Joan 8:12-59

  • Aitak Jesusi buruzko testigantza ematen du (12-30)

    • Jesus, «munduaren argia» (12)

  • Abrahamen semeak (31-41)

    • «Egiak libre egingo zaituzte» (32)

  • Deabruaren semeak (42-47)

  • Jesus eta Abraham (48-59)

8  12  Orduan, Jesusek berriro hitz egin zien, esanez: «Ni naiz munduaren argia. Jarraitzen didana ez da inoiz ilunpetan ibiliko, baizik eta bizia ematen duen argia edukiko du». 13  Orduan, fariseuek esan zioten: «Zuk zeure buruaren alde ematen duzu testigantza; zure testigantza ez da egiazkoa*». 14  Jesusek erantzun zien: «Nahiz eta neure buruaren alde eman testigantza, nire testigantza egiazkoa da, badakidalako nondik natorren eta nora noan. Baina zuek ez dakizue nondik natorren eta nora noan. 15  Zuek giza pentsaeraren* arabera epaitzen duzue; nik ez dut inor epaitzen. 16  Eta epaituko banu ere, nire epaia egiazkoa izango litzateke, zeren ez nago bakarrik, bidali nauen Aita nirekin dago. 17  Gainera, zuen Legean idatzita dago: “Bi pertsonaren testigantza egiazkoa* da”. 18  Ni naiz neure buruaren alde testigantza ematen duena, eta bidali nauen Aitak ere testigantza ematen du nire alde». 19  Orduan, galdetu zioten: «Non dago zure Aita?». Jesusek erantzun zien: «Zuek ez gaituzue ez ni, ezta nire Aita ere ezagutzen. Ezagutuko baninduzue, nire Aita ere ezagutuko zenukete». 20  Altxortegian esan zituen hitz hauek, tenpluan irakasten ari zen bitartean. Baina inork ezin izan zuen harrapatu, bere ordua ez baitzen oraindik iritsi. 21  Beraz, berriro esan zien: «Ni banoa, eta zuek bilatuko nauzue, baina zuen bekatuan hilko zarete. Ni noan tokira ezin duzue etorri». 22  Juduak esaten hasi ziren: «Ez du bere buruaz beste egingo, ezta? Zeren esaten du: “Ni noan tokira zuek ezin duzue etorri”». 23  Jesusek jarraitu zuen: «Zuek hemen behekoak zarete; ni han goikoa naiz. Zuek mundu honetakoak zarete; ni ez naiz mundu honetakoa. 24  Horregatik esan dizuet zuen bekatuetan hilko zaretela, zeren ez baduzue sinesten esaten dudana naizela, zuen bekatuetan hilko zarete». 25  Orduan, galdetu zioten: «Nor zara zu?». Jesusek erantzun zien: «Ez dakit zertarako hitz egiten dudan zuekin. 26  Asko dut zuei buruz esateko eta gauza asko epaitzeko. Hain zuzen ere, bidali nauena egiari leiala da, eta berari entzun diodan huraxe da munduan esaten ari naizena». 27  Baina ez zuten ulertu Aitari buruz hitz egiten ari zitzaiela. 28  Orduan, Jesusek esan zuen: «Zuek Gizonaren Semea altxatu* ondoren, orduantxe jakingo duzue esaten dudana naizela, eta ez dudala ezer neure kabuz egiten; Aitak niri zer irakatsi, nik huraxe esan. 29  Eta bidali nauena nirekin dago; ez nau bakarrik utzi, gustatzen zaizkion gauzak egiten ditudalako beti». 30  Hau dena esaten zuen bitartean, askok fedea jarri zuten berarengan. 31  Orduan, Jesusek berarengan sinetsi zuten juduei esan zien: «Nire hitzetan irauten baduzue, benetan nire dizipuluak zarete, 32  eta egia ezagutuko duzue, eta egiak libre egingo zaituzte». 33  Erantzun zioten: «Gu Abrahamen ondorengoak gara, eta ez gara inoiz inoren morroi izan. Zergatik esaten duzu “libre izango zarete”?». 34  Jesusek erantzun zien: «Bene-benetan esaten dizuet: bekatu egiten duten guztiak bekatuaren morroi dira. 35  Gainera, morroia ez da betirako nagusiaren etxean geratzen; semea bai geratzen dela betirako. 