Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

22. IKASKETARAKO ARTIKULUA

sjj 127. KANTA Zer-nolakoa izan behar dut?

Nola izan dezakezu Jehoba ohoratuko duen ezkongai harreman bat?

Nola izan dezakezu Jehoba ohoratuko duen ezkongai harreman bat?

«Ezkutuko bihotz-barrua[k] […] balio baitu» (1 PED. 3:4).

IDEIA NAGUSIA

Zer egin dezake bikote batek Jehoba ohoratuko duen ezkongai harreman bat izateko? Eta zer egin dezakete kongregazioko anai-arrebek beraiei laguntzeko?

1, 2. Nola sentitu ziren batzuk ezkongai harreman garaian?

 EZKONGAI harremana garai pozgarria eta zirraragarria izan daiteke. Norbaitekin ateratzen ari bazara, dudarik gabe, dena ondo joatea nahi duzu. Eta bikote askoren kasuan, hala da. Tsion a izeneko Etiopiako arreba batek dio: «Senarra eta biok elkarrekin ateratzen aritu ginen garaia nire bizitzako zoriontsuenetakoa izan zen. Elkarrizketa sakonak izaten genituen, eta barre ere egiten genuen. Pozik sentitu nintzen maite nuen eta ni maite ninduen pertsona bat aurkitu nuela konturatu nintzenean».

2 Hala ere, Alessio izeneko Herbehereetako anaia batek dio: «Oso polita izan zen nire emaztea ezagutzea elkarrekin ateratzen ari ginenean. Baina zailtasunak ere izan genituen». Artikulu honetan, azaldu daitezkeen zailtasun batzuk aztertzeaz gain, bikoteei Jehoba ohoratuko duen ezkongai harreman bat izaten lagunduko dieten Biblia printzipio batzuk ere ikusiko ditugu. Bestalde, kongregazioko anai-arrebek ateratzen ari den bikote bati nola lagundu ahal dioten ere ikusiko dugu.

EZKONGAI HARREMANAREN HELBURUA

3. Zein da ezkongai harremanaren helburua? (Esaera Zaharrak 20:25)

3 Ezkongai harremana garai zoriontsua izan daitekeen arren, ezkon bizitzara eraman dezakeen pauso garrantzitsu bat ere bada. Ezkontza egunean, bikoteak ondorengo botoa egiten du Jehobaren aurrean: bizi diren bitartean, elkar maitatu eta errespetatuko dutela. Edozein boto egin aurretik, promestuko dugun hori ondo pentsatu beharko genuke (Irakurri Esaera Zaharrak 20:25). Eta gauza bera egin beharko genuke ezkontza botoa egin aurretik. Horregatik, ezkongai harremanak bikote bati elkar ezagutzen eta erabaki on bat hartzen lagundu ahal dio. Batzuetan, erabaki hori ezkontzea izango da; eta, beste batzuetan, ezkongai harremana amaitzea. Ateratzen ari den bikote batek bere harremana amaitzen badu, horrek ez du esan nahi ezkongai harremanak porrot egin duenik. Alderantziz, ezkongai harremanak bere helburua bete du: bikoteari erabaki on bat hartzen laguntzea.

4. Zergatik izan beharko genuke ezkongai harremanaren inguruan ikuspuntu egokia?

4 Zergatik da garrantzitsua ezkongai harremanaren inguruan ikuspuntu egokia izatea? Ezkongabe batek ikuspuntu egokia badu, ez da norbaitekin ateratzen hasiko pertsona horrekin ezkontzeko intentziorik ez badu. Hala ere, ezkongabeak ez dira ikuspuntu egokia izan behar duten bakarrak. Denok izan beharko genuke gogoan zein den ezkongai harremanaren helburua. Esaterako, bikote bat ateratzen ari bada, bai ala bai ezkondu behar dutela pentsatzen dute batzuek. Zer eragin izan dezake ikuspuntu honek kristau ezkongabeengan? Estatu Batuetako Melissa izeneko arreba ezkongabe batek dio: «Bi Lekuko elkarrekin ateratzen hasten direnean, presio handia izaten dute. Ondorioz, ezkongabe batzuek, harremana gaizki joan arren, bere bikotearekin ateratzen jarraitzea erabakitzen dute. Beste ezkongabe batzuek, aldiz, inorekin ez ateratzea erabakitzen dute. Presioa ikaragarri handia izan daiteke».

