27. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Zergatik izan behar diogu Jehobari errespetu handia?
«Adiskide ditu Jaunak begirune diotenak» (SAL 25:14).
sn 49. KANTA Jehoba da gure babeslekua
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1, 2. 25. Salmoa 14aren arabera, zer egin behar dugu Jehobarekin adiskidetasun estua izan nahi badugu?
ZURE ustez, zein ezaugarri dira ezinbestekoak norbaitekin adiskidetasun estua izan nahi badugu? Ziurrenik, lagun onek elkar maitatu eta lagundu beharko luketela esango zenuke. Eta, agian, ez zenuke pentsatuko begirune edo errespetu handia izatea hain beharrezkoa denik. Baina, artikulu honetako aipu nagusiak dioen moduan, Jehobarekin adiskidetasun estua izan nahi dutenek berari «begirune» izan behar diote (Irakurri 25. Salmoa 14).
2 Jehoba zenbat urtez zerbitzatu dugun axola gabe, gutako guztiok errespetu handia erakutsi behar diogu. Baina, zer esan nahi du Jainkoari errespetu handia izateak? Nola ikasi dezakegu Jehobari errespetu handia izaten? Jainkoari errespetua erakustearen inguruan, zer ikasi dezakegu Obadias zerbitzariaren, Joiada apaiz nagusiaren eta Joax erregearen ereduetatik?
ZER ESAN NAHI DU JAINKOARI ERRESPETU HANDIA IZATEAK?
3. Nola babestu gaitzake beldurrak?
3 Beldurra sentitu dezakegu mina edo kaltea jasan dezakegula uste dugunean. Beldur mota hau ona izan daiteke eta zuhurtziaz jokatzera bultzatu gaitzake. Adibidez, amildegi batetik erortzearen beldur bagara, ez gara honen ertzetik ibiliko. Min hartzearen beldur bagara, egoera arriskutsuetatik alde egingo dugu. Edo asko estimatzen dugun adiskidetasun bat kaltetzearen beldur bagara, ez dugu atsegina ez zaion ezer esan edo egingo.
4. Guk Jehobarenganako zer sentimendu izatea nahi du Satanasek?
4 Jendeak Jehobari ikara izatea eta honakoa sinestea nahi du Satanasek: Jehoba beti haserre dagoela, zigortu nahi gaituela eta bera poztea ezinezkoa dela (Jb 4:18, 19). Satanasen helburua guk Jehobari izugarrizko izua izatea eta, ondorioz, Bera zerbitzatzeari uztea da. Tranpa horretan ez erortzeko, Jainkoari errespetu handia izaten eta bera mintzearen beldur izaten ikasi behar dugu.
5. Zer esan nahi du Jainkoaren beldur izateak?
5 Jainkoaren beldur denak, Bera maite du eta ez du berarekin duen adiskidetasuna kaltetu dezakeen ezer egin nahi. Jesusek «beldur» mota hori izan zuen (Heb 5:7, Le). Ez zion Jehobari ikararik izan (Is 11:2, 3). Alderantziz, bihotzez maite zuen eta bera obeditu nahi zuen (Jn 14:21, 31). Guk ere Jehobari errespetu handia eta begirunea diogu, bera Jainko maitekor, jakintsu, justu eta boteretsua delako. Gainera, badakigu asko maite gaituela eta bere gidari erantzuten diogun moduak berarengan eragina duela. Izan ere, Jehoba tristetu edo poztu dezakegu (Sal 78:41, NWT; Es 27:11).
JEHOBARI ERRESPETU HANDIA IZATEN IKASI DEZAKEGU
6. Zein da Jainkoari errespetua izaten ikasteko modu bat? (34. Salmoa 12 [34:11, NWT])
6 Ez gara Jehobari errespetua erakusteko gaitasunarekin jaio. Landu beharreko zerbait da (Irakurri 34. Salmoa 12 [34:11, NWT]). Hori lortzeko modu bat kreazioa aztertzea da. Jainkoaren «egintzak» aztertzean, bere jakinduria, boterea eta maitasuna ikusi ditzakegu. Hau zenbat eta gehiago egin, orduan eta sakonagoa izango da berari diogun errespetua eta maitasuna (Erm 1:20). Adrienne izeneko arreba batek dio: «Asko liluratzen nau kreazioan Jehobaren jakinduria ikusteak. Honek argi uzten dit Berak badakiela niretzat onena zer den». Honetan hausnartuz, hurrengo ondoriora iritsi zen: «Jehobak bizia eman dit eta ez dut berarekin dudan adiskidetasuna kaltetu dezakeen ezer egin nahi». Zergatik ez duzu aste honetan tartetxo bat hartzen Jehobak sortutako zerbaitetan pentsatzeko? Hori egitean, Jehobari diozun errespetua eta maitasuna sakondu egingo da (Sal 111:2, 3).
