Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

18. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Jesus jarraitzeko oztoporik izango al duzu?

Jesus jarraitzeko oztoporik izango al duzu?

«Zoriontsua sinesteko oztoporik niregan aurkitzen ez duena!» (MT 11:6).

sjj 54. KANTA «Hona hemen bidea»

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zerk harritu zintuen, agian, besteei Bibliako mezuari buruz hitz egin zenienean?

 GOGORATZEN al duzu egia aurkitu zenuela konturatu zinen momentua? Hain argiak ziren Bibliako irakaspenak! Jende guztiak irakaspen horiek ezagutu nahiko zituela pentsatu zenuen. Ziur zinen Bibliako mezua ezagutuko balute, bizitza zoriontsuagoa eta etorkizunerako esperantza zoragarria izango luketela (Sal 119:105). Beraz, zure lagun eta senide guztiei ikasi zenituen egiei buruz hitz egin zenien. Baina zer gertatu zen? Harrigarria izan arren, ez zituzten onartu.

2, 3. Zer pentsatzen zuen jende gehienak Jesusi buruz?

2 Ez gintuzke harritu behar jendeak predikatzen dugun mezua ez onartzea. Lehen mendean jende gehienak Jesus baztertu zuen, nahiz eta mirariak eginez, Jainkoaren onespena zuela frogatu. Adibidez, Jesusek Lazaro berpiztu zuen eta bere aurkariek ezin izan zuten mirari hau ukatu. Hala ere, erlijioburu judutarrek ez zuten sinetsi Jesus Mesias zenik. Gainera, Jesus eta Lazaro hil nahi izan zituzten! (Jn 11:47, 48, 53; 12:9-11).

3 Jesusek bazekien jende gehienak ez zuela sinetsiko bera Mesias zenik (Jn 5:39-44). Joan Bataiatzailearen bi ikasleri esan zien: «Zoriontsua sinesteko oztoporik niregan aurkitzen ez duena» (Mt 11:2, 3, 6). Zergatik baztertu zuten hainbestek Jesus?

4. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

4 Artikulu honetan eta hurrengoan, lehen mendean jendeak Jesus onartzeko izan zituen hainbat oztopo aztertuko ditugu. Gaur egun, jende askok gure mezua zergatik ez duen onartzen ere ikusiko dugu. Eta inportanteena dena, Jesusengan dugun fedea ezerk oztopatu ez dezan zer egin dezakegun ikasiko dugu.

1. JESUSEN JATORRIA

Askorentzako Jesusen jatorria oztopoa izan zen. Nola oztopatu gaitzake honek gaur egun? (Ikusi 5. paragrafoa) b

5. Zergatik pentsatu zezaketen batzuek Jesus ez zela aurresandako Mesias?

5 Jesus bere jatorriarengatik baztertu zuten askok. Maisu bikaina zela eta mirariak egiten zituela onartu arren, beraientzat arotz umil baten semea besterik ez zen. Gainera, jendearentzat inportantzia gutxiko herri batekoa zen, Nazaretekoa. Aurrerago Jesusen jarraitzailea izango zen Natanaelek ere, hasieran honakoa esan zuen: «Ezer onik atera ote daiteke Nazaretetik?» (Jn 1:46). Natanaelentzat, agian, Jesus bizi zen herria ospe gutxikoa zen. Edo, beharbada, Mikeas 5:2⁠ko profezian pentsatzen ariko zen. Profezia honek Mesias Belenen jaioko zela esaten zuen, ez Nazareten.