ELKAR ONDO EZAGUTU

5, 6. Zer gauza jakin beharko lituzke ateratzen ari den bikote batek bata besteari buruz? (1 Pedro 3:4)

5 Norbaitekin ateratzen ari bazara, zerk lagunduko dizu berarekin ezkonduko zaren ala ez erabakitzen? Elkar ondo ezagutzeak. Ziurrenik, pertsona horrekin ateratzen hasi aurretik, berari buruzko gauza batzuk jakingo zenituen. Baina orain, pertsona horren «ezkutuko bihotz-barrua» ezagutzeko aukera duzu (Irakurri 1 Pedro 3:4). Horretarako, zure ezkontidea izan daitekeenak Jehobarekin zer harremana duen jakin beharko zenuke. Horretaz gain, bere izaera eta pentsaera ere ezagutu beharko zenituzke. Denborarekin, hauek bezalako galderak erantzuteko gai izan beharko zinateke: «Izango al da pertsona hori ezkontide egokia niretzat?» (Esa. 31:26, 27, 30; Efe. 5:33; 1 Tim. 5:8). «Asetu al ditzakegu bata bestearen behar emozionalak? Jasan al ditzakegu bata bestearen defektuak?» b (Erm. 3:23). Elkar ezagutu ahala, gogoan izan hurrengoa: Inportanteena ez da zein antzekoak zareten, baizik eta dituzuen desberdintasunetara nola moldatzen zareten.

6 Zer beste gehiago jakin beharko zenuke pertsona horri buruz? Sentimendu erromantikoak sendoegiak izan aurretik, beharbada, gai garrantzitsuei buruz hitz egin nahiko duzu, esaterako, pertsona horrek dituen helburuei buruz. Baina noiz hitz egin beharko zenuke osasun, arazo ekonomiko edo iraganeko traumak bezalako gai pertsonalei buruz? Ez da beharrezkoa ezkongai harremanaren hasieran gai guztiei buruz hitz egitea (Konparatu Joan 16:12). Gai pertsonal zehatz bati buruz hitz egiteko goizegi dela sentitzen baduzu, esaiozu zure bikoteari. Hala ere, denborarekin, pertsona horrek informazio hori beharko du erabaki on bat hartzeko. Beraz, momenturen batean, gauza horiei buruz zintzotasunez hitz egin beharko duzue.

7. Zer egin dezake ateratzen ari den bikote batek elkar ezagutzeko? (Ikusi « Urruneko ezkongai harremanak» taula ere) (Ikusi irudiak ere)

7 Nola jakin dezakezu pertsona hori benetan nolakoa den? Modurik onenetako bat askatasunez eta zintzotasunez hitz egitea da, galderak eginez eta adi-adi entzunez (Esa. 20:5; St. 1:19-20 [1:19, NWT]). Horretarako, elkarrizketak izaten lagunduko dizueten gauzak egin ditzakezue, esaterako, elkarrekin jatea, jendea dagoen tokietan paseatzea eta predikatzea. Lagunekin eta familiarekin denbora pasatzean ere, elkar ezagutu dezakezue. Bestalde, pertsona horrek egoera desberdinetan eta pertsona desberdinekin nola jokatzen duen ere jakin beharko duzu. Beraz, antolatu hau ikusten lagunduko dizuten jarduerak. Herbehereetako Arthur izeneko anaia batek honakoa egin zuen Aliciarekin ateratzen hasi zenean: «Elkar ezagutzen lagunduko ziguten gauzak egiten saiatu ginen. Askotan gauza sinpleak ziren, elkarrekin bazkari bat prestatzea bezala. Gauza hauek egiteak bata bestearen puntu indartsu eta ahulak ikusteko aukera eman zigun».

