Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

48. IKASKETARAKO ARTIKULUA

«Izan santu»

«Izan santu»

«Izan zuek ere santu zeuen biziera guztian» (1 P 1:15).

sn 29. KANTA Prestu joka dezagun

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zer aholku eman zien Pedro apostoluak kristauei eta zergatik dirudi obeditzeko ezinezkoa?

 GURE esperantza zeruan edo lurrean bizitzea den axola gabe, asko ikasi dezakegu Pedro apostoluak lehen mendeko kristau gantzutuei emandako aholkutik. Idatzi zuen: «Dei egin dizuen Jainkoa santu den bezala, izan zuek ere santu zeuen biziera guztian. Izan ere, Liburu Santuak dio: Izan santu, ni santua naiz eta» (1 P 1:15, 16). Hitz hauetatik, santutasunaren eredu gorena, Jehoba, imitatu dezakegula ikasten dugu. Gure biziera guztian santuak izan gaitezke eta izan behar dugu. Baina inperfektuak garenez, ezinezkoa dirudi. Pedrok hainbat akats egin zituen; hala ere, bere ereduak santu izan gaitezkeela erakusten du.

2. Zer galdera erantzungo ditugu artikulu honetan?

2 Artikulu honetan, honako galderak erantzungo ditugu: Zer esan nahi du santua izatea? Zer irakasten du Bibliak Jehobaren santutasunari buruz? Nola izan gaitezke gure biziera guztian santuak? Eta zer lotura dago santutasuna eta Jehobarekin dugun harremanaren artean?

ZER ESAN NAHI DU SANTU IZATEA?

3. Norbait santua dela esaten denean, zertan pentsatzen du jende askok, baina nola jakin dezakegu benetan zer esan nahi duen?

3 Artelanek, normalean, «Santuak» izenekoak pertsonaia serio eta tristeak bezala irudikatzen dituzte. Baina poztasuna kentzen al du santu izateak? Hori ezin da horrela izan, santua den Jehoba «Jainko zoriontsua» baita (1 Tm 1:11). Bera adoratzen duen herriari «zorionekoa» deitzen zaio (Sal 144:15). Gainera, Jesusek jantzi bereziak eramaten zituztenak kondenatu zituen, baita gauza onak jendeak ikusteko asmoarekin egiten zituztenak ere (Mt 6:1; Mk 12:38). Benetako kristauok santu izateak zer esan nahi duen Bibliatik ikasi dugunari esker dakigu. Argi dugu Jainkoak maite gaituela eta ez digula eskatuko bete ezin dezakegun zerbait. Beraz, Jehobak «izan santu» eskatzen digunean, ziur gaude hori betetzea posible dela. Noski, gure biziera guztian santu izan aurretik, horrek zer esan nahi duen ulertu behar dugu.

4. Zer esan nahi dute «santu» eta «santutasun» hitzek?

4 Zer esan nahi du, orduan, santu izatea? Biblian «santu» eta «santutasun» hitzek moralki eta erlijio aldetik garbi edo sakratu izatea esan nahi dute. Jainkoa zerbitzatzeko bereiztuta egotearen ideia ere izan dezakete barne. Beste hitz batzuetan, santu izango gara baldintza hauek betetzen baditugu: moralki garbiak izatea, Jehoba berak nahi duen moduan adoratzea eta berarekin adiskidetasun estua edukitzea. Gu inperfektuak gara eta Jehoba guztiz santua da. Horregatik, berak gure lagun mina izan nahi duela jakite hutsak hunkitu egiten gaitu.

JEHOBA «SANTU, SANTU, SANTUA» DA

5. Zer ikasi dezakegu Jehobari buruz bere aingeru leialengandik?

5 Jehoba zentzu guztietan da garbia. Bere tronutik gertu dauden aingeruek, serafinek, esaten dutenagatik dakigu hau. Hauetako batzuek esan zuten: «Santu, santu, santua, Jaun ahalguztiduna!» (Is 6:3). Noski, santua den Jainkoarekin harreman estua izateko, aingeru hauek santuak izan behar dute, eta hala dira. Hain zuzen ere, Jehobaren aingeru baten presentzia hutsak lurreko leku bat santu bihurtu dezake. Horixe gertatu zen Moisesek sutan zegoen sasia ikusi zuenean (Ir 3:2-5; Jos 5:15).

