10. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Denok lagundu ditzakegu biblia-ikasleak bataioraino heltzen
«Atal guztiek, [...] gorputz osoaren alde egiten duten elkarlanaren bitartez; horrela, gorputza haziz [...] doa» (EF 4:16).
sn 21. KANTA Zorionekoak errukitsu direnak
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1, 2. Nork lagundu dezake biblia-ikaslea bataioraino heltzen?
«BIBLIA-IKASTAROAN ikasten ari nintzena maite nuen», dio Fijin bizi den Amyk. «Banekien egia zela. Baina, anai-arrebekin elkartzen hasi nintzenean, horrek lagundu zidan aldaketak egiten eta bataioraino heltzen». Amyren bizipenak egia garrantzitsu bat azpimarratzen du: kongregazioko anai-arreben laguntza jasotzen badu, biblia-ikasleak seguruenik aurrera egiten jarraituko du bataioraino iritsi arte.
2 Berri-emaile bakoitzak lagundu dezake berriak kongregazioaren parte izan daitezen (Ef 4:16). Vanuatun bizi den Leilani izeneko aitzindariak dio: «Esaera baten arabera, haur bat heztea herrixka osoaren lana da. Ikasleak egitea berdina dela uste dut; normalean kongregazio osoaren lana da norbaitek egia onartzea». Beraz, gurasoak, senideak, familiaren lagunak eta eskolako irakasleak, denak dira beharrezkoak haurra heldu bihurtzen laguntzeko. Haurra animatuz eta ikasgai inportanteak irakatsiz lortzen dute hau. Era berean, kongregazioko anai-arrebek biblia-ikasleak bataioraino aurrera egiten lagundu ditzakete aholkatuz, animatuz eta eredu ona ezarriz (Es 15:22).
3. Zer ikasten duzu Ana, Dorin eta Leilanik esandakotik?
3 Ikastaroa zuzentzen duen berri-emaileak besteek ikasleari laguntzea pozik onartu beharko luke. Zergatik? Anak, Moldavian zerbitzatzen duen aitzindari bereziak, honakoa dio: «Ikasleak aurrera egiteko laguntza handia behar du eta oso zaila da pertsona bakar batentzat laguntza guzti hori ematea». Dorin anaiak, Moldavian aitzindari berezia denak ere, honakoa dio: «Askotan beste berri-emaileek ikaslearen bihotza ukitzen duen zerbait esaten dute, niri sekula bururatuko ez litzaidakeen zerbait». Leilanik beste arrazoi bat ere aipatzen du: «Beste anai-arrebek erakusten dieten maitasuna eta zaintza sentitzen dutenean, ikasleek Jehobaren herria garela ikusten dute» (Jn 13:35).
4. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?
4 Hala ere, agian, honakoa galdetu dezakezu: «Baina, ni ez banaiz ikastaroa zuzentzen duena, zer egin dezaket ikasleari laguntzeko?» Azter dezagun zer egin dezakegun biblia-ikastaro batera gonbidatzen gaituztenean, baita biblia-ikaslea bileretara etortzen hasten denean ere. Gainera, bataioraino aurrera egiten adindunek nola lagundu ditzaketen ikusiko dugu.
BIBLIA-IKASTARO BATERA GONBIDATZEN ZAITUZTENEAN
5. Zein da zure eginkizuna biblia-ikastaro batera gonbidatzen zaituztenean?
5 Ikastaroan zehar, irakaslea da ikasleari Jainkoaren Hitza ulertzen laguntzeko ardura nagusia duena. Irakasleak ikastarora joatera gonbidatzen bazaitu, zure eginkizuna berari laguntzea da (Koh 4:9, 10). Hortaz, zer egin dezakezu laguntzaile ona izateko?
6. Biblia-ikastaro batera joan aurretik, nola jarraitu dezakezu Esaera Zaharrak 20:18an aurkitzen dugun printzipioa?
6 Prestatu biblia-ikastarorako. Lehenengo, eskatu irakasleari ikasleari buruz pixka bat hitz egiteko (Irakurri Esaera Zaharrak 20:18). Galdegiozu honakoa: «Nolakoa da ikaslea? Zer ari zarete aztertzen? Zein da gaurko saioko helburua? Ba al dago egin edo esan behar nukeen zerbait? Eta, egin edo esan behar ez nukeen zerbait? Nola animatu dezaket aurrera egiten?». Noski, irakasleak ez dizu ikasleari buruzko informazio konfidentzialik emango, baina esaten dizuna lagungarria izan daiteke. Joy izeneko misiolariak berarekin biblia-ikastarora joaten direnekin horrelako gauzei buruz hitz egiten du. Honakoa dio: «Informazio honek ikastarora nirekin etortzen denari ikaslearengan interesa agertzen eta ikastaroan zer esan jakiten laguntzen dio».