7. Nola lagundu gaitzake otoitz egiteak Jehobari diogun errespetua lantzen?
7 Jainkoari diogun errespetua lantzeko beste modu bat erregularki otoitz egitea da. Zenbat eta otoitz gehiago egin, orduan eta hobeto ezagutuko dugu Jehoba. Irauteko indarra eskatzen diogun bakoitzean, Bera zein boteretsua den gogoratzen dugu. Jehobak bere Semea gure alde emateagatik eskerrak ematen dizkiogunean, asko maite gaituela gogoratzen dugu. Eta arazo baten aurrean laguntza erregutzen diogunean, zein jakintsua den gogoratzen dugu. Hauek bezalako otoitzek Jehobari diogun errespetua handitzen dute. Gainera, berarekin dugun adiskidetasuna kaltetu dezakeen ezer ez egiteko determinazio handiagoa izango dugu.
8. Zer egin dezakegu Jehobari diogun errespetua ez galtzeko?
8 Jehobari diogun errespetua ez galtzeko Biblia aztertu dezakegu, bertan agertzen diren eredu on eta txarretatik ikasiz. Lehenik, azter dezagun Jehobaren bi zerbitzari leialen eredua: Obadias zerbitzariarena eta Joiada apaiz nagusiarena. Ondoren, Joaxen, Judako erregearen, eredua aztertuko dugu. Ondo hasi arren, azkenean Jehoba zerbitzatzeari utzi zion.
IZAN AUSARTA OBADIAS BEZALA
9. Nola lagundu zion Obadiasi Jainkoari errespetu handia izateak? (1 Erregeak 18:3, 12)
9 Bibliak honakoa dio Obadiasi buruz lehenengo aldiz bera aipatzean: «Obadias honek begirune handia zion Jaunari» (Irakurri 1 Erregeak 18:3, 12). Nola lagundu zion Obadiasi Jainkoari errespetu handia izateak? Alde batetik, zintzoa eta konfiantzazkoa izaten lagundu zion. Ondorioz, Akab erregeak jauregizain izendatu zuen (Konparatu Nehemias 7:2). Bestalde, ausardia handia izaten lagundu zion. Ezaugarri hau beharrezkoa izan zitzaion Akab errege gaiztoaren garaian bizi izan zelako. Errege honek aurreko «guztiek baino okerrago jokatu zuen Jaunaren begietan» (1 Erg 16:30). Gainera, Baalen adoratzailea zen Akaben emaztea, Jezabel, Jehoba biziki gorroto zuenez, iparraldeko erreinuko adorazio garbia erabat ezabatzen saiatu zen. Ez hori bakarrik, emakume honek Jainkoaren profeta asko hil ere egin zituen (1 Erg 18:4). Dudarik gabe, Obadiasek garai zailetan zerbitzatu zuen Jehoba.
10. Nola erakutsi zuen Obadiasek ausardia handia?
10 Nola erakutsi zuen Obadiasek ausardia handia? Jezabel Jainkoaren profetak akabatu nahian hauen bila hasi zenean, Obadiasek honakoa egin zuen: 100 profeta gorde zituen leizeetan, «berrogeita hamarnako taldetan, ogiz eta urez janarituz» (1 Erregeak 18:13, 14). Jezabelek hau jakin izan balu, ziurrenik Obadias exekutatuko zuen. Noski, Obadias beldur zen, ez zuen hil nahi. Baina Jehoba eta bere zerbitzariak bere burua baino gehiago maite zituen.
