27. IKASKETARAKO ARTIKULUA
«Ez hartu zeuen burua behar den baino handiagotzat»
«Hau diotsuet guztioi eta bakoitzari: ez hartu zeuen burua behar den baino handiagotzat; izan zaitezte neurritsu» (ERM 12:3).
sjj 130. KANTA Barkatzeko prest egon
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1. Zer aholku ematen du Filipoarrei 2:3ak eta nola laguntzen digu honek?
JEHOBAK badaki guretzako onena zer den. Honetaz konturatzen garenez, apaltasunez obeditzen diogu (Ef 4:22-24). Apaltasunak Jehobaren nahia gurearen gainetik jartzera eta besteak gu baino hobeak direla pentsatzera bultzatzen gaitu. Ondorioz, Jehobarekin eta kongregazioko anai-arrebekin adiskidetasun ona daukagu (Irakurri Filipoarrei 2:3).
2. a) Zer onartu zuen Paulo apostoluak? b) Zer aztertuko dugu artikulu honetan?
2 Adi ibiltzen ez bagara, Satanasen munduko jende harro eta berekoiak guregan eragina izan dezake. b Dirudienez, lehen mendeko kristau batzuei hori gertatu zitzaien. Horregatik, Paulo apostoluak honakoa idatzi zien erromatarrei: «Hau diotsuet guztioi eta bakoitzari: ez hartu zeuen burua behar den baino handiagotzat; izan zaitezte neurritsu» (Erm 12:3). Paulok autoestimu apur bat behar dugula onartu zuen. Hala ere, apaltasunak geure buruari buruz dugun ikuspuntua orekatsu mantentzen lagunduko digu. Artikulu honetan apaltasunak harroak ez izaten nola laguntzen digun aztertuko dugu. Ikus ditzagun honako hiru arlo hauek: 1) gure ezkon-bizitza, 2) Jehobaren erakundean ditugun ardurak eta 3) sare sozialen erabilera.
IZAN APALAK ZUEN EZKON-BIZITZAN
3. a) Zergatik egon daitezke arazoak ezkon-bizitzan? b) Zer egiten dute batzuek arazo hauen aurrean?
3 Jehobak senar-emazteak elkarrekin zoriontsu izatea nahi du. Baina, inor ez denez perfektua, seguruenik ez dira gauza guztietan ados egongo. Izan ere, Paulok ezkonduek arazoak izango dituztela idatzi zuen (1 Ko 7:28). Batzuek beraien ezkontidearekin etengabe eztabaidan daudela ikustean, ez zutela elkarrekin ezkondu behar pentsatzen dute. Mundu honen eragina jaso badute, konponbiderik errazena dibortziatzea dela pentsatu dezakete, garrantzitsuena euren burua eta zoriontasuna dela sentituz.
4. Zer ez dugu pentsatu behar?
4 Ez dugu pentsatu behar gure ezkon-bizitzak huts egin duenik. Dibortziatzeko Bibliak ematen duen arrazoi bakarra «haragikeria», hau da, sexu moralgabekeria dela badakigu (Mt 5:32, EB). Ezkon-bizitzan arazoak ditugunean, ez genuke harrotasunez honakoa pentsatu behar: «Nire bikotea ez da nitaz arduratzen. Ez dit merezi dudan maitasuna erakusten. Agian beste norbaitekin zoriontsuagoa izango naiz». Honela pentsatuko bagenu, gure bikotearengan pentsatu beharrean geure buruan ariko ginateke pentsatzen. Mundu honen jakinduriak zure bihotzari eta zuri zoriontsu egiten dizunari jarraitzeko esango dizu, nahiz eta honek zure ezkon-bizitza haustea esan nahi izan. Bibliaren arabera, ez ginateke bizi behar gure «onari bakarrik begiratuz, besteena ere bilatuz baizik» (Flp 2:4). Jehobak zuek ezkonduta jarraitzea nahi du; ez du zuen ezkontza hautsi dadin nahi (Mt 19:6). Lehenengo zeure buruan pentsatu beharrean, Jehobak berarengan pentsatu dezazun nahi du.
