Lukas 9:1-62
-
Hamabiei predikaziorako argibideak eman (1-6)
-
Herodesek ez daki zer pentsatu Jesusi buruz (7-9)
-
Jesusek 5.000 gizoni jaten eman (10-17)
-
Pedrok Kristo identifikatu (18-20)
-
Jesusek bere heriotza aurresan (21, 22)
-
Benetako dizipulu izatea (23-27)
-
Jesusen itxuraldatzea (28-36)
-
Jesusek deabru baten menpe zegoen mutiko bat sendatu (37-43a)
-
Jesusek bere heriotza berriro aurresan (43b-45)
-
Dizipuluek handiena nor ote den eztabaidatu (46-48)
-
Gure aurka ez dagoena, gure alde dago (49, 50)
-
Samariako herri batek Jesus baztertu (51-56)
-
Jesusi nola jarraitu (57-62)
9 Orduan, Jesusek Hamabiak elkartu zituen, eta deabruak botatzeko eta gaixotasunak sendatzeko boterea eta autoritatea eman zien.
2 Jainkoaren Erreinua predikatzera eta gaixoak sendatzera bidali zituen,
3 eta esan zien: «Ez eraman bidaiarako ezer, ez makilarik, ez janari poltsarik, ez ogirik, ez dirurik*, ezta aldatzeko jantzirik* ere.
4 Etxe batean sartzen zaretenean, bertan gelditu handik joan arte.
5 Jendeak ez badizue harrera ona egiten, hiri hartatik ateratzerakoan, astindu zuen oinetako hautsa, abisua eman zaiela erakusteko*».
6 Beraz, martxan jarri eta herriz herri joan ziren, toki guztietan berri onak zabaltzen eta gaixoak sendatzen.
7 Herodesek* —eskualdeko agintariak*— gertatzen ari zen guztiaren berri izan zuen, eta ez zekien zer pentsatu. Izan ere, batzuek Joan hildakoen artetik berpiztu* zela esaten zuten;
8 baina beste batzuek Elias profeta agertu zela uste zuten, eta beste batzuek, berriz, antzinako profeta bat berpiztu* zela.
9 Herodesek esaten zuen: «Joani lepoa moztu banion, nor da gizon hori? Nori buruz entzuten ari naiz horrelako gauzak?». Horregatik, Jesus ikusteko gogoa zuen.
10 Apostoluek, itzuli zirenean, egin zuten guztia kontatu zioten Jesusi. Orduan, Betsaida izeneko hiri baterantz eraman zituen, beraiekin bakarrik egoteko asmoz.
11 Baina jendetza konturatu zenean, jarraitu egin zion. Jesusek goxo-goxo hartu zituen, eta Jainkoaren Erreinuari buruz hitz egiten hasi zitzaien, eta sendatzeko beharra zutenak sendatu zituen.
12 Eguna amaitzen ari zenez, Hamabiak hurbildu eta esan zioten: «Bidali ezazu jendetza inguruko herri eta landetara non lo egin eta zer jan bilatu dezan, leku hau oso aparte dago eta».
13 Baina Jesusek esan zien: «Eman zuek jateko zerbait». Erantzun zioten: «Bost ogi eta bi arrain besterik ez dugu, horrenbeste jenderentzat janaria erostera gu geu ez bagara joaten behintzat».
14 Izan ere, han 5.000 gizon inguru zeuden. Baina bere dizipuluei esan zien: «Esaiezue 50eko taldeetan esertzeko».
15 Eta hala egin zuten eta denak eseri ziren.
16 Jesusek bost ogiak eta bi arrainak hartu zituen, zerura begiratu eta otoitz egin zuen*. Gero, zatitu egin zituen eta dizipuluei eman zizkien, beraiek jendeari banatzeko.
17 Beraz, denek jan zuten eta bapo eginda geratu ziren. Eta dizipuluek 12 saski bete zituzten soberan geratu ziren zatiekin.
18 Beranduago, Jesus bakardadean otoitz egiten ari zen bitartean, dizipuluak berarengana hurbildu ziren, eta berak galdetu zien: «Nor naizela esaten du jendeak?».