7. Zergatik prestatu behar duzu beste baten ikastarora joan behar baduzu?
7 Ikastaro batetara gonbidatzen bazaituzte, ondo egongo litzateke aztertuko duzuena prestatzea (Esd 7:10, NW ). Lehen aipatutako Dorin anaiak dio: «Asko eskertzen dut nirekin datorrena ikastarorako prestatuta etortzea. Horrela, ikastaroan modu lagungarrian parte hartu dezake». Gainera, ikasleak biok ondo prestatuta zaudetela ikusiko du eta hori eredu ona izango da berarentzat. Nahiz eta ikasgaia ondo prestatzeko denborarik ez izan, ideia nagusiak zeintzuk diren jakiteko astia hartu behintzat.
8. Zer egin dezakezu ikastaro batean egiten duzun otoitza esanahiez beteta egoteko?
8 Otoitza saio bakoitzaren atal garrantzitsua da. Beraz, pentsatu aurrez zer esango duzun irakasleak otoitz egiteko eskatzen badizu. Horrela, zure otoitzak ikaslearen bihotza ukituko du (Sal 141:2). Japonian bizi den Hanaek gogoan du oraindik bere irakaslearekin batera etorri zen arreba baten otoitza. Honakoa dio: «Jehobarekin adiskidetasun estua zuela ikusi nuen eta bera bezalakoa izan nahi nuen. Eta nire izena otoitzean aipatu zuenean, bere maitasuna sentitu nuen».
9. Santiago 1:19-20aren arabera, zer egin dezakezu ikastaroan laguntzaile ona izateko?
9 Lagundu irakasleari ikastaroan zehar. Nigerian aitzindari berezia den Omamuyovbi arrebak dio: «Laguntzaile onak ikastaroan adi-adi entzuten du. Horrela, modu lagungarrian parte hartzen du, baina ez du gehiegi hitz egiten, badakielako irakasleak eraman behar duela aurrea». Beraz, nola jakin dezakezu noiz eta nola lagundu ikastaroan? (Es 25:11). Arretaz entzun irakaslea eta ikaslea hitz egiten ari direnean (Irakurri Santiago 1:19-20). Orduan, egokia den unean, laguntzeko prest egongo zara. Noski, hitz egin aurretik pentsatu egin behar duzu. Esaterako, ez duzu gehiegi hitz egin, irakaslearen arrazoiketa eten edo beste gai bat aipatu nahiko. Baina irakatsi nahi den hori argitzen lagundu dezakezu galdera, adibide edo iruzkin motz batekin. Batzuetan, esateko asko ez duzula pentsatu dezakezu. Baina ikaslea zoriondu eta berarengan interesa erakusten baduzu, aurrera egiten asko lagunduko diozu.
10. Nola lagundu ahal dio ikasleari zuk bizitakoak?
10 Zuk bizitakoa kontatu. Egokia bada, laburki kontatu ikasleari nola ikasi zenuen egia, nola gainditu duzun erronkaren bat edo nola ikusi duzun Jehobaren laguntza zure bizitzan (Sal 78:4, 7). Horixe izan daiteke ikasleak behar duena. Bere fedea indartu eta bataioraino aurrera egiten animatu dezake. Eta, agian, daukan arazo bati aurre egiten lagunduko dio (1 P 5:9). Brasilen bizi den Gabriel izeneko aitzindariak Biblia ikasten ari zenean zerk lagundu zion gogoratzen du: «Anai-arreben bizipenak entzuten nituenean, Jehobak ditugun arazoak ikusten dituela ikasi nuen eta, beraiek gainditu ahal izan bazituzten, nik ere egingo nuen».
BIBLIA-IKASLEA BILERETARA JOATEN DENEAN
11, 12. Zergatik eman behar genioke ongietorri beroa bileretara etortzen den ikasleari?
