Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

23. IKASKETARAKO ARTIKULUA

2. KANTA Jehoba da zure izena

Zer esan nahi du Jehobaren izenak guretzat?

Zer esan nahi du Jehobaren izenak guretzat?

«Honela diot nik, Jaun honek [“Jehobak”, NWT]: Zuek zarete nire lekuko» (IS. 43:10).

IDEIA NAGUSIA

Zer egin dezakegu Jehobaren izena santifikatu eta aldarrikatzeko?

1, 2. Nola dakigu Jesusentzat Jehobaren izena garrantzitsua dela?

 JESUSENTZAT ez zegoen Jehobaren izena baino garrantzitsuagoa zen ezer. Inork ez du Jesusek baino gehiago egin Jehobaren izena ezagutzera emateko. Aurreko artikuluan aztertu genuen bezala, Jesus Jehobaren izenaren eta horrek irudikatzen duen guztiaren alde hiltzeko prest egon zen (Mar. 14:36; Heb. 10:7-9). Eta Mila Urteko Erregetzaren ondoren, Jesus prest egongo da autoritate guztia bere Aitari itzultzeko, Jehobak ohore guztia izan dezan nahi baitu (1 Ko. 15:26-28). Jesusek Jainkoaren izenari dion maitasunak bere Aitarekin duen harremanari buruz ere asko erakusten digu. Bere Aitaren alde egindako guztiak argi uzten du Jehoba asko maite duela.

2 Jesus bere Aitaren izenean hitz egitera etorri zen lurrera (Joan 5:43; 12:13). Bere jarraitzaileei bere Aitaren izena ezagutzera eman zien (Joan 17:6, 26). Gainera, Jehobaren izenean irakatsi zuen eta mirariak egin zituen (Joan 10:25). Izan ere, Jehobari bere dizipuluak zaintzeko eskatu zionean, «[Bere] izenagatik» egiteko eskatu zion (Joan 17:11). Beraz, argi dago Jesusentzat ez zegoela Jainkoaren izena baino inportanteagoa zen ezer. Orduan, nola esan dezake norbaitek Jesusen benetako jarraitzailea dela eta, aldi berean, bere Aitaren izena ez ezagutu edo ez erabili?

3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

3 Egiazko kristauok Jesus imitatzen saiatzen gara. Nola? Bere Aitaren izena maitatuz eta errespetatuz (1 Ped. 2:21). Artikulu honetan, Jehobak «Erreinuaren berri onak» predikatzen dutenei bere izena zergatik eman dien aztertuko dugu (Mat. 24:14). Gainera, Jehobaren izena gutako bakoitzarentzat zer esan nahi beharko lukeen aztertuko dugu.

«BERE IZENA ERAMATEKO HERRI BAT»

4. a) Zer esan zien Jesusek bere dizipuluei zerura itzuli aurretik? b) Zer galdera aztertuko dugu?

4 Zerura itzuli aurretik, Jesusek honakoa esan zien bere dizipuluei: «Espiritu santua zuen gain etortzen denean, indarra jasoko duzue, eta nire lekuko izango zarete Jerusalemen, Judea eta Samaria osoan, eta lurraren azken txokoraino» (Eg. 1:8). Beraz, bere dizipuluek berri onak toki guztietan predikatu zituzten, ez bakarrik Israelen. Eta, denborarekin, nazio guztietako pertsonek Jesusen jarraitzaileak izateko aukera izango zuten (Mat. 28:19, 20). Baina Jesusek esan zuen: «Nire lekuko izango zarete». Zer esan nahi zuen horrek? Dizipulu berri horiek Jehobaren izena ezagutu beharko zutela ala Jesusen lekuko izango zirela bakarrik? Eginak 15. kapituluko gertakariek galdera hori erantzuten lagunduko digute.

5. Zer esan zuten apostoluek eta Jerusalemeko adindunek pertsona guztiek Jehobaren izena ezagutu behar zutela erakusteko? (Ikusi irudia ere)

5 Kristo ondorengo 49. urtean, apostoluak eta Jerusalemeko adindunak hurrengo erabakia hartzeko bildu ziren: juduak ez zirenek kristau izatera iristeko zirkunzidatu behar zuten ala ez. Bilera horren amaieran, Santiagok, Jesusen anaierdiak, honakoa esan zuen: «[Pedrok] zehatz-mehatz kontatu digu nola Jainkoak, lehen aldiz nazioetan arreta jarriz, bere izena eramateko herri bat aukeratu zuen». Noren izenaz ari zen Santiago? Amos profetak idatzitako hitzak aipatuz, hurrengoa gehitu zuen: «Geratzen diren gizonek Jehoba arreta handiz bilatu dezaten, eta beraiekin batera nire izena eramateko deitua den nazio guztietako jendea. Horrela dio Jehobak» (Eg. 15:14-18). Dizipulu berri horiek Jehobari buruz ikasteaz gain, «bere izena eramateko» deituak izango ziren. Zer esan nahi zuen horrek? Besteei Jainkoaren izena ezagutzera emango zietela eta izen horrengatik ezagunak izango zirela.

