37. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Jehobarengan konfiantza izan, Samsonek bezala
«Ene Jainko Jauna, oroit zaitez nitaz eta egin nazazu indartsu» (EP 16:28).
sjj 30. KANTA Ene Jainkoa, Aita eta lagun mina
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1, 2. Zergatik aztertu beharko genuke Samsonen eredua?
ZER datorkizu burura Samson izena entzutean? Agian, izugarrizko indarra izan zuen gizon bat. Eta, hala da. Baina, horretaz gain, ondorio mingarriak eragin zizkion erabaki txar bat hartu zuen. Hala ere, Samsonek gauza asko egin zituen Jainkoaren zerbitzuan, eta Jehoba horretan zentratu zen. Izan ere, guk probetxua atera ahal izateko, Samsonen fede eredua Biblian egoteaz ziurtatu zen Jehoba.
2 Jehobak Samson erabili zuen Israelen alde gauza harrigarriak egiteko. Mendeak beranduago, inspirazio bidez, Paulo apostoluak fede bikaineko gizonen artean aipatu zuen Samson (Heb 11:32-34). Bere ereduak asko animatu gaitzake. Berak Jainkoarengan konfiantza izan zuen, baita erronkei aurre egitean ere. Zer ikasi dezakegu Samsonen eredutik? Eta nola animatu gaitzake? Artikulu honek galdera hauek erantzungo ditu.
SAMSONEK JEHOBARENGAN KONFIANTZA IZAN ZUEN
3. Zer eginkizun jaso zuen Samsonek?
3 Samson jaio zenean, Israel filistearren menpe zegoen eta hauek israeldarrak zapaltzen ari ziren (Ep 13:1). Beraien agintaritza oso krudela zen eta sufrimendu ikaragarria eragin zieten israeldarrei. Jehobak Samson aukeratu zuen «israeldarrak filistearren menpetik askatze[ko]» (Ep 13:5). Hau bai lan zaila! Erronkaz beteriko eginkizun hau betetzeko, Jehobarengan konfiantza jarri beharko zuen Samsonek.
4. Nola lagundu zion Jehobak Samsoni filistearrengandik askatzen? (Epaileak 15:14-16)
4 Samsonek Jehobak lagunduko zion konfiantza zuen. Behin, filistear gudaroste bat bera harrapatzera joan zen Lehi hirira. Dirudienez hiri hau Judan zegoen, eta bertako gizonak beldur zirenez, Samson etsaien esku uztea erabaki zuten. Gizon hauek bi soka berrirekin lotu zuten Samson eta filistearrengana eraman zuten (Ep 15:9-13). Baina, «Jaunaren espirituak Samson hartu» zuen, hau da, indarrez bete zuen eta, ondorioz, Samsonek soketatik askatzea lortu zuen. Orduan, «hil berria zen asto baten matrailezurra» hartu eta, hau erabiliz, mila gizon filistear akabatu zituen! (Irakurri Epaileak 15:14-16).
5. Nola erakutsi zuen Samsonek Jehobarengan konfiantza zuela?
5 Zergatik erabili zuen Samsonek asto baten matrailezurra? Esan beharra dago arma xelebrea zela, hau arma bat dela esan badaiteke ere! Dudarik gabe, Samsonek bazekien bere arrakasta Jehobaren esku zegoela, eta ez erabiliko zuen arma motan. Hala da, gizon leial honek eskuragarri zuena erabili zuen Jehobaren nahia betetzeko. Samsonek konfiantza osoa Jehobarengan jarri zuenez, gizon filistearrak menperatu zituen.
6. Zer ikasi dezakegu Samsonen eredutik eginkizun teokratikoak betetzerako orduan?
6 Jehobak guri ere behar ditugun indarrak emango dizkigu edozein eginkizun bete ahal izateko, nahiz eta hauek betetzea ezinezkoa dela iruditu. Gainera, Jainkoak espero ez dugun moduan lagundu gaitzake. Jehobarengan konfiantza jarri eta laguntza eskatzen badiogu, guri ere bere nahia betetzeko indarrak emango dizkigu, Samsoni bezala (Es 16:3).