5. Efesoarrei 5:33aren arabera, nola jokatu behar dute senar-emazteek batak bestearekin?
5 Senar-emazteek maitasuna eta errespetua zor diote batak besteari (Irakurri Efesoarrei 5:33). Besteei ematea guk jasotzea baino garrantzitsuagoa izan behar dela irakasten digu Bibliak (Eg 20:35). Zer ezaugarrik lagunduko dio ezkondutako bikoteari maitasuna eta errespetua erakusten? Apaltasunak. Apalak diren senar-emazteak ez dira euren buruaren onaren bila ibiliko, bestearen onaren bila baizik (1 Ko 10:24).
6. Zer irakasten dizu Steven eta Stephanie-k esandakoak?
6 Apaltasunak kristau bikote askori zoriontsuago izaten lagundu dio. Adibidez, Steven izeneko senar batek dio: «Talde bat bagara, elkarlanean arituko gara, arazoak daudenean bereziki. “Zer da niretzako hobea?” pentsatu beharrean “Zer da guretzako hobea?” pentsatuko dugu». Emazteak, Stephanie-k, antzekoa pentsatzen du: «Inork ez du aurkari batekin bizi nahi. Ados ez gaudenean arazoa zein den jakiten saiatzen gara. Gero, otoitz egin, ikertu eta arazoa nola konpondu aztertzen dugu elkarrekin. Arazoari egiten diogu eraso, ez batak besteari». Ezkontideak bere bikotea baino garrantzitsuagoa ez dela pentsatzen badu, biak zoriontsuagoak izango dira.
«IZAN APAL» JEHOBA ZERBITZATZEAN
7. Zer egin beharko luke anaia batek arduraren bat jasotzean?
7 Ohore handia da guretzako gure esku dagoen edozein modutan Jehoba zerbitzatzea (Sal 27:4; 84:11 [84:10, NW ]). Anaia bat Jehobaren erakundean gehiago egiteko gogotsu egotea ondo dago. Izan ere, kongregazioan ardurak izan nahi dituenak «eginkizun ona nahi duela» dio Bibliak (1 Tm 3:1). Halere, ardura bat jasotzean ez luke pentsatu behar orain garrantzitsuagoa denik (Lk 17:7-10). Bere helburua besteak apaltasunez zerbitzatzea izan beharko luke (2 Ko 12:15a).
8. Zer ikasten dugu Diotrefes, Uzias eta Absalonen eredu txarretik?
8 Bibliak euren buruari garrantzi handiegia eman zioten pertsonei buruz hitz egiten du. Diotrefesek ez zituen bere mugak ikusten eta kongregazioan «toki gorena» lortzen saiatu zen (3 Jn 9, EB). Uzias harrotasunez Jehobak agindu ez zion lan bat egiten saiatu zen (2 Kro 26:16-21). Absalonek errege izan nahi zuen. Horregatik, jendea bere alde jartzeko, maite zituenaren itxurak egin zituen (2 Sm 15:2-6). Biblia-pasarte hauek argi erakusten dute Jehobak ez dituela atsegin ohore gehiegiren atzetik ibiltzen direnak (Es 25:27). Azkenean, harroek eta besteen miresmena nahi dutenek arazoak izango dituzte (Es 16:18).
9. Zer eredu ezarri zuen Jesusek?
9 Jesus ez zen pertsona harro horien antzekoa izan. Bibliaren arabera, «Kristo Jesusek, jainkozko izaerako izanik, ez zion gogor eutsi nahi izan jainkozko bere mailari» (Flp 2:6, 7). Nahiz eta Jehoba soilik izan Jesus baino boteretsuagoa, ez zion bere buruari behar baino garrantzi handiagorik eman. Bere ikasleei esan zien: «Zeren zuetan txikiena, horixe baita handiena» (Lk 9:48). Zer atsegina den Jesusen antzera apalak diren aitzindari, laguntzaile, arduradun eta eskualde-arduradunekin batera zerbitzatzea! Apalak bagara, besteak maitatuko ditugu. Gainera, Jesusek Jainkoaren benetako zerbitzarien ezaugarria maitasuna izango zela esan zuen (Jn 13:35).
