6. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Konfiantza al duzu Jehobaren erabakietan?
«Bera babes-harkaitza: hark egina benetan bikaina, haren jokabidea zuzen-zuzena; Jainko leiala da bera, bidegabekeriarik gabea, zintzoa beti eta zuzena» (DT 32:4).
sjj 3. KANTA Gure indar, itxaropen eta konfiantza
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1, 2. a) Zergatik kostatzen zaie askori autoritateaz fidatzea? b) Zer aztertuko dugu artikulu honetan?
GAUR EGUN jendea orokorrean ez da autoritateaz fidatzen. Zergatik? Sistema politiko eta legalak, askotan, aberatsen eta boteretsuen alde egin eta pobreez ahazten delako. Bibliak arrazoi du «kalte eginez gizakiak gizakia menderatzen» duela esatean (Koh 8:9). Gainera, erlijioburu batzuek gauza txarrak egiten dituztenez, jende askok Jainkoarengan konfiantza galdu du. Agian horixe da gure biblia-ikasleei gertatu zaiena. Horregatik Jehobarengan eta bere ordezkariengan konfiantza izaten laguntzea erronka handia izan daiteke.
2 Noski, biblia-ikasleak ez dira hori egin behar duten bakarrak. Egian urte asko daramagunok ere, Jehobak gauzak egiteko duen modua onena dela gogoratzen jarraitu behar dugu. Egoera jakin batzuetan konfiantza hori ahuldu egin daiteke. Horietako hiru aztertuko ditugu: 1) biblia-pasarte batzuk irakurtzean, 2) Jehobaren erakundearen gida jasotzean eta 3) etorkizunean gauzak okertzean.
JEHOBARENGAN KONFIANTZA IZAN BIBLIA IRAKURTZEAN
3. Nola jarri daiteke kolokan Jehobarengan dugun konfiantza biblia-pasarte batzuk irakurtzean?
3 Biblian Jainkoak bere herriarekin jokatzean hartu dituen erabakiei buruz irakurtzen dugu. Eta, agian, galderak sortzen zaizkigu. Adibidez, Zenbakiak liburuaren arabera, Jehobak egurra larunbatean bildu zuen gizon bati heriotza zigorra ezarri zion. Bestalde, Samuel bigarrena liburuak kontatzen duenez, Dabidek adulterio egin eta gizon bat hilarazi zuen, baina Jehobak hala ere barkatu egin zion (Zen 15:32, 35; 2 Sm 12:9, 13). Norbaitek galdetu dezake: «Nola izan daiteke posible hain larria zen bekatua barkatzea eta itxuraz hain larria ez zen bestea ez barkatzea?». Horrelako galderak erantzuteko Biblia irakurtzean kontuan hartu behar ditugun hiru gauza aztertuko ditugu.
4. Nola erakusten dute Hasiera 18:20, 21 eta Deuteronomioa 10:17ak Jehobaren erabakietan konfiantza izan dezakegula?
4 Bibliak ez ditu beti detaile guztiak ematen. Adibidez, Dabiden kasuan argi eta garbi dio benetan damutu zela (Sal 51:4-6 [51:2-4, NWT]). Baina zer esan dezakegu larunbataren legea hautsi zuen gizonari buruz? Egindakoaz damutu al zen? Iraganean Jehobaren legeak desobeditu al zituen? Norbaitek abisua eman bazion, kasurik egin al zuen? Bibliak ez du ezer esaten. Baina gauza batez ziur egon gaitezke: Jehobaren jokabidea «bidegabekeriarik gabea» da, zintzoa beti eta zuzena (Dt 32:4). Gizakiek ez bezala, erabakiak ez ditu aurreiritzi edo esamesetan oinarritzen. Horren ordez, benetan aztertu beharrekoa hartzen du kontuan (Irakurri Hasiera 18:20, 21; Deuteronomioa 10:17). Jehoba zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta konfiantza handiagoa izango dugu bere epaietan. Nahiz eta orain erantzun ezin ditugun galderak sortu, Jainkoa «jokabide guztietan» zuzena dela pentsatzeko arrazoi nahiko eta sobera ditugu (Sal 145:17).
5. Inperfektuak garenez, zer gertatzen zaigu epaitzean? (Ikusi « Gure inperfekzioaren ondorioz ez dugu beti argi ikusten» taula ere).