11 Bataioraino heltzeko, ikasleak kongregazioko bileretara joateko ohitura izan behar du. Hau oso lagungarria izango zaio (Heb 10:24, 25). Normalean irakasleak gonbidatuko du bere lehenengo bilerara. Baina aretora etortzean, denok animatu dezakegu bileretara etortzen jarraitzera. Nola egin dezakegu hau zehatz-mehatz?
12 Eman ikasleari ongietorri beroa (Erm 15:7). Ongietorria sentitzen bada, ikasleak seguruenik gehiagotan etorri nahiko du. Ikaslea deseroso sentiarazi gabe, atsegina izanez agurtu eta besteei aurkeztu. Hitz egin berarekin. Agian, bere irakaslea ez da oraindik iritsi edo lanpetuta dago kongregazioko eginkizun batekin. Ikasleak esaten duena arretaz entzun eta berarengan interesa erakutsi. Nola lagunduko dio ikasleari zure ongietorri beroak? Dimitri orain dela urte gutxi batzuk bataiatu zen eta orain kongregazioko laguntzailea da. Bere lehen bilera gogoratuz, begira zer dioen: «Bilera-aretoko kanpoaldean urduri itxaroten nengoela ikustean, anaia batek barrura lagundu zidan. Asko etorri ziren ni agurtzera. Harrituta nengoen. Hainbeste gustatu zitzaidan, non egunero-egunero bilerak egotea nahi nuen. Ez nuen sekula horrelakorik bizi beste inon».
13. Zer eragin izan dezake zure jokabideak ikaslearengan?
13 Ezarri eredu ona. Zure jokabideak egia aurkitu duela konturatzen lagundu dezake ikaslea (Mt 5:16). Vitali anaiak, orain Moldavian zerbitzatzen duen aitzindariak, dio: «Kongregazioko besteen bizimodua, pentsaera eta jokaera ikusi nituen. Honek Jehobaren lekukoek Jainkoa modu egokian adoratzen dutela konbentzitu ninduen».
14. Nola lagundu dezake zure ereduak norbaitek aurrera egin dezan?
14 Bataiatu ahal izateko, ikasleak ikasten duena praktikan jarri behar du. Hau ez da beti erraza. Biblia-printzipioak praktikan jartzeak zenbat lagundu zaituen ikustean, ikasleak zu imitatu nahiko zaitu (1 Ko 11:1). Lehen aipatutako Hanaek honakoa dio: «Anai-arrebak ikasten ari nintzena praktikan jartzen ari ziren. Animagarria, barkabera eta maitekorra nola izan nintekeen ikusi nuen. Besteei buruz ondo hitz egiten zuten beti eta beraiek bezalakoa izan nahi nuen».
15. Esaera Zaharrak 27:17a kontuan hartuz, zergatik egin behar ginateke bileretara joaten den ikaslearen lagunak?
15 Izan zaitez ikaslearen laguna. Ikaslea bileretara joaten den heinean, jarraitu ezazu berarengan interesa erakusten (Flp 2:4). Zergatik ez duzu berarekin hitz egiten? Bere bizitzan gehiegi sartu gabe, galdegiozu biblia-ikastaroaz, familiaz edo lanaz. Gainera, bere bizimoduan egiten ari den aldaketengatik zoriondu dezakezu. Horrelako elkarrizketek zuen arteko harremana estutu dezakete. Ikaslearen laguna egiten zarenean, bataioraino heltzen laguntzen diozu (Irakurri Esaera Zaharrak 27:17). Hanae orain aitzindari erregularra da. Bileretara joaten hasi zen garaia gogoratuz, dio: «Kongregazioan lagunak egiten nituen heinean, bileretara joateko gogotsu egoten hasi nintzen. Nekatuta egon arren ere, bileretan nengoen. Nire lagun berriekin egotea asko gustatzen zitzaidanez, lehengo lagunak uztea erraza egin zitzaidan. Jehoba eta anai-arrebengana hurbildu nahi nuenez, bataiatzea erabaki nuen».
