Eginak 15:1-41
-
Zirkunzisioari buruzko eztabaida Antiokian (1, 2)
-
Zirkunzisioren gaia Jerusalemera eramana (3-5)
-
Apostoluak eta adindunak elkartu (6-21)
-
Zuzendari batzordearen gutuna (22-29)
-
Odola guztiz baztertu (28, 29)
-
-
Gutunari esker kongregazioak animatuta (30-35)
-
Paulo eta Bernabe, bakoitza bere aldetik (36-41)
15 Orduan, Judeatik gizon batzuk jaitsi ziren, eta hau irakasten hasi ziren anaiei: «Moisesen ohituraren arabera zirkunzidatzen ez bazarete, ezin izango zarete salbatu».
2 Baina Paulo eta Bernabe ez zeuden beraiekin ados, eta eztabaida asko sortu zen. Orduan, gai honi buruz galdetzeko, Paulo, Bernabe eta beste batzuk Jerusalemen zeuden apostolu eta adindunengana igotzeko prestaketak egin ziren.
3 Kongregazioak bidearen zati bat beraiekin egin zuen. Gero, gizon hauek Fenizia eta Samarian barrena jarraitu zuten, eta nazioetako jendea Jainkoa nola adoratzen hasi zen xehetasun guztiekin kontatzean, izugarrizko poza eman zieten anai-arreba guztiei.
4 Jerusalemera iritsi zirenean, kongregazioak, apostoluek eta adindunek ongietorri beroa eman zieten. Beraiek, berriz, Jainkoaren laguntzaz egindako gauza guztiak kontatu zizkieten.
5 Baina Jesu Kristorengan sinetsi zuten fariseuen sektako batzuk, beraien eserlekuetatik altxatu eta esan zuten: «Beharrezkoa da hauek zirkunzidatzea eta Moisesen Legea obeditzeko agintzea».
6 Orduan, apostoluak eta adindunak gai hau aztertzeko elkartu ziren.
7 Luze eta zabal eztabaidatu ondoren, Pedro zutitu eta esan zien: «Anaiok, badakizue Jainkoak hasieratik zuen artetik aukeratu ninduela, nazioetako jendeak berri onaren mezua nire ahotik entzuteko eta, horrela, sinesteko.
8 Eta bihotza ezagutzen duen Jainkoak, espiritu santua emanez, onartu zituela erakutsi zuen, gurekin egin zuen bezalaxe.
9 Gu eta beraien artean ez zuen inolako desberdintasunik egin, izan ere, fedea erakutsi zutenez, bihotzak garbitu zizkien.
10 Orduan, zergatik ari zarete Jainkoa proban jartzen dizipuluen lepo gainean zama astuna* jarriz? Zergatik, ez gu, ezta gure arbasoak ere, eramateko gai izan ez baginen?
11 Baina fedea dugu, Jesus Jaunaren merezigabeko eskuzabaltasunari esker garela salbatuak, beraiek salbatuak diren bezalaxe».
12 Orduan, den-denak isilik geratu ziren. Bernabe eta Paulori entzuten hasi ziren Jainkoak, beraien bidez, nazioen artean egindako mirari* eta gauza harrigarri guztiak kontatzen zizkieten bitartean.
13 Hitz egiten bukatu zutenean, Santiagok esan zuen: «Anaiok, entzun.
14 Simeonek zehatz-mehatz kontatu digu nola Jainkoak, lehen aldiz nazioetan arreta jarriz, bere izena eramateko herri bat aukeratu zuen.
15 Hau bat dator Profeten hitzekin, horrela idatzita baitago:
16 “Gauza hauen ondoren, berriro etorriko naiz eta erori den Dabiden denda* berriro altxatuko dut; hondakinetatik berriro eraiki eta zaharberrituko dut,
17 geratzen diren gizonek Jehoba arreta handiz bilatu dezaten, eta beraiekin batera nire izena eramateko deitua den nazio guztietako jendea. Horrela dio Jehobak, gauza hauek egiten dituenak,
18 aspalditik ezagunak direnak”.
