BIOGRAFIA
Bizitza zirraragarria Jehobaren zerbitzuan
1951. URTEAN, Kanadako Quebec probintziako Rouyn hirira iritsi berri nintzen. Eman zidaten helbidera joan eta bertako atea jo nuen. Galaad-en egondako Marcel Filteau a misiolariak ireki zidan atea. Berak 23 urte zituen eta altua zen. Nik, berriz, 16 urte nituen eta bera baino askoz baxuagoa nintzen. Aitzindari izateko eman zidaten asignazioaren gutuna erakutsi nion. Irakurri, niri begiratu eta esan zidan: «Ba al daki zure amatxok hemen zaudela?».
NIRE FAMILIA
1934an jaio nintzen. Nire gurasoak Suitzatik Kanadara etorri eta Ontarioko Timmins meatzari herrian bizitzen hasi ziren. 1939 urte inguruan, nire ama aldizkari honen aleak irakurtzen eta Jehobaren lekukoen bileretara joaten hasi zen. Nire sei anai-arrebak eta ni berarekin eramaten gintuen. Handik gutxira, Jehobaren lekuko izatera iritsi zen.
Aita ez zen batere poztu amaren erabakiarekin. Baina amak egia maite zuen, eta honi tinko eusteko determinazioa zuen. Hala egiten jarraitu zuen 1940ko hamarkadaren hasieran Kanadan Jehobaren lekukoen lana debekatu zutenean ere. Eta aitak oso gauza itsusi eta desatseginak esaten zizkion arren, ama beti atsegina izan zen berarekin eta errespetuz tratatu zuen. Amaren eredu bikainak nire anai-arrebei eta niri Jehoba zerbitzatzeko erabakia hartzen lagundu zigun. Zorionez, denborarekin, aitaren jarrera aldatu egin zen, eta familia hobeto tratatzen hasi zen.
DENBORA OSOKO ZERBITZUAREN HASIERA
1950eko abuztuan, Teokraziaren Hazkundea biltzarrean egon nintzen, New Yorken. Bertan, mundu osoko anai-arrebak ezagutu eta Galaad eskolako graduatuen elkarrizketa zirraragarriak entzun nituen. Ondorioz, Jehobaren zerbitzuan gehiago egiteko motibatuta sentitu nintzen. Inoiz baino argiago nuen denbora osoko zerbitzua hasi nahi nuela. Etxera iritsi bezain pronto, aitzindari erregularra izateko eskaera bete nuen. Kanadako sukurtsalak lehenengo bataiatu behar nuela erantzun zidan. Beraz, 1950eko urriaren 1ean bataiatu nintzen. Hilabete bat beranduago, aitzindaritza erregularra hasi eta nire lehenengo asignazioa jaso nuen: Kapuskasing. Herri hori nire familia bizi zen tokitik oso-oso urrun zegoen.
Frantsesa hitz egiten den Quebec-eko probintzian, berriemaileen behar handia zegoen. Beraz, 1951ko udaberrian, sukurtsalak frantsesez hitz egiten zuten Lekukoei hara joateko prest egongo ote ziren galdetu zien. Nik txikitatik frantsesa eta ingelesa hitz egiten nuenez, gonbidapena onartu nuen eta Rouyn-era bidali ninduten. Han ez nuen inor ezagutzen. Lehen kontatu dudan moduan, helbide bat besterik ez nuen. Baina dena ondo joan zen. Marcel eta biok lagun onak egin ginen eta ondorengo lau urteetan Quebec-en zerbitzatzeaz gozatu nuen; denborarekin, aitzindari berezi bezala ere bai.
GALAAD ETA ESPEKTATIBA ATZERATUAK
Quebec-en nengoela, poz-pozik jarri nintzen South Lansing-en (New York) izango zen Galaadeko Biblia eskolako 26. klasera gonbidatu nindutenean. 1956ko otsailaren 12an graduatu nintzen eta Mendebaldeko Afrikara, gaur egun Ghana b izenez ezaguna den herrialdera, bidali ninduten. Baina, joan aurretik, Kanadara itzuli behar nuen «aste batzuetarako», bidaiatzeko dokumentuak prest egon arte.