6. Jesus Mesias zela jakiteko zer egin beharko zuen bere garaiko jendeak?

6 Zer esaten zuten Idazki Hebrearrek? Isaias profetak aurresandakoaren arabera, Jesusen etsaiak ez ziren Mesiasen «belaunaldiaren [edo jatorriaren] xehetasunez» arduratuko (Is 53:8NWT). Xehetasun hauetariko asko aurresanda zeuden. Jendeak froga guztiak aztertzeko denbora hartu izan balu, Jesus Belenen jaio zela eta Dabid erregearen ondorengoa zela jakingo zukeen (Lk 2:4-7). Beraz, Jesus Mikeas 5:2⁠an aurresandako tokian jaio zen. Zein zen orduan arazoa? Jendea ondorioetara azkarregi iritsi zela. Ez zekizkiten Jesusi buruzko xehetasun guztiak. Horregatik, baztertu egin zuten.

7. Zergatik baztertzen du jende askok Jehobaren herria?

7 Gauza bera gertatzen al da gaur egun? Bai. Orokorrean, Jehobaren zerbitzariek jatorri umila dute; askorentzat «eskolagabe eta arruntak» dira (Eg 4:13). Batzuen ustez, Jehobaren zerbitzariak ospe handiko eskola teologikoetara joan ez direnez, ez lukete Bibliari buruz irakatsi behar. Beste batzuek, Jehobaren lekukoak «erlijio amerikarra» direla esaten dute, nahiz eta gutxi gorabehera % 14⁠a bakarrik Estatu Batuetan bizi. Beste batzuei, berriz, Lekukoek ez dutela Jesusengan sinesten esan diete. Urteetan zehar, «estremistak» eta «sekta bat» izateaz, eta familia banatzeaz salatu dituzte. Beraz, kontu hauek entzun dituztenez eta Jehobaren herriari buruzko egia zein den ez dakitenez, askok ez dute Lekuko izan nahi.

8. ⁠Eginak 17:11⁠ren arabera, zer egin behar luke jendeak Jainkoaren herria gaur egun zein den jakiteko?

8 Zer egin behar du norbaitek bere fedea ezerk oztopatu ez dezan? Argitu nahi duen gaiari buruzko egia zein den aurkitzen saiatu behar du. Horixe da Lukas biblia-idazleak egin zuena. «Hasieratik guztia zehatz-mehatz» aztertzen gogor saiatu zen. Bere irakurleek Jesusen «irakaspenak zein finkatuak» zeuden, hau da, oinarri sendoa zutela jakitea nahi zuen (Lk 1:1-4). Antzinako Bereako juduak Lukas bezalakoak ziren. Jesusi buruzko berri onak lehen aldiz entzun zituztenean, Idazki Hebrearrak aztertu zituzten gauzak hala ote ziren ikusteko (Irakurri Eginak 17:11). Modu berean, jendeak gaur egun ere egia zein den aurkitzen saiatu behar du. Jainkoaren herriak irakasten duena Bibliak esaten duenarekin konparatu behar du. Jehobaren herriak garai modernoan zer egin duen ere aztertu behar du. Ikerketa sakona egiten badute, ez diete aurreiritziei edo esamesei itsutzen utziko.

2. JESUSEK EZ ZUEN APARTEKO SEINALERIK EMAN NAHI IZAN

Askorentzako Jesusek aparteko seinalerik eman nahi ez izatea oztopoa izan zen. Nola oztopatu gaitzake honek gaur egun? (Ikusi 9 eta 10 paragrafoak) c

9. Zer gertatu zen Jesusek seinale bat ematea ukatu zuenean?

9 Batzuentzat Jesusen irakaspenak ez ziren nahikoak Mesias zela frogatzeko. Gehiago nahi zuten. «Jainkoarengandiko seinale bat» eskatzen zioten hau frogatzeko (Mt 16:1). Daniel 7:13, 14⁠ko profezia agian ez zutelako ondo ulertu eskatu zioten hau. Hala ere, ez zen profezia hau betetzeko Jehobaren garaia. Jesusen irakaspenek bera Mesias zela frogatzeko nahikoa izan behar zuten. Baina, bila ari ziren seinalea Jesusek eman ez zienean, baztertu egin zuten (Mt 16:4).

