Irakurleen galderak
Zer esan nahi zuen Jesusek «ez pentsa munduari bakea ekartzera etorria naizenik» esan zuenean?
Jesusek mezu baketsu bat zabaldu zuen. Hala ere, behin, hau esan zien bere apostoluei: «Ez pentsa munduari bakea ekartzera etorria naizenik; bakea ez, baina banaketa ekartzera etorria naiz. Bai, semea aitarengandik, alaba amarengandik eta erraina amaginarrebagandik banatzera etorri naiz» (Mt 10:34, 35). Zer esan nahi zuen Jesusek?
Jesusek ez zituen familiako kideak batak besteengandik banandu nahi. Baina bazekien bere irakaskuntzak familia askotan banaketak sortuko zituela. Horregatik, Jesu Kristoren ikasle izan eta bataiatu nahi zutenek, hartutako erabakiaren ondorioetan ondo pentsatu behar zuten. Senar, emazte edo beste familiakide baten oposizioa jasaten bazuten, erronka handia izan zitekeen Jesusen irakaspenei leial izaten jarraitzea.
Bibliak «bakean guztiekin» egoteko aholkua ematen digu (Erm 12:18). Baina familia batzuetan, Jesusen irakaspenak «ezpata» bat bezalakoak izan daitezke. Norbaitek Jesusen mezua onartu eta familiakoak kontra jartzen direnean gertatzen da hori. Kasu honetan, etxekoak egia ikasten ari denaren «etsai» bihurtzen dira (Mt 10:36).
Jesu Kristoren jarraitzaileak izateagatik etxean arazoak dituztenek, egoera zailak izaten dituzte. Egoera batzuek Jehoba eta Jesusi dioten maitasuna probapean jartzen dute. Adibidez, jai egun erlijioso bat ospatzeko presioa izan dezakete senideen partetik. Horrelakoetan nori egingo diote kasu? Jesusek esan zuen: «Aita nahiz ama ni baino maiteago duena ez da niretzat gai» (Mt 10:37). Noski, Jesusek ez zuen esan nahi bere jarraitzaile izateko gurasoak gutxiago maitatu behar zituztenik. Horren ordez, beraien bizitzan inportanteena zer izan behar zen azpimarratu nahi zien. Nahiz eta gure familia Jehoba adoratzeko egiten ditugun ahaleginen aurka egon, beraiek maitatzen jarraituko dugu. Baina garbi utziko dugu Jehoba inor baino gehiago maite dugula.
Zalantzarik gabe, familiaren oposizioa jasatea oso gogorra da. Baina Jesusen jarraitzaileek hitz hauek dituzte gogoan: «Bere gurutzea [torturarako habea, NWT] hartu eta jarraitzen ez didana ez da niretzat gai» (Mt 10:38). Hau da, kristauak familiaren oposizioa onartzeko prest daude, badakitelako Jesu Kristoren jarraitzaile izateagatik horrelako gauzak sufritu beharko dituztela. Aldi berean, ez dute itxaropena galtzen eta, beraien jokabide onari esker, familiakideek ikuspuntua aldatzea eta Bibliari buruz ikasi nahi izatea espero dute (1 P 3:1, 2).