Biblia: Egiaren iturri fidagarria
Historian zehar, jatorri askotako jendearentzat Biblia egiaren iturri fidagarria izan da. Gaur egun ere, milioika lagunek jarraitzen dituzte bere irakaspenak. Beste batzuek, ordea, zaharkituta edo mitoz josita dagoela pentsatzen dute. Zer uste duzu zuk? Aurkitu al daiteke egia Biblian?
ZERGATIK IZAN DEZAKEZU KONFIANTZA BIBLIAN?
Nola jakin dezakezu Biblia fidagarria den ala ez? Jarri dezagun adibide bat. Lagun batek urtetan beti egia esan badizu, fidagarria dela esango zenuke, ezta? Lagun fidagarri hori bezalakoa al da Biblia? Esan al du beti egia? Ikus ditzagun adibide batzuk.
Idazle fidagarriak
Biblia idazleak oso zintzoak izan ziren eta, askotan, euren akatsei buruz idatzi zuten. Adibidez, Jonas profetak Jainkoa desobeditu zuela idatzi zuen bere liburuan (Jonas 1:1-3). Izan ere, pasartearen amaieran, Jainkoak zuzendu egin zuela azaldu zuen, baina ez zuen jarrera nola aldatu zuen idatzi bere burua goraipatzeko (Jonas 4:1, 4, 10, 11). Biblia idazle guztien zintzotasunak, egiaz bene-benetan arduratzen zirela erakusten du.
Aholku praktikoak
Praktikoak al dira beti Bibliak eguneroko kontuei buruz ematen dituen aholkuak? Bai, noski! Adibidez, begira zer esaten duen besteekin ondo konpontzearen inguruan: «Besteek zuei egitea nahi duzuen guztia, egin zuek besteei» (Mateo 7:12). «Erantzun goxoak haserrea baretzen, hitz mingarriak amorrua areagotzen» (Esaera Zaharrak 15:1). Ez al dira orain ere Bibliako aholkuak idatzi zirenean bezain praktikoak?
Zehaztasun historikoa
Urteetan zehar egin diren aurkikuntza arkeologiko askok, Bibliak aipatzen dituen hainbat pertsona, leku eta gertakari zehatzak direla frogatu dute. Adibidez, azter dezagun xehetasun txiki bat. Bibliaren arabera, Nehemiasen garaian, Jerusalemen bizi ziren tiroarrek (Tirotik zetozen feniziarrak) «arraina eta beste era guztietako salgaiak» eramaten zituzten Jerusalemera (Nehemias 13:16).
Ba al dago baieztapen hori egiazkoa dela frogatzen duen ebidentziarik? Bai. Arkeologoek objektu feniziarrak aurkitu dituzte Israelen. Objektu horiek bi nazioak elkarrekin salerosketan aritu zitezkeela aditzera ematen dute. Are gehiago, Jerusalemen Mediterraneoko arrainen aztarnak aurkitu dira. Arkeologoen ustetan, arrain horiek merkatariek eramaten zituzten urruneko kostaldeetatik. Frogak aztertu ondoren, Benjamin Noonan Biblia adituak honakoa ondorioztatu zuen: «Nehemias 13:16ak dioen bezala, tiroarrek Jerusalemen arrainak saltzea nahiko sinesgarria da» (Journal of Biblical Literature, 130. libk., 2. zb.).
Zehaztasun zientifikoa
Biblia, berez, erlijio eta historia liburua da. Baina gai zientifikoei buruz hitz egitean, bat egiten du frogatutako zientziarekin. Ikus dezagun adibide bat.
Duela 3.500 bat urte, Bibliak lurra «ezerezaren gain» zintzilikatzen dela esan zuen (Job 26:7). Baieztapen hori iraganean zeuden mitoen guztiz kontrakoa zen. Izan ere, lurra uraren gainean zegoela edo dortoka erraldoi batek sostengatzen zuela uste zen. Job liburua idatzia izan eta 1.100 bat urte geroago, jendeak lurra zerbaiten gainean egon behar zuela sinesten jarraitzen zuen. Baina duela 300 bat urte bakarrik, 1687an, Isaac Newtonek grabitatearen indarrari buruzko bere lana argitaratu zuen, eta lurra indar ikusezin batek orbitan mantentzen duela azaldu zuen. Aurkikuntza zientifiko garrantzitsu honek Bibliak duela 3.000 urte baino gehiago esan zuena egiaztatu zuen!
Profezia fidagarriak
Zenbateko zehaztasuna dute Bibliako profeziek? Ikus dezagun adibide bat: Babiloniaren suntsipenari buruzko Isaiasen profezia.
Profezia: Kristo aurreko 732. urte inguruan, Babilonia oraindik inperio boteretsu baten hiriburua ez zenean, Isaiasek hiri horri gertatuko zitzaiona aurresan zuen. Babilonia konkistatua izango zela eta, denborarekin, ez zela inor bertan biziko esaten zuen profeziak (Isaias 13:17-20). Konkistatzailearen izena ere aipatu zuen: Ziro. Gainera, hiria nola konkistatuko zuen deskribatu zuen: Ibaiak «agortu» egingo ziren. Bestalde, hiriko ateak irekita egongo zirela aurresan zuen (Isaias 44:27-45:1).
Betekuntza: Isaiasek profezia hura esan eta 200 bat urte geroago, Babiloniari errege persiar batek eraso egin zion. Zein zen bere izena? Ziro. Babilonia harresiz inguratuta zegoenez, Zirok hiria inguratzen eta zeharkatzen zuen Eufrates ibaia erabiltzea erabaki zuen. Bere gizonek ubide bat egin eta ura lurralde zingiratsu batera desbideratu zuten. Ura izterretaraino iristen zitzaienean, soldaduak ibaitik oinez joan ahal izan ziren ateetaraino. Gezurra badirudi ere, babiloniarrek hiriko ateak irekita utzi zituzten! Beraz, Ziroren gudarosteak ateak zeharkatu eta hiria konkistatu zuen.
Baina xehetasun bat falta zen betetzeko. Iritsiko al zen jenderik gabe egotera Babilonia? Mende batzuetan zehar, jendea bertan bizi izan zen, baina gaur egun, Bagdad (Irak) hiritik gertu dauden Babiloniako hondakinek profezia hori erabat bete zela argi uzten dute. Zalantzarik gabe, Biblia fidagarria da etorkizunari buruz hitz egiten duenean.