«Santutasuna Jehobarena da» adierazpena, apaiz nagusiak turbantean zeraman urrezko plakan agertzen zen (Ikusi 6 eta 7 paragrafoak).

6, 7. a) Irteera 15:1, 11 ⁠ren arabera, nola azpimarratu zuen Moisesek Jainkoaren santutasuna? b) Zerk gogorarazten zien israeldarrei Jainkoa santua dela? (Ikusi azaleko irudia)

6 Moisesek israeldarrak Itsaso Gorrian zehar gidatu ondoren, beraien Jainkoa, Jehoba, santua zela azpimarratu zien (Irakurri Irteera 15:1, 11). Jainko faltsuak adoratzen zituzten egiptoarrak ez ziren batere santuak. Berdin-berdin gertatzen zen Kanaango jainkoen adoratzaileekin. Azken hauek, haurren sakrifizioak eta praktika sexual nazkagarriak egiten zituzten (Lb 18:3, 4, 21-24; Dt 18:9, 10). Jehobak, aldiz, ez zien bere adoratzaileei moralgabea zen zerbait egiterik eskatuko. Bera guztiz santua da. Hau argi eta garbi ikusten zen apaiz nagusiak turbantean zeraman urrezko plakan. Bertan honakoa zegoen idatzita: «Santutasuna Jehobarena da» (Ir 28:36-38NWT).

7 Plaka horretako mezuak Jehoba benetan santua dela gogorarazten zion ikusten zuen edozeini. Baina, seguruenik, apaiz nagusiarengandik hurbil ez zeudenez, israeldar askok ezin zuten plaka ikusi. Jakingo al zuten Jehoba santua dela? Bai, noski! Legea gizon, emakume eta haurrei irakurtzen zitzaienean, israeldar guztiek mezu hori entzun ahal izango zuten (Dt 31:9-12). Han egon izan bazina, honakoa entzungo zenuke: «Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa […] Izan zaitezte santu, ni santua naiz eta». «Izan zaitezte niretzat sagaratuak, ni, Jauna, santua bainaiz» (Lb 11:44, 45; 20:7, 26).

8. Zer ikasten dugu Lebitarrena 19:2 eta 1 Pedro 1:14-16⁠ko hitzetatik?

8 Ikus ditzagun israeldar guztiei irakurri behar zitzaizkien hitz batzuk. Lebitarrena 19:2⁠an, Jehobak Moisesi esan zion: «Esan israeldarren elkarte osoari: Izan santu, ni, Jauna, zuen Jainkoa, santua naiz eta». Pedrok bertset hori izango zuen gogoan kristauei «izan zuek ere santu» esan zienean (Irakurri 1 Pedro 1:14-16). Noski, gaur egun ez gaude Moisesen Legepean. Hala ere, Pedrok idatzi zuenak Lebitarrena 19:2⁠an ikasten duguna baieztatzen du, hau da, Jehoba santua dela eta bera maite dutenak santuak izaten saiatu behar direla. Hau horrela da zeruan edo lurreko paradisuan bizitzeko itxaropena dugun inporta gabe (1 P 1:4; 2 P 3:13).

«IZAN ZUEK ERE SANTU ZEUEN BIZIERA GUZTIAN»

9. Zertan lagunduko digu Lebitarrena 19. kapitulua aztertzeak?

9 Gure Jainko santuaren atsegineko izan nahi dugunez, santuak izaten ikasteko irrikan gaude. Horretarako, Jehobak aholku praktikoak ematen dizkigu. Horietako batzuk Lebitarrena 19. kapituluan ditugu. Marcus Kalisch izeneko hebrear adituak idatzi zuen: «Kapitulu hau, seguruenik, Lebitarrena liburuko eta Pentateuko osoko kapitulurik inportanteena da». Gogoan izan Lebitarrena 19. kapituluak hasiera-hasieratik «izan santu» ideia azpimarratzen duela. Azter ditzagun kapitulu honetako beste bertset batzuk. Horrela, gure eguneroko bizitzan santu nola izan gaitezkeen ikusiko dugu.

