Korintoarrei lehena 7:1-40

  • Aholkuak ezkongabe eta ezkonduentzako (1-16)

  • Jarraitu deituak izatean zeundeten egoeran (17-24)

  • Ezkongabeak eta alargunak (25-40)

    • Ezkongabe egotearen abantailak (32-35)

    • «Jaunaren dizipulu batekin bakarrik» ezkondu (39)

7  Idatzi zenutenari buruz, hau da nire erantzuna: hobe da gizon batek emakumerik ez ukitzea*. 2  Baina sexu moralgabekeria* hain ohikoa denez, izan dezala gizon bakoitzak bere emaztea, eta emakume bakoitzak bere senarra. 3  Bete ditzala senarrak bere ezkon-betebeharrak emaztearekin, eta egin dezala gauza bera emazteak senarrarekin. 4  Emazteak ez dauka autoritaterik bere gorputzaren gain, bere senarrak baizik. Modu berean, senarrak ez dauka autoritaterik bere gorputzaren gain, bere emazteak baizik. 5  Ez ukatu batak besteari eskubide hori. Baina hori egiten baduzue, izan dadila ados egonda eta finkatutako denbora batez, otoitzean denbora eman ahal izateko eta gero berriro elkartzeko. Horrela Satanasek ezin izango zaituzte zuen autokontrol faltarengatik tentatu. 6  Hala ere, baimenduta zer dagoen jakin dezazuen esaten dut hori, ez agindu moduan. 7  Baina gustatuko litzaidake denak ni bezalakoak izatea. Hala ere, bakoitzak Jainkoak emandako dohaina dauka, batak modu batean, besteak bestean. 8  Ezkonduta ez daudenei eta andre alargunei esaten diet hobe dela beraientzat ni bezala jarraitzea. 9  Baina autokontrolik ez badute, ezkondu daitezela, hobeto baita ezkontzea desioz* sutan egotea baino. 10  Ezkonduta daudenei agintzen diet —ez nik, Jaunak baizik— emaztea ez dadila senarrarengandik banandu. 11  Baina banantzen bada, ezkondu gabe jarraitu dezala edo, bestela, senarrarekin bakeak egin ditzala. Eta senarrak ez du bere emaztea utzi behar. 12  Baina besteei esaten diet, bai, nik, ez Jaunak: anaiaren batek emazte sinesgabea badu eta emaztea berarekin jarraitzeko ados badago, ez dezala emaztea utzi. 13  Eta emakume batek senar sinesgabea badu eta senarra berarekin jarraitzeko ados badago, ez dezala senarra utzi. 14  Izan ere, senar sinesgabea bere emaztearengatik santifikatua da eta emazte sinesgabea anaiarengatik santifikatua; bestela zuen seme-alabak ez lirateke santu izango*, baina orain santuak dira. 15  Baina sinesgabeak joatea* erabakitzen badu, utzi joaten; horrelako egoeran anaia edo arreba ez dago berarekin bizitzera derrigortuta. Jainkoak bakean bizitzera deitu zaituzte. 16  Zeren emazte, nola dakizu senarra salbatuko duzun ala ez? Edo senar, nola dakizu emaztea salbatuko duzun ala ez? 17  Hala ere, jarraitu dezala bakoitzak Jehobak emandako egoeran, Jainkoak deitu zionean zegoen egoera berean. Hori da kongregazio guztiei ematen diedan jarraibidea. 18  Ba al dago deitua izan zenean dagoeneko zirkunzidatuta* zegoen gizonen bat? Ez dadila zirkunzidatu gabea egin. Ba al dago zirkunzidatu gabe zegoenean deitua izan zen gizonen bat? Ez dadila zirkunzidatu. 19  Zirkunzisioa ez da inportantea, eta zirkunzidatu gabe egotea ere ez da inportantea. Inporta duena Jainkoaren aginduak obeditzea da. 20  Jarraitu dezala bakoitzak deitua izan zenean zegoen egoeran. 21  Esklaboa al zinen deitua izan zinenean? Ez kezkatu horregatik. Baina askatasuna lortu ahal baduzu, aprobetxatu aukera. 