Lehen mendeko zuzendari batzordearen bilera batean, gizon leial horiek argi ulertu zuten kristauek Jehobaren izena eramateko herri bat izan behar zutela (Ikusi 5. paragrafoa)


6, 7. a) Zer egitera etorri zen Jesus lurrera? b) Garrantzitsuagoa zen zer beste arrazoi zuen Jesusek lurrera etortzeko?

6 Jesusen izenak «Jehoba Salbamena da» esan nahi du. Eta hala da. Izan ere, Jehobak Jesus erabili zuen fedea zutenak salbatzeko. Jesus gizakion alde bere burua eskaintzeko etorri zen lurrera (Mat. 20:28). Erreskatea ordaintzean, gizakiei salbatuak izateko eta betirako bizitzeko aukera eman zitzaien (Joan 3:16).

7 Baina zergatik behar zuten gizakiek erreskatea? Edengo lorategian gertatu zenarengatik. Aurreko artikuluan aipatu genuen bezala, Adam eta Eba Jehobaren aurka errebelatu ziren, betirako bizitzeko aukera galduz (Has. 3:6, 24). Hala ere, Jesus lurrera etortzearen arrazoi bakarra ez zen gizakiak salbatzea izan. Ez dugu ahaztu behar Jehobaren izena zikindua izan zela (Has. 3:4, 5). Beraz, Adam eta Ebaren ondorengoen salbamena gai garrantzitsuago batekin lotuta zegoen: Jehobaren izenaren santifikazioarekin. Eta Jesus zen hori lortzeko pertsonarik egokiena. Zergatik? Alde batetik, Jehoba ordezkatu zuelako eta, bestetik, bere Aitak eskatutako guzti-guztia bete zuelako.

Nola esan dezake norbaitek Jesusen benetako jarraitzailea dela eta, aldi berean, bere Aitaren izena ez ezagutu edo ez erabili?

8. Zer onartu beharko zuten Jesusen jarraitzaile guztiek?

8 Jesusengan fedea izango zuten guztiek —bai juduek, bai jentilek— euren salbamenaren Iturria Jesusen Aita, Jehoba, zela onartu beharko zuten (Joan 17:3). Horretaz gain, Jesusen antzera, Jehobaren izena eramateagatik ezagunak izango ziren. Bestalde, izen hori santifikatzea zein garrantzitsua zen onartu beharko zuten. Izan ere, euren salbamena horren esku zegoen (Eg. 2:21, 22). Beraz, Jesusen jarraitzaile leial guztiek bai Jehoba, bai Jesus ezagutu beharko zituzten. Horregatik ez gaitu harritzen Joan 17​an azaltzen den Jesusen otoitza hurrengo hitzekin amaitzea: «Nik zure izena ezagutzera eman diet eta ezagutzera ematen jarraituko dut, zuk erakutsi didazun maitasuna beraiengan egon dadin eta ni beraiekin bat eginda egon nadin» (Joan 17:26).

«ZUEK ZARETE NIRE LEKUKO»

9. Nola erakutsi dezakegu Jehobaren izena guretzat garrantzitsua dela?

9 Jesusen benetako jarraitzaile guztiek Jehobaren izena santifikatu behar dute (Mat. 6:9, 10). Jehobaren izena guretzat dagoen izenik garrantzitsuena izan behar da eta, gure ekintzen bidez, hori hala dela erakutsi behar dugu. Baina zer egin dezakegu Jehobaren izena santifikatzeko eta Satanasek Jehobari buruz esandakoa gezurra dela frogatzeko?

10. Zer deskribatzen da Isaias 42-44 kapituluetan? (Isaias 43:9; 44:7-9) (Ikusi irudia ere)

10 Isaias 42-44 kapituluetan, Jehobaren izena santifikatzeko zer egin dezakegun aipatzen da. Kapitulu horietan, jainkotasuna epaitzen ari den auzi sinboliko bat deskribatzen da. Jehobak jainkoak direla esaten dutenei benetan existitzen direla frogatzeko eskatzen die. Gainera, jainko horiek egia esaten dutela frogatzeko, lekukoak deitzen ditu. Baina inork ezin du hori frogatu! (Irakurri Isaias 43:9; 44:7-9).