5 Inperfektuak garenez, ezin dugu beti zuzen epaitu. Jainkoak bere irudira egin gaituenez, ez zaigu injustizia batere gustatzen (Has 1:26). Baina inperfektuak garenez, askotan gaizki epaitzen dugu, nahiz eta informazio guztia dugula pentsatu. Hori izan zen Jonasi gertatutakoa. Jehobaren erabakia ninivetarrei errukia erakustea izan zen, baina Jainkoaren zerbitzari honi ez zitzaion batere gustatu (Jon 3:10-4:1). Jonas oker zegoen. Jehobaren errukiari esker 120.000 ninivetar salbatu ziren. Jonasen epaia zen zuzendu beharrekoa, ez Jehobarena.
6. Zergatik ez digu Jehobak gizakioi bere erabakien azalpenik eman behar?
6 Jehobak ez digu gizakioi bere erabakien azalpenik eman behar. Jehobak antzinako bere zerbitzariei euren kezkak adierazten utzi zien batzuetan (Has 18:25; Jon 4:2, 3). Eta, beste batzuetan, bere erabakiei buruzko azalpenak eman zituen (Jon 4:10, 11). Hala ere, gure Sortzailea denez, ez digu baimenik, ezta oniritzirik ere eskatu behar (Is 40:13, 14; 55:9).
JEHOBARENGAN KONFIANTZA IZAN GIDA JASOTZEAN
7. Zer izan daiteke zaila eta zergatik?
7 Ez dugu zalantzan jartzen Jehobak egiten duena beti ondo dagoela. Baina batzuetan zaila izan daiteke bere ordezkari inperfektuengan konfiantza izatea. Zergatik? Jehobaren gida jarraitzen dutela pentsatu beharrean, beraien iritziaren arabera jokatzen ari direla pentsatu dezakegulako. Adibidez, zer pentsatuko zuten larunbatean egur bila joan zen gizonaren senideek Moisesek exekutatua izango zela esan zuenean? Zalantzan jarri ote zuten Moisesek Jehobaren gida bilatu zuela? Edota imajinatu Urias hititaren laguna zarela. Dabidek gizon horren emaztearekin adulterio egin du. Zer ondoriotara iritsiko zinateke? Agian Dabidek bere boterea erabili zuela merezi zuen heriotza zigorretik libratzeko? Azkenean, kontua da ezin dugula Jehobarengan konfiantza dugula esan bere ordezkariengan konfiantza erakusten ez badugu. Zergatik? Jehobak beraiengan jarri duelako konfiantza.
8. Zertan dira antzekoak Eginak 16:4, 5ak kontatzen duena eta gaur egun kongregazioek funtzionatzeko duten modua?
8 Gaur egun, Jehobak bere erakundearen lurreko alderdia morroi leial eta zentzudunaren bidez zuzentzen du (Mt 24:45). Lehen mendeko zuzendari-batzordea bezala, morroi honek mundu osoko lana gainbegiratzen du eta kongregazioko adindunei gida ematen die (Irakurri Eginak 16:4, 5). Adindunek, berriz, gida hori kongregazioan bideratzen dute. Beraz, Jehobarengan konfiantza dugula erakusten dugu erakundeak eta adindunek ematen diguten gida obeditzen dugunean.
9. Noiz izan daiteke zaila adindunek hartzen dituzten erabakiak gogo onez onartzea eta jarraitzea? Zergatik?
9 Batzuetan, zaila izan daiteke adindunek hartzen dituzten erabakiak gogo onez onartu eta jarraitzea. Adibidez, azken urteetan eskualde eta kongregazio asko berregituratu egin dira. Kasu batzuetan, bilera-aretoetako eserlekuak hobeto aprobetxatzeko, adindunek beste kongregazio batera joateko eskatu ahal digute. Hori gertatzen bada, zaila izan daiteke lagunak eta familia atzean uztea. Berri-emaile bakoitza nora joan behar den erabakitzean, zerutik jasotzen al dute gida adindunek? Ez. Horrexegatik izan daiteke zaila eskatutakoa egitea. Jehobak adindunengan konfiantza osoa jarri du horrelako erabakiak hartu ditzaten. Eta guk ere beraiengan konfiantza bera izan behar dugu. b
10. Hebrearrei 13:17aren arabera, zergatik da beharrezkoa adindunen erabakiak gogo onez onartu eta jarraitzea?
10 Zergatik da beharrezkoa adindunek hartzen dituzten erabakiak gogo onez onartu eta jarraitzea, erabaki horietakoren bat gustatu ez arren? Horrela, Jainkoaren herrian batasuna mantentzen dugulako (Ef 4:2, 3). Adindunen erabakiak apaltasunez onartzen baditugu, kongregazioaren onerako izango da (Irakurri Hebrearrei 13:17). Jehobak adindunengan jarri du bere konfiantza. Eta guk, beraien erabakiak gogo onez onartu eta jarraitzean, Jehobarengan konfiantza dugula erakusten ariko gara (Eg 20:28).
