Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

42. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 103. KANTA Artzainak Jehobaren opariak dira

Erakutsi zure esker ona «opari bezala» izendatuak izan diren gizonengatik

Erakutsi zure esker ona «opari bezala» izendatuak izan diren gizonengatik

«Gorenera igo zenean, […] gizonak opari bezala eman zituen» (EFE. 4:8, NWT).

IDEIA NAGUSIA

Nola laguntzen digute kongregazioko laguntzaile, adindun eta eskualde arduradunek? Eta zer egin dezakegu egiten dutenarengatik eskertuta gaudela erakusteko?

1. Zer egin du Jesusek gure alde? Eman adibide batzuk.

 EZ DA inoiz egon Jesus bezain eskuzabala den gizakirik. Lurrean egon zenean, mirarien bidez jendea laguntzen zuen (Luk. 9:12-17). Gainera, bere bizia gure alde ematean, inoiz izan den oparirik hoberena eman du (Joan 15:13). Berpiztu ondoren ere, eskuzabala izaten jarraitu du. Adibidez, promestu bezala, Jehobari bere espiritu santua eskatu dio guri irakasteko eta kontsolamendua emateko (Joan 14:16, 17, oharra; 16:13). Eta kongregazioko bileren bidez, mundu osoan dizipuluak egiteko trebatzen gaitu (Mat. 28:18-20).

2. Zer «opari» aipatzen dira Efesoarrei 4:7, 8 (NWT) aipuan?

2 Aztertu ditzagun Jesusek eman dizkigun beste opari batzuk. Jesusek, zerura igo ondoren, «gizonak opari bezala eman zitue[la]» idatzi zuen Paulo apostoluak (Irakurri Efesoarrei 4:7, 8, NWT a). Zer helbururekin egin zuen hori Jesusek? Paulok azaldu bezala, kongregazioan hainbat modutan laguntzeko helburuarekin (Efe. 1:22, 23; 4:11-13). Gaur egun, «opari» hauek kongregazioko laguntzaileak, adindunak eta eskualde arduradunak dira, besteak beste. b Noski, gizon hauek inperfektuak direnez, akatsak egiten dituzte (St. 3:2). Baina Jesusek guri laguntzeko erabiltzen ditu. Guretzako opariak dira!

3. Nola lagundu ahal diegu Jesusek izendatutako «opari[ei]»? Jarri adibide bat.

3 Jesusek «opari» hauek kongregazioak indartzeko izendatu zituen (Efe. 4:12). Baina denok egin dezakegu zerbait lan garrantzitsu honetan laguntzeko. Bilera areto baten eraikuntzarekin konparatu dezakegu. Batzuek aretoa eraikitzen duten bitartean, besteek beste modutan laguntzen dute. Nola? Janaria eramanez edo beharrezko beste zerbait eginez. Era berean, gutako guztiok kongregazioko laguntzaileei, adindunei eta eskualde arduradunei lagundu ahal diegu esaten eta egiten dugunarekin. Nola laguntzen digu anaia horien lan gogorrak? Eta zer egin dezakegu bai Jesusi, bai berak izendatutako «opari[ei]» eskertuta gaudela erakusteko? Horixe da artikulu honetan aztertuko duguna.

LAGUNTZAILEAK «LAGUNTZEKO ZERBITZUA[N]» ARITZEN DIRA

4. Zer lan egiten zituzten lehen mendeko laguntzaileek besteei laguntzeko?

4 Lehen mendean, anaia batzuk kongregazioko laguntzaile izendatu zituzten (1 Tim. 3:8, oharra). Dirudienez, Paulok «laguntzeko zerbitzua[n]» ari zirenak aipatu zituenean, anaia horiei buruz hitz egiten ari zen (1 Ko. 12:28, NWT). Ematen duenez, laguntzaileek beharrezkoak ziren hainbat lan egiten zituzten. Adibidez, baliteke Idazkien kopiak egitea edo horiek kopiatzeko beharrezko materialak erostea. Horrela, adindunak irakaskuntzan eta sendotze lanetan zentratu ahal ziren.

