46. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Nola ziurtatu du Jehobak paradisuaren promesa beteko duela?
«Eta izen onetan bedeinkatua dena lurraren gainean, Jaungoiko egiazkoak bedeinkatua izango da» (IS 65:16, Ur).
sjj 3. KANTA Gure indar, itxaropen eta konfiantza
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1. Zer mezu eman zien Isaias profetak israeldarrei?
ISAIAS profetak egiazko Jainko bezala deskribatzen du Jehoba. «Egia» bezala itzulitako hitzak literalki «amen» esan nahi du (Is 65:16, NWT, oharra). «Amen» hitzak «hala izan bedi» edo «ziur baietz» esan nahi du. Biblian, Jehoba edo Jesusi buruz hitz egiterakoan «amen» hitza erabiltzen denean, zerbait egia dela ziurtatu nahi da. Horregatik, Isaiasek israeldarrei emandako mezua argia izan zen: Jehobak aurresaten duen guztia fidagarria da beti. Izan ere, Jehobak hau hala dela frogatu du, bere promes guztiak bete baititu.
2. Zergatik izan dezakegu konfiantza Jehobak etorkizunerako egin dizkigun promesetan, eta zer galdera aztertuko ditugu?
2 Konfiantza bera izan al dezakegu Jehobak etorkizunerako egin dituen promesen inguruan? Isaiasek hitz horiek esan eta 800 urte inguru beranduago, Paulo apostoluak Jainkoaren promesak zergatik diren beti fidagarriak azaldu zuen, honakoa esanez: «Jainkoak ez dezake gezurrik esan» (Heb 6:18). Iturri batetik ur geza eta aldi berean gazia atera ezin den bezala, Jehobak, egiaren Iturriak, ezin du gezurrik esan. Horregatik izan dezakegu konfiantza osoa Jehobak esaten duen guztian, baita etorkizunarekin lotutako promes guztietan ere. Artikulu honetan, hurrengo galderak aztertuko ditugu: Zer promestu digu Jehobak etorkizunerako? Eta nola egon gaitezke ziur Jehobak promestutakoa beteko duela?
ZER PROMESTU DU JEHOBAK?
3. a) Zer promes estimatzen dugu Jainkoaren zerbitzariok? (Apokalipsia 21:3, 4) b) Nola erantzuten dute batzuek promes honi buruz hitz egiten diegunean?
3 Artikulu honetan, Jainkoaren zerbitzari guztiok asko estimatzen dugun promes bat aztertuko dugu (Irakurri Apokalipsia 21:3, 4). Jehobak honakoa promestu digu: «Ez da gehiago heriotzarik izango, ez dolurik, ez negarrik, ez nekerik». Gutako askok bertset hauek eremuko jendeari kontsolamendua emateko eta paradisuan bizitza nolakoa izango den azaltzeko erabiltzen ditugu. Nola erantzuten dute batzuek promes hauei buruz hitz egiten diegunean? Agian, honakoa esaten digute: «Hau egia izateko onegia da».
4. a) Zer zekien Jehobak aldez aurretik? b) Promes bat egiteaz gain, zer gehiago egin zuen Jehobak?
4 Jehobak Joan apostoluari paradisuaren promesari buruz idazteko esan zionean, Berak dagoeneko bazekien gaur egun Erreinuaren mezua predikatzean besteei esperantza honi buruz hitz egingo geniela. Jehobak bazekien ere askorentzat zaila izango zela etorkizunean «gauza berri» hauek gertatuko zirela sinestea (Is 42:9; 60:2; 2 Ko 4:3, 4). Beraz, nola lagundu ahal diegu besteei Apokalipsia 21:3, 4ko bedeinkapenetan konfiantza izaten? Eta nola sendotu dezakegu guk Jehobarengan eta bere promesetan dugun konfiantza? Jehobak promes hau egiteaz gain, bere hitza beteko duela ziur egoteko arrazoi onak eman dizkigu. Zeintzuk dira arrazoi hauek?