11. Zerk lagundu gaitzake adindunengan dugun konfiantza handitzen?
11 Nola handitu dezakegu adindunengan dugun konfiantza? Kongregazioarekin lotutako erabakiak hartzean, Jainkoaren espiritu santua eskatzen dute. Gainera, euren erabakiak biblia-printzipioetan eta Jainkoaren erakundeak ematen dituen jarraibideetan oinarritzen dituzte. Bestalde, bihotzez nahi dute Jainkoa poztu eta bere ardiak ahalik eta hobekien zaindu. Argi dute anai-arrebak zaintzeko moduagatik Jainkoaren aurrean erantzule direla (1 P 5:2, 3). Jehobaren bedeinkapenari esker, arrazak, erlijioak eta politikak banatzen duen mundu honetan Jainkoaren herria batuta dago eta hori ez da edonola lortzen.
12. Zer hartu behar dute kontuan adindunek norbait damututa dagoen ala ez jakiteko?
12 Kongregazioa garbi mantentzeko, Jehobak adindunei ardura handia eman die. Kristau batek bekatu larri bat egiten duenean, kongregazioaren parte izaten jarraitu dezakeen erabaki behar dute. Horretarako, besteak beste, benetan damutu ote den argitu behar dute. Agian damututa dagoela esan dezake. Baina, benetan gorroto al du egindakoa? Berriro ez egitea erabaki al du? Bekatu larria lagun txarren eraginez egin badu, prest al dago adiskidetasun horiek hausteko? Adindunek, otoitz egin ondoren, gertatutakoa eta Bibliak dioena aztertzen dute eta bekatariaren jarrera hartzen dute kontuan. Orduan, kongregazioan jarraitu dezakeen ala ez erabakitzen dute. Kasu batzuetan, kanporatua izan behar du (1 Ko 5:11-13).
13. Zer kezka izan ditzakegu lagun edo senideren bat kanporatua denean?
13 Noiz egon daiteke probapean adindunengan dugun konfiantza? Senide edo lagun minen bat kanporatua denean. Erraza izan daiteke kongregazioko beste norbait kanporatua izan dela onartzea. Baina, zer gertatzen da gertukoekin? Kezkak izan ditzakegu: «Kontuan hartuko al zuten kontuan hartu beharreko guztia? Jehobak nahi bezala epaituko al zuten?». Ikusi dezagun zerk lagunduko digun erabakiari buruzko jarrera egokia edukitzen.
14. Zerk lagundu gaitzake adindunek gure lagun edo senideren bat kanporatua izan behar dela erabakitzen badute?
14 Kongregazioa garbi mantentzeko Jehobak kanporaketa erabili dezake. Alde batetik, bekatariaren eragin txarra aldentzen duenez, kongregazioarentzat ona izango da (Ga 5:9). Eta bestetik, bekatariaren onerako ere izan daiteke. Izan ere, horrela, egindakoa zein larria den konturatu daiteke, eta pentsaera eta jokaera aldatzen lagundu dezake (Koh 8:11). Ziur egon gaitezke adindunek ardura hau oso serio hartzen dutela, Jehobak antzinako Israelgo epaileei esan ziena bete behar dutela konturatzen direlako: «Begiratu ezazute […] zer egiten dezuten, zeren zuen lana ez da gizon batena, baizik Jaungoikoarena» (2 Kro 19:6, 7, Ur).
