Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Jende askok otoitzari buruz pentsatzen duena

Jende askok otoitzari buruz pentsatzen duena

«Otoitz egiten dudanean, Jainkoa nire alboan dagoela, eta galduta nagoenean eskutik heltzen eta gidatzen nauela sentitzen dut» (MARÍA).

«13 urtez minbiziaren aurka borrokatu ondoren, nire emaztea hil egin zen. Jainkoari egunero-egunero otoitz egiten niola gogoratzen dut, eta nire atsekabean benetan entzuten ninduela sentitu nuen. Bakean nengoen» (RAÚL).

«Otoitza Jainkoak gizakioi eman digun opari eder bat da» (ARNE).

María, Raúl, Arne eta beste askorentzat otoitza opari paregabea da. Otoitzaren bidez, Jainkoarekin hitz egin, berari eskerrak eman eta bere laguntza bilatu dezaketela sentitzen dute. Bibliak Jainkoari otoitz egiteari buruz dioenarekin erabat ados daude: «Konfiantza osoa dugu Jainkoarengana jotzeko, ongi baitakigu, bere nahiaren arabera zerbait eskatzen badiogu, entzun egiten digula» (1 Joan 5:14).

Hala ere, jende askori zaila egiten zaio Bibliak otoitzari buruz dioena sinestea. Stevek otoitzari buruz pentsatzen zuena gogoratzen du: «17 urte nituenean, nire hiru lagun hil egin ziren. Bat auto-istripu batean eta beste biak itsasoan ito egin ziren». Zer egin zuen Stevek? «Hori zergatik gertatu zen jakin nahi nuenez, Jainkoari otoitz egin nion, baina ez nuen erantzunik jaso. Beraz, neure buruari galdetu nion: “Zentzurik ote du otoitz egiteak?”». Pertsona askok ez dutela beraien otoitzen erantzunik jaso sentitzen dute eta, ondorioz, otoitz egiten jarraitzeak zentzurik ote duen galdetzen diote euren buruari.

Batzuek, beste arrazoi batzuengatik, otoitz egiteak ez duela ezertarako balio pentsatzen dute. Beraien ustez, Jainkoak gauza guztiak dakizkienez, gure behar eta arazoak dagoeneko ezagutzen ditu. Beraz, ez dute berari ezer esateko beharrik ikusten.

Beste batzuek, iraganean egindako akatsengatik, Jainkoak ez dituela beraien otoitzak entzun nahi pentsatzen dute. Jenny-k dio: «Ez dudala ezertarako balio sentitzen dut. Hori da nire arazorik handiena. Iraganean egin nituen gauzez damutzen naiz, eta ziur nago ez dudala Jainkoak ni entzutea merezi».

Eta zuk, zer pentsatzen duzu? Antzeko zalantzarik izan al duzu inoiz otoitzari buruz? Hala bada, ziur lasaigarria dela Bibliak zure galderen erantzunak eman ahal dizkizula jakitea. Izan ere, Bibliak otoitzari buruz dioena fidagarria da. a Ondorengo galderak erantzuten lagundu zaitzake:

  • Benetan entzuten al ditu Jainkoak gure otoitzak?

  • Zergatik ez ditu otoitz batzuk erantzuten?

  • Nola egin behar dugu otoitz Jainkoak guri entzuteko?

  • Nola lagundu zaitzake otoitz egiteak?

a Biblian, Jainkoaren zerbitzari askoren otoitzak agertzen dira, horien artean, Jesusenak. Idazki Hebrearretan —Itun Zaharra bezala ere ezaguna dena—, 150 otoitz baino gehiago agertzen dira.