Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

11. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 57. KANTA Guztiei predikatu

Imitatu Jesusek predikazioan izan zuen gogo bizia

Imitatu Jesusek predikazioan izan zuen gogo bizia

«Jaunak [...] bere aurretik binaka bidali zituen, bera joango zen hiri eta leku guztietara» (LUK. 10:1).

IDEIA NAGUSIA

Jesusek predikazioan erakutsi zuen gogo bizia imitatzeko lau modu.

1. Zein da Jehobaren zerbitzarien eta kristauak direla esaten dutenen arteko desberdintasun bat?

 JEHOBAREN zerbitzariok berri onak gogo biziz predikatzeko desira handia dugu (Tit. 2:14). Horrek kristauak direla esaten dutenengandik bereizi egiten gaitu. Hala ere, batzuetan, zaila egin ahal zaigu predikazioan gogo bizi hori mantentzea. Agian, adindun langile batek esandakoarekin ados gaude: «Batzuetan ez dut predikatzeko gogorik».

2. Zergatik izan daiteke zaila predikazioan gogo bizia mantentzea?

2 Beharbada, Jehobaren zerbitzuko alderdi batzuetan parte hartzean, predikazioan baino gehiago gozatzen dugu. Zergatik? Bilera aretoak eraiki edo mantentzean, larrialdietarako laguntza lanetan parte hartzean eta gure anai-arrebak animatzean, emaitza onak azkar ikusten ditugulako eta, ondorioz, ondo sentitzen garelako. Gainera, anai-arrebekin batera lan egiten dugunean, giro baketsu eta maitekor batez disfrutatzen dugu. Eta badakigu anai-arrebek gure lana asko eskertzen dutela. Bestalde, agian, urte askoz eremu berdinean egon gara predikatzen eta ez dugu emaitza on askorik izan. Edo predikatzera joaten garenean, jendeak gure mezua baztertzen du. Bestalde, badakigu azkena gerturatu ahala, predikazioan geroz eta oposizio gehiago izango dugula (Mat. 10:22). Orduan, zerk lagundu gaitzake predikazioan gogo bizia mantentzen, baita handiagotzen ere?

3. Zer ikasten dugu Jesusi buruz Lukas 13:6-9 pasarteko konparaketatik?

3 Jesusen eredua aztertuz, predikazioan gogo bizia nola izan dezakegun ikasi dezakegu. Lurrean egon zenean, Jesusek ez zion inoiz gogor lan egiteari utzi. Ez hori bakarrik; denbora pasa ahala, bere ahaleginak intentsifikatu zituen (Irakurri Lukas 13:6-9). Jesusek bere lana pikondo bat zaintzen gogor saiatu zen gizon baten lanarekin konparatu zuen. Gizonak pikondoa hiru urtez zaindu zuen arren, arbolak ez zuen fruiturik eman. Era berean, Jesusek hiru urte eman zituen juduei predikatzen. Baina horietako gehienak ez ziren bere dizipulu izatera iritsi. Hala ere, pikondoa zaintzen zuen gizonak fruitua jasotzea espero zuen bezala, Jesusek jendeak bere mezua onartzea espero zuen. Horregatik, ez zuen amore eman eta predikatzen jarraitu zuen. Are gehiago, ahalegin handiagoak egin zituen pertsonen bihotzetara iristeko.

4. Zer lau modutan imitatu dezakegu Jesus?

4 Artikulu honetan, Jesusek bereziki bere predikazioaren azken sei hilabetetan gogo bizia nola erakutsi zuen aztertuko dugu (Lukas 10:1 a). Berak irakatsitakoaz eta egindakoaz ikasten badugu, predikazioan gogo bizia mantentzea lortuko dugu. Ikus ditzagun Jesus imitatu dezakegun lau modu: 1) Jehobaren nahia egitean zentratu zen, 2) Biblia profeziak ulertu eta horiekin bat eginez jokatu zuen, 3) Jehobak lagunduko zion konfiantza izan zuen eta, 4) jarrera positiboa mantendu zuen, batzuek bere mezua entzungo zuten konfiantza izanez.