16. Zer gehiago egin dezakezu ikasleak kongregazioan etxean bezala sentitzeko?
16 Aldaketak egin eta aurrera doan heinean, ikasleari kongregazioaren parte dela sentitzen lagundu. Etxera gonbidatuz eta eskuzabala izanez lortu dezakezu hau (Heb 13:2). Moldavian bizi den Denisek, ikaslea zen garaia gogoratuz, honakoa dio: «Askotan gonbidatzen gintuzten anai-arrebek emaztea eta biok beraiekin denbora pasatzera. Jehobak nola lagundu zituen kontatu ziguten eta honek asko animatu gintuen. Une polit haien ondorioz, Jehoba zerbitzatu nahi genuela sentitu genuen eta, hori egiten bagenuen, bizitza zoragarri bat aurrean genuela ikusten ere lagundu ziguten». Ikaslea berri-emaile egiten denean, zurekin predikatze-lanera gonbidatu dezakezu. Diegok, Brasileko anaia batek, dio: «Anaia askok beraiekin predikatzera gonbidatu ninduten. Hau zen elkar ezagutzeko modurik onena. Beraiekin predikatuz asko ikasi nuen eta Jehoba eta Jesusengandik gertuago sentitu nintzen».
NOLA LAGUNDU DEZAKETE ADINDUNEK?
17. Nola lagundu ditzakete adindunek biblia-ikasleak?
17 Hartu denbora ikasleentzat. Adindunok, ikasleei maitasuna eta interesa erakusten badiezue, bataioraino heltzen lagunduko diezue. Biblia-ikasleekin bileretan hitz egiteko ohiturarik ba al duzu? Beraien izena gogoratzean, bereziki iruzkinak egiten hasten direnean, zure maitasuna sentituko dute. Hartu al dezakezu denbora berri-emaile batekin bere ikastarora joateko? Zuk pentsatu dezakezuna baino eragin handiagoa izan dezakezu ikaslearengan. Jackie Nigerian bizi da eta aitzindaria da. Berak dio: «Ikasle asko harrituta geratzen dira ikastarora nirekin etorri den anaia adinduna dela jakitean. Biblia-ikasle batek esan zidan: “Nire elizako artzainak ez zuen inoiz horrelakorik egingo. Ordaintzen dioten aberatsak bakarrik bisitatzen ditu!”». Ikasle hau orain bileretara joaten da.
18. Nola jarraitu dezakete adindunek Eginak 20:28?
18 Prestatu eta animatu biblia-irakasleak. Adindunok, berri-emaileei irakastean eta predikatzean trebeak izaten laguntzeko ardura garrantzitsua duzue (Irakurri Eginak 20:28). Norbait zure aurrean biblia-ikastaro bat zuzentzeaz lotsatzen bada, eskaini zeure burua ikastaroa zuzentzeko. Lehen aipatutako Jackiek dio: «Adindunek nire ikasleei buruz galdetzeko ohitura dute. Eta ikastaroa zuzentzean zailtasunak ditudanean, aholku lagungarriak ematen dizkidate». Adindunek irakasleak animatzeko asko egin dezakete (1 Ts 5:11). Jackiek honakoa ere badio: «Asko gustatzen zait adindunek animatzen nautenean eta nire lan gogorra eskertzen didatenean. Beraien hitzak egun sargori batean ur freskagarria bezalakoak dira. Hitz atsegin hauek nire ikastaroekin lan ona egiten ari naizela sentitzen eta poz handiagoa izaten laguntzen didate» (Es 25:25).
19. Poz handia ematen digun zer egin dezakegu guztiok?
19 Orain biblia-ikastarorik zuzentzen ez badugu ere, norbait bataioraino heltzen lagundu dezakegu. Gehiegi hitz egin gabe, ondo pentsatutako hitzekin, irakaslea lagundu dezakegu ikastaroan. Bilera-aretora etortzen direnean, ikasleen lagunak egin gaitezke. Gainera, beraientzat eredu ona ezarri dezakegu. Adindunek ikasleak animatu ditzakete beraientzat denbora hartuz. Era berean, irakasleak ere animatu ditzakete, hauek prestatuz eta zorionduz. Guztion esku dago norbaiti Jehoba maitatzen eta zerbitzatzen laguntzea, nahiz eta laguntza txikia izan. Zer-nolako poza sentitzen dugun hau egitean!
sjj 79. KANTA Ardiei tinko irauten irakatsi
a Agian, momentu honetan ez dugu biblia-ikastaro bat zuzentzeko ohorea. Baina, guztiok dugu norbaiti bataioraino heltzen laguntzeko aukera. Ikasleak helburu hori lortu dezan, gutako bakoitzak zer egin dezakegun aztertuko dugu artikulu honetan.