7. Zer adibidek erakusten du Jehobaren gida bilatzea garrantzitsua dela?
7 Eraikuntza proiektu teokratikoetan parte hartzen duten anai-arreba askok Jehobarengan konfiantza erakutsi dute. Lehen, anai-arrebek ia bilera areto berri gehienak eta beste eraikin batzuk diseinatu eta eraikitzen zituzten. Baina, geroz eta jende gehiago bataiatzen ari denez, erakundeak aldaketak egin behar izan ditu. Aurrea zeramaten anaiek Jehobaren gida eskatu zuten otoitzean eta metodo berriak erabiltzen saiatu ziren, esaterako, instalazioak erosiz eta hauek berrituz. Azken urteetan, Robert izeneko anaia batek eraikuntza proiektu askotan parte hartu du hainbat herrialdeetan. Berak dio: «Hasiera batean, lan egiteko modu berrira egokitzea ez zen erraza izan askorentzat. Urtetan zehar egindako lanarekin konparatuta oso desberdina zen. Baina, anai-arrebak egokitzeko prest egon dira, eta argi dago Jehoba aldaketa hauek bedeinkatzen ari dela». Bere nahia betetzeko, Jehoba bere herria gidatzen ari da, eta hau adibide bat besterik ez da. Beraz, ondo dago noizbehinka honakoa galdetzea geure buruari: «Bilatzen al dut Jehobaren gida? Aldaketak egiteko prest al nago Jehoba ahalik eta hoberen zerbitzatzeko?».
SAMSONEK PROBETXUA ATERA ZIEN JEHOBAK EMANDAKO LAGUNTZEI
8. Zer egin zuen Samsonek egarri izan zen batean?
8 Samsonek egindako beste hainbat gauza harrigarri gogoratuko dituzu agian. Adibidez, berak bakarrik, lehoi bat hil zuen eta, beranduago, 30 filistear hil zituen Axkelon hirian (Ep 14:5, 6, 19). Samsonek bazekien Jehobaren laguntzarik gabe hau guztia lortzea ezinezkoa izango zela. Hau argi geratu zen 1.000 filistear menderatu ondoren egarri izan zen batean. Zer egin zuen egoera hartan? Bere kabuz joan ahal zen ur bila. Baina, konfiantza bere indarretan jarri beharrean, Jehobari eskatu zion laguntza (Ep 15:18).
9. Nola erantzun zuen Jehobak Samsonen erregua? (Epaileak 15:19)
9 Jehobak Samsonen erregua erantzun zuen, mirari baten bidez ur iturri bat sortuz. Iturritik edan zuenean, «arnasberritu eta indartu egin zen Samson» (Irakurri Epaileak 15:19). Dirudienez, urteak pasa ondoren, Samuel profetak Epaileak liburua idatzi zuenean, iturri honek bertan jarraitzen zuen oraindik. Ur iturri hori ikusi zuten israeldar leialek honakoa gogoratuko zuten: Jehobarengan konfiantza jartzen bazuten, beharra izatean Berak lagunduko ziela.
10. Zer egin behar dugu Jehobaren laguntza jasotzeko? (Ikusi irudia ere)
10 Zer abilezia ditugun edo Jehobaren zerbitzuan zer lortu dugun inporta gabe, bere laguntza bilatzen jarraitu behar dugu. Modestiaz onartu beharko genuke benetako arrakasta Jehobarengan konfiantza jartzen dugunean bakarrik lortu dezakegula. Samson indarberritu egin zen Jehobak emandako ur iturritik edan zuenean. Era berean, Jehobak ematen dizkigun gauza guztiei probetxua ateratzen badiegu, espiritualki sendotuko gara (Mt 11:28).