10. Zer egin beharko zenuke kongregazioko arazoak konpontzeko behar diren pausoak hartzen ari ez direla uste baduzu?
10 Zer egingo zenuke kongregazioan arazoak daudela badirudi eta behar diren pausoak hartzen ari ez direla uste baduzu? Marmarka ibili beharrean, apaltasuna erakutsi dezakezu aurrea eramaten dutenen alde eginez (Heb 13:17). Hau egiteko, galdetu zeure buruari: «Zuzenduak izateko bezain larriak al dira arazo horiek? Hau al da zuzentzeko garai egokiena? Nire ardura al da zuzentzea? Benetan saiatzen ari al naiz kongregazioaren elkartasuna bultzatzen? Edo neure buruari garrantzia ematen saiatzen ari naiz?».
11. Efesoarrei 4:2, 3aren arabera, zer lortuko duzu Jehoba apaltasunez zerbitzatzean?
11 Jehobarentzat apaltasuna trebetasuna baino garrantzitsuagoa da. Gainera, elkartasunari efizientziari baino garrantzi handiagoa ematen dio. Hortaz, ahal duzun guztia egin Jehoba apaltasunez zerbitzatzeko. Hau egitean elkartasuna bultzatuko duzu kongregazioan (Irakurri Efesoarrei 4:2, 3). Ahal duzun guztia egin predikatze-lanean. Besteen alde gauza onak egiten saiatu. Eskuzabala izan anai-arreba guztiak gonbidatuz, baita kongregazioan ardurak ez dituztenak ere (Mt 6:1-4; Lk 14:12-14). Kongregazioan apaltasunez lan egiten duzunean, besteek zure trebetasuna ikusteaz gain, zure apaltasuna ere ikusiko dute.
APALA IZAN SARE SOZIALETAN
12. Zer dio Bibliak lagunak edukitzeari buruz?
12 Jehobak familia eta lagunekin gozatu dezagun nahi du (Sal 133:1). Jesusek lagun onak izan zituen (Jn 15:15). Bibliak benetako lagunak edukitzea zein ona den azaltzen digu (Es 17:17; 18:24). Gainera, beti «bakarrean» egon nahi izatea ez dela ona esaten du (Es 18:1, EB). Jende askoren ustez, sare sozialetan ibiltzeak lagun asko izateko aukera ematen du eta bakardadeari aurre egiteko modua da. Hala ere, erne egon behar dugu komunikatzeko modu hau erabiltzean.
13. Zergatik sentitzen dira sare sozialak erabiltzen dituzten batzuk bakarrik eta deprimituta?
13 Sare sozialetan beste batzuek ipini dituzten iruzkin eta irudiak begiratzen denbora asko ematen du jende ugarik. Ikerketen arabera, azkenean deprimituta eta bakarrik sentitu daitezke. Zergatik? Sare sozialetara igotako irudiek bizitzako momenturik hoberenak aurkeztu ohi dituzte. Bertan norberaren, lagunen eta egondako toki txundigarrien irudi politak erakusten dira. Irudi horiek ikusten dituen norbaitek bere bizitza ez dela berezia pentsa dezake, aspergarria baizik. Honakoa onartu zuen 19 urteko arreba batek: «Inbidia sentitzen hasi nintzen besteek sekulako asteburuak zituztela ikustean, ni etxean asper-asper eginda nengoen bitartean».
14. Nola laguntzen gaitu 1 Pedro 3:8ko aholkuak sare sozialak zentzuz erabiltzen?
14 Noski, sare sozialak modu egokian erabili ditzakegu, adibidez, familia eta lagunekin kontaktuan egoteko. Hala ere, konturatu al zara batzuek besteen miresmena erakartzeko igotzen dituztela iruzkinak, argazkiak eta bideoak? «Begiratu niri» esaten ari direla dirudi. Batzuek iruzkin zakar eta lizunak idazten dituzte beraien edo beste batzuen argazkiei buruz. Kristauok apalak eta elkarren senide on izatera animatzen gaitu Bibliak. Beraz, ez ditugu sare sozialak modu horretan erabiliko (Irakurri 1 Pedro 3:8).
