Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

36. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Jehobaren herriak zuzentasuna maite du

Jehobaren herriak zuzentasuna maite du

«Zorionekoak zuzentasunaren gose-egarri direnak» (MT 5:6, oharra).

sn 46. KANTA Jehoba dugu Errege!

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zer tentaldi izan zuen Josek eta nola jokatu zuen?

 JOSEK, Jakoben seme batek, tentaldi bati aurre egin behar izan zion. «Zatoz nirekin ohera», esan zion emakume batek. Potifarren, bere nagusiaren emaztea zen. Josek ezetz esan zion. Agian, norbaitek pentsa dezake: «Baina, zergatik?». Potifar kanpoan zegoen. Eta gainera, etxeko morroia zenez, emakume hark ezetz esateagatik bizitza konplikatuko zion. Hala ere, behin eta berriz ezetz esaten jarraitu zuen. Zergatik? Esan zuen: «Nolatan egin, bada, halako gaiztakeriarik? Nolatan egin bekatu Jainkoaren aurka?» (Has 39:7-12).

2. Nolatan zekien Josek adulterio egitea Jainkoaren aurka bekatu egitea zela?

2 Nola jakingo zuen Josek adulterio egitea Jehobarentzat «gaiztakeria» zela? Oraindik 200 bat urte falta ziren Moisesen legean hitz hauek irakurri ahal izateko: «Ez egin adulteriorik» (Ir 20:14). Hala ere, Josek Jehobari buruz ezagutzen zuenagatik, argi zuen moralgabekeriari buruz zer pentsatzen zuen. Seguraski, iraganean gertatutako gauza batzuen berri zuen. Adibidez, bazekien Jehobak ezkontza gizon bat eta emakume bat lotzeko sortu zuela. Seguruenik bere birramona Sarari gertatutakoa ere jakingo zuen. Bi aldiz bortxatua izateko arriskuan egon zen eta Jehobak babestu egin zuen. Gauza bera gertatu zen bere amona Rebekarekin (Has 2:24; 12:14-20; 20:2-7; 26:6-11). Gauza hauei buruz arrazoitzean, Jehobarentzat zuzena eta okerra zer den ulertuko zuen. Jehoba eta bere arau zuzenak maite zituenez, obeditzeko determinazioa zuen.

3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

3 Zuzentasuna maite al duzu? Ziur baietz. Baina inperfektuak garenez eta adi ez bagabiltza, mundu honen ikuspuntuak gugan eragina izan dezake (Is 5:20; Erm 12:2). Artikulu honetan galdera hauen erantzuna ikusiko dugu: Zer da zuzentasuna eta zergatik da ona zuzentasuna maitatzea? Gero, Jehobaren arauak gehiago maitatzeko eman ditzakegun hiru pauso aztertuko ditugu.

ZER DA ZUZENTASUNA?

4. Zuzentasunari buruzko zer ideia oker dauka jende askok?

4 Jesusen garaiko erlijioburuek euren burua zuzentzat jotzen zuten. Jesusek salatu egin zituen beraien ustez zuzenak ziren arauak jartzeagatik (Koh 7:16; Lk 16:15). Gaur egun ere, jende askok horrela jokatzen du. Beraien arauak jartzen dituzte eta hori zuzena dela esaten dute. Horrelakoak, askotan, harroputzak eta kritikoak izaten dira eta euren burua zuzentzat jotzen dute. Jehobari horrelako jendea ez zaio batere gustatzen. Eta jokaera horrek ez du zuzentasunarekin zerikusirik.

5. Bibliaren arabera, zer da zuzentasuna? Eman adibide batzuk.

5 Zuzentasuna ezaugarri ederra da. Hitz gutxitan esanda, Jehobaren ikuspuntutik zuzena dena egitea da. Biblian Jehobaren arau gorenekin bat bizitzearekin lotu daiteke. Adibidez, Jehobak merkatariei «pisu eta neurriak, zuzen eta zehatzak» erabiltzeko esan zien (Dt 25:15). Beraz, zuzena izan nahi duen kristauak negozioetan zintzoa izan behar du. Zuzena den pertsonak justizia maite du eta, norbait injustiziak sufritzen ari dela ikustean, sufritu egiten du. Benetan zuzena izan nahi duenak Jainkoak «atsegin duen guztia» egin nahi du eta, erabakiak hartzerakoan, Bere ikuspuntua hartzen du kontuan (Kol 1:10).