Auzi sinboliko batean egongo bagina bezala, esan eta egiten dugunarekin Jehoba Jainko bakarra dela frogatzen dugu (Ikusi 10 eta 11 paragrafoak)


11. Zer esaten dio Jehobak bere herriari Isaias 43:10-12 aipuan?

11 Irakurri Isaias 43:10-12. Jehobak honakoa esaten dio bere herriari: «Zuek nire lekuko eta ni zuen Jainko». Horretaz gain, hurrengo galdera erantzuteko eskatzen die: «Ba ote da ni beste jainkorik?» (Is. 44:8). Beraz, guk galdera hori erantzuteko ohorea dugu. Gure hitz eta ekintzen bidez, Jehoba egiazko Jainko bakarra den testigantza ematen dugu. Izen hori beste izen guztien gainetik dago. Satanasek gure bizitza zenbat zailtzen duen axola gabe, gure bizimoduarekin Jehoba bihotzez maite dugula eta berari leialak garela frogatzen dugu. Hau bai aukera bikaina: Jehobaren izena santifikatzen lagundu dezakegu!

12. Nola bete zen Isaias 40:3, 5 (NWT) aipuan azaltzen den profezia?

12 Isaiasek norbaitek «Jehobaren bidea garbitu [edo “prestatu”, oh.]» egingo zuela aurresan zuen (Is. 40:3, NWT). Nola bete ziren hitz horiek? Joan Bataiatzaileak Jesusentzat bidea prestatu zuen, Jesus Jehobaren izenean etorri baitzen eta Jehobaren izenean hitz egin baitzuen (Mat. 3:3; Mar. 1:2-4; Luk. 3:3-6). Profezia horrek honakoa ere dio: «Jehobaren aintza ezagutzera emango da» (Is. 40:5, NWT). Hitz horiek Jesusengan bete ziren. Izan ere, lurrera etorri zenean, Jehoba modu perfektuan ordezkatu zuen. Horrela, lurrera etorri zena Jehoba izan balitz bezala izan zen (Joan 12:45).

13. Nola imitatu dezakegu Jesus?

13 Jehobaren izenaren, edo erreputazioaren, alde jartzen garenean, Jesus imitatzen ari gara. Jesus bezala, gu ere Jehobaren lekukoak gara. Jehobaren izena eramaten dugu eta besteei bere ekintza zoragarriei buruz hitz egiten diegu. Baina Jehobaren lekuko on bat izateko Jesusek izen hori santifikatzeko egin zuen guztiari buruz ere hitz egin behar diegu besteei (Eg. 1:8). Izan ere, Jesus Jehobaren lekukorik onena da, eta guk bere eredua jarraitzen dugu (Ap. 1:5). Baina zer esan nahi beharko luke Jehobaren izenak gutako bakoitzarentzat?

ZER ESAN NAHI DU JEHOBAREN IZENAK GURETZAT?

14. 105. Salmoa 3 (Ke) aipuaren arabera, zer sentitzen dugu Jehobaren izenari buruz?

14 Jehobaren izenaz harro gaude (Irakurri 105. Salmoa 3, Ke a). Jehoba oso pozik jartzen da bere izenaz harro gaudela ikusten duenean (Jer. 9:23, 24, NWT; 1 Ko. 1:31; 2 Ko. 10:17). Guretzat ohore handia da besteei Jehoba santua dela eta egiten duen guztia zuzena dela esatea. Beraz, ez gara inoiz gure lankide, eskolakide, bizilagun eta besteen aurrean Jehobaren lekuko izateaz lotsatu behar. Deabruak Jehobaren izenari buruz hitz egiteari utzi dezagun nahi du (Jer. 11:21; Ap. 12:17). Izan ere, Satanasek eta bere jarraitzaileek honakoa lortu nahi dute: jendeak Jehobaren izena ahaztea (Jer. 23:26, 27, NWT). Baina Jehobaren izenari diogun maitasunak «egun osoa[n]» pozik egoten laguntzen digu (Sal. 5:11; 89:16, NWT).