JEHOBAREN NAHIA EGITEAN ZENTRATU ZEN

5. Nola erakutsi zuen Jesusek Jainkoaren nahia egitean zentratu zela?

5 Jesusek «Erreinuaren berri onak» gogo biziz predikatu zituen, bazekielako Jainkoak berak hori egitea nahi zuela (Luk. 4:43). Predikazioari lehentasuna eman zion. Bere eginkizuna amaitzear zegoenean ere, «hiriz hiri eta herriz herri» joan zen, besteei irakatsiz (Luk. 13:22). Gainera, dizipulu gehiago trebatu zituen beraiek ere predikatu zezaten (Luk. 10:1).

6. Zer lotura dago predikazioaren eta izan ditzakegun beste lan teokratikoen artean? (Ikusi irudia ere)

6 Jehoba eta Jesusen nahia ez da aldatu. Gaur egun ere guk predikazioari lehentasuna ematea nahi dute (Mat. 24:14; 28:19, 20). Jehobaren alde egiten ditugun lan guztiek erlazio zuzena dute predikazioarekin. Adibidez, bilera aretoak egiten ditugu predikatzen ditugun pertsonek Jehoba bertan adoratu dezaten. Eta Betelen egiten diren lan desberdinek predikazioa aurrera eramaten laguntzen dute. Bestalde, hondamendi bat gertatzean, anai-arrebek behar dutena izateaz ziurtatzen gara. Horrela, berriro ere bileretara joaten eta predikatzen hasi daitezke. Jehobak guk egitea nahi duen lanik garrantzitsuena predikazioa dela gogoratzen badugu, erregularki predikatzeko motibatuta sentituko gara. János izeneko Hungariako adindun batek honakoa dio: «Lan teokratikoen artean, garrantzitsuena predikazioa da. Ez dago hori ordezkatu dezakeen ezer».

Gaur egun, Jehobak eta Jesusek predikazioari lehentasuna eman diezaiogun nahi dute (Ikusi 6. paragrafoa)


7. Zergatik nahi du Jehobak guk predikatzen jarraitzea? (1 Timoteori 2:3, 4)

7 Jehobaren antzera, pertsonez arduratzen bagara, predikatzeko dugun gogo bizia sendotuko dugu. Berak ahalik eta pertsona gehienek berri onak entzutea eta onartzea nahi du (Irakurri 1 Timoteori 2:3, 4). Berri onek jendearen bizia salbatu dezaketenez, Jehobak predikazioan trebeagoak izaten laguntzen digu. Adibidez, Maitatu Jendea: Egin dizipuluak liburuxkak aholku praktikoak ematen ditu pertsonekin elkarrizketak hasteko eta, denborarekin, beraiekin Biblia aztertzeko, Jesusen dizipuluak izatera iritsi daitezen. Nahiz eta orain ez erantzun, larrialdi handia amaitu baino lehen Jehoba zerbitzatzen hasteko aukera izan dezakete. Etorkizunean, orain esaten dieguna gogoratu dezakete, eta horrek Jehoba zerbitzatzen hastera motibatu ditzake. Baina, noski, horretarako predikatzen jarraitu behar dugu.

BIBLIA PROFEZIAK ULERTU ETA HORIEKIN BAT EGINEZ JOKATU ZUEN

8. Zer eragin izan zuten Biblia profeziek Jesusek bere denbora erabili zuen moduan?

8 Jesusek Biblia profeziak nola beteko ziren ulertzen zuen. Adibidez, bazekien bere predikazioak hiru urte eta erdi bakarrik iraungo zuela (Dan. 9:26, 27). Horretaz gain, noiz eta nola hilko zen ere bazekien (Luk. 18:31-34). Profezia horiek ezagutzen zituenez, bere denbora modurik hoberenean erabili zuen. Ondorioz, gogo biziz predikatu zuen eman zitzaion lana burutu ahal izateko.

