Efesoarrei 5:1-33
5 Beraz, seme-alaba maitatuak bezala, imitatu Jainkoa
2 eta segi maitasunaren bidean ibiltzen, Kristok egin zuen bezalaxe; berak maitatu egin gintuen*, eta bere burua Jainkoarentzako usain goxoko eskaintza eta sakrifizio bezala gure* alde eman zuen.
3 Ez dadila zeuen artean aipatu ere egin sexu moralgabekeriarik* ezta edozein motatako zikinkeriarik edo kodiziarik ere, hori baita pertsona santuengandik espero dena;
4 ez dadila egon ere portaera lotsagaberik, elkarrizketa zentzugaberik edota broma lizunik, gauza hauek ez baitira egokiak. Horren ordez, eman Jainkoari eskerrak.
5 Zeren badakizue, eta oso ondo ulertzen duzue, sexualki moralgabea* den, edo zikina den, edo kodiziotsua den bakar batek ere —kodiziotsua izatea idolatra izatea baita— ez duela inolako herentziarik jasoko Kristoren eta Jainkoaren Erreinuan.
6 Ez zaitzatela inork baliorik gabeko hitzekin engainatu, horrelako gauzengatik etortzen baita Jainkoaren haserrea desobedientziaren seme-alaben gain.
7 Beraz, ez izan beraien konplize.
8 Izan ere, garai batean iluntasuna zineten, baina Jaunarekin bat eginda, orain argia zarete. Segi argiaren seme-alaba bezala ibiltzen,
9 zeren argiaren fruitua ona, justua eta egia den guztia da.
10 Segi ziurtatzen Jaunari zer gustatzen zaion;
11 eta utzi iluntasunaren alferrikako* ekintzetan parte hartzeari; kontrara, agerian utzi zer diren.
12 Zeren sekretuan egiten dituzten gauzak aipatzeak ere lotsa ematen du.
13 Baina agerian uzten* diren gauza guztiak argiak ematen ditu ezagutzera, zeren ezagutzera ematen den guztia argia da.
14 Arrazoi honengatik esaten da: «Esnatu, lotan zauden hori, eta altxatu hildakoen artetik, eta Kristok zuregan egingo du distira».
15 Beraz, kontu handiz ibili ergelak bezala ez jokatzeko*, zentzudunak bezala baizik,
16 denbora ahalik eta ondoen aprobetxatuz*, egunak gaiztakeriaz beteta daude eta.
17 Horregatik, utzi zentzugabe izateari eta ulertu Jehobaren* nahia zein den.
18 Horretaz gain, ez mozkortu ardoz, kontrola galtzera* darama eta; horren ordez, segi espirituz betetzen.
19 Hitz egin batak besteari* salmoak, Jainkoari zuzendutako gorespenak eta kantu espiritualak erabiliz; bihotz-bihotzez* kantatu eta musika jo Jehobari,
20 gauza guztiengatik gure Jainko eta Aitari beti eskerrak emanez Jesu Kristo gure Jaunaren izenean.
21 Jarraitu bata bestearen menpeko izaten, Kristori errespetu handia izanez.
22 Emazteak izan daitezela beraien senarren menpeko, Jaunaren menpeko diren bezala,
23 zeren senarra bere emaztearen buru da, Kristo kongregazioaren buru den bezalaxe eta gorputz honen salbatzaile.
24 Izan ere, kongregazioa Kristoren menpeko den bezala, emazteak ere beraien senarren menpeko izan behar dute gauza guztietan.
25 Senarrok, segi zeuen emazteak maitatzen, Kristok ere kongregazioa maitatu eta honen alde bere burua eman zuen bezalaxe,
26 kongregazioa santifikatu ahal izateko, Jainkoaren hitzaren uretan bainatzean garbituz
27 eta, horrela, kongregazioa bere aurrean edertasun osoz aurkeztu ahal izateko, mantxarik, zimurrik eta horrelako gauzarik gabe, baizik eta santu eta akatsgabe.
28 Era berean, senarrek euren gorputzak bezala maitatu behar dituzte beraien emazteak. Bere emaztea maite duen gizonak bere burua maite du,
29 zeren inork ez du inoiz bere gorputza* gorrotatu, baizik eta elikatu eta maitasunez zaindu egiten du, Kristok kongregazioarekin egiten duen bezalaxe,
30 zeren gu bere gorputzaren atalak gara.
31 «Horregatik gizonak aita eta ama utziko ditu eta emazteari elkartuko* zaio, eta biak bat* izango dira».
32 Sekretu sakratu hori handia da. Orain Kristori eta kongregazioari buruz hitz egiten ari naiz.
33 Hala ere, zuetako bakoitzak bere burua maitatzen duen bezalaxe maitatu behar du bere emaztea. Era berean, emazteak errespetu sakona izan behar dio bere senarrari.
Oharra
^ Edo agian «zintuzten».
^ Edo agian «zuen».
^ Edo «fruiturik gabeko».
^ Edo «Baina zentsuratzen».
^ Lit. «ibiltzeko».
^ Lit. «finkatutako garaia erosiz».
^ Edo «neurrigabekeriara».
^ Edo agian «zeuen buruei».
^ Edo «zeuen bihotzetan».
^ Lit. «haragia».
^ Lit. «itsatsiko; atxikiko».
^ Lit. «haragi bakarra».