Bikote bezala elkarrizketak izaten lagunduko dizueten gauzak egiten badituzue, errazagoa izango da elkar hobeto ezagutzea (Ikusi 7 eta 8 paragrafoak)


8. Nola lagundu ahal dio ateratzen ari den bikoteari elkarrekin ikasteak?

8 Elkar ezagutzeko beste modu bat elkarrekin gai espiritualak aztertzea da. Ezkontzen bazarete, familia adorazioa egiteko denbora hartu beharko duzue. Horrela, Jehoba zeuen ezkon harremanaren parte garrantzitsu bat izatera iritsiko da (Ekl. [Koh.] 4:12). Beraz, zergatik ez duzue orain ere elkarrekin ikasteko denbora antolatzen? Noski, ateratzen ari den bikote batek ez du oraindik familia bat osatu, eta anaia ez da oraindik arrebaren burua. Edonola ere, elkarrekin erregularki ikasiz gero, honakoa ikusi ahalko duzue: zuetako bakoitzak Jehobarekin duen harremana nolakoa den. Estatu Batuetako Max eta Laysa-k hau egitearen beste abantaila bat ikusi zuten. Maxek dio: «Elkarrekin ateratzen hasi eta gutxira, ezkongai harremanaren, ezkon harremanaren eta familia bizitzaren inguruko argitalpenak aztertzen genituen. Horrela, gai garrantzitsu askori buruz hitz egin ahal izan genuen. Beste modu batera hau lortzea zaila izango zen».

KONTUAN HARTU BEHARREKO BESTE FAKTORE BATZUK

9. Zer faktore hartu beharko lituzke kontuan bikote batek ateratzen ari direla nori esan erabakitzean?

9 Nori kontatu beharko zeniokete elkarrekin ateratzen ari zaretela? Hau bikote bezala hartu behar duzuen erabaki bat da. Ateratzen hasten zaretenean, pertsona gutxi batzuei bakarrik esatea erabaki dezakezue (Esa. 17:27). Horrela, zuen harremanarekin lotutako galderak eta erabaki bat hartzeko presioa saihestu dezakezue. Bestalde, agian besteak zeuen ezkongai harremanaz enteratu ahal diren beldur zarete eta, ondorioz, ez diozue inori ezer esan nahi. Baina, horrela, isolatzera iritsi zaitezkete, eta hau arriskutsua izan daiteke. Beraz, ideia ona izan daiteke aholku onak eta laguntza praktikoa eman ahal dizuetenei ateratzen ari zaretela esatea (Esa. 15:22). Adibidez, senide, lagun heldu edo adindun batzuei kontatu ahal diezue.

10. Zer egin dezake bikote batek ezkongai harremana garbi mantentzeko? (Esaera Zaharrak 22:3)

10 Zer gauza egin ditzakezue zeuen ezkongai harremana garbi mantentzeko? Zeuen arteko sentimenduak hazi ahala, normala da elkarrengana gero eta erakarriago sentitzea. Beraz, zerk lagunduko dizue moralki garbi mantentzen? (1 Ko. 6:18). Elkarrizketa moralgabeak, biak bakarrik egotea eta neurrigabe edatea saihesteak (Efe. 5:3, NWT). Gauza hauek sexu desirak piztu eta ondo dagoena egiteko determinazioa ahuldu ditzakete. Zergatik ez duzue erregularki hitz egiten zeuen ezkongai harremana garbi mantentzeko hartuko dituzuen neurriei buruz? (Irakurri Esaera Zaharrak 22:3). Ikusi zerk lagundu zien Etiopiako Dawit eta Almaz-i. Beraiek diote: «Jendea zegoen tokietan edo lagunekin batera pasatzen genuen denbora. Ez ginen auto edo etxe batean bakarrik inoiz egoten. Horrela, tentaldiak saihestu genituen».

11. Maitasun adierazpenak erakustea erabakitzerakoan, zer faktore hartu beharko lituzke kontuan ateratzen ari den bikoteak?