11. Nola erakusten dute gaur egungo anai-arrebek Obadias bezalakoak direla? (Ikusi irudia ere)
11 Gaur egun, Jehobaren zerbitzari asko gure lana debekatuta dagoen tokietan bizi dira. Anai-arreba hauek, agintariei, hauei dagokien errespetua erakusten diete. Baina Obadiasek bezala, Jehobari, berari dagokiona ematen diote: erabateko debozioa. (Mt 22:21). Jainkoari errespetu handia diotela erakusten dute, gizakiak obeditu beharrean, Jainkoaren esana egitean (Eg 5:29). Nola betetzen dute hau? Berri onak zabaltzen jarraituz eta ezkutuan bileretara joanez (Mt 10:16, 28, NWT). Gainera, anai-arrebek hain beharrezkoa duten janari espirituala jasotzeaz ziurtatzen dira. Ikus dezagun Afrikako Henri izeneko anaiaren eredua. Denbora batez, bizi zen tokian gure lana debekatuta egon zenean, anai-arrebei argitalpenak banatzen lagundu zuen. Berak dio: «Lotsatia naizenez, ziur nago Jehobari diodan errespetu handiak behar nuen ausardia izaten lagundu zidala». Henri bezain ausarta izan zaitezkeela uste al duzu? Jainkoari diozun errespetu handia lantzen baduzu, lortuko duzu.
IZAN LEIALA JOIADA APAIZ NAGUSIA BEZALA
12. Nola erakutsi zuten Joiada apaiz nagusiak eta bere emazteak Jehobari guztiz leial zirela?
12 Joiada apaiz nagusiak Jehobari errespetu handia zionez, leial izan zen eta adorazio garbia bultzatu zuen. Hau argi geratu zen Jezabelen alabak, Ataliak, Judako tronua usurpatu zuenean. Jendeak Ataliaren beldur izateko arrazoi onak zituen. Emakume krudel hau, botere goseak bultzatuta, bere biloba guztiak hiltzen saiatu zen bera agintean egoteko! (2 Kro 22:10, 11). Horietako haur bat Joax izan zen. Baina, Joiadaren emazteak, Joxabatek, salbatu egin zuen. Bien artean haurra ezkutatu zuten, Dabiden familiako norbait errege izateko. Joiada Jehobari leial izan zen, eta ez zen Ataliaren aurrean inola ere kikildu (Es 29:25).
13. Joaxek zazpi urte zituenean, nola erakutsi zuen berriro ere Joiadak Jehobari leial zela?
13 Joaxek zazpi urte zituenean, Joiadak berriro ere Jehobari leial zela erakutsi zuen. Dabiden oinordetzarekin jarraitzeko helburuarekin, Joiadak plan bat prestatu zuen Joax errege izateko. Porrot egiten bazuen, Joiada ziurrenik hil egingo zuten. Baina Jehobaren bedeinkapenarekin plana ondo atera zen. Joiadak, leinuburu eta lebitarren laguntzarekin, Joax errege izendatu eta Atalia exekutatu zuen (2 Kro 23:1-5, 11, 12, 15; 24:1). Ondoren, «Joiadak ituna egin zuen Jaunaren eta errege eta herriaren artean, herri hura benetan Jaunaren herri izan zedin» (2 Erg 11:17). Gainera, «atezainak ere ezarriak zituen ateetan, kutsatua zegokeen inor inola ere sar ez zedin» (2 Kro 23:19).
14. Zer ohore jaso zuen Joiadak Jehoba ohoratzeagatik?
14 Jehobak honakoa esana zuen aurretik: «Ohoratzen nauena dut ohoratuko». Joiada saritu zuen, alegia (1 Sm 2:30). Adibidez, Jehobak Joiada apaiz nagusiari gertatutakoa gure ikaspenerako Biblian idatzia utzi zuen (Erm 15:4). Eta hil zenean, honako ohore paregabea jaso zuen: «Daviden Hirian lur eman zioten, erregeen ondoan, on handia egin baitzuen Israelen, Jainkoaren eta tenpluaren alde» (2 Kro 24:15, 16).
15. Zer ikasi dezakegu Joiadaren bizipenetik? (Ikusi irudia ere)
15 Joiadaren bizipenak asko lagundu gaitzake gutako guztioi Jehobari diogun errespetu handia lantzen. Adindunek Joiada imitatu dezakete erne segiz eta leialtasunez Jainkoaren artaldea babestuz (Eg 20:28). Adinekoek ere asko ikasi dezakete Joiadaren eredutik. Jehobari errespetu handia izatean eta leial mantentzean, Jehobak bere nahia betetzeko erabili ditzake; ez ditu baztertzen. Bestalde, gazteek Jehoba imitatu dezakete Joiada bezalako adineko anai-arrebak duintasunez eta errespetuz tratatuz; bereziki urte askotan Jehoba leialtasunez zerbitzatu dutenak (Es 16:31, NWT). Azkenik, gutako guztiok asko ikasi dezakegu Joiada lagundu zuten leinuburu eta lebitarrengandik. Leialtasunez lagundu ditzagun aurrea hartzen dutenak beraiek obedituz (Heb 13:17, NWT).
