26. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Jehobaren egunerako prest egoten jarraitu
«Jaunaren eguna ustekabean etorriko [da] […], lapurra gauez bezala» (1 TS 5:2).
sjj 143. KANTA Segi dezagun lanean
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1. Zer egin behar dugu Jehobaren egunetik bizirik ateratzeko?
BIBLIAK Jehobaren egunari buruz hitz egiten duenean, Jehobak bere etsaiak suntsitu eta bere herria salbatuko duen garaiaz ari da. Iraganean, Jehobak nazio batzuk zigortu zituen (Is 13:1, 6; Ez 13:5; So 1:8). Gaur egun, Jehobaren eguna Babilonia Handiaren erasoarekin hasi eta Harmagedon gerrarekin amaituko da. Orain prest egotea ezinbestekoa da «egun» honetatik bizirik atera nahi badugu. Jesusek larrialdi handirako prest egoteaz gain, egun honetarako prest egoten jarraitu behar dugula ere irakatsi zuen (Mt 24:21; Lk 12:40, NWT).
2. Zer probetxua atera ahal diogu 1 Tesalonikarrei liburuari?
2 Paulo apostoluak tesalonikarrei idatzitako lehen gutunean, hainbat konparaketa erabili zituen. Hauei esker, kristauek Jehobaren egunerako prest egoten jarraitu ahal izango zuten. Paulok bazekien Jehobaren eguna ez zela garai hartan iritsiko (2 Ts 2:1-3). Hala ere, anai-arrebei egun hau hurrengo egunean etorriko balitz bezala prestatzeko esan zien. Guk ere bere aholkua jarraitu dezakegu. Azter ditzagun Paulok hurrengo galderei buruz emandako azalpenak: 1) Nola iritsiko da Jehobaren eguna? 2) Nor ez da egun honetatik bizirik aterako? 3) Nola prestatu gaitezke bizirik ateratzeko?
NOLA IRITSIKO DA JEHOBAREN EGUNA?
3. Nola iritsiko da Jehobaren eguna lapurra gauez bezala? (Ikusi irudia ere)
3 «Lapurra gauez bezala» (1 Ts 5:2). Jehobaren egunaren etorrera deskribatzeko, hiru konparaketa erabiltzen dira, eta hau lehenengoa da. Lapurrak, normalean, gauez eta ziztu bizian ibiltzen dira; pertsonek gutxien espero dutenean. Jehobaren eguna ere bat-batean gertatuko da, jendea ezustean harrapatuz. Baliteke benetako kristauak ere harrituta geratzea gertaerak zein azkar doazen ikustean. Baina, gaiztoak ez bezala, ez gara suntsituak izango.
4. Nola izango da Jehobaren eguna haurdun dagoenaren erdiminak bezala?
4 «Haurdun dagoenari erdiminak bezala» (1 Ts 5:3). Haurdun dagoen ama batek ezin du jakin zein momentu zehatzean izango duen haurra. Baina, gertatu, gertatuko da; horretaz ziur dago. Gainera, momentu hura iristean, erditzea bat-batekoa, mingarria eta geldiezina izango da. Era berean, ez dakigu zein egun eta ordutan hasiko den Jehobaren eguna. Hala ere, honetaz ziur gaude: egun hau iritsiko dela eta gaiztoek jasoko duten zigorra bat-batekoa eta saihetsezina izango dela.
5. Nola izango da larrialdi handia egunsentia bezala?
5 Egunsentia bezala. Pauloren hirugarren konparaketan, berriro ere, gauez osten duten lapurrak aipatzen dira. Baina oraingo honetan, Paulok dirudienez egunsentiarekin konparatu zuen Jehobaren eguna (1 Ts 5:4). Gauez ibiltzen diren lapurrei, agian, denbora konturatu gabe joaten zaie, goizeko egunsentiak saltsaren erdian harrapatuz. Era berean, lapurrak bezala iluntasunean jarraitzen dutenak agerian jarriko ditu larrialdi handiak, hauek Jehobari atsegin ez zaizkion gauzak egiten jarraitzen baitute. Beraiek ez bezala, Jehobari gustatzen ez zaiona baztertzean eta «onginahia, zintzotasuna [edo justizia, NWT] eta egia» bilatzean, prest gaudela erakusten dugu (Ef 5:8-12). Paulok beste bi konparaketa erabili zituen bizirik aterako ez zirenak nortzuk izango ziren deskribatzeko.