Zertara bultzatu behar ditu kristauak Lebitarrena 19:3⁠ko gurasoei buruzko legeak? (Ikusi 10-12 paragrafoak) c

10, 11. Zer esaten digu Lebitarrena 19:3⁠ak egin behar dugula eta zergatik da inportantea?

10 Israeldarrak santu izan behar zirela adierazi ondoren, Jehobak gogorarazi zien: «Izan begirune gurasoei ... Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa» (Lb 19:2, 3).

11 Argi dago, gurasoak ohoratzeko Jainkoaren agindua serio hartu behar dugu. Gogoratu dezagun Jesusi gizon batek galdetutakoa: «Zer onik egin behar dut, betiko bizia eskuratzeko?». Jesusen erantzuna, besteak beste, aita-amak ohoratu behar zituela izan zen (Mt 19:16-19). Jesus fariseuak eta lege-maisuak salatzera iritsi zen, izan ere, beraien gurasoak ez zaintzeko ahal zuten guztia egiten zuten. Hori eginez, «Jainkoaren hitza baliogabe uzten» zuten (Mt 15:3-6). Jainkoaren Hitzaren barne, Hamar aginduetako bosgarrena eta Lebitarrena 19:3⁠a zeuden (Ir 20:12). Berriro ere, kontuan izan Lebitarrena 19:3⁠ko aholkua, hau da, gurasoei begirune izateko aholkua, «izan santu, ni, Jauna, zuen Jainkoa, santua naiz eta» aginduaren ondoren datorrela.

12. Nola obeditu dezakegu Lebitarrena 19:3⁠ko agindua?

12 Jehobaren agindua kontuan izanez, honakoa galdetu ahal diogu geure buruari: «Ohoratzen al ditut nire gurasoak?». Iraganean gehiago egin behar zenuela konturatzen bazara, hobetzeko zerbait egin dezakezu. Egindakoa ezin duzu aldatu, baina zergatik ez duzu hemendik aurrera beraiekin denbora gehiago pasatzen? Edo laguntza material, espiritual edo emozional gehiago eskaintzen? Hori egin ezkero, Lebitarrena 19:3⁠ko agindua obeditzen ariko zara.

13. a) Zer beste aholku aurkitzen dugu Lebitarrena 19:3⁠an? b) Lukas 4:16-18 kontuan izanda, nola imitatu dezakegu gaur egun Jesus?

13 Lebitarrena 19:3⁠ak beste zerbait irakasten digu santu izateari buruz. Larunbata edo atseden eguna errespetatzeko agintzen du. Kristauok ez gaudenez Legepean, ez dugu agindu hori jarraitu beharrik. Hala ere, asko ikasten dugu israeldarrek larunbatetan zer egiten zuten eta honek nola laguntzen zien aztertzean. Larunbata lanetik atseden hartzeko eta gauza espiritualei arreta emateko eguna zen. b Horregatik, larunbatetan Jesus bere herriko sinagogara joaten zen eta Jainkoaren Hitzetik irakurtzen zuen (Ir 31:12-15; Irakurri Lukas 4:16-18). Lebitarrena 19:3⁠ko atseden-eguna errespetatzeari buruzko Jainkoaren aginduak, gure eguneroko bizitzan Jainkoa adoratzeko denbora hartzera motibatzen gaitu. Agindu hau obeditzeko zerbait gehiago egin dezakezula sentitzen al duzu? Gauza espiritualentzako denbora hartzeko ohitura izan ezkero, Jehobarekin harreman estu-estu eta goxoa izango duzu. Hau ezinbestekoa da santu izateko.