19 Erantzun zioten: «Joan Bataiatzailea. Baina beste batzuek Elias zarela esaten dute, eta beste batzuek, berriz, antzinako profeta bat berpiztu* dela».
20 Orduan, galdetu zien: «Eta zuek? Nor naizela diozue?». Pedrok erantzun zion: «Jainkoaren Kristo».
21 Orduan, zorrotz hitz eginez, inori ez esateko agindu zien.
22 Gainera, hau ere esan zien: «Gizonaren Semeak asko sufritu beharko du, eta adindun, apaizburu eta lege maisuek baztertu eta hilko dute, eta hirugarren egunean berpiztua* izango da».
23 Gero, denei esan zien: «Norbaitek nire jarraitzaile izan nahi badu, bere burua ukatu*, egunero-egunero bere tortura zutoina* hartu eta niri jarraitzen segi dezala.
24 Zeren bere bizia salbatu nahi duenak galdu egingo du; baina bizia niregatik galtzen duena, hori izango da bizia salbatuko duena.
25 Ea, ba, zertarako balio dio norbaiti mundu osoko gauzak eskuratzeak bere bizia galdu edo hondatzen badu?
26 Beraz, norbait nitaz eta nire hitzez lotsatzen bada, Gizonaren Semea pertsona horretaz lotsatuko da bere aintzan eta Aitaren eta aingeru santuen aintzan etortzen denean.
27 Baina benetan esaten dizuet: hemen dauden batzuek ez dute inola ere heriotza dastatuko Jainkoaren Erreinua ikusi arte».
28 Eta hala gertatu zen. Hitz hauek esan eta zortzi bat egun beranduago, Jesusek Pedro, Joan eta Santiago berarekin hartu eta mendira igo zen otoitz egitera.
29 Eta otoitz egiten ari zenean, aurpegiaren itxura aldatu zitzaion, eta bere arropa zuri distiratsu bihurtu zen.
30 Eta hara!, bi gizon Jesusekin hizketan zeuden; Moises eta Elias ziren.
31 Hauek aintzarekin agertu ziren eta Jerusalemen beteko zen Jesusen abiatzeari buruz hitz egiten hasi ziren.
32 Pedro eta bere lagunak erdi lotan zeuden, baina guztiz esnatu zirenean, Jesusen aintza eta bere ondoan zutik zeuden bi gizonak ikusi zituzten.
33 Eta hauek Jesusengandik urruntzen ari zirenean, Pedrok esan zion Jesusi: «Maisu, ze ondo hemen gaudela. Prestatu ditzagun hiru kanpadenda, bat zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat». Ez zekien zer esaten ari zen.
34 Pedro gauza hauek esaten ari zela, hodei bat sortu eta estali egin zituen. Hodeiak inguratu zituenean, izutu egin ziren.
35 Orduan, hodeitik ahots bat atera zen, esanez: «Hau da nire Semea, nik aukeratutakoa. Entzun berari».
36 Ahotsa entzun zenean, Jesus bakarrik zegoela ikusi zuten. Baina beraiek isilik geratu ziren, eta ikusitako gauzei buruz ez zioten inori ezer kontatu denbora batez.
37 Hurrengo egunean, menditik jaitsi zirenean, jendetza handi bat atera zitzaion bidera.
38 Orduan, gizon batek jendartetik oihukatu zuen: «Maisu, arren, ikusi nire semea! Nire seme bakarra da.
39 Espiritu batek menpean hartzen du eta, bat-batean, oihuka hasten da. Espirituak konbultsioak eragiten dizkio eta ahotik lerdea* ateratzen zaio eta, berarengandik nekez ateratzean, zauriz josita uzten du.
40 Zure dizipuluei espiritua botatzeko erregutu diet, baina ezin izan dute».
41 Orduan, Jesusek esan zuen: «Belaunaldi fedegabe eta okertua! Noiz arte egon beharko dut zuekin eta zuek jasaten? Ekarri zure semea hona».
