Joan 5:1-47
5 Honen ondoren, juduen jai bat ospatzen zen, eta Jesus Jerusalemera igo zen.
2 Jerusalemen, Ardien Atearen ondoan, hebreeraz Betzata izeneko uraska bat dago, bost arkupe dituena.
3 Han, arkupeetan, gaixo, itsu, herren eta eskuak eta oinak elbarrituta* zituen jende pila bat zegoen etzanda.
4 * ——
5 Bazen han 38 urte gaixo zeramatzan gizon bat.
6 Gizona han etzanda ikustean eta denbora luzez gaixo egon zela jakinda, Jesusek galdetu zion: «Sendatu nahi al duzu?».
7 Gaixoak erantzun zion: «Jauna, ura mugitzen denean, ez daukat uraskan sartuko nauen inor. Eta hara noan bitartean, beste batek aurrea hartu eta ni baino lehen jaisten da».
8 Jesusek esan zion: «Altxa! Hartu esku-ohea eta ibili».
9 Gizona berehala sendatu zen. Eta esku-ohea hartu eta ibiltzen hasi zen.
Egun hura Larunbata zen.
10 Juduak, orduan, sendatutako gizonari esaten hasi ziren: «Gaur Larunbata da, ez duzu esku-ohea eramateko baimenik».
11 Baina erantzun zien: «Sendatu nauen gizonak berak esan dit: “Hartu esku-ohea eta ibili”».
12 Galdetu zioten: «Nor da “hartu esku-ohea eta ibili” esan dizuna?».
13 Baina gizonak ez zekien nork sendatu zuen, han zegoen jendetza artean desagertu baitzen Jesus.
14 Honen ondoren, Jesusek tenpluan aurkitu zuen eta esan zion: «Begira, sendatu zara. Ez egin berriro bekatu, zuri gauza txarragorik ez gertatzeko».
15 Orduan, gizona juduengana joan zen bera sendatu zuena Jesus izan zela esatera.
16 Horregatik pertsegitzen zuten juduek Jesus, gauza hauek Larunbatez egiten zituelako.
17 Baina Jesusek erantzuten zien: «Nire Aitak, orain arte, lanean jarraitzen du eta nik ere lanean jarraitzen dut».
18 Horren ondorioz, juduak are gehiago saiatu ziren Jesus hiltzen, zeren Larunbata ez errespetatzeaz gain, Jainkoa bere Aita zela ere esaten zuen, bere burua Jainkoaren pareko eginez.
19 Beraz, Jesusek erantzun zien: «Bene-benetan esaten dizuet: Semeak ezin du bere kabuz gauza bakar bat ere egin, Aita egiten ikusten duena izan ezik. Zeren Aitak egiten dituen gauza guztiak Semeak ere egiten ditu modu berean.
20 Zeren Aitak Semea maite* du, eta berak egiten dituen gauza guztiak erakusten dizkio. Eta hauek baino gauza handiagoak erakutsiko dizkio zuek txundituta geratzeko.
21 Zeren Aitak hildakoak berpiztu* eta hauei bizia ematen dien bezalaxe, Semeak ere bizia ematen dio berak nahi duenari.
22 Zeren Aitak ez du inor ere epaitzen, baizik eta Semearen esku utzi du epaitzeko lana.
23 Horrela, guztiek Semeari emango diote ohore, Aitari ohore ematen dioten bezalaxe. Semeari ohore ematen ez dionak, ez dio bidali duen Aitari ere ohorerik ematen.
24 Bene-benetan esaten dizuet: nire hitzak entzun eta bidali nauenarengan sinesten duenak betirako bizia dauka, eta ez da epaitua* izango, baizik eta heriotzatik bizira pasa da.
25 «Bene-benetan esaten dizuet: badator —dagoeneko iritsi da— hildakoek Jainkoaren Semearen ahotsa entzungo duten ordua, eta kasu egin dutenak biziko dira.
26 Zeren Aitak bizia bere baitan* duen bezalaxe, hala eman dio Semeari ere bere baitan bizia izatea.
27 Eta epaitzeko autoritatea eman dio, Gizonaren Semea baita.
28 Ez harritu honetaz, zeren badator hilobietan* dauden guztiek bere ahotsa entzun
29 eta aterako diren ordua. Gauza onak egin zituztenak bizitzeko berpiztuko dira, eta gauza txarrak egin zituztenak epaituak izateko.
30 Ezin dut neure kabuz gauza bakar bat ere egin. Entzuten dudanaren arabera epaitzen dut, eta nire epaia zuzena da, ez dudalako nire nahia bete nahi, bidali nauenaren nahia baizik.
31 «Neure buruaren alde nik bakarrik emango banu testigantza, nire testigantza ez litzateke egiazkoa* izango.
32 Baina bada nire alde testigantza ematen duen beste bat, eta badakit nire alde ematen duen testigantza egiazkoa dela.
33 Zuek mezulariak bidali dizkiozue Joani, eta berak egiaren aldeko testigantza eman du.
34 Hala ere, nik ez dut gizakien testigantzarik onartzen*, baina gauza hauek zuek salbatuak izateko esaten dizkizuet.
35 Gizon hura lanpara bat zen, piztuta zegoena eta distira egiten zuena; eta denbora labur batez bere argitan pozez betetzeko prest egon zineten.
36 Baina nik aurkezten dudan testigantzak Joanenak baino balio handiagoa du, zeren Aitak agindu dizkidan gauza hauexek —orain egiten ditudanak— Aitak bidali nauela konfirmatzen dute.
37 Eta Aitak berak, bidali nauenak, nire aldeko testigantza ematen du. Zuek ez duzue inoiz bere ahotsa entzun, ezta bere itxura ikusi ere;
38 eta bere hitza ez da zuengan bizi, berak bidali duenari ez diozuelako sinetsi.
39 «Zuek Idazkiak arreta handiz aztertzen dituzue, horien bidez betirako bizia izango duzuela pentsatzen duzuelako. Eta Idazki horiexek dira niri buruzko testigantza ematen dutenak.
40 Hala ere, ez duzue nigana etorri nahi bizia edukitzeko.
41 Nik ez dut jendearen gorespenik* onartzen.
42 Baina ondo dakit zuen barruan ez diozuela Jainkoari maitasunik.
43 Ni nire Aitaren izenean etorri naiz, baina zuek ez nauzue onartzen. Beste norbait norberaren izenean etorriko balitz, hori bai onartuko zenuketela.
44 Nola sinetsiko didazue, Jainko bakarraren aprobazioa* bilatu beharrean, batak bestearen gorespena* onartzen baduzue?
45 Ez pentsa Aitaren aurrean salatuko zaituztedanik; salatzen zaituztena Moises da, eta berarengan jartzen duzue zuen esperantza.
46 Izan ere, Moisesi sinetsi izan bazeniote, niri ere sinetsiko zenidaten, niri buruz idatzi baitzuen.
47 Baina berak idatzitakoa sinesten ez baduzue, nola sinetsiko duzue nik esaten dudana?».
Oharra
^ Edo «atrofiatuta».
^ Bertset hau ez da antzinako eskuizkribu inportante batzuetan agertzen.
^ Edo «estimatzen».
^ Lit. «altxatu».
^ Edo «kondenatua».
^ Edo «bizia emateko boterea».
^ Edo «oroitzapen hilobietan».
^ Edo «baliozkoa».
^ Edo «behar».
^ Lit. «aintzarik».
^ Lit. «aintza».
^ Lit. «aintza».