Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

8. IKASKETARAKO ARTIKULUA

«Izan zaitezte neurritsu eta egon erne»

«Izan zaitezte neurritsu eta egon erne»

«Izan zaitezte neurritsu eta egon erne» (1 P 5:8).

sjj 144. KANTA Eduki bistan saria

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zer esan zien Jesusek bere ikasleei azkenari buruz, eta zer abisu eman zien?

 JESUS hil baino egun batzuk lehenago, lau ikasle hurbildu zitzaizkion eta galdetu zioten: «Zein izango da […] sistemaren amaieraren seinalea?» (Mt 24:3NWT). Ziur aski, sistema juduaren amaierari buruz galdetzen ari ziren. Erantzutean, Jesusek ez zuen bakarrik sistema juduaz hitz egin. Gaur egun bizi garen sistemaren amaierari buruz ere hitz egin zuen. Azkenari buruz esan zuen: «Zein egunetan edo ordutan gertatuko den, ez daki inork, ez zeruko aingeruek, ez Semeak, Aitak baizik». Eta, orduan, bere ikasle guztiei abisu bat eman zien: «Egon erne» eta «egon zain» (Mk 13:32-37).

2. Zergatik zen inportantea lehen mendeko kristauentzat erne egotea?

2 Lehen mendean, kristau juduak erne egon behar ziren, beraien bizia jokoan zegoen eta. Juduen sistemaren amaiera hurbiltzen ari zela bereizteko, Jesusek argi eta garbi esan zien zer ikusiko zuten: «Jerusalem gudarostez inguratua ikusiko duzuenean, jakin ezazue gainean duela bere hondamendia». Momentu horretan Jesusen abisua obeditu behar zuten: «Ihes egin […] mendietara» (Lk 21:20, 21). Kasu egin zutenek bizirik jarraitu zuten erromatarrek Jerusalem suntsitzean.

3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

3 Gaur egun sistema maltzur honen amaieran bizi gara. Beraz, guk ere zentzudunak eta neurritsuak izan behar dugu eta erne segi. Munduan gertatzen dena aztertzean, nola izan gaitezke orekatsuak? Zerekin ibili behar dugu kontuz? Nola aprobetxatu dezakegu geratzen den denbora ahalik eta ondoen? Artikulu honetan galdera hauek aztertuko ditugu.

OREKATSUA IZAN MUNDUKO GERTAKARIAK AZTERTZEAN

4. Munduko gertakariak aztertzean, zergatik interesatzen zaigu Biblia profeziak betetzen ari direla ikustea?

4 Asko interesatzen zaigu gaur egungo gertakariek Bibliako profeziak nola betetzen dituzten jakitea. Izan ere, Satanasen sistemaren amaiera gertu dagoela jakiteko, Jesusek zer gertatuko zen esan zigun (Mt 24:3-14). Gure fedea sendo mantentzeko, Pedro apostoluak ere profeziei adi-adi egotera animatu gintuen (2 P 1:19-21). Gainera, Bibliako azken liburua hitz hauekin hasten da: «Hau da Jainkoak Jesu Kristori egin zion agerpena, honek bere zerbitzariei laster gertatuko dena erakuts ziezaien» (Ap 1:1). Beraz, logikoa da gaur egungo gertakarietan interesa edukitzea, eta Bibliako profeziak nola betetzen ari diren jakin nahi izatea. Gainera, gure anai-arrebekin gauza hauei buruz hitz egiteko irrikitan egon gaitezke.

Biblia profeziei buruz hitz egitean, zer egin behar genuke eta zer ez? (Ikusi 5. paragrafoa) d

5. Zer ez genuke egin behar eta zer bai? (Ikusi irudiak ere)

5 Biblia profeziei buruz hitz egitean, ez genuke espekulatzen hasi behar. Zergatik? Ez dugulako nahi guk esandako ezerk kongregazioko elkartasuna haustea. Pentsatu adibide honetan: goi agintari batek gatazka zehatz bat konpontzeko proposamenak egiten ditu bakea eta segurtasuna lortzeko. Honek 1 Tesalonikarrei 5:3 betetzen duela espekulatu beharrean, Jehobaren erakundeak argitaratutako azkeneko informazioa ezagutu behar genuke. Ditugun elkarrizketak horretan oinarrituta daudenean, kongregazioari «iritzi bat bera» izaten laguntzen diogu (1 Ko 1:10; 4:6).

6. Zer ikasten dugu 2 Pedro 3:11-13 pasartetik?

6 Irakurri 2 Pedro 3:11-13NWT b. Biblia profeziak aztertzerakoan, Pedro apostoluak orekatsu izaten laguntzen digu. Berak Jehobaren egunaren presentzia «kontu-kontuan» izateko eskatzen digu. Kontu-kontuan edukitzeak ez du esan nahi Harmagedon «zein egunetan edo ordutan gertatuko den» asmatzen ibili behar dugunik. Ez, horren ordez, «jokabide santua izanez eta Jainkoari leialtasuna adierazten dioten ekintzak eginez», geratzen zaigun denbora ondo erabili behar dugula esan nahi du (Mt 24:36; Lk 12:40). Beste hitz batzuetan, gure jokabidea zuzena izatea eta Jehoba zerbitzatzeko motibazioa berari diogun maitasuna izatea nahi dugu. Ikuspuntu hori mantentzeko, kontuz ibili behar dugu.