6. Zergatik fidatu gaitezke Jehobak zerbait zuzena edo okerra dela esaten digunean? (Isaias 55:8, 9)

6 Bibliak Jehoba zuzentasunaren iturria dela dio. Horregatik, «justiziaren barruti» deitzen dio (Jr 50:7). Jehoba gure Sortzailea da, beraz Bera da arauak jartzeko eskubidea daukan bakarra. Inperfektuak eta bekatariak garenez, gure kabuz ezin dugu zuzen eta oker dagoena bereiztu. Baina Jehobak, perfektua denez, bai (Es 14:12; Irakurri Isaias 55:8, 9). Bere irudira egin gaituenez, inperfektuak izan arren, Bere arauekin bat bizi gaitezke (Has 1:27). Eta hori izugarri gustatzen zaigu. Gure Aita maite dugunez, ahalik eta hoberen imitatzen saiatzen gara (Ef 5:1).

7. Zergatik behar ditugu arau fidagarriak? Adibide bat eman.

7 Jehobaren arauak jarraitzea gure onerako da. Ba al dakizu zergatik? Zer gertatuko litzateke banku bakoitzak erabakiko balu dolar batek zenbat balio duen? Edota eraikuntza enpresa bakoitzak zehaztuko balu eraikitzeko arauak zeintzuk diren? Desastre hutsa izango litzateke. Eta zer gertatuko litzateke mediku eta erizainek gaixoak zaintzean arau zehatz batzuk jarraituko ez balituzte? Agian, pazienteren bat hilko litzatekeela. Argi dago, arau fidagarriek babestu egiten gaituzte. Era berean, Jehobak zuzena eta okerra zer den zehaztu du. Arau horiek gure babeserako dira.

8. Zer bedeinkapen jasoko dituzte zuzentasuna maite dutenek?

8 Jehobak Bere arauekin bat bizitzen saiatzen direnak bedeinkatzen ditu. Honakoa promesten du etorkizunerako: «Zintzoak ostera lurraren jabe dira, hantxe bizi izango dira beti-betiko» (Sal 37:29, Ke, ortografia egokitua). Imajinatzen al duzu nolakoa izango den bizitza gizaki guztiek Jehobaren arauak betetzen dituztenean? Zelako bakea, batasuna eta zoriontasuna egongo den! Horixe da Jehobak zuretzat nahi duena. Zalantzarik gabe, arrazoi onak ditugu zuzentasuna maitatzeko. Ikus ditzagun orain maitasun hori handitzeko eman ditzakegun hiru pauso.

HANDITU JEHOBAREN ARAUEI DIEZUN MAITASUNA

9. Zerk lagunduko digu zuzentasuna maitatzen?

9 1. pausoa: Arauak jarri dituena maitatu. Zuzentasuna maitatzeko, arauak jarri dituena maitatu behar dugu. Jehoba da zuzen eta oker dagoena zehaztu duena. Jehoba zenbat eta gehiago maitatu, orduan eta handiagoa izango da bere arauak betetzeko izango dugun gogoa. Esate baterako, Adam eta Ebak Jehoba maitatu izan balute, ez lituzkete bere lege zuzenak desobedituko (Has 3:1-6, 16-19).

