Korintoarrei lehena 2:1-16
2 Beraz, anai-arrebok, zuengana Jainkoaren sekretu sakratuaren berri ematera joan nintzenean, ez nintzen hizkera nabarmena erabiliz edo jakinduria erakustaldia eginez joan.
2 Zuekin egon nintzenean, arreta Jesu Kristorengan eta bera zutoinean exekutatua izatean bakarrik jartzea erabaki nuen.
3 Eta zuengana ahul sentituz, beldurrez eta dardara handiz joan nintzen.
4 Nire hitz egiteko eta predikatzeko modua ez zen izan konbentzitzen duten jakintsuen hitzen bidez, baizik eta espiritua eta boterea erakusten duten hitzen bidez.
5 Horrela, ez duzue zuen fedea gizakien jakindurian jarriko, Jainkoaren boterean baizik.
6 Baina helduak direnen artean jakinduriari buruz hitz egiten dugu, ez sistema* honetako jakinduriari buruz edo sistema honetako agintarien jakinduriari buruz, horiek desagertu egingo baitira.
7 Horren ordez, Jainkoaren jakinduriari buruz hitz egiten dugu, sekretu sakratu batean azaltzen dena, ezkutuko jakinduria, Jainkoak sistemak* baino lehen gure aintzarako aldez aurretik erabakia zuena.
8 Jakinduria hori da sistema* honetako agintarietako bakar batek ere ezagutu ez duena; zeren ezagutu izan balute, ez zuten aintzaz beteriko Jauna exekutatuko*.
9 Baina idatzita dagoen bezalaxe: «Begiak ez ditu ikusi eta belarriak ez ditu entzun, eta gizakiaren bihotzak ez ditu imajinatu Jainkoak bera maite dutenentzat prestatu dituen gauzak».
10 Zeren Jainkoak guri eman dizkigu ezagutzera bere espirituaren bidez, espirituak gauza guztiak aztertzen dituelako, baita Jainkoaren gauza sakonak ere.
11 Izan ere, gizakien artetik, nork ezagutu ditzake gizon baten pentsamenduak, gizakiaren espirituak* berak izan ezik? Era berean, inork ez ditu Jainkoaren pentsamenduak ezagutzen, Jainkoaren espirituak izan ezik.
12 Guk, ordea, ez dugu munduaren espiritua jaso, Jainkoarengandik datorren espiritua baizik, Jainkoak bihotz-bihotzez eman dizkigun gauzak ezagutu ditzagun.
13 Guk ere gauza horiei buruz hitz egiten dugu, baina ez ditugu giza jakinduriak irakatsitako hitzak erabiltzen, espirituak irakatsitako hitzak baizik. Beraz, gai espiritualak hitz espiritualekin azaltzen ditugu.
14 Baina gizaki fisikoak ez ditu Jainkoaren espirituaren gauzak onartzen*, berarentzat zentzugabeak baitira; eta ezin ditu ezagutu, espiritualki aztertzen baitira.
15 Gizaki espiritualak, berriz, gauza guztiak aztertzen ditu, baina ez dago gizaki hori aztertu dezakeen beste gizakirik.
16 Zeren «nor iritsi da Jehobaren* pentsaera ezagutzera berari irakatsi ahal izateko?». Baina guk, guk badugu Kristoren pentsaera.