11 Zer esan dezakegu maitasun adierazpenen inguruan? Harremana aurrera doan heinean, maitasun adierazpen batzuk egokiak izan daitezke (Kant. 1:2; 2:6). Hala ere, sexu desirak pizten badira, ziurrenik zaila izango da zeuen bikotea modu objektiboan ikustea. Gainera, maitasun adierazpenak erakusten dituzuenean, erraza izan daiteke autokontrola galtzea eta Jehobak gorroto duen zerbait egitea (Esa. 6:27). Beraz, ezkongai harremana hasi eta gutxira, adostu zer muga jarriko dituzuen Biblia printzipioekin bat eginez c (1 Tes. 4:3-7, NWT). Bikote bezala, honako galderetan pentsatu dezakezue: «Inguruko jendeak gure arteko maitasun adierazpenak ikusiko balitu, zer pentsatuko luke? Piztu al ditzakete maitasun adierazpen hauek gu biotako baten sexu desirak?».

12. Bikote batek desadostasunak baditu, zer hartu beharko luke kontuan?

12 Zer egin dezakezue arazo eta desadostasunen aurrean? Noizbehinka desadostasunak badituzue, esan nahi al du honek zeuen harremana gaizki doanik? Ez du horrela izan beharrik; bikote guztiek dituzte desadostasunak. Ezkon harreman sendo bat desadostasunak gainditzeko elkarrekin lan egin dezaketen bi pertsonaz osatuta dago. Beraz, arazoak orain konpontzen dituzuen moduak, etorkizunean zeuen ezkon harremanak arrakasta izango duen ala ez erakutsi dezake. Ondorengo galderetan pentsatu dezakezue: «Edozein gairen inguruan lasaitasunez eta errespetuz hitz egin al dezakegu? Gure defektuak azkar onartu eta hobetzeko prest al gaude? Egokia denean bestearen desioetara moldatzeko, barkamena eskatzeko eta barkatzeko prest al gaude?» (Efe. 4:31, 32). Edonola ere, ezkongai harremanean desadostasunak edo eztabaidak etengabe izaten badituzue, ezkondu ondoren egoerak ziurrenik ez du hobera joko. Pertsona hori zuretzat egokia ez dela konturatzen bazara, ezkongai harremana amaitzea erabakirik onena izan daiteke biontzat. d

13. Zerk lagundu ahal dio ateratzen ari den bikote bati ezkongai harremanak zenbat iraun beharko duen erabakitzen?

13 Zenbat iraun beharko luke zuen ezkongai harremanak? Korrika eta presaka hartzen diren erabakiek emaitza txarrak ekartzen dituzte askotan (Esa. 21:5, NWT). Beraz, ezkongai harremanak elkar ondo ezagutzeko behar den denbora iraun beharko luke. Hala ere, ez zenukete ezkongai harremana beharrezkoa dena baino gehiago luzatu beharko. Izan ere, Bibliak ere dio: «Gauzatzen ez den itxaropenak bihotzean pena sortzen» (Esa. 13:12). Gainera, elkarrekin zenbat eta denbora gehiago pasa, orduan eta zailagoa izango da sexu desirak kontrolpean izatea (1 Ko. 7:9). Ez zentratu zenbat denboraz egon zareten elkarrekin ateratzen. Horren ordez, pentsatu hurrengo galderan: «Zer gehiago ezagutu behar dut pertsona horri buruz erabaki bat hartzeko?».

NOLA LAGUNDU AHAL DIETE ANAI-ARREBEK BIKOTE EZKONGABEEI?

14. Zer gauza praktiko egin ditzakegu ateratzen ari den bikote bati laguntzeko? (Ikusi irudia ere)

14 Elkarrekin ateratzen ari den anaia eta arreba bat ezagutzen baditugu, nola lagundu ahal diegu besteok? Jatera, gure familia adoraziora edo gurekin denbora pasatzera gonbidatu ditzakegu (Erm. 12:13). Egoera horietan, bikoteak elkar ezagutzeko aukera izan dezake. Beharbada bakarrik ez egoteko edo kotxean bakarrik ez joateko laguntza behar dute. Gure etxera etortzera ere gonbidatu ditzakegu, beraien artean hitz egiteko denbora izan dezaten (Gal. 6:10). Lehen aipatutako Aliciak asko eskertzen du berak eta Arthur-ek jaso zuten laguntza. Berak dio: «Anai-arreba batzuek behar genuen guztietan beraien etxera joan ahal ginela esan ziguten. Horrela, bakar-bakarrik egon gabe elkarrekin egoteko aukera izaten genuen. Zenbat eskertu genuen gonbidapen hau!». Beraz, bikote batek beraiekin batera denbora pasatzeko eskatzen badizu, pentsatu hau zure lagunak laguntzeko aukera on bat dela. Hala ere, kontuz ibili bikotea bakar-bakarrik ez uzteko. Baina, aldi berean, beraien artean hitz egiteko denbora noiz beharko duten bereizi (Flp. 2:4).