10. Nola bete zuen Jesusek Isaiasek Mesiasi buruz idatzitakoa?

10 Zer esaten zuten Idazki Hebrearrek? Isaias profetak honakoa idatzi zuen Mesiasi buruz: «Ez du oihu egingo, ez ahotsa goratuko, ez kaleetan bere mintzoa entzunaraziko» (Is 42:1, 2). Jesusek bere zerbitzua modu apalean eta bere buruan arreta jarri gabe bete zuen. Ez zituen tenplu handiak eraiki, ezta erlijio arropa bereziak jantzi ere. Eta ez zion jendeari erlijio titulu nabarmenen bidez deitzea eskatu. Epaitu zutenean, bere bizia jokoan egon arren, ez zuen mirari bat egin nahi izan Herodes erregearen aurrean ondo geratzeko (Lk 23:8-11). Jesusek mirariak egin zituen. Baina, berri onak predikatzea izan zen bere bizitzako lehentasuna, «horretarako etorri naiz eta» esan baitzien bere ikasleei (Mk 1:38, IZB).

11. Zer ideia oker dituzte batzuek gaur egun?

11 Gauza bera gertatzen al da gaur egun? Bai. Gaur egun, jende asko balio handiko artelanak dituzten katedral handiekin txundituta dago. Gainera, pertsona hauek titulu nabarmeneko elizgizonak miresten dituzte. Askok ospakizun batzuen jatorria eta esanahia paganoa dela ahaztu egin dute eta hauek ospatzean hunkitu egiten dira. Baina, elizkizunetara joatean, ez dute Jainkoa eta bere nahiari buruz askorik ikasten. Gure kristau bileretara joaten direnek Jehobak gugandik zer espero duen eta bere nahiaren arabera bizitzen ikasten dute. Gure bilera-aretoak garbiak eta praktikoak dira, ez luxuzkoak. Aurrea eramaten dutenak ez dira beraien arropa edo titulu nabarmenekin besteengandik bereizten. Jainkoaren Hitza da gure irakaspenen eta sinesmenen oinarria. Hala ere, gaur egun askok Jainkoa adoratzeko dugun modua ez dute onartzen sinpleegia iruditzen zaielako. Gainera, irakasten duguna ez dator bat beraiek entzun nahi dutenarekin.

12. ⁠Hebrearrei 11:1, 6⁠aren arabera, zertan oinarritu beharko genuke gure fedea?

12 Zer egin behar dugu gure fedea ezerk oztopatu ez dezan? Paulo apostoluak Erroman bizi ziren kristauei honakoa esan zien: «Mezutik dator sinestea, eta mezua Kristoren berri ematea da» (Erm 10:17). Beraz, gure sinesmena edo fedea Biblia aztertuz indartzen dugu, ez Jainkoaren Hitzean oinarrituta ez dauden ospakizunetan parte hartuz, hauek politak eta erakargarriak izan arren. Ezaguera zehatzean oinarrituta dagoen fede sendoa lortu behar dugu. Izan ere, «federik gabe ezinezkoa da Jainkoaren gogoko izatea» (Irakurri Hebrearrei 11:1, 6). Hortaz, ez dugu Jainkoarengandik datorren aparteko seinalerik ikusi beharrik geure buruari egia aurkitu dugula frogatzeko. Bibliako irakaspenen azterketa sakona nahikoa da zalantzak argitzeko eta fedea indartzeko.

