarri ziren bere aurkako salaketa faltsu hau egiteko: 58  «Geuk entzun genion esaten: “Giza eskuz egindako tenplu hau behera botako dut eta hiru egunetan giza eskuz eginda egongo ez den beste bat eraikiko dut”». 59  Baina honetan ere beraien deklarazioak ez zetozen bat. 60  Orduan, apaiz nagusia haien erdian zutitu eta Jesusi galdetu zion: «Ez al duzu ezer esateko? Ez al duzu entzuten gizon hauek zure aurka esaten ari direna?». 61  Baina Jesusek ez zuen txintik ere esan, eta ez zuen ezer erantzun. Berriro, apaiz nagusia galdezka hasi zitzaion: «Zu al zara Kristo, Bedeinkatuaren Semea?». 62  Jesusek erantzun zion: «Bai, ni naiz; eta boterearen* eskuin aldean eserita eta zeruko hodei artean etortzen ikusiko duzue Gizonaren Semea». 63  Hori entzutean, apaiz nagusiak bere jantziak urratu eta esan zuen: «Zertarako behar dugu lekuko gehiago? 64  Entzun duzue blasfemia. Zein da zuen erabakia?». Heriotza merezi zuela erabaki zuten guztiek. 65  Eta batzuek txistua botatzen* zioten eta aurpegia tapatuz ukabilkadak ematen zizkioten, esanez: «Profeta bahaiz, esan, nork jo hau?». Eta zaplaztekoak eman ondoren, guardiek eraman egin zuten. 66  Pedro behean, patioan zegoen bitartean, apaiz nagusiaren neskameetako bat etorri zen. 67  Pedro sutondoan ikustean, begira-begira geratu zitzaion eta esan zion: «Hi ere Nazaretarrarekin hengoen, Jesus delako horrekin». 68  Baina ukatu egin zuen, esanez: «Ez dinat ezagutzen, eta ez zekinat zertaz ari haizen». Eta atarira irten zen. 69  Han ikusi zuen neskameak, eta berriro han zeudenei esan zien: «Gizon hau haietako bat duk». 70  Baina berak ukatzen jarraitzen zuen. Geroxeago, han zeudenek esan zioten berriro Pedrori: «Ez zegok dudarik, hi ere haietako bat haiz; galilearra haiz, noski». 71  Orduan, maldizioka zin egiten hasi zen: «Ez dudala ezagutzen diozuen gizon hori!». 72  Berehala, oilarrak bigarren aldiz egin zuen kukurruku, eta Pedrok Jesusek esan ziona gogoratu zuen: «Oilarrak bi aldiz kantatu baino lehen, hiru aldiz ukatuko duzu ezagutzen nauzula». Lur jota, Pedrok negarrari eman zion.

Oharra

Edo «Jesusi tranpa bat jarriz atxilotu».
Edo «mahai aldera etzanda jaten».
Edo «amorruz hitz egin zioten emakumeari; errieta egin zioten emakumeari».
Lit. «zilarra».
Edo «mahai aldera etzanda».
Edo «erretilu; azpil».
Edo «bedeinkapen bat esan».
Edo «mahastiaren fruiturik».
Edo «salmoak».
Edo «estropezu».
Lit. «altxatua».
Edo «estropezu».
«O Aita!» esan nahi duen hitz hebrear edo aramearra; «aitatxo» hitzak duen hurbiltasuna adierazten du.
Edo «espiritua prest dago, baina haragia».
Edo «arropa gutxirekin».
Edo «Boteretsuaren».
Edo «listua bota; tu egin».