9. Zergatik bultzatzen gaituzte Biblia profeziek gogo biziz predikatzera?

9 Biblia profeziak ulertzeak gogo biziz predikatzera bultzatu gaitzake. Badakigu sistema hau laster amaituko dela. Bibliak azken egunetan jendea nolakoa izango zen eta zer gertatuko zen aurresan zuen eta, gaur egun, profezia horiek betetzen ari direla ikusten dugu. Bibliak, «azken garaia iristean», hegoaldeko erregeak eta iparraldeko erregeak elkarren artean borroka egingo zutela aurresan zuen (Dan. 11:40). Eta badakigu pasarte horrek potentzia angloamerikarraren eta Errusia eta bere aliatuen arteko gatazkak irudikatzen dituela. Horretaz gain, badakigu ere Daniel 2:43-45 (NWT) pasartean deskribatzen den irudiaren oinek potentzia angloamerikarra irudikatzen dutela. Ziur gaude, profeziek dioten bezala, hemendik oso gutxira Jainkoaren Erreinuak giza gobernuak suntsituko dituela. Beraz, profezia guzti horiek azkenetik oso gertu bizi garela erakusten digute. Ondorioz, gure denbora ahalik eta hobekien erabili behar dugu berri onak predikatzeko.

10. Zein beste modutan animatzen gaituzte Biblia profeziek predikatzen jarraitzera?

10 Biblia profeziek mezu bat dute barne, eta gu mezu hori zabaltzeko irrikan gaude. Dominikar Errepublikan bizi den Carrie izeneko arreba batek dio: «Jehobak etorkizunean beteko dituen promes zoragarrietan pentsatzen dudanean, besteei berri on horiei buruz hitz egin behar diedala sentitzen dut». Honakoa ere dio: «Jendeak dituen arazoak ikusten ditudanean, Jehobak egin dituen promesak niretzat izateaz gain, beraientzat ere badirela konturatzen naiz». Gainera, Biblia profeziek egiten dugun lanaren atzean Jehoba dagoela erakusten digute, eta horrek predikatzen jarraitzen laguntzen digu. Hungarian bizi den Leilak beste hau dio: «Isaias 11:6-9 pasarteak Jehobak edozeini aldaketak egiten lagundu ahal diola erakusten du. Horrek nire ustez entzungo ez duten pertsonei berri onei buruz hitz egitera motibatzen nau». Eta Zambian bizi den Christopher izeneko anaia batek dio: «Markos 13:10​ak aurresan zuen bezala, berri onak mundu osoan zehar zabaltzen ari dira. Profezia hori betetzen laguntzea ohore handia da niretzat». Eta zure kasuan, zer Biblia profeziak animatzen zaitu predikatzen jarraitzera?

JEHOBAK LAGUNDUKO ZION KOFIANTZA IZAN ZUEN

11. Zergatik jarri behar izan zuen Jesusek konfiantza Jehobaren laguntzan gogo biziz predikatzen jarraitzeko? (Lukas 12:49, 53)

11 Jesus ziur zegoen Jehobak gogo biziz predikatzen jarraitzen lagunduko ziola. Predikatzean, Jesusek errespetuz hitz egin zien besteei. Hala ere, bazekien Erreinuaren mezuarengatik pertsona batzuk haserretu egingo zirela eta asko mezuaren aurka jarriko zirela (Irakurri Lukas 12:49, 53). Adibidez, erlijioburuek ez zuten Jesusek predikatzen zuena gustuko eta, behin baino gehiagotan, bera hiltzen saiatu ziren (Joan 8:59; 10:31, 39). Baina Jesusek predikatzen jarraitu zuen, bazekielako Jehoba berarekin zegoela. Honakoa esan zuen: «Ez nago bakarrik, bidali nauen Aita nirekin dago [...]; ez nau bakarrik utzi, gustatzen zaizkion gauzak egiten ditudalako beti» (Joan 8:16, 29).

