5. IKASKETARAKO ARTIKULUA
sjj 27. KANTA Jainkoaren seme-alaben agerpena
«Ez zaitut inoiz abandonatuko»!
«[Jainkoak] esan baitu: “Ez zaitut inoiz utziko, eta ez zaitut inoiz abandonatuko”» (HEB. 13:5b, NWT).
IDEIA NAGUSIA
Azken gantzutuak zerura bilduak izatean, Jehobak ez dituela lurrean geratuko diren bere zerbitzariak bertan behera utziko ziurtatzea.
1. Noiz egongo dira gantzutu guztiak zeruan?
DUELA urte batzuk, Jehobaren zerbitzariok honako zalantza genuen: «Noiz izango dira zerura bilduak azken gantzutuak?». Lehen, Harmagedon gerra ondoren gantzutuetako batzuk lurreko paradisuan denbora batez biziko zirela uste genuen. Baina aldizkari honetako 2013ko uztailaren 15eko alean, honakoa ikasi genuen: Harmagedon gerra aurretik oraindik lurrean geratuko diren gantzutu guztiak zerura bilduak izango direla (Mat. 24:31).
2. Zer galdera egin ahal diogu geure buruari, eta zer aztertuko dugu artikulu honetan?
2 Ondorioz, agian hurrengoa galdetu ahal diogu geure buruari: Zer gertatuko zaie «larrialdi handia[n]» Jehoba leialki zerbitzatzen ariko diren Jesu Kristoren «beste ardi[ei]»? (Joan 10:16; Mat. 24:21). Batzuek, beharbada, hurrengo kezka dute: anai-arreba gantzutu maiteak zerura bilduak izan ondoren, beste ardietako anai-arrebek laguntza eta gidarik jasoko ote duten. Azter ditzagun horrela pentsatzera eraman ahal gaituzten Bibliako bi pasarte. Ondoren, kezkatuta ez egoteko arrazoiak ikusiko ditugu.
ZER EZ DA GERTATUKO?
3, 4. Zer kezka izan dezakete batzuek, eta zergatik?
3 Batzuek honako kezka izan dezakete: etorkizunean Zuzendari Batzordearen gida jasotzeari uztean, beste ardiek Jehoba zerbitzatzen jarraituko duten ala ez. Baliteke kezka hauek Biblia pasarte batzuengatik izatea. Azter ditzagun bi adibide. Lehenengoa, Joiada apaiz nagusiarekin lotuta dago. Bera Jainkoaren zerbitzari leiala izan zen. Bera eta bere emazte Joxabatek Joax izeneko mutikotxo bat babestu, eta errege on eta leiala izatera iristen lagundu zuten. Joiada bizirik egon zen bitartean, Joaxek Jehoba adoratu eta zuzen jokatu zuen. Baina Joiada hil eta gutxira, Joax txarto jokatzen hasi zen. Printze maltzurrei kasu egin eta Jehoba utzi zuen (2 Kro. 24:2, 15-19).
4 Beste adibidea II. mendeko kristauekin lotuta dago. Joan, hil zen azken apostolua, eragin ona izan zen kristau askorentzat, hauei Jehobaren zerbitzuan leial irauten lagunduz (3 Joan 4). Jesusen beste apostolu leialen antzera, Joan gogor saiatu zen kongregazioa apostasiatik babesten (1 Joan 2:18; 2 Tes. 2:7). Baina Joan hil ondoren, apostasia txoko guztietara zabaldu zen ziztu bizian. Hamarkada gutxi batzuetan, kristau kongregazioa erabat usteldu egin zen.
5. Zer ez genuke ondorioztatu beharko bi Biblia pasarte hauetatik?
5 Bibliako bi pasarte hauek aztertu ondoren, esan nahi al du honek beste ardiei antzeko zerbait gertatuko zaiela gantzutuak zerura bilduak izatean? Txarto jokatzen hasiko al dira Joaxen antzera? Edo, apostasian eroriko al dira II. mendeko kristau asko bezala? Inolaz ere! Gantzutuak zerura bilduak izatean, ziur egon gaitezke Jehobak beste ardiak zaintzen jarraituko duela, eta hauek espiritualki sendo mantenduko direla. Zergatik egon gaitezke honetaz ziur?
ADORAZIO GARBIA EZ DA USTELDUKO
6. Zer hiru garai aztertuko ditugu?
6 Datozen garai zailetan ere adorazio garbia ez da ustelduko. Zergatik egon gaitezke honetaz ziur? Gaur egun bizi garen garaiaren inguruan Bibliak irakatsi digunagatik. Garai hau, antzina Israelgo eta II. mendeko kristauen garaiekin konparatuta, oso desberdina da. Beraz, azter ditzagun sakonki hiru garai hauek: 1) Antzina Israelgo garaia, 2) apostoluak hil ondorengo garaia, eta 3) gaur egun, hau da, «Jainkoak gauza guztiak zaharberrituko dituen garaia» (Eg. 3:21).