JEHOBAK BERE PROMESA BETEKO DUELA ZIURTATU DU
5. Zer arrazoi ditugu Jainkoak paradisuari buruz egin duen promesean konfiantza izateko, eta non aurkitu ditzakegu arrazoi hauek?
5 Hurrengo bertsetetan, Jehobak paradisuari buruz egin duen promesean konfiantza izateko arrazoiak aurkitzen ditugu. Honela diote: «Eta tronuan eserita zegoenak esan zuen: “Begira! Gauza guztiak berriak egiten ari naiz”. Gainera, esan zuen: “Idatzi, hitz hauek fidagarriak eta egiazkoak baitira”. Eta berak esan zidan: “Dagoeneko gertatu dira! Neu naiz Alfa eta Omega, hasiera eta amaiera”» (Ap 21:5, 6a, NWT).
6. Zergatik sendotzen du Jainkoaren promesean dugun konfiantza Apokalipsia 21:5, 6an aurkitzen dugun ziurtapenak?
6 Zergatik sendotzen du pasarte honek Jainkoaren promesean dugun konfiantza? Apocalipsis liburuak honakoa azaltzen du bertset hauei buruz: «Etorkizunerako bedeinkapen hauen inguruan, Jehoba bera gizaki leialen alde garantia edo jabetza eskritura bat sinatzen ariko balitz bezala da». b Jainkoaren promesa Apokalipsia 21:3, 4an azaltzen da. Eta, ondoren, 5 eta 6 bertsetetan, nolabait esateko, Jehobaren sinadura aurkitzen dugu, bere promesa fidagarria dela ziurtatuz. Azter dezagun orain zer hitz erabiltzen dituen Jehobak berarengan konfiantza izan dezakegula ziurtatzeko.
7. Nor hasten da hitz egiten 5. bertsetean, eta zergatik da hau aipagarria?
7 Jainkoak sinatutako garantia hitz hauekin hasten da: «Tronuan eserita zegoenak esan zuen» (Ap 21:5a, NWT). Hitz hauek aipagarriak dira Apokalipsia liburuan Jehobak berak hiru aldiz bakarrik hitz egiten duelako; eta hau horietako bat da. Beraz, Jehoba da hau ziurtatu duena, eta ez aingeru boteretsu bat, ezta berpiztutako Jesus ere! Honek bertset hauen ondorengo hitzetan konfiantza osoa izan dezakegula erakusten digu. Zergatik? Jehoba «gezurrik ez dioen Jainkoa» delako (Tt 1:1-2 [1:2, NWT]).
«BEGIRA! GAUZA GUZTIAK BERRIAK EGITEN ARI NAIZ»
8. Nola azpimarratzen du Jehobak bere promesa ziurra dela? (Isaias 46:10)
8 Ondoren, Jehobak honakoa esaten du: «Begira!» (Ap 21:5, NWT). «Begira!» bezala itzulitako hitz grekoa askotan erabiltzen da Apokalipsia liburuan. Kontsulta liburu batek honakoa dio harridura-hitz honi buruz: «Irakurlearen arreta ondoren datozen hitzetan jartzeko erabiltzen da». Zeintzuk dira ondoren datozen hitz hauek? Ikusi Jainkoak dioena: «Gauza guztiak berriak egiten ari naiz». Fijatu zaitez Jainkoak «gauza guztiak berriak egiten ari naiz» esaten duela, eta ez «gauza guztiak berriak egingo ditut». Zergatik? Berarentzat promes hau guztiz erreala delako. Beraz, Jehobak aldaketa hauetaz orain gertatzen ariko balira bezala hitz egiten du, nahiz eta aldaketa hauek etorkizunean gertatuko diren (Irakurri Isaias 46:10).