11. Nola atera ahal diogu probetxu osoa Jehobaren laguntzari? Jarri adibide bat.
11 Aleksey pertsekuzio latza jasaten ari den Errusiako anaia bat da. Azter dezagun bere eredua. Zerk lagundu zion egoera zail hauetan sendo irauten? Berak eta bere emazteak errutina espiritual on bat antolatu zuten. Berak dio: «Ikasketa pertsonala egiteko eta egunero Biblia irakurtzeko ohitura mantentzen saiatzen naiz. Egunero, nire emazteak eta biok elkarrekin eguneko aipua aztertzen dugu eta Jehobari otoitz egiten diogu». Zer irakasten digu honek? Konfiantza geure buruan jarri beharrean, Jehobarengan jarri behar dugula. Nola lortu dezakegu hau? Gure fedea sendotuz. Hau lortzeko, besteak beste, Biblia erregularki aztertu, otoitz egin, bileretara joan eta predikatu egin behar dugu. Horrela, Jehobak bera zerbitzatzen jarraitzeko laguntza emango digu eskuzabaltasunez. Samson indarberritu zuen moduan, zalantzarik gabe Jainkoak gu ere indarberrituko gaitu.
SAMSONEK EZ ZUEN AMORERIK EMAN
12. Zer erabaki txar hartu zuen Samsonek, eta zergatik izan zen Dalilarekin izandako harremana desberdina?
12 Gu bezala, Samson ere inperfektua zen eta, batzuetan, erabaki txarrak hartu zituen. Bereziki horietako erabaki batek ondorio tragikoak ekarri zizkion, Samsonek ez zuelako Jainkoak eman zion eginkizuna kontuan izan. Denbora batez epaile izan ondoren, «Sorek ibarrean bizi zen emakume batez maitemindu zen Samson; emakumeak Dalila zuen izena» (Ep 16:4). Aurretik, Samsonek emakume filistear batekin ezkondu nahi izan zuen. Baina, «Jaunaren gauza» izan zen hau, Jehobak filistearren kontra borrokatzeko aukera izango baitzuen. Beranduago, Samson prostituta baten etxean egon zen Gazako filistear hirian. Kasu honetan, Jehobak Samson indartu zuen hiriko ateak kentzeko, hiria ahulduz (Ep 14:1-4; 16:1-3). Hala ere, Samsonek Dalilarekin izandako harremana desberdina izan zen. Emakume hau ziurrenik israeldarra zenez, Samsonek berarekin izandako harremanak ez zion filistearren aurka borrokatzeko aukerarik emango.
13. Nola bultzatu zuen Dalilak Samson egoera txar batera?
13 Dalilak filistearrengandik diru kopuru handia onartzearen truke traizionatu zuen Samson. Ziurrenik Dalilari zion maitasunak Samson itsutu zuen eta ezin izango zuen bereizi zeintzuk ziren Dalilaren bene-benetako intentzioak. Dena dela, Dalilak Samsonen indarra nondik zetorren jakin nahi zuenez, behin eta berriro galdezka aritu zitzaion honi buruz, eta Samsonek, azkenean, amore eman zuen eta dena kontatu zion. Tamalez, hanka-sartze handi honengatik, bere indarra galtzeaz gain, Samsonek Jehobaren onespena ere galdu zuen denbora batez (Ep 16:16-20).
14. Zer ondorio sufritu zituen Samsonek Dalilarengan konfiantza jartzeagatik?
14 Samsonek Dalilarengan konfiantza jarri zuenez, eta ez Jehobarengan, ondorio latzak sufritu zituen. Filistearrek Samson harrapatu, itsutu eta Gazan kartzelaratu zuten. Gazako jendea aurretik umiliatu zuenez, orain hauek Samson esklabo bezala errota bati bueltak ematera behartu zuten. Ondoren, ospakizun batera eraman zuten. Bertan, sakrifizio handi bat eskaini zioten Dagon-i, jainko faltsu honek Samson harrapatzen lagundu ziela uste baitzuten. Beraz, Samson kartzelatik atera zuten «beraren kontura barre egiteko» (Ep 16:21-25).
15. Nola erakutsi zuen Samsonek Jehobarengan berriro konfiantza zuela? (Epaileak 16:28-30) (Ikusi azaleko irudia)
15 Samsonek akats larri bat egin zuen, baina ez zuen amorerik eman. Izan ere, Jainkoak filistearrak menderatzeko eman zion eginkizuna betetzen saiatu zen (Irakurri Epaileak 16:28-30). Samsonek filistearren aurka mendeku hartzen uzteko erregutu zion Jehobari, eta Jainkoak bere erregua entzun zuen, mirari baten bidez indarrak berriro emanez. Ondorioz, Samsonek inoiz baino filistear gehiago hil zituen.