36  Beraz, Semeak libre egiten bazaituzte, benetan libre izango zarete. 37  Badakit Abrahamen ondorengoak zaretela, baina zuek ni hil nahian zabiltzate nire hitzak ez dituzuelako onartzen. 38  Nire Aitarekin nengoenean ikusitako gauzei buruz hitz egiten dut nik. Zuek, ordea, zuen aitari entzun dizkiozuen gauzak egiten dituzue». 39  Erantzun zioten: «Abraham da gure aita». Jesusek esan zien: «Abrahamen seme izango bazinate, Abrahamek egin zuena egingo zenukete. 40  Baina orain, bizia kendu nahi didazue niri, Jainkoari entzun diodan egia esaten ari zaizuen gizonari. Abrahamek ez zuen hori egin. 41  Zuek zuen aitak egiten duena egiten duzue». Erantzun zioten: «Gu ez gara sexu moralgabekeriatik jaio*; Aita bakarra dugu: Jainkoa». 42  Jesusek esan zien: «Jainkoa zuen Aita balitz, maitatuko nindukezue, zeren Jainkoa izan da bidali nauena eta horregatik nago hemen. Ez naiz neure kabuz etorri, berak bidali nau. 43  Zergatik ez duzue ulertzen esaten ari naizena? Ez zaretelako nire hitzak entzuteko gai. 44  Zuen aita Deabrua da, eta zuek zuen aitaren desioak bete nahi dituzue. Hasi zenean*, hiltzailea izan zen, eta ez zion egiari tinko eutsi, egia ez dagoelako berarengan. Gezurra esaten duenean, barrutik ateratzen zaiona esaten du, gezurtia baita, eta gezurraren aita. 45  Nik, berriz, egia esaten dizuedanez, ez didazue sinesten. 46  Zuetako nork frogatu dezake bekatu egin dudala? Egia esaten badut, zergatik ez didazue sinesten? 47  Jainkoarena denak Jainkoaren hitzak entzuten ditu. Horregatik ez duzue entzuten, Jainkoarenak ez zaretelako». 48  Hau entzutean, juduek esan zioten: «Ez al dugu arrazoia samariarra zarela eta deabru bat duzula esatean?». 49  Jesusek erantzun zien: «Nik ez daukat deabrurik; nik Aitari ohorea ematen diot, baina zuek niri ohorea kentzen didazue. 50  Hala ere, ni ez nabil neure ohorearen* bila; badago horren bila dabilen norbait eta bera da epaitzen duena. 51  Bene-benetan esaten dizuet: norbaitek nire hitzak obeditzen baditu, ez du sekula heriotzarik ikusiko». 52  Juduek esan zioten: «Oraintxe bai dakigula deabru bat daukazula. Abraham hil zen, profetak ere bai, baina zuk esaten duzu: “Norbaitek nire hitzak obeditzen baditu, ez du sekula heriotzarik dastatuko”. 53  Zu ez zara hil zen gure aita Abraham baino handiagoa, ezta? Profetak ere hil ziren. Nor uste duzu zarela?». 54  Jesusek erantzun zien: «Neure buruari ohore* emango banio, neure ohoreak ez luke ezertarako balio izango. Nire Aita da ohore ematen didana, zuek zuen Jainkoa dela esaten duzuen hori. 55  Baina zuek ez duzue ezagutzen; nik, berriz, bai. Eta ezagutzen ez dudala esango banu, zuek bezalakoa izango nintzateke: gezurtia. Baina ezagutzen dut, eta bere hitzak obeditzen ditut. 56  Abraham, zuen aita, izugarri pozten zen nire eguna ikusiko zuela pentsatzean, eta ikusi zuen eta poztu egin zen». 57  Orduan, juduek esan zioten: «50 urte ere ez dituzu eta Abraham ikusi duzula?». 58  Jesusek esan zien: «Bene-benetan esaten dizuet: Abraham jaio baino lehen, ni existitzen nintzen». 59  Orduan, harriak hartu zituzten Jesusi botatzeko, baina bera ezkutatu eta tenplutik atera zen.

Oharra

Edo «baliozkoa».
Lit. «haragiaren».
Edo «baliozkoa».
Hau da, tortura zutoinean exekutatu.
Edo «Gu ez gara sasikume». Grekoz, porneia. Ikusi Glosarioa, sexu moralgabekeria.
Edo «Hasieratik».
Lit. «aintzaren».
Lit. «aintza».