NOR EZ DA JEHOBAREN EGUNETIK BIZIRIK ATERAKO?
6. Zer zentzutan dago lotan jende gehiena? (1 Tesalonikarrei 5:6, 7)
6 «Lo egiten duten[ak]» (Irakurri 1 Tesalonikarrei 5:6, 7). Jehobaren egunetik bizirik aterako ez direnak lotan daudenekin konparatu zituen Paulok. Ez dira beraien inguruan gertatzen denaz konturatzen, ezta denbora aurrera doanik ere. Horregatik, zerbait inportantea gertatzean, ez dira ohartzen eta ezin dute neurririk hartu. Gaur egun, jende gehiena lotan dago espiritualki (Erm 11:8). Argi dago «azken garaietan» bizi garela eta larrialdi handia laster iritsiko dela. Baina, ez diete ebidentziei jaramonik egiten. Munduko aldaketa handien aurreran, batzuek Erreinuaren mezuan interesa erakusten dute. Hala ere, pertsona asko lotara bueltatzen dira, esna mantendu beharrean. Eta epai egun batean sinesten duten batzuek ere, egun hura oraindik urrun dagoela uste dute (2 P 3:3, 4). Guk, aldiz, egunetik egunera esna mantentzea gero eta garrantzitsuagoa dela uste dugu.
7. Zer zentzutan dira mozkorren pareko Jainkoa haserrarazten dutenak?
7 «Mozkorrak». Jainkoak suntsituko dituenak mozkorrekin konparatu zituen Paulo apostoluak. Alkoholaren menpe daudenak ez dira inguruan gertatzen denari azkar erantzuteko gai, eta erabaki kaskarrak hartzen dituzte. Era berean, gaiztoek ez diete Jainkoaren ohartarazpenei kasurik egiten, eta suntsipenera doan bizimodua aukeratzen dute. Baina, Bibliak zentzu ona izatea eta argi pentsatzea eskatzen digu (1 Ts 5:6). Biblia aditu baten arabera, neurritsua denak «kalma mantentzen du eta ez du ikarak jotzen; argi pentsatzeko gai da, erabaki egokiak hartuz». Orduan, zergatik da ezinbestekoa kalma mantentzea eta izuak ez jotzea? Gaur egungo arazo politiko eta sozialetan murgildu ez gaitezen. Jehobaren eguna gerturatu ahala, arlo hauetan parte hartzeko presioa handitzen joango da. Hala ere, ez dugu kezkatu beharrik. Jainkoaren espirituak izuak jo gabe kalma mantentzen eta erabaki zuhurrak hartzen lagundu gaitzake (Lk 12:11, 12).
NOLA PRESTATU GAITEZKE JEHOBAREN EGUNETIK BIZIRIK ATERATZEKO?
8. 1 Tesalonikarrei 5:8aren arabera, zer ezaugarrik lagundu gaitzakete esna mantentzen eta zentzu ona izaten? (Ikusi irudia ere)
8 Ipini bularrekoa eta kaskoa. Paulok erne eta borrokarako prest dauden soldaduekin konparatzen gaitu (Irakurri 1 Tesalonikarrei 5:8). Gerra garaian, soldadu batek borrokarako prest egon behar du. Gu ere Jehobaren egunerako prest egoten jarraitzen dugu fedearen eta maitasunaren bularrekoa, eta itxaropenaren kaskoa ipintzen dugunean. Ezaugarri hauek biziki lagundu gaitzakete.
9. Nola babesten gaitu fedeak?
9 Bularrekoak soldaduaren bihotza babesten du. Era berean, fedeak eta maitasunak gure bihotz figuratiboa babesten dute. Ezaugarri hauek Jehobaren zerbitzuan mantentzen eta Jesus jarraitzen lagunduko digute. Fedeak hau ziurtatzen digu: Jehoba bihotz osoz bilatzen badugu, berak sarituko gaituela (Heb 11:6). Gainera, zailtasunak izan arren, gure Buruzagi den Jesusi leial izaten jarraitzera bultzatzen gaitu. Nola sendotu dezakegu gure fedea zailtasunen aurrean? Pertsekuzioa eta arazo ekonomikoak jasan arren, integritateari eutsi dioten anai-arreben ereduetatik ikasiz. Bestalde, Erreinuari lehentasuna emateko helburuarekin euren bizitza sinplifikatu duten anai-arrebak imitatu ditzakegu. Honek materialismoaren tranpan ez erortzen lagundu gaitzake. b
