Lukas 16:1-31
16 Gero, Jesusek bere dizipuluei honakoa ere esan zien: «Gizon aberats batek etxezain bat zeukan. Etxezainari gizon aberatsaren ondasunak alferrik gastatzea leporatu zioten.
2 Beraz, gizon aberatsak etxezainari deitu eta esan zion: “Zer da zutaz entzuten ari naizena? Eman etxeko administrazioaren kontuak, zeren hemendik aurrera ezingo duzu etxearen ardura eraman”.
3 Orduan, etxezainak pentsatu zuen: “Zer egingo dut orain, nagusiak etxeko administrazioa kentzen badit? Ez dut aitzurrarekin lan egiteko indarrik, eta eskean ibiltzeak lotsa ematen dit.
4 A! Badakit zer egingo dudan, etxeko administrazioa kentzen didatenean, jendeak bere etxean ongi hartzeko”.
5 Eta bere nagusiarekin zorretan zeudenei banan-banan deitu eta lehenengoari esan zion: “Zenbat zor diozu nire nagusiari?”.
6 Erantzun zion: “100 neurri* oliba olio”. Etxezainak esan zion: “Hemen duzu zure kontratua. Eseri eta idatzi oraintxe bertan 50”.
7 Gero, galdetu zion beste bati: “Eta, zuk, zenbat zor diozu?”. Erantzun zion: “100 neurri handi* gari”. Etxezainak esan zion: “Hemen duzu zure kontratua. Idatzi 80”.
8 Eta nagusiak etxezaina goraipatu zuen, injustua izan arren, jakinduria praktikoarekin* jokatu zuelako. Izan ere, sistema* honen semeek beraien belaunaldikoekin jokatzean, zentzu praktiko batean, argiaren semeek baino jakinduria handiagoa daukate.
9 «Gainera, nik esaten dizuet: egin lagunak aberastasun injustuen bidez. Horrela, hauek huts egitean, betirako diren bizilekuetan hartuko zaituztete.
10 Gauza txikietan leiala dena, gauza handietan ere leiala da; eta gauza txikietan injustua dena, gauza handietan ere injustua da.
11 Orduan, aberastasun injustuak erabiltzean leialak izan ez bazarete, nork jarriko ditu zuen esku benetako aberastasunak?
12 Eta besteenak diren gauzak erabiltzean leialak izan ez bazarete, nork emango dizue zuentzat zerbait?
13 Ez dago bi nagusiren morroi izan daitekeen zerbitzaririk. Zeren bat maite badu, bestea gorrotatuko du; edota, bati leial bazaio, bestea mespretxatuko du. Ezin zarete aldi berean Jainkoaren eta Aberastasunen morroi izan».
14 Fariseuek asko maite zuten dirua eta, gauza guzti hauek entzutean, Jesusi burla keinuak egiten hasi ziren.
15 Orduan, Jesusek esan zien: «Zuek jendearen aurrean zuzenak zaretela esaten duzue, baina Jainkoak zuen bihotzak ezagutzen ditu. Izan ere, jendearentzat oso baliotsua dena nazkagarria da Jainkoaren ikuspuntutik.
16 «Legea eta Profetak Joan arte iritsi ziren. Ordutik, Jainkoaren Erreinuaren berri onak zabaltzen dira, eta mota guztietako pertsonak bertan sartzen saiatzen dira.
17 Izan ere, errazagoa da zeru-lurrak desagertzea, Legearen letra baten marratxoren bat ez betetzea baino.
18 «Bere emazteagandik dibortziatu eta beste batekin ezkontzen denak, adulterio egiten du. Eta bere senarragandik dibortziatuta dagoen emakume batekin ezkontzen denak, adulterio egiten du.
19 «Bazen purpuraz eta lihoz janzten zen gizon aberats bat, eta plazerez eta luxuz inguratuta bizi zen.
20 Bere atean Lazaro izeneko eskale bat uzten zuten. Honek gorputza ultzeraz josita zeukan,
21 eta gizon aberatsaren mahaitik erortzen zenetik jateko irrikan egoten zen. Txakurrak ere etortzen ziren eta ultzerak miazkatzen zizkioten.
22 Denborarekin, eskalea hil egin zen eta aingeruek Abrahamen ondora* eraman zuten.
«Gizon aberatsa ere hil zen eta lurperatu egin zuten.
23 Eta Hilobian*, sufritzen ari zela, begiak altxatu eta urrutitik Abraham ikusi zuen, eta Lazaro bere ondoan.
24 Beraz, deitu eta esan zion: “Aita Abraham, errukitu nitaz eta bidali Lazaro bere behatz punta uretan sartu eta nire mingaina freskatzera, zeren izugarri sufritzen ari naiz sugar hauetan”.
25 Baina Abrahamek esan zion: “Seme, gogoratu zure bizitzan gauza on asko izan zenituela; Lazarok, berriz, gauza txar asko jaso zituen. Orain, aldiz, hemen kontsolatua izaten ari da, baina zu izugarri sufritzen ari zara.
26 Honetaz gain, amildegi handi bat ezarri da zuen eta gure artean. Horrela, nahita ere, inork ezingo du hemendik zuengana pasa, ezta hortik gugana ere”.
27 Orduan, aberatsak esan zion: “Aita, hala bada, Lazaro nire aitaren etxera bidali dezazun eskatzen dizut,
28 bost anaia ditut eta. Horrela, testigantza osoa eman ahalko die sufrimenduzko toki honetan bukatu ez dezaten”.
29 Baina Abrahamek esan zion: “Moises eta Profetak hor dituzte; beraiek esaten dutena entzun dezatela”.
30 Gizon aberatsak, berriz, erantzun zion: “Ez, ez, aita Abraham, hildakoen artetik norbait beraiek ikustera joaten bada, orduan bai damutuko direla”.
31 Baina Abrahamek erantzun zion: “Moisesi eta Profetei entzuten ez badiete, norbait hildakoen artetik altxatzen bada ere ez dute sinetsiko”».
Oharra
^ Lit. «100 bato». Hau da, 2.200 litro inguru.
^ Lit. «100 kor». Hau da, 22.000 litro inguru.
^ Edo «zentzuz; zuhur».
^ Lit. «Abrahamen altzora».