Ateratzen ari den bikote bat ezagutzen badugu, laguntzeko modu praktikoak bilatu ditzakegu (Ikusi 14 eta 15 paragrafoak)


15. Zer gehiago egin dezakegu ateratzen ari den bikote bati laguntzeko? (Esaera Zaharrak 12:18)

15 Ateratzen ari den bikote bati laguntzeko beste modu bat, esaten edo esaten ez dugunarekin kontuz ibiltzea da. Batzuetan, isilik geratzeko autokontrola beharko dugu (Irakurri Esaera Zaharrak 12:18). Esaterako, bikote bat ateratzen hasi dela besteei kontatzeko irrikan egon gaitezke. Baina, baliteke, berri hau bikoteak berak kontatu nahi izatea. Beraz, ez genuke ateratzen ari den bikote bati buruz txutxu-mutxuka ibili beharko, ezta gai pertsonalen inguruan gaizki esaka aritu beharko ere (Esa. 20:19; Erm. 14:10; 1 Tes. 4:11). Bestalde, ez genuke gure hitz edo galderekin bikotea ezkontzeko presionatu nahi. Elise izeneko arreba batek eta bere senarrak ondorengoa gogoratzen dute: «Gure ezkontza planei buruz galdetzen zigutenean, deseroso sentitzen ginen, guk ez genuelako oraindik honi buruz hitz egin».

16. Nola jokatu beharko genuke bikote batek ezkongai harremana amaitzea erabakitzen badu?

16 Nola jokatu beharko genuke bikote batek ezkongai harremana amaitzea erabakitzen badu? Galdera pertsonalak egitea, edo bata edo bestearen alde jartzea saihestu beharko genuke (1 Ped. 4:15). Lea izeneko arreba batek dio: «Anaia batek eta biok harremana amaitzea erabaki genuen. Orduan, beste batzuk honen arrazoiaren inguruan hitz egiten ari zirela entzun nuen. Honek asko mindu ninduen». Lehen esan bezala, ezkongai harremana amaitzeak ez du zertan esan nahi bikoteak erabaki txar bat hartu duenik. Askotan, ezkongai harremanak bere helburua bete duela esan nahi du, besterik ez; hau da, bikoteari erabaki on bat hartzen lagundu die. Hala ere, hartu duten erabakiaren ondorioz, min emozionala eta bakarrik daudela sentitu dezakete. Beraz, beraiei laguntzeko moduak bilatu ditzakegu (Esa. 17:17).

17. Zer egiten jarraitu behar dute bikote ezkongabeek?

17 Ikusi dugun bezala, ezkongai harremanak erronkak izan ditzake. Baina, aldi berean, garai polita ere izan daiteke. Jessicak honakoa gogoratzen du: «Egia esan, ezkongai harremanak lan handia eskatu zigun. Baina elkar ondo ezagutzeko erabili genituen denbora eta indarrak guztiz merezi izan zuten». Ateratzen ari den bikote bat bazarete, jarraitu elkar ondo ezagutzen. Hau egiten baduzue, ezkongai harremanak bioi erabaki on bat hartzen lagunduko dizue.

sn 11. KANTA Poztu Jehobaren bihotza

a Izen batzuk aldatuak izan dira.

c Beste pertsona baten sexu organoak laztantzea sexu moralgabekeriaren barne dago. Egoera honetan, kongregazioko adindunek epaiketa batzorde bat osatu beharko dute. Bularrak laztantzeagatik, edo mezu edo telefono bidez elkarrizketa moralgabeak izateagatik, egoeraren arabera, adindunek epaiketa batzorde bat osatu dezakete.

d Informazio gehiagorako, irakurri aldizkari honetako «Preguntas de los lectores» («Questions des lecteurs») artikulua, 1999​ko abuztuaren 15​eko alean.