ESTUTU JEHOBAREKIN DUZUN HARREMANA

14. Zer azpimarratzen da Lebitarrena 19. kapituluan behin eta berriz?

14 Lebitarrena 19. kapituluak, behin eta berriz, santu mantentzen laguntzen gaituen zerbait aipatzen du. 4. bertsetak honako hitzekin bukatzen du: «Neu naiz Jauna [“Jehoba”, NWT], zuen Jainkoa». Ideia hau 16 aldiz errepikatzen da kapituluan zehar. Honek Hamar aginduetako lehena gogorarazten digu: «Neu nauzu Jauna, zeure Jainkoa […] Ez izan ni beste jainkorik» (Ir 20:2, 3). Santu izan nahi duen edonork, Jainkoarekin duen harremana ezer edo inor baino inportanteagoa dela ziurtatu behar du. Eta Jehobaren lekukoak izena daramagunez, bere izen santua zikindu edo profanatu dezakeen edozer gauza saihestu nahi dugu (Lb 19:12; Is 57:15).

15. Sakrifizioei buruzko Lebitarrena 19. kapituluko bertsetek, zer egitera bultzatu behar gintuzkete?

15 Israeldarrak Jainkoaren legeak betetzean, Jehoba beraien Jainkoa zela onartzen ari ziren. Lebitarrena 18:4⁠ak dio: «Bete nire erabakiak eta gorde nire legeak zeuen bizimoduan. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa». 19. kapituluan israeldarrei emandako lege batzuk aurkitzen ditugu. Adibidez, 5-821 eta 22 bertsetak animalien sakrifizioei buruz ari dira. Hauek egiteko moduak ez luke Jehobari «sagaratua [zegoena] profanatu» behar. Bertset hauek irakurtzeak, Jehoba poztu nahi izatera eta gorespen sakrifizio onargarriak eskaintzera bultzatu behar gintuzke. Horixe da Hebrearrei 13:15⁠ak egiteko eskatzen diguna.

16.⁠ Lebitarrena 19. kapituluko zer printzipiok laguntzen digu Jainkoa zerbitzatzen dutenen eta ez dutenen arteko desberdintasuna ikusten?

16 Santu izateko, desberdinak izateko prest egon behar dugu. Hori erronka handia izan daiteke. Batzuetan eskolakide, lankide, senide eta beste batzuek Jainkoa adoratzeko oztopoak jartzen dizkigute. Hori egiten dutenean, zerbait egin behar dugu. Zerk lagunduko digu erabaki egokia hartzen? Lebitarrena 19:19⁠an printzipio interesgarri bat aurkitu dezakegu. Hor dio: «Ez jantzi bi mota ezberdinetako ehunez eginiko arroparik». Lege honek israeldarrak inguruko nazioetatik bereizten zituen. Gaur egun ez dugu eragozpenik material desberdinez egindako arropa janzteko, adibidez, kotoia eta poliesterraz egindakoak. Baina ez dugu nahi Bibliaren araberako sinesmen eta praktikak jarraitzen ez dituen jendea bezalakoak izan, nahiz eta hauek eskolakideak, lankideak edo senideak izan. Noski, gure senideak maite ditugu, eta bizilagunei maitasuna erakusten diegu. Baina bizitzan hartzen ditugun erabakiek Jehoba obeditzen dugula erakutsiko dute eta, inguruan dugun jendearekin konparatuz, oso desberdinak egingo gaituzte. Izan ere, gogoan hartu Jainkoarentzat bereizturik egotea ezinbestekoa dela santu izan nahi badugu (2 Ko 6:14-16; 1 P 4:3, 4).

Zer ikasi behar zuten israeldarrek Lebitarrena 19:23-25⁠ko pasartetik eta zer ikasten duzu zuk bertset horietatik? (Ikusi 17 eta 18 paragrafoak) d

17, 18. Zer ikasten dugu Lebitarrena 19:23-25⁠ko pasartetik?