15. Nola laguntzen digu Bibliak geure buruari buruzko ikuspuntu egokia izaten?
15 Sare sozialak erabiltzen badituzu, galdetu zeure buruari: «Uste al dute nire iruzkin, argazki edo bideoak ikusten dituztenek harrokeriatan nabilela? Besteengan inbidia sortzen ari ote naiz?». Bibliak dio: «Munduan dagoen guztia –grina txarrak, begietatik sartzen denaren gutizia eta aberastasunen harrokeria– ez dator Aitarengandik, mundutik baizik» (1 Jn 2:16). Biblia-itzulpen batek «aberastasunen harrokeria» honela itzultzen du: «Garrantzitsu izatearen itxura eman nahi izatea». Kristauok ez dugu garrantzitsuak sentitzeko edo besteen miresmena izateko beharrik. Bibliako aholku hau jarraitzen dugu: «Ez gaitezela izan harroxko, elkarren lehian eta elkarren inbidian ibiliz» (Ga 5:26). Apaltasunak mundu honetako espiritu berekoi eta harroa baztertzen lagunduko digu.
«IZAN ZAITEZTE NEURRITSU»
16. Zergatik ez dugu harroak izan behar?
16 Harroak direnak ez dira «neurritsu» (Erm 12:3). Horregatik, apalak izateko lan egin behar dugu. Harroak direnak eztabaidarako prest daude beti eta berekoiak dira. Beraien pentsaera eta ekintzek askotan euren burua eta besteak mintzen dituzte. Pentsaera ez badute aldatzen, adimena itsutu eta gaiztotuko die Satanasek (2 Ko 4:4; 11:3). Bestalde, pertsona apala neurritsua da. Bere buruari buruzko ikuspuntu orekatsua du, besteak alderdi askotan norbera baino hobeak direla onartuz (Flp 2:3). Honakoa daki: «Jainkoak harroei aurre egiten baitie; apalei, berriz, onginahia azaltzen» (1 P 5:5). Neurritsuak direnek ez dute Jehoba beraien aurkari izaterik nahi.
17. Zer egin behar dugu apalak izaten jarraitzeko?
17 Apalak izaten jarraitzeko, Bibliako aholku hau segi behar dugu: «Izaera zaharra eta beronen araberako jokabidea erantzi eta berria jantzi». Honetarako gogor egin behar dugu lan. Jesusen eredua aztertu eta ahalik eta hobekien imitatzen saiatu behar dugu (Kol 3:9, 10; 1 P 2:21). Ahalegin hori egiteak merezi du. Zergatik? Apalak izaten saiatu ahala, gure familia zoriontsuagoa izango delako, kongregazioan elkartasuna bultzatuko dugulako eta sare sozialak modu egokian erabiliko ditugulako. Eta garrantzitsuena dena izango dugu: Jehobaren bedeinkapena eta onespena.
sjj 117. KANTA Zein ona den Jainkoa!
a Jende harro eta berekoiaz betetako munduan bizi gara. Kontuz ibili behar dugu beraien jarrera ez edukitzeko. Batzuetan oso garrantzitsuak garela pentsatu dezakegu. Pentsaera hau erakutsi dezakegun bizitzako hiru arlo aztertuko ditugu artikulu honetan.
b ZER ESAN NAHI DU? Harroa denak bere buruan besteengan baino gehiago pentsatzen du. Beraz, harroa berekoia da. Bestalde, apaltasunak berekoiak ez izaten laguntzen digu. Apalak bagara, ez gara harroak izango eta ez dugu pertsonarik inportanteenak garela pentsatuko.
c IRUDIAREN AZALPENA: Arduradun batek biltzarretan hitzaldiak egiteko eta anai-arrebak gainbegiratzeko trebetasuna du. Modu berean, predikatze-lanean aurrea eramateko eta bilera-aretoa garbitzeko eginkizunak ere estimatzen ditu.