5. Zer lan egiten dituzte gaur egungo laguntzaileek besteei laguntzeko?

5 Azter ditzagun zure kongregazioko laguntzaileek egiten dituzten lanetako batzuk (1 Ped. 4:10). Kongregazioko kontuak eraman eta eremuak antolatzen dituzte, berriemaileentzat argitalpenak eskatzen dituzte, audio-bideo ekipamenduaz arduratzen dira, aretozain bezala lan egiten dute eta bilera aretoko mantentze lanetan aritzen dira. Lan guzti hauek beharrezkoak dira kongregazioa ondo joan dadin (1 Ko. 14:40). Horretaz gain, laguntzaile batzuek Kristauon zerbitzu eta bizimodua bileran parte hartzeak dituzte eta hitzaldi publikoak ematen dituzte. Gainera, laguntzaile bat predikatze talde bateko arduradunari laguntzeko izendatua izan daiteke. Eta batzuetan, arduradun batek laguntzaile bati berarekin batera sendotze bisita bat egiteko eskatu ahal dio.

6. Zergatik estimatzen ditugu gogor lan egiten duten laguntzaileak?

6 Laguntzaileen lana beharrezkoa da kongregazioan. Zer diote besteek anaia horien lanaren inguruan? Beberly c izeneko Boliviako arreba batek honakoa dio: «Beraien lanari esker, abestu, komentatu, hitzaldiak entzun, eta bideo eta irudietatik asko ikasi dezaket. Gure segurtasunaz arduratzen dira eta bideodeiez konektatzen direnez adi daude. Gainera, bilera ondoren, garbiketan aurrea hartzen eta kontuekin laguntzen dute, eta beharrezkoak ditugun argitalpenak izateaz ziurtatzen dira. Zenbat eskertzen dudan beraien lana!». Bestalde, Lesliek, Kolonbiako adindun baten emazteak, honakoa dio: «Nire senarrak laguntzaileen laguntza behar du. Beraien laguntzarik gabe, nire senarra oraindik lanpetuago egongo litzateke. Anaia horiek gogo bizia erakusten dute eta laguntzeko prest daude. Zein eskertuta nagoen!». Ziur gu ere horrela sentitzen garela (1 Tim. 3:13, NWT).

7. Nola erakutsi ahal diegu gure esker ona laguntzaileei? (Ikusi irudia ere)

7 Laguntzaileek egiten duten lanarengatik eskertuta sentitu arren, Bibliak honakoa egiteko eskatzen digu: «Erakutsi zuen esker ona» (Kol. 3:15, NWT). Finlandiako Kristofer izeneko adindun batek modu honetan erakusten du bere esker ona: «Laguntzaileei ohartxo edo mezu elektronikoak bidaltzea gustatzen zait. Bertan, aipu bat, eta laguntzaileak esan edo egindako zerbaitek ni nola animatu nauen aipatzen dut». Bestalde, Kaledonia Berrian bizi diren Pascal eta Jaelek, laguntzaileen alde otoitz zehatzak egiten dituzte. Pascalek dio: «Azkenaldian otoitz asko egin ditugu laguntzaileen alde, Jehobari eskerrak emanez eta beraiek lagundu ditzan eskatuz». Jehobak otoitz horiek entzuten ditu, eta hori kongregazio guztiarentzat oso onuragarria da (2 Ko. 1:11).

ADINDUNEK GOGOR LAN EGITEN DUTE

8. Zergatik esan zuen Paulok lehen mendeko adindunek gogor lan egiten zutela? (1 Tesalonikarrei 5:12, 13)

8 Lehen mendeko adindunek gogor lan egiten zuten kongregazioaren alde (Irakurri 1 Tesalonikarrei 5:12, 13; 1 Tim. 5:17). Kongregazioan aurrea hartzen zuten, bilerak zuzenduz eta adindun talde bezala erabakiak hartuz. Gainera, anai-arrebak maitasunez aholkatzen zituzten, fedean sendo mantentzen lagunduz (1 Tes. 2:11, 12; 2 Tim. 4:2, NWT). Noski, horretaz gain, gizon horiek gogor lan egiten zuten beraien familiak mantentzeko eta euren burua espiritualki sendo egoteko (1 Tim. 3:2, 4, NWT; Tit. 1:6-9, NWT).

