Lukas 17:1-37

  • Estropezu egitea, barkamena eta fedea (1-6)

  • Ezer merezi ez duten morroiak (7-10)

  • Jesusek hamar lepradun sendatu (11-19)

  • Jainkoaren Erreinuaren etorrera (20-37)

    • «Jainkoaren Erreinua zuen erdian dago» (21)

    • «Gogoratu Loten emaztea» (32)

17  Orduan, Jesusek esan zien bere dizipuluei: «Ezinezkoa da estropezu egitera daraman egoerarik ez agertzea. Baina ai, hauek sortzen dituena! 2  Hobe luke lepoan errotarri bat lotu eta itsasora botako balute, txiki hauetako bat estropezu egitera eramatea baino. 3  Argi ibili zeuen buruarekin. Zure anaiak bekatu egiten badu, errieta* egin eta, damutzen bada, barkatu. 4  Nahiz eta egunean zazpi aldiz zure aurka bekatu egin eta zazpi aldiz zuregana etorri “damutzen naiz” esanez, barkatu egin behar diozu». 5  Orduan, apostoluek esan zioten Jaunari: «Emaguzu fede handiagoa». 6  Jaunak esan zien: «Mostaza hazi baten tamainako fedea izango bazenute, masustondo honi esango zeniokete: “Sustraitik atera eta landatu itsasoan!”, eta obedituko lizueke. 7  «Bere morroia goldean edo artzain lanetan ibili ondoren sorotik itzultzen denean, zuetako nork esaten dio: “Hator hona berehala, mahaira, eta jan”? 8  Horren ordez, esango dio: “Prestazak nire afaria, jantzi mantala eta zerbitza nazak nik jaten eta edaten bukatu arte eta, ondoren, jango eta edango duk hik”. 9  Nagusia ez da morroiari eskertuta sentituko honek agindutakoa bete zuelako, ezta? 10  Era berean, agindutako guztia egiten duzuenean, esan: “Morroiak besterik ez gara, ez dugu ezer merezi*. Egin beharrekoa egin dugu, besterik ez”». 11  Jerusalemera bidean, Jesus Samaria eta Galilea artetik pasa zen. 12  Eta herri batean sartzen ari zela, hamar gizon lepradunek Jesus ikusi zuten, baina urruti geratu ziren. 13  Eta oihuka esan zuten: «Jesus, Maisu, errukitu zaitez gutaz!». 14  Ikusi zituenean, esan zien: «Zoazte eta aurkeztu apaizen aurrean». Eta joaten ari zirela, sendatuak* izan ziren. 15  Haietako bat, sendatuta zegoela ikusi zuenean, itzuli egin zen Jainkoa ahots ozenez goratuz. 16  Eta belaunikatu eta Jesusen oinetara makurtu zen, eskerrak emanez. Gainera, gizona samariarra zen. 17  Hau ikustean, Jesusek esan zuen: «Hamar izan dira sendatuak, ezta? Non daude beste bederatziak? 18  Beste nazio bateko gizon hau etorri da Jainkoa gorestera? Beste inor ez?». 19  Ondoren, esan zion: «Altxa, eta segi zure bidea; zure fedeak sendatu zaitu». 20  Fariseuek Jainkoaren Erreinua noiz etorriko zen galdetu ziotenean, erantzun zien: «Jainkoaren Erreinua ez da argi eta garbi ikusteko moduan etorriko. 21  Eta jendeak ere ez du esango: “Begira, hemen dago!”, edo: “Han dago!”. Zeren begira!, Jainkoaren Erreinua zuen erdian* dago». 22  Orduan, esan zien dizipuluei: «Gizonaren Semearen egunetako bat ikusi nahiko duzuen garaia iritsiko da, baina ez duzue ikusiko. 23  Eta jendeak esango dizue: “Begira, hemen dago!”, edo “Begira, han dago!”. Baina zuek ez atera eta ez joan beraien atzetik korrika. 24  Zeren tximistak zeruaren alde batetik bestera distira egiten duen bezala, horrela izango da Gizonaren Semea bere egunean. 25  Baina aurretik, asko sufritu beharko du eta belaunaldi honek baztertu egingo du. 26  Gainera, Noeren egunetan gertatu zen bezala, berdin izango da Gizonaren Semearen egunetan: 27  jendea jaten eta edaten zebilen eta gizon-emakumeak ezkondu egiten ziren, Noe arkan sartu zen eguna iritsi arte; Uholdea etorri eta denak suntsitu zituen. 28  Loten egunetan bezala ere gertatuko da: jendea jaten, edaten, erosten, saltzen, landatzen eta eraikitzen zebilen. 29  Baina Lot Sodomatik atera zen egunean, zerutik suzko eta sufrezko euria egin zuen eta denak suntsitu zituen. 30  Berdin-berdin gertatuko da Gizonaren Semea agertzen den egunean. 31  «Egun horretan, etxe gaineko terrazan dagoena, baina bere gauzak etxean dituena, ez dadila jaitsi hauek hartzera eta, era berean, soroan lanean dagoena ez dadila atzean utzitako gauzetara itzuli. 32  Gogoratu Loten emazteaz. 33  Bere bizia salbatzen saiatzen denak galdu egingo du, baina galtzen duenak salbatu egingo du. 34  Nik esaten dizuet: gau horretan bi pertsona ohe berean egongo dira; bata eraman egingo dute, baina bestea utzi. 35  Errota berean bi emakume garia txikitzen ariko dira; bata eraman egingo dute, eta bestea utzi». 36 * —— 37  Hau entzutean, galdetu zioten: «Non, Jauna?». Jesusek erantzun zien: «Gorpua non, hantxe bilduko dira arranoak».

Oharra

Edo «agiraka».
Edo «Ezertarako balio ez dugun morroiak gara».
Edo «garbituak».
Edo «artean».
Bertset hau ez da antzinako eskuizkribu inportante batzuetan agertzen.