22  Zeren Jaunak deitu zionean esklabo zen edonor orain Jaunaren libertoa* da. Era berean, deitua izan zenean libre zen edonor, orain Kristoren esklaboa da. 23  Prezio bat ordaindu zen zuengatik; utzi gizakiaren esklabo bihurtzeari. 24  Anaiok, jarraitu dezala bakoitzak deitua izan zenean zegoen egoeran Jainkoaren aurrean. 25  Birjinak* diren pertsonei buruz ez daukat Jaunaren agindurik, baina nire iritzia ematen dizuet, leial izateko Jaunak errukia erakutsi dion pertsona baten iritzia. 26  Beraz, gaur egungo arazoak ikusita, pentsatzen dut hobe dela gizona dagoen bezala geratzea. 27  Emazte bati lotuta al zaude? Ez saiatu libre geratzen. Ez al zaude emazte bati lotuta? Ez bilatu emazterik. 28  Baina ezkontzen bazara, ez duzu bekaturik egiten, eta birjina den norbait ezkontzen bada, ez du bekaturik egiten. Hala ere, ezkontzen direnek zailtasunak izango dituzte bizitzan, eta nik arazo horietatik libratu nahi zaituztet. 29  Gainera, anai-arrebok, honakoa esaten dizuet: denbora gutxi geratzen da. Hemendik aurrera, emaztea duten gizonak, emazterik izango ez balute bezala bizi daitezela; 30  negar egiten dutenak, negar egiten ez dutenak bezalakoak izan daitezela; pozten direnak, pozten ez direnak bezalakoak; erosten dutenak, ezer ez daukatenak bezalakoak; 31  eta mundu hau erabiltzen dutenak, bete-betean erabiltzen ez dutenak bezalakoak. Zeren mundu honetako eszena aldatzen ari da. 32  Egia esan, zuek kezkarik ez izatea nahi dut. Ezkondu gabe dagoen gizona Jaunaren gauzez kezkatzen da, Jaunaren aprobazioa nola lortu dezakeen. 33  Baina ezkonduta dagoen gizona munduko gauzez kezkatzen da, emaztearen aprobazioa nola lortu dezakeen, 34  eta zatituta dago. Gainera, ezkondu gabe dagoen emakumea, baita birjina den emakumea ere, Jaunaren gauzez kezkatzen da, bere gorputz eta espirituan santu izateko. Hala ere, ezkonduta dagoen emakumea munduko gauzez kezkatzen da, bere senarraren aprobazioa nola lortu dezakeen. 35  Baina hori zuen onerako esaten dut, ez zuek mugatzeko*, baizik eta egokia dena egitera eta distrakziorik gabe Jauna etengabe zerbitzatzera bultzatzeko. 36  Baina norbaitek ezkondu gabe jarraitzeagatik* ez dela behar bezala jokatzen ari pentsatzen badu, eta gazteegia ez bada*, orduan honakoa egin beharko luke: nahi duena egin dezala, ez du bekaturik egiten. Ezkondu daitezela. 37  Baina norbaitek bere bihotzean erabaki badu eta beharrik ez badu, baizik eta bere nahiaren gain kontrola* badu eta bere bihotzean ezkondu gabe jarraitzeko* erabakia hartu badu, ondo egingo du. 38  Beraz, ezkontzen denak* ondo egiten du, baina ezkontzen ez denak hobeto egingo du. 39  Senarra bizirik dagoen bitartean emaztea berari lotuta dago. Baina senarrak heriotzan lo hartzen badu, emakumea nahi duenarekin ezkontzeko libre dago, baina Jaunaren dizipulu batekin* bakarrik. 40  Baina nire ustez, zoriontsuago izango da dagoen bezala geratzen bada. Eta konbentzituta nago nik ere Jainkoaren espiritua daukadala.

Oharra

Hau da, sexu harremanik ez edukitzea.
Grekoz, porneia. Ikusi Glosarioa, sexu moralgabekeria.
Edo «pasioz».
Lit. «zikin izango lirateke».
Edo «banantzea».
Edo «erdainduta». Ikusi Glosarioa, zirkunzisio.
Ikusi Glosarioa gizon libre; liberto.
Edo «Inoiz ezkondu ez».
Lit. «ez zuei lazoa botatzeko».
Edo «bere birjintasunarekin».
Lit. «gaztaroko lorea pasa badu».
Lit. «autoritatea».
Edo «birjintasuna mantentzeko».
Edo «bere birjintasuna ezkontzan ematen duenak».
Lit. «Jaunarengan».