3. JESUSEK EZ ZITUEN JUDUTAR TRADIZIO ASKO JARRAITU

Askorentzako Jesusek judutarren tradizio asko ez jarraitzea oztopoa izan zen. Nola oztopatu gaitzake honek gaur egun? (Ikusi 13. paragrafoa) d

13. Zergatik baztertu zuten askok Jesus?

13 Joan Bataiatzailearen jarraitzaileak harrituta zeuden Jesusen ikasleek ez zutelako baraurik egiten. Baina Jesusek, bera bizirik zegoen bitartean, barau egiteko arrazoirik ez zutela esan zien (Mt 9:14-17). Hala ere, fariseuek eta beste aurkari batzuek Jesus kondenatu egin zuten beraien ohiturak eta tradizioak ez jarraitzeagatik. Gaixoak larunbatean ere sendatzeagatik asko haserretu ziren (Mk 3:1-6; Jn 9:16). Alde batetik, larunbatari buruzko legea obeditzen zutela esaten zuten harro-harro; baina, beste aldetik, ez zuten jendea tenpluan negozioetan ibiltzeko arazorik jartzen. Haserre bizian jarri ziren Jesusek hau egiteagatik kondenatu zituenean (Mt 21:12, 13, 15). Eta Jesusek Nazareteko sinagogan predikatu zuenean, denak sutu egin ziren. Zergatik? Israelgo historiaren adibideak erabiliz, berekoiak zirela eta fedea falta zutela agerian uzteagatik (Lk 4:16, 25-30). Jesusek ez zuenez jokatu beraiek espero zuten bezala, baztertu egin zuten (Mt 11:16-19).

14. Zergatik kondenatu zituen Jesusek Idazkiekin bat ez zetozen giza tradizioak?

14 Zer esaten zuten Idazki Hebrearrek? Jehobak honakoa esan zuen Isaias profetaren bitartez: «Herri hau hurbiltzen zait, bai, ohore ematera, baina ezpainez bakarrik ohoratzen nau; niregandik urruti du bihotza. Ematen didaten gurtza ohitura hutsa, giza agindua besterik ez da» (Is 29:13). Jesusek arrazoia zuen Jainkoaren Hitzarekin bat ez zetozen giza ohiturak kondenatzean. Idazkien aurretik giza agindu eta tradizioak jartzen zituztenek Jehoba eta berak bidalitako Mesias baztertu zituzten.

15. Zergatik baztertzen dituzte askok Jehobaren lekukoak?

15 Gauza bera gertatzen al da gaur egun? Bai. Jende asko haserretu egiten da Jehobaren lekukoek ez dutelako Bibliarekin bat ez datozen tradizioetan beraiekin parte hartzen, adibidez, urtebetetzeetan eta Gabonetan. Beste batzuei ez zaie batere gustatzen Jehobaren lekukoek ospakizun abertzaleetan edo Bibliarekin bat ez datozen hileta ohituretan parte ez hartzea. Pertsona hauek zintzoak izan daitezke eta, agian, Jainkoa modu onargarrian adoratzen ari direla uste dute. Baina, munduko tradizioak Bibliaren irakaspen argien aurretik jartzen badituzte, ez dute Jainkoaren onespena izango (Mk 7:7-9).

16. ⁠119. Salmoa 97, 113, 163-165⁠ bertseten arabera, zer egin behar dugu?

16 Zer egin behar dugu gure fedea ezerk oztopatu ez dezan? Jehobaren legeei eta printzipioei diegun maitasuna sendotu egin behar dugu (Irakurri 119. Salmoa 97, 113, 163-165). Jehoba maitatzen badugu, berari gustatzen ez zaizkion ohitura maltzur edo engainatzaileak baztertuko ditugu. Ez diogu ezeri Jehobari diogun maitasuna oztopatzen utziko.

4. JESUSEK EZ ZUEN BEREHALAKO KONPONBIDE POLITIKORIK EMAN

Askorentzako Jesus politika kontuetan ez sartzea oztopoa izan zen. Nola oztopatu gaitzake honek gaur egun? (Ikusi 17. paragrafoa) e

17. Zer espero zuten askok Mesiasi buruz?

17 Jesusen garaiko judutar batzuek berehalako aldaketa politikoa nahi zuten: Mesiasek erromatarren zapalkuntzatik askatzea. Baina, Jesus beraien errege egiten saiatu zirenean, honek ez zuen onartu (Jn 6:14, 15). Beste batzuek, apaizak barne, zeukaten boterea eta agintea erromatarrengandik jasoa zuten. Beraz, erlijioburu hauek Jesusek erromatarren aurkako aldaketa politikoa ekartzearen beldur ziren. Politika kontu hauek judutar askorentzat Jesusengan sinesteko oztopoak izan ziren.