7. Zergatik ez zuten israeldar leialek esperantzarik galdu erregeek eta beste askok txarto jokatu zutenean?
7 Antzina Israelgo garaia. Hiltzear zegoela, honakoa esan zien Moisesek israeldarrei: «Baitakit, ni hiltzean, erabat galbideratuko zaretela, nik agindutako bidetik aldenduz» (Deu. 31:29). Gainera, Jehobaren aurka jartzen baziren, erbesteratuak izango zirela ohartarazi zien (Deu. 28:35, 36). Bete al ziren hitz hauek? Bai. Mendetan zehar, errege askok gaizki jokatu zuten eta herria, hauen jokabidea jarraituz, adorazio faltsuan erori zen. Ondorioz, Jehobak Israelgo jende gaiztoa zigortu zuen, eta hortik aurrera ez zuen errege israeldarrik agintzen utzi (Eze. 21:25-27, NWT). Jainkoak esandakoa bete zela ikusteak Bera zerbitzatzen jarraitzeko ausardia eman zien israeldar leialei (Is. 55:10, 11).
8. Harritu beharko al gintuzke II. mendeko kristau kongregazioa usteldu izanak? Azaldu.
8 Apostoluak hil ondorengo garaia. Harritu beharko al gintuzke II. mendeko kristau kongregazioa usteldu izanak? Ez. Izan ere, Jesusek apostasia handia izango zela aurresan zuen (Mat. 7:21-23; 13:24-30, 36-43). Paulo, Pedro eta Joan apostoluek Jesusen profezia lehen mendean betetzen hasi zela konfirmatu zuten (2 Tes. 2:3, 7, NWT; 2 Ped. 2:1-3, 17-19; 1 Joan 2:18). II. mendean, kristau kongregazioa usteldu egin zen. Ondorioz, kristau apostatak Babilonia Handiaren, hau da, erlijio faltsuaren inperioaren parte izatera iritsi ziren. Honela, Jesusek aurresandakoa bete egin zen.
9. Zein zentzutan da gure garaia desberdina antzina Israelgo eta II. mendeko kristauen garaiekin konparatuta?
9 «Jainkoak gauza guztiak zaharberrituko dituen garaia». Gure garaia, antzina Israelgo eta II. mendean zehar apostasia handia zabaldu zen garaiekin konparatuta, desberdina da. Zer izen du gure garaiak? Sistema gaizto honen «azken egun[ak]» bezala ezagutzen ohi dugu (2 Tim. 3:1). Baina, aldi berean, garrantzitsuagoa eta luzeagoa den beste garai bat dagoela erakusten du Bibliak. Garai honek Erreinu Mesianikoak gizakiak perfekziora eraman eta lurra paradisu bihurtu arte iraungo du. Denbora epe honi «Jainkoak gauza guztiak zaharberrituko dituen garaia» deitzen zaio (Eg. 3:21). Garai hau 1914. urtean hasi zen. Zer zaharberritu zen urte hartan? Jesus zeruan Errege bezala agintzen hasi zen. Beraz, Jehoba beste behin ordezkatuko zuen agintari bat zegoen, Dabid errege leialaren oinordeko bat. Hala ere, erregetza hau ez da Jainkoak zaharberritu zuen gauza bakarra. Hori gertatu eta gutxira, Jehoba adorazio garbia zaharberritzen hasi zen (Is. 2:2-4; Eze. 11:17-20). Baina, ustelduko al da berriz ere?
10. a) Zer aurresan zuen Bibliak gure garaiko adorazio garbiari buruz? (Isaias 54:17, NWT) b) Zergatik lasaitzen gaituzte hauek bezalako profeziek?
10 Irakurri Isaias 54:17, NWT a. Pentsatu profezia honetan: «Zure aurka egindako edozein armak ez du inolako arrakastarik izango». Hitz inspiratu hauek gaur egun ari dira betetzen, baita ondorengo hitz kontsolagarri hauek ere: «Zure seme-alabak nire [Jehobaren] ikasle izango dira eta denak zorion betean biziko. Justizian sendo ezarria egongo zara. […] Ez duzu ezeren beldurrik izango, ikara ez zaizu inoiz hurbilduko» (Is. 54:13, 14). «Mundu honetako jainkoa» den Satanasek berak ere ezin du Jainkoaren herria aurrera eramaten ari den irakaskuntza lana geldiarazi (2 Ko. 4:4). Adorazio garbia zaharberritua izan da eta ez da inoiz berriz ustelduko. Geratzeko etorri da, eta gainera, betirako! Gure aurka egindako edozein armak ez du arrakastarik izango.