10. Nola laguntzen digu predikazioan irauten Jainkoari eta lagun hurkoari diegun maitasunak?
10 Maitasuna ere ezinbestekoa da esna mantentzeko eta zentzu ona izaten jarraitzeko (Mt 22:37-39). Predikatzeagatik arazoak jasan arren, Jainkoari diogun maitasunak irauten laguntzen digu (2 Tm 1:7, 8). Jehoba zerbitzatzen ez dutenak ere maite ditugula erakusten dugu predikatzen jarraituz, telefonoz eta gutunez bada ere. Pertsonek egunen batean euren bizimodua aldatu eta zuzen jokatu dezakete. Horregatik, ez dugu esperantzarik galtzen (Ez 18:27, 28).
11. Nola laguntzen digu anai-arrebei diegun maitasunak? (1 Tesalonikarrei 5:11)
11 Gure anai-arrebak ere maite ditugu. «Elkar animatzen» eta «sendotzen» dugunean, maitasuna erakusten dugu (Irakurri 1 Tesalonikarrei 5:11, NWT c). Soldaduak elkarren ondoan borrokan aritzen diren bezala, guk ere elkar animatzen dugu. Egia da borrokaren erdian soldadu batek bere soldadu kidea nahi gabe zauritu dezakeela. Baina, ez luke inoiz nahita egingo. Modu berean, ez ditugu gure anai-arrebak nahita inoiz minduko, ezta beraiei gaitzik gaitz orde itzuliko ere (1 Ts 5:13, 15). Bestalde, maitasuna erakusteko beste modu bat kongregazioan aurrea eramaten duten anaiak errespetatzea da (1 Ts 5:12). Paulok gutun hau idatzi zuenean, Tesalonikako kongregazioak urtebete baino gutxiago zuen. Ziurrenik, bertako adindunek ez zuten esperientzia handirik izango eta akatsak egingo zituzten. Hala ere, errespetua merezi zuten. Larrialdi handia gerturatu ahala, agian inoiz baino gehiago behar izango dugu kongregazioko adindunen gida. Baliteke egoitza nagusia eta sukurtsalarekin kontaktua galtzea. Horregatik da hain garrantzitsua orain gure adindunak maitatzen eta errespetatzen ikastea. Gertatzen dena gertatzen dela, zer egin dezakegu zentzudun izaten jarraitzeko? Jehobak Kristoren bidez anaia leial hauek gidatzen dituela kontuan izan. Honetan jarri behar dugu arreta, eta ez beraien inperfekzioetan.
12. Nola babesten du itxaropenak gure pentsaera?
12 Kaskoak soldadu baten burua babesten duen bezala, itxaropenak gure pentsaera babesten du. Itxaropen sendoa dugunean, mundu honek eskaintzen digunak ez duela ezertarako balio konturatzen gara (Flp 3:8). Esperantzak lasai egoten eta emozioak kontrolpean mantentzen laguntzen digu. Afrikan zerbitzatzen duten Wallace eta Laurinda-k hala dela sentitu zuten. Hiru astetan bakarrik, bakoitzak gurasoetako bat galdu zuen heriotzean. COVID-19 pandemiagatik ezin izan zuten etxera itzuli familiarekin egoteko. Wallace-k dio: «Berpizkundearen esperantzak beraiengan pentsatzen laguntzen dit. Beraien azken egunetan nola zeuden pentsatu beharrean, mundu berrian berpiztuak izango diren unean nola egongo diren pentsatzen dut. Triste nagoenean edo beraien falta sumatzean, esperantza honek lasaitu egiten nau».
13. Zer egin dezakegu espiritu santua jasotzeko?
13 «Ez itzali espirituaren indarra [edo sua, NWT]» (1 Ts 5:19). Paulo apostoluak espiritu santua gure barnean dagoen suarekin konparatu zuen. Jainkoaren espiritua dugunean, ondo dagoenagatik gogo bizia sentitzen dugu eta Jehobaren zerbitzuan lanean aritzeko motibazioa dugu (Erm 12:11, NWT). Zer egin dezakegu espiritu santua jasotzeko? Otoitzean eskatu, Jainkoaren Hitza aztertu eta bere erakundearen jardueretan parte hartu. Hau egiteak «espirituaren fruitua» lantzen lagunduko digu (Ga 5:22, 23).