18. Mesiasi buruzko zer biblia-profezia baztertzen zituzten askok?

18 Zer esaten zuten Idazki Hebrearrek? Profezia askok Mesias denborarekin Gudari garaile bat izango zela esan zuten. Beste batzuek, aldiz, lehenengo gure bekatuen alde hil egin beharko zuela erakusten zuten (Is 53:9, 12). Beraz, zergatik zituzten Juduek Mesiasi buruzko ideia okerrak? Beraien arazoei berehalako konponbidea emango zieten promesak soilik begiratzen zituztelako; besteak baztertu egiten zituzten (Jn 6:26, 27).

19. Zergatik baztertzen dute askok gure mezua?

19 Gauza bera gertatzen al da gaur egun? Bai. Gaur egun askok politika kontuetan neutralak garenez, ez gaituzte onartzen. Hauteskundeetan parte hartu beharko genukeela uste dute. Baina, gizaki bat gure agintari izateko aukeratuko bagenu, Jehoba baztertzen ariko ginateke (1 Sm 8:4-7). Agian, eskolak eta ospitaleak eraiki eta komunitateari laguntzeko lanak egin beharko genituzkeela uste dute. Baina, munduko arazoak konpontzen ibili beharrean buru-belarri predikatze-lanean gabiltzanez, gure mezua baztertzen dute.

20. ⁠Mateo 7:21-23⁠ pasartean Jesusek esan zuenaren arabera, zein izan beharko litzateke gure lehentasuna?

20 Zer egin behar dugu gure fedea ezerk oztopatu ez dezan? (Irakurri Mateo 7:21-23). Gure lehentasuna Jesusek agindutako lana egitea izan beharko litzateke (Mt 28:19, 20). Ez ginateke mundu honetako arazoak konpondu nahian lanpetuta ibili behar. Jendea maite dugu eta bere arazoengatik kezkaturik gaude. Baina, badakigu beraiei laguntzeko modurik onena honakoa dela: Jainkoaren Erreinuari buruz irakastea eta Jehobarekin adiskidetasun sendoa izaten laguntzea.

21. Zein izan beharko litzateke gure determinazioa?

21 Artikulu honetan, lehen mendean Jesus onartzeko jendeak izan zituen lau oztopo ikusi ditugu. Gaur egun ere, batzuek oztopo berberengatik Jesusen jarraitzaileak baztertzen dituzte. Baina, hauek al dira gainditu beharreko oztopo bakarrak? Hurrengo artikuluan beste lau ikusiko ditugu. Ez dezagun inoiz Jesus baztertu eta mantendu dezagun gure fedea sendo.

sjj 56. KANTA Bizi egia

a Nahiz eta Jesus lurrean bizi izan den Maisurik handiena izan, bere garaiko jende gehienak baztertu egin zuen. Zergatik? Artikulu honetan Jesusengan sinesteko izan zituzten lau oztopo aztertuko ditugu. Gainera, Jesusen benetako jarraitzaileek esaten eta egiten dutena askok zergatik ez duten onartzen ere ikusiko dugu. Eta inportanteagoa dena, Jesusengan fedea galdu beharrean sendotzeko zer egin behar dugun ikasiko dugu.

b IRUDIAREN AZALPENA: Felipek Natanael Jesus ezagutzera animatzen du.

c IRUDIAREN AZALPENA: Jesusek berri onak predikatzen ditu.

d IRUDIAREN AZALPENA: Aurkariak begira dauden bitartean, Jesusek besoa elbarri duen gizona sendatzen du.

e IRUDIAREN AZALPENA: Jesusek mendira alde egiten du berak bakarrik.