10. Zer egin zuen Abrahamek Jehobaren pentsaera hobeto ulertzeko?

10 Guk ez dugu Adam eta Ebak egindako akatsa errepikatu nahi. Horretarako, Jehoba hobeto ezagutzen, bere ezaugarriak estimatzen eta bere pentsaera ulertzen saiatu behar dugu. Ondorioz, gehiago maitatuko dugu. Horixe izan zen Abrahamek egin zuena. Berak ez zituen beti Jehobaren erabakiak guztiz ulertu. Baina asko maite zuenez, ez zen bere aurka jarri. Hori egin ordez, Jehoba hobeto ezagutzen saiatu zen. Adibidez, «munduaren epaileak», hau da Jehobak, Sodoma eta Gomorra suntsitzeko asmoa zuela jakin zuenean, oso kezkatuta zegoen zintzoak gaiztoekin batera suntsituko zituela uste zuelako. Hori pentsaezina zen Abrahamentzat. Horregatik, apal-apal Jehobari galdera batzuk egin zizkion eta Jehobak pazientziaz erantzun zion. Azkenean, Abrahamek Jehobaren pentsaera ulertu zuen: gizakien bihotzak banan-banan aztertzen ditu eta ez ditu inoiz errugabeak errudunekin batera zigortzen (Has 18:20-32).

11. Nola erakutsi zuen Abrahamek Jehoba maite zuela eta berarengan konfiantza zuela?

11 Sodoma eta Gomorrari buruz Jehobarekin izandako elkarrizketak eragin handia izan zuen Abrahamengan. Bere Aita gehiago maitatzera eta errespetatzera iritsi zen. Urte batzuk geroago, Jehobarengan zuen konfiantza probapean jarri zen. Jehobak betetzeko oso zaila zen zerbait eskatu zion: Isaak, bere seme maitea sakrifikatzeko. Momentu hartan Abrahamek hobeto ezagutzen zuen Jainkoa. Horregatik oraingoan ez zuen galderarik egin. Sakrifizioa egiteko prestaketak egiten hasi zen. Imajinatu nola sentituko zen! Ze gogorra izango zen berarentzat prestaketa haiek egitea! Asko hausnartuko zuen ordurarte Jehobari buruz ikasitakoan. Bazekien Jehobak ezin zuela zuzena edo maitekorra ez zen zerbait egin. Paulo apostoluaren arabera, Abrahamek bere semea Jehobak berpiztu ahal zuela arrazoitu zuen (Heb 11:17-19). Azken finean, bere semea nazio baten aita izango zela esan zion. Baina momentu hartan Isaakek ez zuen seme-alabarik. Abrahamek Jehoba maite zuen eta berarengan konfiantza osoa zuen. Beraz, ziur zegoen zuzen jokatuko zuela. Zaila izan arren, fedea zuenez, obeditu egin zuen (Has 22:1-12).

12. Nola imitatu dezakegu Abraham? (73. Salmoa 28)

12 Nola imitatu dezakegu Abraham? Berak egin zuen bezala, Jehobari buruz gehiago ikasiz. Horrela, berarengana hurbilduko gara eta gehiago maitatuko dugu (Irakurri 73. Salmoa 28). Gainera, gure kontzientzia Jehobak bezala pentsatzeko entrenatuko dugu (Heb 5:14NWT). Honi esker, tentaldiak etortzen direnean, ezetz esango dugu. Ez zaigu burutik pasa ere egingo Jehoba mintzea edo berarekin dugun adiskidetasuna arriskuan jartzea. Ba al dago zuzentasuna maite dugula erakusteko beste modurik?

13. Zer egin dezakegu zuzentasuna bilatzeko? (Esaera Zaharrak 15:9)

13 2. pausoa: Saiatu egunero-egunero Jehobaren arau zuzenak gehiago maitatzen. Muskuluak indartu nahi baditugu, egunero-egunero egin behar ditugu ariketak. Gauza bera egin behar dugu Jehobaren arau zuzenak gehiago maitatu nahi baditugu: egunero-egunero egin behar ditugu ahaleginak. Jehoba arrazoitsua da eta ez digu inoiz eman dezakeguna baino gehiago eskatzen (Sal 103:14). Izan ere, «zuzentasun bila dabilena du maite» (Irakurri Esaera Zaharrak 15:9). Jehobaren zerbitzuan helburu bat lortu nahian edo bila bagabiltza, gogor saiatzen jarraitu behar dugu. Zuzentasuna bilatzeko ere ahaleginak egin behar ditugu. Jehobak pazientziaz aurrera egiten lagunduko digu. Pixkanaka-pixkanaka, baina beti aurrera (Sal 84:6, 8 [84: 5, 7, NWT]).