16. Zer ikasi dezakegu Samsonen akatsetik?
16 Nahiz eta Samsonek bere akatsaren ondorio mingarriak sufritu behar izan, Jehobaren nahia egiten jarraitu zuen. Era berean, akats bat egitean zuzenketa jaso edo pribilegioren bat galtzen badugu ere, ez dugu amorerik eman behar. Gogoan izan Jehoba barkatzeko prest dagoela (Sal 103:8-10). Akatsak egin arren, Jehobak gu erabiltzen jarraitu dezake, Samsonekin egin zuen bezala.
17, 18. Zergatik da animagarria guretzat Michaelen eredua? (Ikusi irudia ere)
17 Azter dezagun Michael izeneko anaia gazte baten eredua. Jehobaren zerbitzuan lanpetuta zegoen, kongregazioko laguntzaile eta aitzindari erregular bezala zerbitzatuz. Baina, zoritxarrez, akats bat egin zuen eta kongregazioko pribilegioak galdu zituen. Berak dio: «Ordura arte buru-belarri nenbilen Jehobaren zerbitzuan. Baina, bat-batean dena bertan behera erori zela sentitu nuen. Banekien Jehobak ez ninduela inoiz abandonatuko. Baina, berarekin nuen harremana berriz berbera izatera iritsiko ote zen galdetzen nion neure buruari, eta kongregazioan berriro lehen bezainbeste zerbitzatu ahal izango ote nuen ere pentsatzen nuen».
18 Goraipatzekoa da Michaelek ez zuela amorerik eman. Berak dio: «Gogor saiatu nintzen Jehobarekin nuen harremana konpontzen. Horretarako, erregularki bihotz-bihotzez otoitz egin, Biblia aztertu eta hausnartzen nuen». Denborarekin, Michaelek kongregazioan zituen pribilegioak errekuperatu zituen. Orain, adindun eta aitzindari erregularra da. Honakoa dio berak: «Jasotako laguntza eta animoak, bereziki adindunenak, Jehobak oraindik maite nauela konturatzen lagundu zidan. Kontzientzia garbiarekin zerbitzatu dezaket berriro kongregazioan. Jehobak bihotzez damutu den edonori barkatuko diola irakatsi zidan bizitakoak». Eta gu ere honetaz egon gaitezke ziur: Akatsak egin baditugu ere, gure bidea zuzentzeko eta Jainkoarengan konfiantza izaten jarraitzeko ahal dugun guztia egiten badugu, Jehobak gu erabili eta bedeinkatuko gaitu (Sal 86:5; Es 28:13).
19. Nola sendotzen gaitu Samsonen ereduak?
19 Artikulu honetan, Samsoni gertatutako gauza harrigarri batzuk errepasatu ditugu. Bera ez zen perfektua izan, baina ez zuen amorerik eman. Dalilarekin egindako akatsaren ostean ere, Jehoba zerbitzatzen jarraitu zuen. Ondorioz, Jehobak bera modu paregabean erabiltzen jarraitu zuen. Gainera, Jehobak Hebrearrei 11. kapituluko fede handiko gizonen artean aipatu zuen. Jehobak gu indartu nahi gaitu, bereziki, ahul gaudenean. Zein animagarria den horrelako Jainko maitekor bat zerbitzatzen dugula jakitea! Beraz, Samsonek bezala, eska diezaiogun Jehobari honakoa: «Oroit zaitez nitaz eta egin nazazu indartsu» (Ep 16:28).
sjj 3. KANTA Gure indar, itxaropen eta konfiantza
a Askorentzat, Samson izena oso ezaguna da, baita Bibliari buruz gutxi dakitenentzat ere. Bere bizitza antzerki, abesti eta pelikuletan agertu da. Pertsona askok bere bizitza kondaira huts bat besterik ez dela uste dute. Baina, asko ikasi dezakegu fede handiko gizon honengandik.