12. Nola prestatu zituen Jesusek bere dizipuluak oposizioaren aurrean predikatzen jarraitzeko?

12 Jesusek bere dizipuluei Jehobaren laguntzan konfiantza izan zezaketela gogorarazi zien. Pertsekuzioari aurre egitean ere, Jehobak lagundu egingo ziela ziurtatu zien behin eta berriz (Mat. 10:18-20; Luk. 12:11, 12). Baina, aldi berean, kontuz ibiltzeko ere esan zien (Mat. 10:16; Luk. 10:3). Pertsonek beraiei entzun nahi ez bazieten, ez zituztela behartu behar irakatsi zien (Luk. 10:10, 11). Eta pertsegituak izatean, ihes egin behar zutela aipatu zien (Mat. 10:23). Egia da Jesusek gogo biziz predikatu eta konfiantza Jehobarengan jarri zuela. Baina, bere esku egon zenean, egoera arriskutsuak saihestu zituen (Joan 11:53, 54).

13. Zergatik egon gaitezke ziur Jehobak lagunduko digula?

13 Gaur egun ere, oposizioaren aurrean gogo biziz predikatzen jarraitzeko, Jehobaren laguntza behar dugu (Ap. 12:17). Zergatik egon gaitezke ziur Jehobak lagunduko gaituela? Azter dezagun Joan 17. kapituluan azaltzen den Jesusen otoitza. Jesusek apostoluak zaintzeko eskatu zion Jehobari, eta Jehobak Jesusek eskatutakoa bete zuen. Izan ere, Eginak liburuan, Jehobak apostoluei pertsekuzioaren aurrean gogo biziz predikatzen nola lagundu zien aipatzen da. Bere otoitzean, Jesusek honakoa ere eskatu zion Jehobari: berri onetan fedea jartzen zutenak zaintzeko. Horien artean gu gaude. Eta Jehobak ez dio Jesusen otoitza erantzuteari utzi. Beraz, apostoluei lagundu zien bezala, guri ere lagunduko digu (Joan 17:11, 15, 20).

14. Zergatik egon gaitezke ziur garai zailetan ere gogo biziz predikatzen jarraitu ahal izango dugula? (Ikusi irudia ere)

14 Azkenera gerturatu ahala, berri onak predikatzea agian zailagoa izango da. Baina Jesusek gogo biziz predikatzen jarraitzeko behar genuen laguntza jasoko genuela ziurtatu zigun (Luk. 21:12-15). Jesus eta bere dizipuluen antzera, jendeari mezua entzun nahi duen edo ez erabakitzen uzten diogu, eta ez gara eztabaidetan sartzen. Gure lana murriztuta dagoen tokietan ere, gure anai-arrebek berri onak predikatzen jarraitu ahal izan dute konfiantza Jehobarengan jarri dutelako, eta ez beraien indarretan. Lehen mendean Jehobak bere zerbitzariei indarrak eman zizkien bezala, gaur egun guri ere indarrak ematen dizkigu «mezua oso-osorik iragarri» dezagun, Berak nahikoa dela esan arte (2 Tim. 4:17). Ziur egon gaitezke konfiantza Jehobarengan jartzen badugu, gogo biziz predikatzen jarraitu ahal izango dugula.