15. Zer esan nahi du Jehobaren izenari dei egiteak?

15 Jehobaren izenari dei egiten jarraitzen dugu (Joel 2:32, NWT; Erm. 10:13, 14). Zer esan nahi du horrek? Jehobaren izena ezagutzea eta erabiltzea baino gehiago da. Izen horren atzean dagoen Pertsona ezagutzea, berarengan konfiantza izatea, eta bere laguntza eta gida bilatzea da (Sal. 20:7; 99:6; 116:4, NWT; Sal. 145:18). Horretaz gain, besteei bere izenari eta bere ezaugarriei buruz hitz egiten diegu, damutzera eta euren bizimodua aldatzera animatuz. Era horretara, beraiek ere Jehobaren aprobazioaz gozatu dezakete (Is. 12:4, NWT; Eg. 2:21, 38).

16. Nola frogatu dezakegu Satanas gezurti bat dela?

16 Jehobaren izenaren alde sufritzeko prest gaude (St. 5:10, 11). Jehobari leialak izatean, nahiz eta horregatik sufritzera iritsi, Satanas gezurti bat dela frogatzen dugu. Joben garaian, Satanasek akusazio faltsuak bota zituen Jehoba zerbitzatzen zutenei buruz: «Daukan guztia ematen du gizakiak [...] bere bizia salbatzearren» (Job 2:4). Satanasek hurrengoa esan zuen: pertsonek gauzak ondo doazenean bakarrik zerbitzatuko zutela Jehoba; zailtasunak izatean, aldiz, Jehoba abandonatuko zutela. Baina Jobek akusazio hori faltsua zela frogatu zuen. Gaur egun, guk ere bizitzan zailtasunak izan ditzakegu, edo Satanas gu desanimatzen saiatu daiteke. Hala bada ere, ez diogu inoiz Jehoba zerbitzatzeari utziko. Erabat ziur egon gaitezke Jehobak, bere izenagatik, zainduko gaituela (Joan 17:11).

17. 1 Pedro 2:12​aren arabera, zein da Jehobaren izenari aintza emateko beste modu bat?

17 Jehobaren izenari errespetua erakusten diogu (Esa. 30:9; Jer. 7:8-11, NWT). Jehoba ordezkatzen eta bere izena eramaten dugunez, egiten dugunak edo ohoratu edo desohoratu dezake (Irakurri 1 Pedro 2:12). Horregatik, gure hitz eta ekintzen bidez, ahal dugun guztia egin nahi dugu Jehoba goresteko. Era horretara jokatzen badugu, nahiz eta inperfektuak izan, bere izenari aintza ematen ariko gara.

18. Zein da Jehobaren izena guretzat inportantea dela frogatzeko beste modu bat? (Ikusi oharra ere)

18 Jehobaren izena gure erreputazioaren gainetik jartzen dugu (Sal. 138:2, NWT). Zergatik da hori hain garrantzitsua? Jehobari atsegin zaizkion gauzak egiten ditugunean, askotan, jendea gutaz gaizki esaka hasi daitekeelako. b Jehobaren izena ohoratzeko helburuarekin, Jesus, kriminal baten antzera, heriotza umiliagarri bat izateko prest egon zen. Besteek berari buruz pentsatuko zutenak ez zuen gehiegi kezkatzen (Heb. 12:2-4). Bere arreta osoa Jainkoaren nahia egitean zegoen (Mat. 26:39).

19. Zer sentitzen duzu Jehobaren izenari buruz, eta zergatik?

19 Jehobaren izenaz harro gaude, eta Jehobaren lekuko izena eramatea ohore bat da guretzat. Horregatik, besteek gu gutxietsi arren, bera ohoratzen jarraituko dugu. Guretzat Jehobaren izena gure erreputazioaren gainetik dago. Beraz, Satanasek jartzen dizkigun trabak zeintzuk diren axola gabe, jarrai dezagun Jehobaren izena ohoratzeko determinazioa izaten. Horrela, Jesusen antzera, guretzat egon daitekeen gauzarik garrantzitsuena Jehobaren izena dela frogatuko dugu.

10. KANTA Goratu gure Jaungoikoa!

a 105. Salmoa 3, Ke: «Harrotu zaiteze Haren izen santuaz, poztu daitezala Jaunaren bila dabizanak».

b Job leiala izan arren, arreta galtzera iritsi zen hiru gizonek bere erreputazioa erasotu zutenean. Hasiera batean, bere seme-alabak eta ondasun guztiak galdu zituenean, «Jobek ez zuen bekaturik egin eta ez zion Jainkoari bidegabekeriarik egotzi» (Job 1:22; 2:10). Hala ere, zerbait gaizki egiteaz salatu zutenean, bere burua defendatzen hasi zen eta «neurrigabe» hitz egin zuen. Jainkoaren izena santifikatu beharrean, bere izen ona defendatzeari lehentasuna eman zion (Job 6:3; 13:4,5; 32:2; 34:5).