ZER GERTATUKO DA?
11. Zergatik egon gaitezke ziur Jehobak ez duela gizatalde handia abandonatuko gantzutuak zerura bilduak izatean?
11 Zer gertatuko da gantzutuak zerura bilduak izatean? Gogoan izan Jesus gure Artzain eta kristau kongregazioaren buru dela. Berak honakoa esan zuen argi eta garbi: «Lider bakarra duzue, Kristo» (Mat. 23:10). Zeruan agintzen ari den Jesusek beti zainduko ditu bere jarraitzaile leialak. Berak gidatzen dituenez, lurrean dauden bere jarraitzaileek ez dute ezeren beldurrik izan behar. Noski, ez dakigu zehazki nola gidatuko dituen garai hartan Jesusek bere jarraitzaileak. Beraz, azter ditzagun lasaitu gaitzaketen Biblia adibide batzuk.
12. Nola zaindu zuen Jehobak bere herria a) Moises hil ondoren? b) Eliasek beste eginkizun bat jaso ondoren? (Ikusi irudia ere)
12 Israel promestutako lurraldean sartu aurretik, Moises hil egin zen. Zer gertatu zitzaion orduan Jainkoaren herriari? Bertan behera utzi al zuen Jehobak bere herria gizon leial hau hil ondoren? Ez. Israeldarrak leialak izan ziren bitartean, Jehobak zaindu egin zituen. Jehobaren esana betez, Moisesek Josue Jainkoaren herria gidatzeko izendatu zuen. Hamarkadetan zehar, Moises Josue trebatzen aritu zen (Irt. 33:11; Deu. 34:9). Gainera, aurrea eraman zuten beste hainbat gizon trebe ere bazeuden: mila, ehun, berrogeita hamar eta hamarreko taldeen buruak (Deu. 1:15). Jainkoaren herria ondo zainduta egon zen. Azter dezagun beste adibide bat. Eliasek urtetan zehar gogor lan egin zuen israeldarrei Jehoba adoratzen laguntzeko. Baina beranduago, Jehobak Judan zerbitzatzeko eginkizuna eman zion (2 Err. 2:1; 2 Kro. 21:12). Abandonatu al zituen Jehobak hamar leinuetako israeldar leialak? Noski ezetz. Elias urtetan zehar aritu zen Eliseo trebatzen. Gainera, dirudienez eskoletan trebakuntza jaso zuten «profeta-talde[ak]» ere bazeuden (2 Err. 2:7). Beraz, Jainkoaren herria gidatzen laguntzeko gizon leial asko zeuden. Jehobak bere zerbitzari leialak zaintzeko helburua betetzen jarraitu zuen.
13. Zer hitz lasaigarri aurkitzen ditugu Hebrearrei 13:5b (NWT) aipuan? (Ikusi irudia ere)
13 Adibide hauek kontuan izanik, zer uste duzu gertatuko dela azken gantzutuak zerura bilduak izatean? Ez dugu kezkatu beharrik. Bibliak egia sinple eta lasaigarri bat azaltzen du: Jehobak ez ditu lurrean dauden bere zerbitzariak inoiz abandonatuko (Irakurri Hebrearrei 13:5b, NWT b). Moisesek eta Eliasek bezala, gaur egun aurrea hartzen duten kristau gantzutuek garrantzi handia ematen diote besteak trebatzeari. Hamarkadetan zehar, Zuzendari Batzordeko kideek beste ardietako anaiak trebatu dituzte aurrea hartu dezaten. Adibidez, adindunak, eskualde arduradunak, Sukurtsal Batzordeko kideak, Betelgo arduradunak eta beste anaia batzuk trebatzeko hainbat eskola antolatu dituzte. Gainera, Zuzendari Batzordearen laguntzaileak pertsonalki trebatzen aritu dira. Laguntzaile hauek dagoeneko ardura asko betetzen dituzte erakundean. Kristoren ardiak zaintzen jarraitzeko ondo prestatuta daude.