9. a) «Gauza guztiak berriak egiten» esamoldeak Jehobak egingo dituen zer bi gauza aipatzen ditu? b) Zer gertatuko zaie oraingo «zeru» eta «lurra[ri]»?
9 Azter dezagun Apokalipsia 21:5 (NWT) aipuko hurrengo esaldia: «Gauza guztiak berriak egiten». Bibliako kapitulu honetan, esaldi honek Jehobak egiten dituen bi gauza aipatzen dira: ordezkatu eta berritu. Hasteko, zer ordezkatuko du Jehobak? Honakoa irakurtzen dugu Apokalipsia 21:1ean: «Suntsituak baitziren lehenengo zerua eta lehenengo lurra». «Lehenengo zerua» Satanas eta bere deabruen eraginpean dauden gobernuak dira (Mt 4:8, 9; 1 Jn 5:19). Biblian, «lur» hitzaz hitz egitean, gizakiari egin ohi zaio erreferentzia (Has 11:1, NWT; Sal 96:1). Beraz, «lehenengo lurra» gaur egungo gizarte gaiztoa da. Jehobak ez ditu oraingo «zerua» eta «lurra» besterik gabe birmoldatu edo konponduko. Horren ordez, guztiz ezabatuko ditu, hauek ordezkatuz. Oraingo zerua eta oraingo lurra «zeru berri […] eta lur berri» batzuekin ordezkatuko ditu, hau da, gobernu berri eta gizarte berri batekin.
10. Zer gauza egingo ditu Jehobak berri?
10 Apokalipsia 21:5 (NWT) bertsetean, Jehobak egingo dituen gauza berriei buruz irakurtzen dugu. Ikusi hurrengoa: Jehobak ez du «gauza berri guztiak egiten ari naiz» esan, «gauza guztiak berriak egiten ari naiz» baizik. Zer zentzutan egingo ditu berri Jehobak lurra eta gizakiak? Hauek egoera perfektu batera eramanez. Isaiasek aurresan bezala, Jehobak lur osoa lorategi bihurtuko du, Edengoa bezalakoa. Gainera, gutako bakoitza erabat sendatuz egingo gaitu berri. Herrenak, itsuak eta gorrak sendatuko ditu, eta hildakoak ere berpiztu egingo ditu (Is 25:8; 35:1-7).
«HITZ HAUEK FIDAGARRIAK ETA EGIAZKOAK [DIRA]. […] DAGOENEKO GERTATU DIRA!»
11. Zer agindu eman zion Jehobak Joani, eta zergatik?
11 Zer gehiago ziurtatzen digu Jainkoak? Honakoa esan zion Jehobak Joani: «Idatzi, hitz hauek fidagarriak eta egiazkoak baitira» (Ap 21:5, NWT). Jehobak ez zion «idatzi» agindua bakarrik eman. Arrazoi bat ere eman zion, honakoa esanez: «Hitz hauek fidagarriak eta egiazkoak baitira». Zenbat eskertzen dugun Joanek «idatzi» agindua obeditu izana! Honi esker, paradisuaren promesari buruz irakurtzeaz gain, jasoko ditugun bedeinkapen zoragarrietan hausnartu dezakegu.
12. Zergatik esan zituen Jehobak «dagoeneko gertatu dira!» hitzak?
12 Zer dio ondoren Jainkoak? «Dagoeneko gertatu dira!» (Ap 21:6, NWT). Hemen, Jehobak paradisuari buruz promestutako gauza guztiak dagoeneko gertatu izan balira bezala hitz egiten du. Zergatik hitz egiten du modu honetan? Ezerk ezin duelako bere helburua betetzea geldiarazi. Ondoren, Jehobak bere promesa dudarik gabe beteko duela ziurtatzen duen beste zerbait esaten du.