JEHOBARENGAN KONFIANTZA IZATEAK ETORKIZUNERAKO PRESTATUKO GAITU
15. Zergatik da inoiz baino garrantzitsuagoa gaur egun Jehobaren gidan konfiantza erakustea?
15 Larrialdi handia iristean ezinbestekoa izango da Jehobarengan konfiantza izatea. Zergatik? Momentu horretan jasoko ditugun instrukzioak itxuran arraroak edo zentzugabeak izan daitezkeelako. Noski, gida hori ez digu Jehobak zuzen-zuzenean emango. Horretarako bere ordezkariak erabiliko ditu seguraski. Zer jarrera erakutsiko dugu giza historiako momentu hain garrantzitsu horretan? Zalantza egingo al dugu? Jehobaren gida dela pentsatuko dugu ala gauzak beraien kabuz egiten ari direla? Orain da jarrera egokia izateko garaia. Gaur egun segituan obeditzen badugu, larrialdi handian ere halaxe egingo dugu (Lk 16:10).
16. Zerk jarri dezake laster arriskuan Jehobaren epaietan dugun konfiantza?
16 Jehobaren epaietan konfiantza dugula erakusteko beste momentu bat mundu honen amaieran izango da. Gaur egun Jehoba zerbitzatzen ez dutenentzat esperantza dugu, Lekukoak ez diren gure senideak barne. Agian, egunen batean, Jehoba zerbitzatuko dute. Baina Harmagedonen Jehobak, Jesusen bidez, azken erabaki bat hartuko du (Mt 25:31-33; 2 Ts 1:7-9). Ez da gure esku egongo Jehobaren errukia nork jasoko duen erabakitzea (Mt 25:34, 41, 46). Izango al dugu konfiantza bere epaietan? Edota Jehoba zerbitzatzeari utziko diogu bere erabakiarekin ados ez gaudelako? Argi dago etorkizunean Jehobarengan konfiantza osoa izateko, orain indartu behar dugula.
17. Zertaz gozatuko dugu Jehobaren epaiei esker?
17 Pentsa nolakoa izango den mundu berria Jehobak zaharra epaitu eta gero. Erlijio faltsua iraganeko gauza izango da. Sistema komertzial diruzalea desagertuko da. Eta hainbeste sufrimendu eta miseria eragin duen sistema politikoa erraustua izango da. Gaixotasunak, zahartzaroa eta heriotza ez dira eguneroko bizitzaren parte izango. Satanas eta bere deabruek ezingo dute mila urtez gizakiengan eraginik izan eta beraien matxinadaren ondorioak desagertu egingo dira (Ap 20:2, 3). Momentu horietan zenbat eskertuko dugun Jehobarengan konfiantza eduki izana!
18. Zenbakiak 11:4-6 eta 21:5aren arabera, zer ikasi dezakegu israeldarrengandik?
18 Erronkarik izango al dugu mundu berrian? Bai. Jainkoarengan konfiantza erakusten jarraitu beharko dugu. Adibidez, israeldarrak esklabotzatik atera bezain laster, batzuk Jehobak emandako mana mespretxatuz marmarka hasi ziren. Zergatik? Egiptoko janari freskoa faltan botatzen zutelako (Irakurri Zenbakiak 11:4-6; 21:5). Antzeko zerbait gertatu al daiteke larrialdi handia amaitzean? Ez dakigu zenbat lan izango dugun suntsiketak utzitakoa garbitzen eta lurra pixkanaka-pixkanaka paradisu bihurtzen. Seguraski lan asko egongo da eta hasieran ez da hain erraza izango. Marmarka hasiko ote gara gu ere? Jehobak ematen diguna orain benetan estimatzen badugu, etorkizunean ere estimatzen jarraituko dugu. Ez dago zalantza izpirik.
19. Zer ikasi dugu artikulu honetan?
19 Jehobak egiten duena zuzena da beti. Honetaz guztiz konbentzituta gaude. Jehobak bere konfiantza jarri duenengan konfiantza izan behar dugu. Eta ez dezagun sekula ahaztu Jehobak Isaiasen bidez esandakoa: «Zuen indarra lasai egotean eta konfiantza izatean dago» (Is 30:15, NWT).
sn 37. KANTA Biblia, Jainkoak inspiratua
a Artikulu honek Jehobarengan eta lurrean dituen bere ordezkariengan konfiantza indartzen lagunduko digu. Gainera, konfiantza horrek orain nola laguntzen digun eta etorkizunerako nola prestatzen gaituen ikusiko dugu.
b Batzuetan, arrazoi oso bereziak egon daitezke norbaitek kongregazio berean jarraitzeko. Ikusi 2002ko azaroko Nuestro Ministerio del Reino, «Sección de preguntas» (Le ministère du Royaume, «Réponses à vos questions») atala.