23. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Ez zaude inoiz bakarrik, Jehoba zurekin baita
«Hurbil da Jauna dei egiten diotenengandik» (SAL 145:18).
sjj 28. KANTA O, Jehoba, nor da zure laguna?
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1. Zergatik sentitzen dira batzuetan Jehobaren zerbitzariak bakarrik?
GEHIENOK sentitzen gara bakarrik noizean behin. Batzuei azkar desagertzen zaizkie sentimendu hauek. Beste batzuk, berriz, denbora luzez sentitzen dira bakarrik. Jendez inguratuta egonda ere, bakardadea sentitu dezakegu. Anai-arreba batzuei kongregazio berri batean lagunak egitea zaila egiten zaie. Beste batzuek familiarekin harreman estu-estua dutenez, bakarrik sentitzen dira beste leku batera bizitzera joaten direnean. Maite duten norbait heriotzan galdu dutenek asko sumatzen dute bere falta. Eta beste kristau batzuk, batez ere egia ezagutu berri dutenak, bakarrik sentitzen dira senide eta lagunek baztertu edo pertsegitzen dituztenean.
2. Zer galdera aztertuko ditugu?
2 Jehobak ondo ezagutzen eta ulertzen gaitu. Beraz, bakarrik sentitzen garenean, hortaz jabetzen da eta sentimendu horiek gainditzen lagundu nahi digu. Nola laguntzen digu Jehobak? Zer egin dezakegu geure buruari laguntzeko? Eta kongregazioan bakarrik sentitzen direnei laguntzeko? Aztertu ditzagun galdera hauek.
JEHOBAK BADAKI NOLA SENTITZEN GAREN
3. Nola erakutsi zuen Jehobak Eliasez arduratzen zela?
3 Jehobak bere zerbitzari guztiak ondo egotea nahi du bihotz-bihotzez. Gutako bakoitzaren ondoan dago eta, triste eta desanimatuta gaudenean, konturatu egiten da (Sal 145:18, 19). Pentsatu ezazu zein adi zegoen Elias profetaren sentimenduei. Gizon leial hau Israelgo historiaren garai zail batean bizi izan zen. Jehobaren adoratzaileak pertsekuzio latza jasaten ari ziren eta Jainkoaren etsai boteretsuen helburua Elias hiltzea zen (1 Erg 19:1, 2). Gainera, Eliasek gelditzen zen Jehobaren profeta bakarra zela uste zuen eta horrek, seguruenik, asko desanimatuko zuen (1 Erg 19:10). Jainkoa berehala konturatu zen Eliasek sentitzen zuenaz. Beraz, aingeru bat bidali zion bakarrik ez zegoela ziurtatzeko; Jehoba zerbitzatzen zuten israeldar asko zeuden! (1 Erg 19:5, 18).
4. Nola erakusten du Markos 10:29, 30ak Jehoba besteen laguntzarik ez dutenez arduratzen dela?
4 Jehobak badaki, bera zerbitzatzea erabakitzen dugunean, gutako batzuk sakrifizio asko egin behar ditugula. Horietariko bat Jehoba zerbitzatzen ez duten senide eta adiskideen laguntza eta babesa galtzea izan daiteke. Pedro apostoluak, agian kezkaz beterik, honakoa galdetu zion behin Jesusi: «Hara, guk dena utzi dugu zuri jarraitzeko. Zer izango da guretzat?» (Mt 19:27). Jesusek, goxotasunez, familia espiritual handia lortuko zutela ziurtatu zien bere jarraitzaileei (Irakurri Markos 10:29, 30). Eta Jehobak, gure familia espiritualaren buruak, bera zerbitzatu nahi dugunoi lagunduko digula promesten digu (Sal 9:11 [9:10, NWT]). Zer egin dezakegu bakarrik sentitzen garenean Jehobaren laguntza jasotzeko? Aztertu ditzagun ideia praktiko batzuk.
ZER EGIN DEZAKEZU BAKARRIK SENTITZEN BAZARA?