«NEU NAIZ ALFA ETA OMEGA»
13. Zergatik egin zuen Jehobak «neu naiz Alfa eta Omega» adierazpena?
13 Aurretik aipatu bezala, Jehobak hiru aldiz hitz egin zuen Joanek izandako ikuskarietan (Ap 1:8; 21:5, 6, NWT; 22:13). Aldi bakoitzean, Jehobak adierazpen bera egiten du: «Neu naiz Alfa eta Omega». Alfa letra alfabeto grekoaren lehenengoa da eta omega letra, berriz, azkena. Bere burua «Alfa eta Omega» bezala deskribatzean, Jehobak zerbait hasten duenean arrakastaz amaituko duela adierazten du.
14. a) Noiz esan zuen Jehobak «Alfa», eta noiz esango du «Omega»? Azaldu. b) Zer ziurtatzen digu Hasiera 2:1-3 pasarteak?
14 Jehobak Adam eta Eba sortu ondoren, gizakientzako eta lurrarentzako hasierako helburua azaldu zuen. Bibliak honela dio: «Bedeinkatu egin zituen, esanez: “Sor itzazue umeak eta ugaldu, bete lurra eta izan haren nagusi”» (Has 1:28). Momentu hartan, Jehobak gizakientzako eta lurrarentzako helburua zein zen esan zuen. Hori izan zen hasiera, edo Jehobak nolabait «Alfa» esan zuen momentua. Etorkizunean, bere helburua guztiz betetzean, eta Adam eta Ebaren ondorengo leialek lurra bete eta hau paradisu bihurtzean, Jehobak nolabait «Omega» esango du. Jehobak «zeru-lurrak eta berauetan dagoen guztia» sortzen amaitu zuen ondoren, bere helburua burutuko zuela ziurtatu zuen. Ziurtapen hau Hasiera 2:1-3 pasartean aurkitu dezakegu (Irakurri). Bestalde, Jehobak zazpigarren eguna sakratua zela esan zuen. Zer esan nahi du honek? Jehobak gizakientzat eta lurrarentzat duen helburua zazpigarren egunaren amaieran guztiz beteko dela.
15. Zergatik pentsatuko zuen beharbada Satanasek Jehobaren helburua zapuztu ahal izango zuela?
15 Adam eta Eba Jehobaren aurka matxinatu ondoren, bekatari bihurtu ziren eta beraien ondorengoei bekatua eta heriotza pasa zieten (Erm 5:12). Ondorioz, Satanasek Jehobak lurra gizaki leial eta perfektuz betetzeko zuen helburua zapuztu zuela eman zezakeen. Hala izan balitz, Jehobak ezingo zuen «Omega» esan. Satanasek, beharbada, Jehobak bere promesari eusteko aukera gutxi zituela pentsatu zuen. Aukera bat Jehobak Adam eta Eba suntsitu eta bere helburua betetzeko beste bikote perfektu bat sortzea zen. Baina hori egin izan balu, Deabruak gezurti izateaz salatu ahal izango zuen Jehoba. Zergatik? Hasiera 1:28 bertsetaren arabera, Jehobak Adam eta Ebari lurra beraien ondorengoek beteko zutela esan zielako.
16. Zergatik pentsatu zezakeen Satanasek porrot egiteaz salatu ahal izango zuela Jehoba?
16 Jehobak zer beste aukera izan zezakeela pentsatu zuen beharbada Satanasek? Adam eta Ebari haurrak edukitzen uztea, nahiz eta hauek ezin izango zuten inoiz perfektuak izan (Koh 7:20; Erm 3:23). Kasu horretan, Deabruak porrot egiteaz salatu ahal izango zuen Jehoba. Zergatik? Jehobak hori egin izan balu, ezin izango zuelako bere helburua bete, hau da, ezin izango zuen lurreko paradisua Adam eta Ebaren ondorengo perfektu eta leialez bete.