14. Zein da artikulu honetako ideia nagusia?
14 Hona hemen artikulu honetako ideia nagusia: Larrialdi handiaren amaiera aldera azken gantzutuak zerura bilduak izatean, Jehobaren herriak bera adoratzen jarraituko du. Jesu Kristoren agintaritzari esker, Jainkoaren adoratzaileek ez dute bere zerbitzuan erritmorik jaitsiko. Badakigu garai horretan Magog herrialdeko Gog izeneko nazio koalizio batek Jainkoaren herria erasotuko duela (Eze. 38:18-20). Baina eraso labur horrek porrot egingo du; ez du Jainkoaren herriak Jehoba adoratzeari uztea lortuko. Izan ere, Jehobak salbatu egingo ditu! Zergatik esan dezakegu hau? Ikuskari batean, Joan apostoluak Kristoren beste ardien «gizatalde handi» bat ikusi zuen. Gizatalde handi hau «larrialdi handitik datozenak» direla esan zitzaion Joani (Ap. 7:9, 14). Beraz, ziur gaude Jehobak salbatu egingo dituela.
15, 16. Apokalipsia 17:14aren arabera, zer egiten ariko dira kristau gantzutuak Harmagedon gerran, eta zergatik animatzen gaitu honek?
15 Hala ere, batzuek honakoa galdetu ahal diote euren buruari: «Zer gertatuko zaie gantzutuei? Zer egingo dute zerura bilduak izan ondoren?». Bibliak erantzuna ematen du: Mundu honetako gobernuek «borroka egingo diote Bildotsari». Noski, gobernuek galdu egingo dute; Bildotsak «garaitu egingo ditu». Eta nortzuk lagunduko diote Bildotsari? «Deitu[ak]», «aukeratu[ak]» eta «leial[ak]» direnek (Irakurri Apokalipsia 17:14). Nortzuk dira hauek? Berpiztutako gantzutuak. Beraz, larrialdi handiaren amaiera aldera azken gantzutuak zerura bilduak izatean jasoko duten lehen eginkizunetako bat borrokatzea izango da. Hau bai aparteko eginkizuna! Kristau gantzutuetako batzuei Jehobaren lekuko izan aurretik borrokatzea gustatzen zitzaien, eta batzuk soldadu ere izan ziren ejerzitoan. Egiazko kristau izatera iritsi zirenean, aldiz, bake-bidea ikasi zuten (Gal. 5:22; 2 Tes. 3:16). Gerren alde jartzeari utzi zioten. Baina zerura bilduak izan ondoren, Kristo eta bere aingeruekin batera, Jainkoaren etsaien aurkako azken borrokan parte hartuko dute.
16 Pentsatu honetan: Lurrean dauden kristau gantzutu batzuk adinekoak dira. Baina zeruan berpiztuak izan ondoren, izaki espiritual boteretsu eta hilezkorrak izango dira, eta Jesu Kristo Errege Gerlariarekin batera borroka egingo dute. Harmagedon gerran borrokatu ondoren, gizakiak perfekziora eramaten lagunduko dituzte. Dudarik gabe, gantzutuek gizaki inperfektu bezala asko egiten ari diren arren, zeruan egonda askoz ere gehiago egingo dute lurrean dauden beraien anai-arreba kuttunen alde!
17. Nola dakigu Jehobak bere zerbitzari guztiak babestuko dituela Harmagedon gerran?
17 Beste ardien parte al zara? Horrela bada, zer egin beharko duzu zuk Harmagedon gerra hasten denean? Hauxe besterik ez: Jehobarengan konfiantza jarri eta bere gida jarraitu. Zer egon daiteke hau egitearen barne? Bibliak honela dio: «Sartu etxean eta itxi ateak barrutik. Gorde zaitez alditxo batean, Jaunaren haserrea igaro arte» (Is. 26:20). Garai hartan, Jehobak zeruko eta lurreko bere zerbitzari leial guztiak babestuko ditu. Zein kontsolagarria den hau! Paulo apostolua bezala, ziur gaude «goiko beste indar [edo gobernu, NWT], ez oraingo eta ez geroko, […] ez gaituela aldenduko Jainkoak Jesu Kristo gure Jaunarengan agertu digun maitasunetik» (Erm. 8:38, 39). Beraz, gogoan izan hau beti: Jehobak maite zaitu eta ez zaitu inoiz abandonatuko!
AZKEN KRISTAU GANTZUTUAK ZERURA BILDUAK IZATEAN, …
-
zer ez da gertatuko?
-
zergatik egon gaitezke ziur adorazio garbia ez dela ustelduko?
-
zergatik egon gaitezke ziur Jehobak bere herria zainduko duela?
sn 49. KANTA Jehoba da gure babeslekua
a Isaias 54:17, NWT: «“Zure aurka egindako edozein armak ez du inolako arrakastarik izango, eta auzi batean zure aurkako salaketa bat egiten duen edozein mihi kondenatuko duzu. Hau da Jehobaren zerbitzarien ondarea, eta beraien justizia niregandik dator”, dio Jehobak».
b Hebrearrei 13:5b, NWT: «Berak esan baitu: “Ez zaitut inoiz utziko, eta ez zaitut inoiz abandonatuko”».