5. Zergatik da ona Jehoba nola laguntzen ari zaizun pentsatzea?
5 Jehoba nola laguntzen ari zaizun pentsatu (Sal 55:23 [55:22, NWT]). Honek ikuspuntu orekatsua mantentzen lagunduko dizu. Carol b izeneko arreba ezkongabeak ez du seniderik egian. Honakoa dio: «Jehobak garai latzetan irauten nola lagundu didan pentsatzeak bakarrik ez nagoela sentitzen laguntzen nau. Eta etorkizunean ere nire ondoan egongo dela ziurtatzen dit».
6. Nola animatzen ditu 1 Pedro 5:9, 10ak bakarrik sentitzen direnak?
6 Jehoba bakarrik sentitzen diren anai-arrebei nola laguntzen ari zaien pentsatu (Irakurri 1 Pedro 5:9, 10). Hiroshi bere familian urte askotan Lekuko bakarra izan da, eta honakoa dio: «Kongregazioan inork ez duela egoera perfekturik ikustea erraza da. Baina, denok Jehoba zerbitzatzeko ahal dugun guztia egiten dugula jakiteak, egian bakarrik gaudenoi animatu egiten gaitu».
7. Nola laguntzen dizu otoitzak?
7 Ohitura espiritual onak izan. Hauen barne, Jehobari nola sentitzen zaren zehatz-mehatz esatea dago (1 P 5:7). «Bakardadeari aurre egiten lagundu zidan gauza oso inportante bat Jehobari sutsu otoitz egitea izan zen», dio Massielek. Arreba gazte hau egiaren alde jarri zenean, bakarrik sentitu zen bere senideek ez zutelako Jehoba zerbitzatzen. «Jehoba benetako Aita zen niretzat eta, egunero-egunero, askotan egiten nion otoitz nola sentitzen nintzen esanez».
8. Nola laguntzen dizu Jainkoaren Hitza irakurtzeak eta horretan hausnartzeak?
8 Jainkoaren Hitza irakurtzeko ohitura izan ezazu eta Jehobak maite zaituela erakusten duten pasarteetan hausnartu. Bianca izeneko arrebak bere senideen komentario desanimagarriak jasaten ditu. Honakoa dio: «Asko laguntzen dit nire antzeko egoera izan zuten Jehobaren zerbitzariei buruzko biblia-pasarte eta bizipenak irakurtzeak eta horietan hausnartzeak». Kristau batzuek oso kontsolagarriak diren biblia-aipu batzuk buruz ikasten dituzte, esaterako, 27. Salmoa 10 eta Isaias 41:10. Beste batzuek, bilera prestatzean edo euren biblia-irakurketa egitean, audio grabaketak entzuten dituzte. Honek hain bakarrik ez sentitzen laguntzen die.
9. Nola laguntzen dizu bileretan egoteak?
9 Egin ahal duzun guztia bileretan beti egoteko. Aztertzen den informazioak asko animatuko zaitu eta anai-arrebak hobeto ezagutuko dituzu (Heb 10:24, 25). Lehen aipatutako Massielek dio: «Nahiz eta oso lotsatia izan, bilera guztietan egoteko eta komentario bat egiteko helburua jarri nuen. Honek kongregazioaren parte nintzela sentitzen lagundu zidan».
10. Zergatik da garrantzitsua kristau leialen lagun egitea?
10 Anai-arreba leialen laguna egin. Bilatu kongregazioan irakatsi ahal dizuten lagunak. Ez dute zure adin edo jatorri berdina eduki beharrik. Izan ere, Bibliak gogoratzen digu: «Adinekoek izaten dute jakinduria» (Jb 12:12). Zaharragoak direnek ere asko ikasi dezakete gazte leialengandik. Adibidez, Dabid Jonatan baino askoz ere gazteagoa zen. Hala ere, hori ez zen lagun minak izateko oztopo izan (1 Sm 18:1). Elkarri Jehoba zerbitzatzen lagundu zioten egoera zail askotan (1 Sm 23:16-18). Irina izeneko arreba bere familian Lekuko bakarra da eta honakoa dio: «Beste kristauak gure guraso edo anai-arreba espiritual bihurtu daitezke eta Jehobak gure beharrak betetzeko erabili ditzake».