EZ IZAN JOAX ERREGEA BEZALA
16. Nola geratu zen Joax erregearen ahulezia agerian?
16 Joiadak eragin ona izan zuen Joax erregearengan (2 Erg 12:3 [12:2, NWT]). Horri esker, errege gazte honek Jehoba poztu nahi izan zuen. Baina Joiada hil ondoren, Joaxek buruzagi edo printze apostatak entzun zituen. Ondorioz, bera eta hiritarrak «zutoin sakratuei eta idoloei kultua ematen hasi ziren» (2 Kro 24:4, 17, 18). Jehobak, zeharo minduta, «profetak bidali zizkien beregana itzularazteko; baina, […] ez zieten entzun». Ez zuten Joiadaren semea zen Zakarias bera ere entzun. Zakarias Jehobaren profeta eta apaiz nagusia izateaz gain, Joaxen lehengusua ere bazen. Izan ere, Joax erregearen familiak bere alde egindako guztiagatik ez zuen esker onik erakutsi eta Zakarias hiltzea agindu zuen (2 Kro 22:11; 24:19-22).
17. Zer gertatu zitzaion Joaxi?
17 Joaxek Jehobari errespetu handia izateari utzi zionez, gorriak ikusi behar izan zituen. Izan ere, Jehobak hau esan zuen: «Gutxiesten nautenak, […] beheratu egingo ditut» (1 Sm 2:30). Beranduago, Siriako gudaroste txiki batek Joaxen «gudaroste handia» garaitu zuen eta «larriki zauritua utzi zuten» erregea. Siriarrek alde egin ondoren, Joaxen zerbitzariek bera hil egin zuten, aurretik Zakarias hiltzea agindu zuelako. Jendeak errege hau maltzurregia zela uste zuenez, «ez [zuen] erregeen hilobian» lurperatu (2 Kro 24:23-25; Ikusi Mateo 23:35, nwtsty aipuko ikasketarako oharra: «hijo de Baraquías» b).
18. Jeremias 17:7, 8 aipuaren arabera, zer egin dezakegu Joax bezalakoak ez izateko?
18 Zer ikasi dezakegu Joaxen eredutik? Bera makil baten sostengua behar duen eta sustrai txikiak dituen zuhaitz bat bezalakoa zen. Makilak, hau da, Joiadak, hil ondoren, bere aldamenean egoteari utzi zion eta apostasiaren haizea jotzen hasi zen. Ondorioz, Joax erori egin zen, hau da, Jehobari bizkarra eman zion. Zer irakasten digu honek? Jehobari diogun errespetua ez dela anai-arrebek eta familiak gugan duen eragin onean bakarrik oinarritu behar. Espiritualki indartsu mantentzeko, Jehobari diogun maitasuna eta errespetu handia sendotzen jarraitu behar dugu. Hau lortzeko, Biblia aztertu, hausnartu eta otoitz egin behar dugu erregularki (Irakurri Jeremias 17:7, 8; Kol 2:6, 7).
19. Zer egiteko eskatzen digu Jehobak?
19 Jehobak ez digu gauza askorik eskatzen. Kohelet 12:13 (EABLB) aipuak ederki laburbiltzen du: «Izan errespetu Jainkoarentzat eta begira haren manamenduak; hori baita jendeak egin behar duen guzia». Jehobari errespetu handia diogunean, etorkizunean zer gertatuko den axola gabe, Jehobari leial mantentzeko gai izango gara Obadias eta Joiada bezala. Ezerk ez du Jehobarekin dugun adiskidetasuna kaltetuko.
sjj 3. KANTA Gure indar, itxaropen eta konfiantza
a Biblian «beldur» hitzak esanahi zabala du. Testuinguruaren arabera, hitz honek esanahi desberdinak izan ditzake; adibidez, ikara, errespetua edo begirunea. Artikulu honek Jehobaren zerbitzuan ausardia eta leialtasuna izatera motibatuko gaituen beldur mota lantzen lagunduko digu.
b «fils de Barakia».
c IRUDIEN AZALPENAK: Antzezpena. Anaia batek janari espirituala banatzen du gure lana debekatuta dagoen toki batean.
d IRUDIEN AZALPENAK: Arreba heldu batek arreba gazte bat laguntzen du telefonoz predikatzen ikasi dezan. Adineko anaia batek ausardia erakusten du predikazio publikoan. Esperientzia duen anaia batek beste batzuk trebatzen ditu bilera aretoen mantenimendua nola egin erakutsiz.