ZERTAN IBILI BEHAR DUGU KONTUZ?

7. Nola erakusten dugu egiten dugunarekin kontuz gabiltzala? (Lukas 21:34)

7 Jesusek bere ikasleei munduko gertakariei adi egoteaz gain, beste zerbait ere esan zien (Irakurri Lukas 21:34). Begira Jesusen abisua: «Zabiltzate, bada, kontuz!». Zerekin? Jehobarekin dugun harremana arriskuan jarri dezakeen edozerrekin. Horretarako, arrisku horietatik urrun egoten saiatu nahi dugu. Beraz, erne ibili behar dugu gure jokaera eta jarrerarekin. Horrela, Jainkoaren maitasunean tinko mantenduko gara (Es 22:3; Ju 20, 21).

8. Zer agindu eman zien Paulo apostoluak kristauei?

8 Paulo apostoluak antzeko zerbait esan zien kristauei. Adibidez, Efesokoei agindu zien: «Begira, bada, arretaz, nola zabiltzaten; ez jokatu ergel, zentzuz baizik» (Ef 5:15, 16). Satanas gure espiritualtasuna suntsitzen saiatzen da behin eta berriz. Beraz, Bibliak honakoa aholkatzen digu: «Saiatu Jaunaren nahia zein den ulertzen» (Ef 5:17). Hori eginez gero, edozein motatako arriskuen aurrean, nola jokatu jakingo dugu.

9. Erabakiak hartzean, nola jakin dezakegu Jehobaren nahia zein den?

9 Bibliak ez du zehazten Jehoba eta gure arteko adiskidetasuna arriskuan jartzen duen gauza bakoitza. Askotan, hartu behar ditugun erabakiak ez dira Biblian modu zuzenean aipatzen. Horregatik, Jehobaren nahia zein den ulertzen edo sentitzen saiatu behar dugu. Nola egin dezakegu hau? Jainkoaren Hitza aztertzeko eta hausnartzeko ohitura izanez. Jehobaren nahia zein den antzematen eta «Kristoren pentsamendua» izaten saiatu nahi dugu. Horrela, nahiz eta egin behar dugunari buruzko arau zehatzik ez izan, zentzuz jokatzeko aukera gehiago izango ditugu (1 Ko 2:14-16). Arrisku batzuk begi bistakoak dira, beste batzuk aldiz, ez dira hain agerikoak.

10. Zer arrisku baztertu behar ditugu?

10 Hona hemen baztertu behar ditugun arrisku batzuk: flirteatzea, gehiegi edan eta jatea, hitz mingarriak erabiltzea, gauza biolentoak eta pornografia ikustea, eta antzekoak (Sal 101:3NWT). Gure etsaia, Deabrua, Jehobarekin dugun harremana ahultzeko aukera bila dabil denbora guztian (1 P 5:8). Kontuz ez bagara ibiltzen, Satanasek gure bihotzean eta gure pentsamenduetan honelako haziak erein ditzake: inbidia, ustelkeria, kodizia, gorrotoa, harrokeria eta erresumina (Ga 5:19-21). Hasieran agian, emozio horiek ez dira hain indartsuak, baina ez baditugu segituan errotik kentzen, landare pozoitsu bat bezala haziko dira eta arriskutsuak izan daitezke (St 1:14, 15).

11. Zein da hain agerian ez dagoen arrisku bat? Eta, zergatik saihestu behar dugu?

11 Hain agerikoa ez den arrisku bat lagun txarrak izatea da. Imajinatu egoera hau: Lekukoa ez den norbaitekin lan egiten duzu. Jehobaren lekukoei buruzko iritzi ona izatea nahi duzu eta, horregatik, jatorra zara berarekin, eta laguntzen saiatzen zara. Noizean behin berarekin bazkaltzen duzu baina, denborarekin, ohitura bihurtzen da. Hitz egitean, batzuetan, gai moralgabeak ateratzen ditu. Hasieran ez zaizu batere gustatzen baina, denborarekin, ohitu egiten zara eta ez dizu minik ematen. Orduan, egun batean, lankideak lana bukatzean zerbait hartzera gonbidatzen zaitu, eta berarekin joaten zara. Berak bezala pentsatzen bukatzen duzu. Zenbat denbora pasako da zure lankideak egiten dituen gauzak egiten hasteko? Noski, jendearekin atseginak izan nahi dugu eta guztiak errespetuz tratatu. Baina, adi! Nolako laguna, halako jarduna (1 Ko 15:33). Jesusek esan bezala, egiten dugunarekin kontuz ibili nahi badugu, ez dugu behar baino denbora gehiago pasako Jehobaren printzipioak segitzen ez dituztenekin (2 Ko 6:15). Arriskua ikusi eta gorde egingo gara.