9. Zeintzuk dira gaur egun adindunek dituzten ardura batzuk?

9 Gaur egun ere, adindunak oso okupatuta daude. Alde batetik, ebanjelizatzaileak dira (2 Tim. 4:5, NWT). Eredu ona jartzen dute gogo onez predikatuz, eremuko predikazioa antolatzen dute, eta berriemaile eta irakasle trebeak izaten laguntzen digute. Bestetik, epaile errukitsu eta inpartzialak dira. Kristau batek akats larri bat egiten duenean, Jehobarekin zuen adiskidetasuna berreskuratzen laguntzen saiatzen dira. Aldi berean, adi daude kongregazioa garbi mantentzeko (1 Ko. 5:12, 13, NWT; Gal. 6:1, NWT). Baina gauza guztien gainetik, adindunak artzainak dira (1 Ped. 5:1-3). Biblian oinarritutako hitzaldiak prestatzen dituzte, kongregazioko anai-arreba guztiak ezagutzen saiatzen dira eta sendotze bisitak egiten dituzte. Horretaz gain, adindun batzuek bilera aretoen eraikuntzan eta mantentze lanetan, biltzarren antolakuntzan, eta Ospitale Harremanetarako Batzordeetan eta Gaixoak Bisitatzeko Taldeetan parte hartzen dute, besteak beste. Adindunek gogor lan egiten dute gure alde!

10. Zergatik estimatzen ditugu adindunak?

10 Jehobak artzainek gu ondo zainduko gintuztela eta, ondorioz, «inoiz ere beldur eta izu[rik]» izango ez genuela aurresan zuen (Jer. 23:4). Horixe bera da Finlandiako Johanna izeneko arreba batek sentitu zuena bere ama oso gaixo jarri zenean. Berak dio: «Asko kostatzen zait besteei nola sentitzen naizen azaltzea. Baina hain ondo ezagutzen ez nuen adindun batek pazientziaz entzun ninduen, nirekin otoitz egin zuen eta Jehobak maite nauela ziurtatu zidan. Ez dut gogoratzen zehazki zer esan zidan, baina bai seguru sentitu nintzela. Ziur nago Jehobak adindun hori niri laguntzera bidali zuela, justu une egokian». Eta zuri, nola lagundu dizute zure kongregazioko adindunek?

11. Nola erakutsi ahal diegu adindunei gure esker ona? (Ikusi irudia ere)

11 Jehobak guk honakoa egitea nahi du: adindunei «egiten dutenarengatik» gure esker ona bihotzez adieraztea (1 Tes. 5:12, 13). Henriettak, Finlandian bizi den arreba batek, dio: «Adindunek gogotsu laguntzen diete besteei. Baina horrek ez du esan nahi denbora edo indar gehiago dutenik, edo zailtasunik ez dituztenik. Batzuetan, horrelako zerbait esaten diet: “Oso adindun ona zara. Zuk hori jakitea nahi nuen, besterik ez”». Bestalde, Turkiako Sera izeneko arreba batek dio: «Adindunek “erregaia” behar dute lanean jarraitzeko. Beraz, ohartxo bat idatzi, jatera gonbidatu edo beraiekin predikatu dezakegu». Ba al dago bere ahaleginengatik bereziki estimatzen duzun adindunen bat? Hala bada, saiatu zure esker ona adierazteko moduak bilatzen (1 Ko. 16:18).