14. Zer da «zuzentasunaren bularrekoa» eta zergatik behar dugu?

14 Zuzentasuna ez da zama bat (1 Jn 5:3). Guztiz kontrakoa, egunero behar dugun babesa ematen digu. Jehobak maitasunez azaltzen digu hori. Gogoratzen Paulo apostoluak deskribatutako armadura espirituala? (Ef 6:14-18, Ke). Zer zen soldaduaren bihotza babesten zuena? «Zuzentasuna bularrekotzat» eramateak. Bularrekoak soldaduaren bihotza babesten zuen bezala, Jehobaren arau zuzenek gure bihotz sinbolikoa, hau da, barru-barruan garena babesten dute. Horregatik da hain inportantea zuzentasunaren bularrekoa beti jantzita eramatea! (Es 4:23).

15. Zer egin dezakegu zuzentasunaren bularrekoa jantzita eramateko?

15 Nola eraman dezakegu jantzita zuzentasunaren bularrekoa? Egunero, erabakiak hartzean, Jehobaren arauak kontuan hartuz. Zeri buruz hitz egin, zer musika entzun, zer ikusi edo zer irakurriko dugun aukeratzean, pentsa dezagun: «Zer sartuko dut bihotzean? Ondo ikusiko al du Jehobak? Jehobarentzat oker dauden gauzak bultzatzen al ditu? Adibidez, moralgabekeria, biolentzia, kodizia edo norbera besteen gainetik jartzea?» (Flp 4:8). Jehobarentzat onargarriak diren gauzak egitea erabakitzen baduzu, zure bihotza eragin txarretatik babestuko duzu.

Zure zuzentasuna «itsasoko olatuak bezalakoa» izan daiteke (Ikusi 16 eta 17 paragrafoak)

16, 17. Nola ziurtatzen digu Isaias 48:18⁠ak Jehobaren arauak betirako bete ahalko ditugula?

16 Posible ote da Jehobaren arau zuzenak egunez egun eta urtez urte betetzen jarraitzea? Agian, ez dakizu gai izango ote zaren. Baina pentsatu Jehobak Isaias liburuan erabili zuen konparaketan (Irakurri Isaias 48:18NWT b). Hor, gure zuzentasuna «itsasoko olatuak bezalakoa» izan daitekela promesten digu. Imajinatu itsasertzean zaudela eta olatuak bata bestearen atzetik etengabe kostaldera etortzen ikusten dituzula. Giro baketsu horretan, ez zenuke pentsatuko bat-batean olatuek etortzeari utziko diotenik, ezta? Ez noski, badakizulako milaka urtetan zehar kostaldera etorri direla eta hala egiten jarraituko dutela.

17 Pentsa! Zure zuzentasuna itsasoko olatuak bezalakoa izan daiteke! Nola? Erabaki bat hartu aurretik, pentsatu: «Zer nahi du Jehobak nik egitea?». Orduan, bere nahia egin. Erabaki zailak hartu behar dituzunean ere, hortxe izango duzu Jehoba egunero-egunero, etengabe, zuzena dena egiten laguntzeko prest (Is 40:29-31).

18. Zergatik ez dugu inor epaitu behar?

18 3. pausoa: Ez epaitu, Jehobaren eskutan utzi. Jehobaren arau zuzenen arabera bizitzen saiatzen garen bitartean, ez ditzagun besteak epaitu, ezta beraiek baino zuzenagoak garenik pentsatu ere. Ezin dugu epaitu besteak Jehobaren arauak betetzen ari diren ala ez. Ez dugu eskubide hori. Gogora dezagun Jehoba dela «munduaren epailea» (Has 18:25). Jehobak ez du gure esku utzi epaitzea. Jesusek esan zuen: «Ez epaitu, epaitua izan ez zaitezen» (Mt 7:1, Ke). c