17 «Ni naiz Jehoba, zeuen Jainkoa» esaldiak Jehobarekin zuten harremanari lehentasuna eman behar ziotela gogorarazten zien israeldarrei. Nola? Lebitarrena 19:23-25 bertsetek modu bat erakusten digute (Irakurri). Pentsa dezagun zer suposatuko zuen honek israeldarrentzat promestutako lurraldean sartzean. Norbaitek arbola bat landatzen bazuen, hiru urtez ezin zuen honek emandako fruitua jan. Laugarren urteko fruitua Jainkoaren santutegira eramaten zen. Arbolaren jabeak bosgarren urtetik aurrera hasi zezakeen bertatik jaten. Lege honen bidez, israeldarrak beraien beharrak lehen tokian ez zituztela jarri behar ulertu behar zuten. Ezinbestekoa zen Jehobak beraiek zainduko zituen konfiantza izatea. Lehentasuna Jainkoaren adorazioari eman behar zioten eta Berak jateko behar zutena emango zien. Gainera, Jehobak bere santutegian, hau da, bere adorazioaren gunean, opari eskuzabalak egitera animatzen zituen.

18 Lebitarrena 19:23-25⁠ko legeak Jesusek Mendiko Hitzaldian esan zituen hitzak gogorarazten dizkigu: «Ez kezkatu bizitzeko zer jan edo edango, […] zeruko zuen Aitak badaki horren guztiaren beharra duzuena». Txoriekin egiten duen bezala, Jainkoak behar duguna emango digu (Mt 6:25, 26, 32). Jehobak zaintzen gaituen konfiantza dugu. Eta, turuta jotzen ibili gabe, beharra dutenei laguntzen diegu. Kongregazioko gastuak ordaintzen laguntzeko ere pozik ematen ditugu dohaintzak. Jehobak gure eskuzabaltasuna ikusten du eta sarituko gaitu (Mt 6:2-4). Horrela, Lebitarrena 19:23-25⁠ko ikasgaiak ulertzen ditugula erakutsiko dugu.

19. Zertan lagundu zaitu Lebitarrena liburuko zati hau aztertzeak?

19 Lebitarrena 19. kapituluko pasarte gutxi batzuk aztertu ditugu. Bertan gure Jainko santua bezalakoak nola izan gaitezkeen ikusi dugu. Bera imitatzen dugunean, gure biziera guztian santu izaten saiatzen ari garela erakusten dugu (1 P 1:15). Jehoba zerbitzatzen ez duten askok Jainkoaren zerbitzarien egintza onak ikusi dituzte. Horregatik, batzuek Jehoba goretsi dute (1 P 2:12). Baina askoz gehiago ikasi dezakegu Lebitarrena 19. kapitulutik. Hurrengo artikuluak, kapitulu horretako bertset gehiago aztertuko ditu. Horrela, Pedrok esan zuen bezala, gure bizitzako beste arlo batzuetan santu nola izan gaitezkeen ikusiko dugu.

sjj 80. KANTA Dastatu eta ikustazu zein ona den Jainkoa

a Jehoba asko maite dugunez, poztu egin nahi dugu. Gainera, santua da eta bere adoratzaileak santuak izatea espero du. Posible izango ote da hau gizaki inperfektuontzat? Bai. Pedro apostoluak kristauei esandakoa eta Jehobak Israelgo nazioari agindutakoa aztertuz, gure biziera guztian santuak nola izan gaitezkeen ikasiko dugu.

b Larunbatari buruz gehiago jakiteko eta zer ikasi dezakegun ikusteko, jo aldizkari honen 2019⁠ko abenduko alearen «“Hay un tiempo determinado” para trabajar y para descansar» («“ Il y a un temps fixé “ pour travailler et pour se reposer») artikulura.

c IRUDIEN AZALPENAK: Seme batek bere gurasoekin denbora pasatzen du eta, bere emazte eta haurrarekin batera bisitatzen ditu. Gainera, beraiekin sarritan hitz egiten du.

d IRUDIEN AZALPENAK: Nekazari israeldar bat berak landatutako arbolaren fruitu batzuk begiratzen ari da.