11. Zer egin behar duzu adiskidetasun estuak izateko?
11 Lagun berriak egitea zaila izan daiteke, batez ere, lotsatia bazara. Oposizioa jasan arren egia onartu zuen Ratna izeneko arreba lotsatiak, honakoa aitortzen du: «Kongregazioko anai-arreben laguntza eta babesa behar nuela onartu behar izan nuen». Zure sentimenduak besteei adieraztea erronka handia izan daiteke. Baina, horrelako komunikazioa oinarrizkoa da adiskidetasun estua izateko. Zure lagunek animatu eta lagundu nahi zaituzte, baina ezingo dute egin ez badiezu nola esaten.
12. Zertan lagundu gaitzake predikazioak?
12 Lagunak egiteko modu onenetariko bat beste kristauekin predikatzea da. Lehen aipatutako Carolek dio: «Lagun onak egin ditut predikazioan eta jarduera teokratikoetan arrebekin denbora pasaz. Urteetan zehar, Jehobak adiskide hauen bidez lagundu dit». Dudarik gabe, kristau leialen lagun izateak merezi du. Bakarrik edo desanimatuta sentitzen garenean, Jehobak adiskide hauek erabiltzen ditu guri laguntzeko (Es 17:17).
LAGUNDU BESTEEI GURE FAMILIAREN PARTE DIRELA SENTITZEN
13. Zer erantzukizun dute kongregazioko anai-arreba guztiek?
13 Anai-arreba guztion erantzukizuna da kongregazioan giro maitekor eta baketsua sortzea, inor erabat bakarrik sentitu ez dadin (Jn 13:35). Egin eta esaten dugunak izugarri animatu ditzake besteak. Hara zer esan zuen arreba batek: «Egia ikasi nuenean, kongregazioa nire familia bihurtu zen. Ezin izango nintekeen Jehobaren lekuko egin beraien laguntzarik gabe». Zer egin dezakegu egian bakarrik daudenei kongregazioaren parte direla sentiarazteko?
14. Zer egin dezakezu kongregazioan berriak direnen laguna izateko?
14 Gure adiskidetasuna eskaintzeko lehen pausoa eman. Kongregazioan berriak direnei ongietorri goxo bat emanez hasi gaitezke (Erm 15:7). Hala ere, «kaixo» atsegin bat esan baino gehiago egin nahi dugu. Denborarekin, adiskidetasun estua izan nahi dugu beraiekin. Hortaz, izan atsegina eta berriez benetan arduratzen zarela erakutsi. Beraien gauzetan sartu gabe, saiatu zer arazo dituzten ulertzen. Batzuentzat zaila izan daiteke beraien sentimenduak azaltzea. Beraz, ez itzazu hitz egitera behartu. Horren ordez, erabili ondo pentsatutako galderak sentitzen dutena jakiteko, eta pazientziaz entzun esaten dutena. Adibidez, egia nola ezagutu zuten galdetu ahal diezu.
15. Nola lagundu dezakete kristau helduek kongregazioan?
15 Kongregazioaren parte diren guztiek egingo dute espiritualki aurrera kristau helduak, bereziki adindunak, beraiez arduratzen badira. Melissa bere amak egian hazi zuen eta honakoa dio: «Aitak bezalakoak izan diren anaiei oso eskertuta nago. Nitaz arduratu eta nirekin denbora igaro zuten. Hitz egiteko beharra nuen bakoitzean, banuen nora jo». Mauricio izeneko anaia gaztea, bere biblia-irakaslea izan zena inaktibo egin zenean, oso triste eta bakarrik sentitu zen. Honakoa dio: «Adindunek nitaz arduratzen zirela erakutsi zuten eta honek asko lagundu ninduen. Sarri hitz egiten genuen elkarrekin. Nirekin predikatzen zuten, beraien ikasketa pertsonalean aurkitzen zituzten altxorrak kontatzen zizkidaten eta kirola ere elkarrekin egiten genuen». Melissa eta Mauricio Jehoba denbora osoz zerbitzatzen hasi ziren.