19. Nola erakutsi zuen Josek Jehobaren epaietan konfiantza zuela?

19 Ikusi dugun bezala, Jose gizon zuzena izan zen. Gaizki tratatu zutenean ere, ez zituen besteak epaitu. Bere anaiek eraso egin eta esklabo bezala saldu zuten. Eta hori gutxi balitz, bere aitari hilda zegoela sinestarazi zioten. Urte batzuen ondoren, anaiekin berriro elkartu zenean, agintari boteretsua zen. Momentu horretan, gogor epaitzeko eta mendeku hartzeko aukera zuen, eta bere anaiak nahiz eta damututa egon, horren beldur ziren. Baina Josek ez zuen hori egin eta esan zien: «Ez izan beldur! Jainkoa ote naiz, bada, ni?» (Has 37:18-20, 27, 28, 31-35; 50:15-21). Apaltasunez, epaitzea Jehobaren esku utzi zuen.

20, 21. Zer egin dezakegu besteak baino zuzenagoak garela ez pentsatzeko?

20 Guk ere Josek egin zuen bezalaxe, Jehobaren eskuetan uzten dugu epaitzea. Adibidez, ez genuke pentsatu behar anai-arreben ekintzen atzean dagoen motibazioa ezagutzen dugunik. Ezin dugu ikusi besteen bihotzean dagoena. Jehobak bakarrik aztertu ditzake motibazioak (Es 16:2NWT). Jatorri eta kultura guztietako jendea maite du. Eta guri ere, «zabaldu zuek ere zeuen bihotzak» esaten digu (2 Ko 6:13). Gure familia espiritualaren parte diren guztiak maitatu nahi ditugu, ez epaitu.

21 Kongregazioaren parte ez direnak ere ez ditugu epaitu behar (1 Tm 2:3, 4). Pentsatu al duzu noizbait zure familiako norbaiti buruz: «Hau ez da sekula Lekuko egingo»? Hori besteak baino zuzenagoa zarela pentsatzea izango litzateke, harrokeria hutsa. Jehoba oraindik «guztiei edonon» daudela ere, damutzeko aukera ematen ari zaie (Eg 17:30). Inoiz ez ahaztu: besteak baino zuzenagoak garela pentsatzen hasten garen momentuan, ez gara zuzenak izaten ari.

22. Zergatik maitatu nahi duzu zuzentasuna?

22 Segi dezagun Jehobaren arau zuzenak maitatzen. Honi esker, zoriontsuago izango gara eta besteei etsenplu ona emango diegu. Ondorioz, Jehoba eta gu gehiago maitatuko gaituzte. «Zuzentasunaren gose-egarri» izaten jarraitu dezagun (Mt 5:6, oharra). Jehobak zure ahaleginak ikusten ditu eta zure aurrerapena oso baliotsua da beretzat. Mundu hau zuzentasunetik gero eta urrunago dago, baina ez etsi! Gogoan izan beti «Jehobak zuzenak maite dituela» (Sal 146:8NWT).

sjj 139. KANTA Ikusi zeure burua mundu berrian

a Oso zaila da mundu gaizto honetan pertsona zuzenak topatzea. Hala ere, milioika pertsona doaz bide zuzenetik. Zalantzarik gabe, zu ere bide horretatik zoaz Jehoba maite duzulako eta Jehobak zuzentasuna maite duelako. Zer da zuzentasuna? Zergatik da ona zuzentasuna maitatzea? Eta zer pauso eman ditzakegu ezaugarri eder hau gehiago maitatzeko?

b Isaias 48:18NWT: «Ai nire aginduei arreta jarriko bazenie! Orduan zure bakea ibai bat bezalakoa izango litzateke, eta zure zuzentasuna itsasoko olatuak bezalakoa».

c Kongregazioko adindunek batzuetan epaitu egin behar dute, bekatu larri bat egin duen anaia edo arreba bat benetan damutu den jakiteko (1 Ko 5:11; 6:5; St 5:14, 15). Hala ere, apaltasunez, bihotzean dagoena ezin dutela ikusi eta Jehobarentzat epaitzen ari direla onartzen dute (Konparatu 2 Kronikak 19:6). Jainkoa imitatuz, arrazoitsuak eta errukitsuak direla, eta justiziaz epaitzen dutela ziurtatu behar dute.