Saltatu edukira

Kongregazioko gazteekin denbora pasatzea gustatzen zait

BIBLIAK BIZITZAK ALDATZEN DITU

Beisbola beste gauza guztien gainetik maite nuen!

Beisbola beste gauza guztien gainetik maite nuen!
  • JAIOTZE-URTEA: 1928

  • JATORRIZKO HERRIALDEA: COSTA RICA

  • HISTORIA: KIROL ETA APUSTUETAN MURGILDUTA ZEGOEN

NIRE IRAGANA

Puerto Limón-en eta bere ingurutan hazi nintzen, Costa Ricako ekialdeko portu-hirian. Nire gurasoek zortzi seme-alaba izan zituzten eta ni zazpigarrena nintzen. Zortzi urte nituenean aita hil egin zen eta amak bakarrik hezi gintuen.

Beisbola beti izan da nire bizitzaren parte; txikitatik asko gustatzen zitzaidan. Nerabezaroan, liga amateur, edo ez-profesional, mailako talde batean hasi nintzen jokatzen. 20 urte inguru nituenean, talentu-bilatzaile batek Nikaraguako talde profesional batean jokatzea eskaini zidan. Baina, garai hartan amak osasun kaxkarra zuen eta nik zaintzen nuen. Horregatik, ez nuen Nikaraguara joan nahi. Beraz, eskaintza atzera bota nuen. Beranduago, beste talentu-bilatzaile batek, Costa Ricako talde nazionalean jokatzea eskaini zidan. Talde hau jokalari ez-profesional onenez osatuta zegoen. Oraingoan eskaintza onartu nuen. Talde nazionalean 1949⁠tik 1952⁠ra egon nintzen eta Kuba, Mexiko eta Nikaraguan jokatu nuen. Oso ona nintzen base bezala. 17 partidu jarraian jokatzera iritsi nintzen inongo akatsik egin gabe. Asko gustatzen zitzaidan nire izena oihukatzen zutenean!

Zoritxarrez, bizitza moralgabea izaten hasi nintzen. Neska-laguna nuen arren, beste emakume batzuekin ere ibiltzen nintzen. Gainera, asko edaten nuen. Behin, hain mozkortuta nengoen, non hurrengo goizean nire ohean esnatzean, ez nekien etxeraino nola iritsi nintzen! Bestalde, domino jokoetan apustu egin eta loterian jokatzen nuen.

Garai hartan, ama Jehobaren lekuko egin zen. Ama bere fedea nirekin konpartitzen saiatu zen, baina hasiera batean ez zuen ezer lortu, beisbolean oso murgildurik nengoelako. Adibidez, bazkalorduan zelaian entrenatzen nengoenean, jateko gogoa joaten zitzaidan! Beisbol-jokoan besterik ez nuen pentsatzen. Beisbola beste gauza guztien gainetik maite nuen!

Baina, 29 urterekin, lesio larri bat izan nuen partidu batean pilota bat harrapatzen ari nintzela. Sendatu ondoren, profesionalki jokatzeari utzi nion. Hala ere, beisbolarekin lotuta jarraitu nuen. Amateur ligako talde bat entrenatzen nuen etxetik gertu.

BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN

1957⁠an, Jehobaren lekukoen biltzarrera joateko gonbidapena onartu nuen. Biltzarra egin zen estadioan beisbolean jokatu izan nuen. Eserita nengoela, segituan konturatu nintzen Jehobaren lekukoen jarrera onaz. Jehobaren lekukoek errespetua erakusten zuten; beisbol partiduetan, berriz, giro iskanbilatsua ikusten zen. Biltzar horretan ikusi nuenak Lekukoekin Biblia aztertzera eta bileretara joatera bultzatu ninduen.

Asko gustatzen zitzaidan Biblian ikasten nuena. Adibidez, Jesusek azken egunetan Jainkoaren Erreinuaren berri onak mundu osoan zehar zabalduko zirela aurresan zuen (Mateo 24:14). Gainera, egiazko kristauek Jainkoa inongo dirurik jaso gabe zerbitzatzen dutela ikasi nuen. Jesusek esan zuen bezala, «doan hartu duzue, eman doan» (Mateo 10:8).

Biblian ikasten nuena Jehobaren lekukoek egiten zutenarekin konparatzen nuen. Lekukoek berri onak mundu osoan zehar zabaltzeko egiten zuten etengabeko esfortzua asko miresten nuen. Eskuzabalak zirela ere ikusi nuen, Jesusek agindu zuen bezala. Beraz, Markos 10:21⁠eko Jesusen gonbidapena irakurri nuenean, «zatoz eta jarraitu niri», Lekuko izan nahi nuela erabaki nuen.

Hala ere, denbora behar izan nuen aldaketak egiteko. Adibidez, urteetan zehar, loteria nazionalean nire «zori oneko» zenbakiarekin jokatu nuen. Baina Jainkoa zorte onaren jainkoak adoratzen dituztenen eta diruzaleen aurka dagoela ikasi nuen Biblian (Isaias 65:11; Kolosarrei 3:5). Beraz, jokatzeari utzi nion. Jokatzeari utzi eta hurrengo igandean, nire «zori oneko» zenbakiak irabazi zuen! Jendeak burla egin zidan aste horretan jokatu ez nuelako. Gainera, berriro jokatzera bultzatu ninduten, baina ez zuten lortu. Horrez geroztik, ez dut inoiz berriro jokatu.

Jehobaren lekuko izateko bataiatu nintzen egunean bertan, nire izaera berriak beste proba bati aurre egin behar izan zion (Efesoarrei 4:24). Gau hartan, hotelera bueltatu eta gela aurrean nire neska-lagun ohia ikusi nuen nire zain. «Goazen Sammy elkarrekin ondo pasatzera», esan zidan berak. Baina nik segituan ezetz esan nion. Orain Bibliaren arau moralen arabera bizi nintzela gogorarazi nion (1 Korintoarrei 6:18NWT). «Zer!», esan zuen harrituta. Bibliak sexu moralgabekeriari buruz dioenari garrantzia kendu zion eta gure harremana berriro hasteko eskatu zidan. Baina ni logelara sartu nintzen eta atea itxi nuen. 1958⁠an bataiatu nintzenetik, nire bizimoduan egindako aldaketei tinko eutsi diedala esan dezaket pozik.

NIRE ONERAKO IZAN DA

Bibliaren gida jarraitzea oso lagungarria izan da niretzat; honi buruzko liburu bat idatzi ahalko nukeen. Orain, lagun onak ditut, nire bizitzak helburua du eta benetan zoriontsu naiz.

Noski, beisbolean jokatzea gustatzen zait, baina orain nire lehentasunak beste batzuk dira. Beisbolak ospea eta dirua eman zizkidan, baina hauek ez dute betirako irauten. Jainkoa eta anai-arrebekin dudan adiskidetasunak, aldiz, betirako iraungo du. Bibliak honela dio: «Mundua eta beronen grinak iragan egiten dira; Jainkoaren nahia betetzen duenak, berriz, betiko irauten du» (1 Joan 2:17). Orain Jehoba eta bere herria beste ezer baino gehiago maite ditut!