DENBORA AHALIK ETA ONDOEN APROBETXATU

12. Zer egin behar zuten Jesusen ikasleek Jerusalem eta bere tenpluaren suntsiketa iritsi bitartean?

12 Sistemaren amaieraren zain zeuden bitartean, Jesusen ikasleek ez zuten alferkerian ibili behar. Jesusek lana eman zien: berri onak «Jerusalemen, Judea osoan, Samarian eta lurraren bazterreraino» predikatzea (Eg 1:6-8). Sekulako lana zen! Denbora ahalik eta ondoen aprobetxatu zuten, ahal zuten gehienei predikatuz.

13. Zergatik aprobetxatu behar dugu denbora ahalik eta ondoen? (Kolosarrei 4:5NWT)

13 Irakurri Kolosarrei 4:5NWT c. Egiten dugunarekin kontuz ibiltzeko, denbora nola erabiltzen dugun aztertu behar dugu. «Espero gabeko gertaeraren bat» edozein momentutan etorri daiteke (Koh 9:11NWT). Bizitza momentu batetik bestera galdu genezake.

Nola aprobetxatu dezakegu denbora ahalik eta ondoen? (Ikusi 14 eta 15 paragrafoak)

14, 15. Zer egin behar dugu denbora ahalik eta ondoen aprobetxatzeko? (Hebrearrei 6:11, 12) (Ikusi irudia ere)

14 Zer egin behar dugu denbora ahalik eta ondoen aprobetxatzeko? Jehobaren nahia egin eta berarekin dugun adiskidetasuna sendotu behar dugu (Jn 14:21). Sendo iraun behar dugu «egunetik egunera Jaunaren lanean gero eta gogotsuago jardunez» (1 Ko 15:58). Horrela, sistema hau edo gure bizitza amaitzean, ez gara ezertaz damutuko (Mt 24:13; Erm 14:8).

15 Gaur egun ere, Jesusek bere jarraitzaileak gidatzen ditu Jainkoaren Erreinuari buruz mundu osoan zehar predikatzen dutenean. Berak bere promesa bete du. Jehobaren erakundearen bidez, predikatzeko prestatzen gaitu eta behar ditugun tresnak ematen dizkigu (Mt 28:18-20). Guk gure aldetik ere jarri behar dugu. Langileak izan behar dugu predikatu eta irakasteko lanean eta, Jehobak sistema honen amaiera dakarren bitartean, erne jarraitu behar dugu. Hebrearrei 6:11, 12⁠ak esaten duena egiten badugu, gure esperantzari tinko eutsiko diogu «azkeneraino» (Irakurri).

16. Zer egiten jarraitu nahi dugu?

16 Jehobak Satanasen sistemari amaiera emateko eguna eta ordua jarrita dauzka. Egun hori iristean, Jehobak Biblian emandako profezia guztiak beteko ditu. Baina, batzuetan, luzatzen ari dela pentsa dezakegu. Hala ere, Jehobaren eguna «berandu gabe» iritsiko da (Hab 2:3). Beraz, Jehobari begira jarraitu dezagun gure «salbamenaren Jainkoarengan itxaroteko jarrera» erakutsiz (Mi 7:7NWT).

sjj 139. KANTA Ikusi zeure burua mundu berrian

a Artikulu honetan oreka espirituala nola mantendu dezakegun eta erne egoteko zer egin behar dugun ikusiko dugu. Horretaz gain, zertan ibili behar dugun kontuz, eta denbora ahalik eta ondoen nola aprobetxatu dezakegun ikusiko dugu.

b 2 Pedro 3:11-13NWT: «Dena honela desegitekoa baldin bada, pentsa ezazue zein santu eta jainkozale izan behar duen zuen bizitzak. Bizi, bada, Jainkoa etorriko den egunaren zain eta lan egin lehenbailehen irits dadin. Egun hartan, sutan desegingo dira zeruak, eta munduaren osagaiak kiskalita ezereztuko dira. Gu, ordea, agindutako zeru-lur berrien zain gaude; han dena Jainkoaren nahiaren arabera izango da».

c Kolosarrei 4:5NWT: «Zuhur jokatu kanpokoekin, denbora ahalik eta ondoen aprobetxatuz».

d IRUDIAREN AZALPENA: (Goian) Bikote bat albisteak ikusten ari da telebistan. Gero, bileraren ondoren, ikusitakoari buruzko iritzi pertsonala konpartitzen dute. (Behean) Beste bikote bat Zuzendari Batzordearen eguneraketa ikusten ari da Biblia profeziei buruzko azalpen berrienak ezagutzeko. Gero, morroi leialak prestatzen dituen Biblia argitalpenak eskaintzen ari dira.