Adindunei lanean jarraitzeko behar duten «erregaia» eman ahal diezu (Ikusi 7, 11 eta 15 paragrafoak)


ESKUALDE ARDURADUNEK KONGREGAZIOAK SENDOTZEN DITUZTE

12. Zer beste gizon talde izendatu zuen Jesusek kongregazioak sendotzeko? (1 Tesalonikarrei 2:7, 8)

12 Jesusek beste gizon batzuk kongregazioan beste modu batean laguntzeko izendatu zituen. Bere gida jarraituz, Jerusalemeko adindunek Paulo, Bernabe eta beste batzuk arduradun ibiltari bezala bidali zituzten (Eg. 11:22). Zergatik? Laguntzaileak eta adindunak izendatuak izan ziren arrazoi berarengatik: kongregazioak sendotzeko (Eg. 15:40, 41). Gizon horiek euren erosotasuna alde batera utzi eta euren biziak arriskuan ere jarri zituzten anai-arrebei irakasteko eta animoa emateko (Irakurri 1 Tesalonikarrei 2:7, 8).

13. Zeintzuk dira eskualde arduradunen eginkizun batzuk?

13 Eskualde arduradunek asko bidaiatu behar dute, batzuetan ehunka kilometro kongregazio batetik bestera. Astero-astero hainbat hitzaldi eman, sendotze bisitak egin, predikaziorako bilerak zuzendu, eta aitzindariekin eta adindunekin bilerak antolatzen dituzte. Bestalde, eskualde eta lurralde biltzarrak antolatu eta horietan eman behar dituzten hitzaldiak prestatzen dituzte. Gainera, aitzindarien eskoletan irakatsi eta eskualdeko aitzindariekin bilera berezi bat antolatzen dute. Eta aipatutako guztiaz gain, sukurtsalak ematen dizkien lan batzuk, batzuetan urgenteak direnak, bete behar dituzte.

14. Zergatik estimatzen ditugu eskualde arduradunak?

14 Nola laguntzen die kongregazioei eskualde arduradunek egiten duten lan baliotsuak? Eskualde arduradunen bisiten inguruan, Turkiako anaia batek honakoa dio: «Bisita bakoitzak anai-arrebei gehiago laguntzera motibatzen nau. Eskualde arduradun asko ezagutu ditut, baina ez dut inoiz okupatuegiak zeuden sentsazioa izan, ezta beraiengana hurbildu ezin nuenik ere». Bestalde, lehen aipatutako Johannak, behin, eskualde arduradun batekin predikatu zuen, baina ez zuten etxean inor aurkitu. Berak dio: «Hala ere, beti gogoratuko dut egun hura. Duela gutxi, nire bi ahizpak beste toki batera joan ziren bizitzera eta asko botatzen nituen faltan. Eskualde arduradunak goxotasunez animatu ninduen. Gainera, nahiz eta orain familia eta lagunengandik urrun bizi, mundu berrian elkarrekin denbora pasatzeko aukera amaigabeak izango ditugula ikusten lagundu zidan». Ziur gutako askok ere eskualde arduradunekin momentu politak pasa ditugula (Eg. 20:37-21:1).

15. a) 3 Joan 5-8 (NWT) aipuaren arabera, nola erakutsi ahal diegu eskualde arduradunei gure esker ona? (Ikusi irudia ere) b) Zergatik erakutsi beharko genieke izendatutako anaien emazteei gure esker ona, eta nola egin dezakegu hori? (Ikusi « Gogoan izan beraien emazteak» ere)