Nahiz eta gure lana murriztuta egon, anai-arrebek besteekin berri onei buruz diskretuki hitz egiteko moduak bilatzen dituzte (Ikusi 14. paragrafoa) b


JARRERA POSITIBOA MANTENDU ZUEN

15. Zerk erakusten du Jesusek predikazioa modu positiboan ikusi zuela?

15 Jesusek predikazioa modu positiboan ikusi zuen. Horrek pozik egoten eta predikazioan gogor lan egiten jarraitzen lagundu zion. Adibidez, predikatzen hasi eta urtebete inguru beranduago, Jesusek jende asko berri onak entzuteko prest zegoela ikusi zuen. Berak pertsona horiek uztarako prest zegoen soro batekin konparatu zituen (Joan 4:35). Urtebete inguru beranduago, honakoa esan zien bere dizipuluei: «Handia da uzta» (Mat. 9:37, 38). Eta, beranduago, gauza bera azpimarratu zuen: «Handia da uzta [...], erregutu uztaren Jabeari langileak bidaltzeko bere uztara» (Luk. 10:2). Jesus beti egon zen hurrengoaz ziur: berri onak entzungo zuten pertsona batzuk egongo zirela. Eta asko poztu zen pertsona horiek berri onak onartu zituztenean (Luk. 10:21).

16. Nola lagundu zuten Jesusen konparaketek predikazioa modu positiboan ikusten? (Lukas 13:18-21) (Ikusi irudia ere)

16 Jesusek honakoa irakatsi zien bere dizipuluei: predikatzen zuten mezuak emaitza harrigarriak izango zituela. Horrek gogo bizia mantentzen lagundu zien. Azter ditzagun Jesusek jarri zituen bi konparaketa (Irakurri Lukas 13:18-21). Konparaketa batean, Jesusek Erreinuaren mezua mostaza hazi batekin konparatu zuen. Hazi txikia zuhaitz erraldoi bilakatzen den bezala, berri onak toki guztietara zabalduko ziren eta ezerk ezingo zituen geldiarazi. Beste konparaketa batean, Erreinuaren mezua legamiarekin konparatu zuen. Izan ere, Erreinuaren mezua munduan zehar toki askotan predikatuko zen eta pertsonengan aldaketak eragingo zituen, nahiz eta hasiera batean aldaketa horiek begi bistakoak ez izan. Horrela, Jesusek honakoa ikusten lagundu zien bere dizipuluei: predikatzen zuten mezuak arrakasta izango zuela.

Jesusen antzera, guk ere norbaitek berri onak entzungo dituen konfiantza dugu (Ikusi 16. paragrafoa)


17. Zer arrazoi ditugu predikazioa modu positiboan ikusteko?

17 Predikazioak mundu osoko pertsonei laguntzen die. Horretan hausnartzeak predikatzen jarraitzera bultzatzen gaitu. Urtero-urtero milioika lagun joaten dira Oroitzapenera, eta Biblia aztertzen dute gurekin. Gainera, asko bataiatzen dira, eta gurekin predikatzen dute. Ez dakigu oraindik zenbat gehiagok onartuko duten berri onen mezua. Baina badakigu Jehoba larrialdi handitik bizirik aterako den gizatalde handi bat biltzen ari dela (Ap. 7:9, 14). Jehoba da uztaren jabea, eta bera ziur dago oraindik pertsona gehiagok berri onak onartuko dituztela. Beraz, arrazoi onak ditugu predikatzen jarraitzeko.

18. Zertaz konturatzea nahi dugu besteak?

18 Jesusen benetako dizipuluek gogo biziz predikatu dituzte beti berri onak. Apostoluek ausardiaz eta gogotsu predikatzen zutela ikustean, pertsonak «Jesusekin ibili zirela konturatu ziren» (Eg. 4:13). Guk ere ausardiaz eta gogotsu predikatu nahi ditugu berri onak. Horrela, baliteke, jendea Jesus imitatzen ari garela konturatzea.

sjj 58. KANTA Bilatu bakezaleak

a Ikusi Traducción del Nuevo Mundo (Traduction du monde nouveau) itzulpeneko bertset honen «Después de estas cosas» («Après cela») ikasketarako oharra.

b IRUDIAREN AZALPENA: Anaia batek gasolindegi batean dagoen gizon bati diskretuki predikatzen dio.