17. Nola konpondu zuen Jehobak Satanasen eta lehenengo gizakien matxinada, eta zer emaitzarekin? (Ikusi irudia ere)
17 Jehobak Satanasen eta lehenengo gizakien matxinada konpontzeko moduak, ziurrenik, hitzik gabe utziko zuen Satanas (Sal 92:6 [92:5, NWT]). Jehobak Adam eta Ebari seme-alabak edukitzen utzi zien. Horrela, Jehobaren hitzak bete ahal izan ziren, gezurti bat ez zela frogatuz. Jehobak zerbait egingo duela esaten duenean, ezerk ezin duela Bera geldiarazi erakutsi zuen. Gainera, bere helburua beteko zuela ziurtatu zuen. Nola? Adam eta Ebaren ondorengo leialak salbatuko zituen «ondorengotza» bat prestatuz (Has 3:15; 22:18). Ondorengotza honek bere bizia erreskate moduan emango zuen gizakien alde. Jehobak egindako erreskatearen antolaketa honek ziurrenik Satanas harri eta zur utziko zuen! Zergatik? Antolaketa hau berekoikeriarik gabeko maitasunean oinarrituta dagoelako (Mt 20:28; Jn 3:16). Ezaugarri hau ez da Satanasen izaera berekoiaren parte. Eta, zer gertatuko da erreskatearen antolaketari esker? Kristoren mila urteko erregetzaren amaieran, Jehobak hasieran zuen helburuarekin bat eginik, Adam eta Ebaren ondorengo leial eta perfektuak lurreko paradisuan biziko dira. Garai hartan, Jehobak «Omega» esango balu bezala izango da.
NOLA SENDOTU GURE KONFIANTZA PARADISUAREN PROMESEAN
18. Zer hiru arrazoi ematen dizkigu Jehobak bere promesa beteko dela ziurtatzeko? (Ikusi « Jehobaren promesean konfiantza izateko hiru arrazoi» taula)
18 Artikulu honetan, lurra paradisu bihurtuko dela ziurtasun osoz sinesteko arrazoiak aztertu ditugu. Baina, zer esan dezakegu besteek Jainkoaren promes hau dudan jartzen badute? Lehenik, Jehoba bera dela promes hau egiten duena. Apokalipsia liburuak dio: «Tronuan eserita zegoenak esan zuen: “Begira! Gauza guztiak berriak egiten ari naiz”». Berak bere promesa betetzeko jakinduria, boterea eta desira ditu. Bigarrenik, Jehobak bere promesa beteko duen ziurtasun osoa duela. Horregatik, dagoeneko gertatu izan balitz bezala hitz egiten du: «Hitz hauek fidagarriak eta egiazkoak [dira]. […] Dagoeneko gertatu dira!». Hirugarrenik, ezerk ezin duela Jehobak hasitakoa geldiarazi. Horregatik dio berak: «Neu naiz Alfa eta Omega». Horrela, Jehobak Satanas gezurti huts bat dela eta porrot egin duela frogatuko du.
19. Zer egin dezakezu jendeak Jainkoaren paradisuaren promesa zalantzan jartzen duenean?
19 Gogoan izan predikazioan besteei Jainkoaren promesei buruz hitz egiten diezun bakoitzean, Jehobaren promesetan duzun konfiantza sendotuko duzula. Beraz, Apokalipsia 21:4 bertseta irakurtzen duzun hurrengo aldian norbaitek «hau egia izateko onegia da» esaten badizu, zer egin dezakezu? Zergatik ez dituzu 5 eta 6 bertsetak irakurri eta azaltzen? Erakutsi Jehobak, nolabait esateko, bere sinadura erabiliz nola ziurtatu duen bere promesa beteko duela (Is 65:16).
sn 19. KANTA Jainkoak promestutako paradisua
a Jehobak paradisuaren promesa beteko duela ziurtatu digu. Artikulu honetan, ziurtapen hau aztertuko dugu. Ziurtasun honi buruz besteei hitz egiten diegun bakoitzean, Jehobaren promesetan dugun konfiantza sendotzen dugu.