16, 17. Zer gehiago egin dezakegu besteei laguntzeko?
16 Laguntza praktikoa eman (Ga 6:10). Familiarengandik urrun bizi den Leo izeneko misiolariak honakoa dio: «Askotan behar duzun gauza bakarra une egokian maitasun ekintza bat da. Auto istripu bat izan nuen eguna gogoratzen dut. Azkenean etxera iritsi nintzenean, oso urduri nengoen. Baina bikote batek bere etxera zerbait jatera gonbidatu ninduen. Ez dakit zer jan nuen, baina adi-adi entzun nindutela gogoratzen dut. Gero, askoz ere hobetu sentitu nintzen!».
17 Denok disfrutatzen dugu ekitaldi teokratikoez, adibidez, biltzarrez. Izan ere, beste anai-arreba batzuekin egoten gara eta ikasi dugunaz hitz egiten dugu. Hala ere, lehen aipatutako Carolek dio: «Biltzarrak bereziki zailak dira niretzat». Zergatik? «Nahiz eta ehunka edo milaka anai-arrebez inguratuta egon, askotan denak familiarekin batera eserita daude. Ikusten ditudanean, bakardade handia sentitzen dut». Batzuentzat euren bikotea heriotzan galdu ostean lehen aldiz biltzarrera joatea oso zaila da. Horrelako zailtasunei aurre egin behar dien norbait ezagutzen al duzu? Hala bada, zergatik ez duzu hurrengoan zure familiarekin egotera gonbidatzen?
18. Nola aplikatu dezakegu 2 Korintoarrei 6:11-13 pasartea besteak gonbidatzean?
18 Elkarrekin denbora igaro. Saiatu anai-arreba desberdinekin denbora pasatzen, batez ere bakarrik sentitzen direnekin. Gure bihotzak zabaldu nahi ditugu, bereziki azken hauei (Irakurri 2 Korintoarrei 6:11-13). Lehen aipatutako Melissak dio: «Anai-arrebek beraien etxeetara edo oporretara gonbidatzen gintuztenean, opari bat zen guretzat». Ba al dago zure kongregazioan gonbidatu dezakezun norbait?
19. Noiz izan daiteke bereziki lagungarria gure anai-arrebekin denbora pasatzea?
19 Anai-arreba batzuek garai batzuetan bereziki eskertuko dute guk beraiekin denbora pasatzea. Batzuentzat zaila izan daiteke Lekukoak ez diren senideekin festa garaian egotea. Beste batzuentzat egun zehatz batzuk oso mingarriak izan daitezke, esaterako maite zuten norbaiten heriotzaren urtemuga. Horrelako egoeretan dauden anai-arrebekin denbora pasatzeko eskaintzen bagara, beraiez «benetan arduratzen» garela erakutsiko dugu (Filipoarrei 2:20).
20. Bakarrik sentitzen garenean, nola lagundu gaitzakete Mateo 12:48-50 pasarteko Jesusen hitzek?
20 Arrazoi asko daude batzuetan bakarrik sentitzeko. Hala ere, ez dugu inoiz ahaztu behar Jehobak badakiela nola sentitzen garen. Behar duguna ematen digu, askotan anai-arrebak erabiliz (Irakurri Mateo 12:48-50). Era berean, gure anai-arrebei laguntzeko ahal dugun guztia eginez, guk ere Jehobari laguntza hori eskertzen diogula erakusten dugu. Nahiz eta batzuetan bakarrik sentitu, ez gaude inoiz bakarrik, Jehoba beti baitago gure ondoan!
sn 2. KANTA Milesker, Jehoba
a Sentitzen al zara noizbehinka bakarrik? Horrela bada, ziur egon Jehobak nola sentitzen zaren badakiela eta lagundu nahi zaituela. Artikulu honetan, bakardadea gainditzeko zer egin dezakegun ikusiko dugu. Gainera, bakarrik sentitzen diren anai-arrebak nola animatu ditzakegun aztertuko dugu.
b Izen batzuk aldatu egin dira.