15 Joan apostoluak honakoa egitera animatu zuen Gaio: bere kongregazioa sendotzera joaten ziren anaiei hospitalitatea erakustera. Honakoa egiteko ere esan zion: «Lagundu itzazu bidaiarako behar dutenarekin, Jainkoak atsegin duen moduan» (Irakurri 3 Joan 5-8, NWT d). Nola egin dezakegu guk hori? Adibidez, eskualde arduraduna bazkaltzera gonbidatuz edo bere bisitan zehar predikaziorako bileretan egonez. Lehen aipatutako Lesliek bere esker ona beste modu batzuetan ere erakusten du: «Jehobari otoitz egiten diot beraien beharrez arduratzeko. Bestalde, nire senarrak eta biok gutunak idazten dizkiegu, beraien bisitek zenbat lagundu diguten adieraziz». Eta gogoan izan eskualde arduradunak ez direla supergizonak. Batzuetan, gaixotasunei, antsietateari eta desanimoari aurre egin behar diete. Beraz, bilatu beraiei hitz atseginak esateko edo opari txikiren bat emateko aukerak, beraien otoitzen erantzuna izan daiteke eta (Esa. 12:25).

«OPARI» DIREN GIZONAK BEHAR DITUGU

16.Esaera Zaharrak 3:27​aren arabera, zer galdetu ahal diote anaiek euren buruari?

16 Munduan zehar, «opari bezala» zerbitzatzeko anaia gehiago behar ditugu. Anaia bataiatua bazara, «zure esku» al dago laguntzea? (Irakurri Esaera Zaharrak 3:27). Kongregazioko laguntzaile bezala zerbitzatzeko desira al duzu? Dagoeneko laguntzailea bazara, adindun izateko lan egiteko prest al zaude? e Zure bizitzan aldaketak egin al ditzakezu Erreinuaren Berriemaileen Eskolara joateko? Eskola horretan jasoko duzun prestaketari esker, Jesusek Jehobaren zerbitzuan modu zabalago batean erabili ahalko zaitu. Ez zarela gai sentitzen baduzu, egin otoitz Jehobari. Eta eskatu bere espiritu santua, jasoko duzun edozein eginkizun burutzeko gai izateko (Luk. 11:13; Eg. 20:28).

17. «Opari bezala» izendatutako anaiei erreparatzean, zer dugu argi Jesusi buruz?

17 Jesusek «opari bezala» izendatutako anaiei erreparatzen diegunean, argi geratzen zaigu azken egunetan bera gu gidatzen ari dela (Mat. 28:20). Zein eskertuta gauden gure beharrez arduratzen den Errege maitekor eta eskuzabal bat izateagatik! Berak guri laguntzen diguten anaiak eman dizkigu. Beraz, bilatu ditzagun gogor lan egiten duten anaia hauei gure esker ona erakusteko aukerak. Eta ez ahaztu inoiz Jehobari eskerrak ematea, bera baita «opari on eta dohain perfektu guzti[en]» Iturria (St. 1:17, NWT).

sjj 99. KANTA Milaka anai-arreba

a Efesoarrei 4:8, NWT: «Idazkiek honakoa diotelako: “Gorenera igo zenean, gatibuak eraman zituen; gizonak opari bezala eman zituen”».

b Zuzendari Batzordeko kideak, Zuzendari Batzordearen laguntzaileak, Sukurtsal Batzordeko kideak eta beste eginkizunetan parte hartzen duten adindunak ere «opari[ak]» dira.

c Izen batzuk aldatu egin dira.

d 3 Joan 5-8, NWT: «Lagun maitea, nahiz eta ezezagunak izan, anaien alde egiten duzun guztia ikusita, leiala zarela erakutsi duzu. Zure maitasunari buruz hitz egin dute kongregazioaren aurrean. Mesedez, lagundu itzazu bidaiarako behar dutenarekin, Jainkoak atsegin duen moduan. Zeren eta bere izenari buruz hitz egitera atera ziren, nazioetako jendearengandik ezer espero gabe. Beraz, horrelakoekin eskuzabalak izatera behartuta gaude, egiaren alde elkarlanean ibili gaitezen».

e Kongregazioko laguntzaile edo adindun bezala zerbitzatzeko zer egin behar duzun jakiteko, ikusi «Anaiok, kongregazioko laguntzaileak izateko helburua al duzue?» eta «Anaiok, adindunak izateko helburua al duzue?» artikuluak, aldizkari honetako 2024​ko azaroko alean.