42 Eta mutikoa hurbiltzen ari zen bitartean ere, deabruak lurrera bota eta konbultsio bortitzak eragin zizkion. Baina Jesusek espiritu gaiztoari* errieta egin, mutikoa sendatu eta aitari itzuli zion.
43 Eta denak txundituta geratu ziren Jainkoaren botere zoragarria ikustean.
Egiten ari zen gauza guztiekin oraindik harrituta zeudela, Jesusek esan zien bere dizipuluei:
44 «Entzun adi eta gogoratu hitz hauek, zeren Gizonaren Semea traizionatua izango da, eta gizakien esku utziko dute».
45 Baina ez zuten ulertu esaten ari zena. Izan ere, hitz haien esanahia ezkutuan zegoen beraiek ez ulertzeko, eta zer esan nahi zuten galdetzeko beldur ziren.
46 Orduan, dizipuluak beraien artean handiena nor ote zen eztabaidatzen hasi ziren.
47 Jesusek, zer pentsatzen zuten jakinda, haur bat hartu, bere ondoan jarri
48 eta esan zien: «Nire izenean haurtxo honi ongietorria ematen dionak, niri ere ematen dit. Eta ongietorria ematen didanak, bidali nauenari ere ongietorria ematen dio. Zeren txikienetako batek bezala jokatzen duena da zuen artean handiena».
49 Hori entzutean, Joanek esan zion: «Maisu, zure izenean deabruak botatzen zituen gizon bat ikusi dugu eta, gurekin ez zebilenez, geldiarazten saiatu gara».
50 Baina Jesusek esan zion: «Ez saiatu geldiarazten; zuen aurka ez dagoena, zuen alde baitago».
51 Gora eramana izateko garaia hurbiltzen ari zela*, Jesusek Jerusalemera joateko erabaki sendoa hartu zuen.
52 Horregatik, mezulariak bidali zituen bere aurretik. Hauek martxan jarri ziren, eta Samariako herri batera sartu ziren bera iristen zenerako prestaketak egitera.
53 Baina Jesusek Jerusalemera joateko asmo sendoa zuenez, hango biztanleek ez zuten herrian hartu nahi izan.
54 Santiago eta Joan dizipuluek hori ikusi zutenean, Jesusi esan zioten: «Jauna, nahi al duzu hauek akabatzeko zerutik sua jaisteko agintzea?».
55 Baina Jesusek buelta eman eta errieta egin zien.
56 Beraz, beste herri batera joan ziren.
57 Bidean zihoazela, norbaitek esan zion: «Joaten zaren edozein tokitara jarraituko dizut».
58 Baina Jesusek esan zion: «Azeriek gordelekuak dituzte eta zeruko hegaztiek kabiak. Baina Gizonaren Semeak ez du etxe propiorik*».
59 Orduan, beste bati esan zion: «Izan nire jarraitzaile». Eta gizonak esan zion: «Jauna, utzidazu lehenik aita lurperatzera joaten».
60 Jesusek, berriz: «Utzi hildakoei beraien hildakoak lurperatzen. Baina zu, zoaz eta Jainkoaren Erreinua predikatu toki guztietan».
61 Eta beste batek esan zion: «Jarraituko dizut, Jauna, baina lehenengo utzidazu etxekoei agur esaten».
62 Jesusek esan zion: «Goldean eskua jarri eta atzera begiratzen duenak ez du Jainkoaren Erreinurako balio*».
Oharra
^ Lit. «zilarrik».
^ Lit. «bi jantzi».
^ Lit. «haien aurkako testigantzarako».
^ Lit. «tetrarkak». Erromako enperadorearen ordezkaria zen eremuko printzea.
^ Lit. «altxatu».
^ Lit. «altxatu».
^ Lit. «bedeinkatu egin zituen».
^ Edo «altxatu».
^ Lit. «altxatua».
^ Edo «bere buruarentzat bizitzeari utz diezaiola».
^ Edo «bitsa; aparra; haguna».
^ Lit. «zikinari; kutsatuari».
^ Lit. «egunak betetzen ari zirela».
^ Lit. «ez du burua non etzan».
^ Edo «ez da Jainkoaren Erreinurako gai».