19 Beraz, hau da nire iritzia*: ez diogula trabarik jarri behar Jainkoa zerbitzatu nahi duen nazioetako jendeari.
20 Aski dugu idatziz gauza hauek guztiz baztertzeko eskatzea: idoloek kutsatutako gauzak, sexu moralgabekeria*, itotako animaliak* eta odola.
21 Izan ere, antzinatik hiri guztietan Moisesi buruz predikatu duten pertsonak egon dira beti, sinagogetan larunbatero-larunbatero bere liburuak ozen irakurtzen baitira».
22 Orduan, apostoluek eta adindunek, kongregazio osoarekin batera, beraien artetik gizon batzuk aukeratzea eta, Paulo eta Bernaberekin batera, Antiokiara bidaltzea erabaki zuten. Judas —Barsabas ere deitua— eta Silas bidali zituzten, anaien artean ardura handia zuten gizonak.
23 Gutun hau idatzi zuten haiek eramateko:
«Apostoluek eta adindunek, zuen anaiek, nazioetakoak diren Antiokia, Siria eta Ziliziako anaiei: Jaso gure agurrak!
24 Jakin dugunez, gure arteko batzuk, guk agindu gabe, zuengana joan eta esaten dutenarekin arazoak sortzen ari dira, zuek nahastu nahian.
25 Horregatik, aho batez erabaki dugu gizon batzuk aukeratzea eta zuengana bidaltzea, gure Bernabe eta Paulo maiteekin batera.
26 Bi hauek Jesu Kristo gure Jaunaren izenagatik arriskatu dituzte biziak.
27 Beraz, Judas eta Silas bidaltzen dizkizuegu, beraien ahotik ere gauza bera entzun dezazuen.
28 Espiritu santuari eta guri ongi iruditu zaigu zuei beharrezkoak diren gauza hauek baino zama gehiago ez jartzea:
29 idoloei sakrifikatutako gauzak, odola, itotako animaliak* eta sexu moralgabekeria* guztiz baztertzen jarraitzeko. Ondo joango zaizue gauza hauek guztiz baztertzen badituzue. Ondo izan!».
30 Gizon hauek, agur esan eta gero, Antiokiara jaitsi ziren eta, talde osoa elkartu ondoren, eskutitza eman zieten.
31 Irakurri zutenean, poz-pozik sentitu ziren jasotako animoari esker.
32 Judas eta Silasek ere, profetak zirenez, anai-arrebak animatu eta sendotu zituzten hitzaldi asko emanez.
33 Bertan denboraldi bat pasa ondoren, anaiek agur esan* zieten eta Judas eta Silas Jerusalemera itzuli ziren.
34 * ——
35 Paulo eta Bernabe, berriz, Antiokian gelditu ziren, beste askorekin batera, Jehobaren hitzaren berri onak irakasten eta predikatzen.
36 Egun batzuk pasa ondoren, Paulok esan zion Bernaberi: «Goazen* berriro Jehobaren hitza predikatu genuen hiri guztietara hango anai-arrebak bisitatzera, nola dauden jakiteko».
37 Bernabek argi eta garbi zuen Joan —Markos ere deitua— beraiekin eraman nahi zuela.
38 Baina Paulori ez zitzaion ondo iruditzen beraiekin eramatea, zeren aurrekoan Panfilian alde egin eta ez zien lana burutzen lagundu.
39 Orduan, izugarrizko haserrea sortu zen bien artean, eta bakoitza bere aldetik joan zen. Bernabek Markos hartu zuen berekin eta Ziprera itsasoratu ziren.
40 Paulok, berriz, Silas aukeratu eta martxan jarri zen, anaiek Jehobaren merezigabeko eskuzabaltasunaren esku utzi ondoren.
41 Siria eta Zilizian barrena joan zen kongregazioak sendotuz.
Oharra
^ Lit. «uztarria».
^ Lit. «seinale».
^ Edo «etxola; etxea».
^ Edo «erabakia».
^ Edo «odolustu gabe hildakoak».
^ Edo «odolustu gabe hildakoak».
^ Edo «bakea opa; bidaia ona opa».
^ Bertset hau ez da antzinako eskuizkribu inportante batzuetan agertzen.
^ Edo agian «Kosta ahala kosta goazen».