14. Zer baztertu behar dugu Jainkoaren espiritu santua jasotzen jarraitzeko? (Ikusi irudia ere)
14 Jainkoaren espiritua jaso ondoren, kontuz ibili behar gara bere espirituaren sua itzali ez dadin. Pentsaera eta jokabide garbia izaten jarraitzen dutenei bakarrik ematen die Jehobak bere espiritua. Baina, pentsamendu zikinak izaten jarraitzen badugu eta hauen arabera jokatzen badugu, bere espiritua emateari utziko digu (1 Ts 4:7, 8). Espiritu santua jasotzen jarraitzeko, honakoa ere egin behar dugu: «Ez gutxietsi profezi dohainik» (1 Ts 5:20). Bertset honetan, profeziak Jehobak bere espirituaren bidez ematen dituen mezuak dira. Hauen barne, Jehobaren egunarekin eta gaur egungo garaiak duen premiarekin lotutako mezuak daude. Beraz, ez dugu pentsatzen Jehobaren eguna, hau da, Harmagedon, gure garaian iritsiko ez denik. Horren ordez, laster iritsiko dela espero dugu eta, bitartean, jokabide zuzena izaten jarraitzen dugu. Horregatik, «Jainkoari debozioa adierazten dioten ekintzak» egiten ditugu egunero (2 P 3:11, 12, NWT).
«GAUZA GUZTIEZ ZIURTATU»
15. Zer egin dezakegu informazio faltsuak eta deabruen propagandak gu ez engainatzeko? (1 Tesalonikarrei 5:21)
15 Hemendik gutxira, Jainkoaren aurkariek, era batera edo bestera, hurrengo adierazpena egingo dute: «Bakea eta segurtasuna!» (1 Ts 5:3). Deabruek inspiratutako propagandarekin beteko da lurra, gehiengoak engainatuz (Ap 16:13, 14). Eta gu, engainatuak izango al gara? Ez, gauza guztiez ziurtatzen bagara (Irakurri 1 Tesalonikarrei 5:21, NWT d). «Gauza guztiez ziurtatu» bezala itzulitako hitz grekoak urrea eta zilarra bezalako metalak benetakoak zirela ziurtatzeko erabiltzen zen modua deskribatzen du. Era berean, entzun edo irakurtzen duguna egiazkoa den ziurtatu behar dugu. Tesalonikarrentzat hau egitea inportantea zen; eta are gehiago guretzat, larrialdi handia hain gertu dagoela jakinda. Besteek esaten duten guztia sinetsi beharrean, gure pentsatzeko gaitasuna erabiltzen dugu. Nola? Irakurtzen edo entzuten duguna Bibliak eta Jehobaren erakundeak esaten duenarekin konparatuz. Hau egiten badugu, deabruen propagandak ez gaitu engainatuko (Es 14:15; 1 Tm 4:1).
16. Zer itxaropen ziurra dugu, eta zer egitera bultzatzen gaitu?
16 Talde bezala, Jainkoaren zerbitzariak larrialdi handitik bizirik aterako dira. Hala ere, ez dakigu gutako bakoitzari zer gertatuko zaion biharamunean (St 4:14). Dena dela, larrialdi handitik bizirik ateratzen edota hau iritsi baino lehenago hiltzen bagara, leial mantenduz gero, betirako bizia jasoko dugu. Gantzutuak Jesu Kristorekin egongo dira zeruan, eta beste ardiak lurreko paradisuan. Beraz, jarri dezagun arreta gure itxaropen paregabean eta jarrai dezagun prest egoten Jehobaren egunerako!
sjj 150. KANTA Jehoba da gure salbatzailea
a 1 Tesalonikarrei 5. kapituluan, Jehobaren egunaz ikasteko hainbat konparaketa azaltzen dira. Zer da «egun» hau, eta nola iritsiko da? Nor aterako da bizirik, eta nor ez? Nola prestatu gaitezke egun honetarako? Artikulu honetan Paulo apostoluaren hitzak eta galdera hauen erantzunak aztertuko ditugu.
b Ikusi «Gogo onez eskaini zuten euren burua» artikulu sorta.
c 1 Tesalonikarrei 5:11, NWT: «Horregatik, segi elkar animatzen eta batak bestea sendotzen, dagoeneko egiten ari zareten bezala».
d 1 Tesalonikarrei 5:21, NWT: «Gauza guztiez ziurtatu; eutsi tinko on denari».