Azkenean, zazpi hilabetez egon nintzen Toronto-n dokumentu haien zain. Denbora hartan, Cripps familiak etxean hartu ninduen. Bertan, beraien alaba Sheila ezagutu nuen, eta maitemindu egin ginen. Baina orduan, nirekin ezkondu nahi zuen galdetzekotan nengoenean, nire bisa iritsi zen. Sheila eta biok honi buruz otoitz egin eta nire asignaziora joan behar nuela erabaki genuen. Baina, horretaz gain, elkarri gutunak idaztea ere erabaki genuen, etorkizunean elkarrekin ezkontzea posible izango ote zen ikusteko. Ez zen erabaki erraza izan, baina denborarekin erabaki egokia izan zela ikusi genuen.
Hilabete bat trenez, zamaontziz eta hegazkinez bidaiatu ondoren, Ghana-ra iritsi nintzen, Accra-ra. Han, lurralde arduradun izendatu ninduten. Horrek Ghana-n zehar bidaiatu beharko nuela esan nahi zuen, baita alboko Boli Kosta eta Togolandiatik (gaur egungo Togo) ere. Gehienetan, nik bakarrik bidaiatzen nuen sukurtsalarena
zen jeep batean. Garai hartaz asko disfrutatu nuen!Asteburuetan, eskualde biltzarretan laguntzen nuen. Biltzar aretorik ez genuenez, anaiek denbora baterako teilatuak prestatzen zituzten, banbu zutoin eta palmondo hostoak erabiliz, eguzkitik babesteko. Jangelan hozkailurik ez zegoenez, anaiek bizirik zeuden animaliak izaten zituzten eskura, eta akabatu egiten zituzten biltzarrera etorritakoei jaten emateko.
Biltzarretan gauza barregarriak gertatu ziren. Behin, Herb Jennings c, beste misiolari bat, hitzaldi bat ematen ari zela, idi batek ihes egin zuen jangelatik. Plataformaren eta entzulegoaren artean korrika hasi zen. Herb-ek hitzaldia gelditu zuen eta animalia guztiz galduta zegoela ematen zuen. Orduan, lau anaia indartsuk animalia harrapatu eta jantokira eraman zuten bueltan, entzulegoaren txalo zaparradaren erdian.
Astean zehar, La Sociedad del Nuevo Mundo en Acción produkzio audiobisuala jartzen nuen inguruko herrixketan. Horretarako, maindire zuri bat zintzilikatzen nuen bi zutoin edo zuhaitzen artean, eta bertan proiektatzen nuen. Herritarrei asko gustatzen zitzaien. Askorentzat, ikusten zuten lehenengo produkzio audiobisuala zen, eta jendea bataiatzen agertzen zenean, txaloka hasten ziren. Produkzio audiobisual horrek gure mundu mailako erakundea elkartuta dagoela erakusten lagundu zuen.
Afrikan bi urte inguru pasa ondoren, New Yorkeko 1958ko biltzar internazionalera joateko irrikan nengoen. Zer pozik jarri nintzen Sheila ikustean! Aitzindari berezi bezala zerbitzatzen ari zen Quebec-en, eta handik etorri zen. Egun hartara arte, gutun bidez komunikatzen aritu ginen. Baina orain berriro elkarrekin geundenez, nirekin ezkontzeko eskatu nion, eta baietz esan zidan. Knorr anaiari d idatzi nion, eta Sheila Galaad-era joan eta nirekin Afrikan elkartu zitekeen galdetu nion. Baietz esan zidan eta, azkenik, Sheila Ghana-ra iritsi zen. Accra-n ezkondu ginen 1959ko urriaren 3an. Gure bizitzan Jehobaren zerbitzuari lehentasuna eman genionez, benetan bedeinkatu gintuela sentitu genuen.
ELKARREKIN KAMERUNEN ZERBITZATZEN
1961ean, Kamerunera bidali gintuzten. Anaiek
sukurtsal berria ezartzen laguntzeko eskatu zidatenez, oso lanpetuta nenbilen. Lurraldeko lana gainbegiratzeko ardura nuen, eta asko neukan ikasteko. Gero, 1965ean, Sheila haurdun zegoela jakin genuen. Onartu behar dut zaila egin zitzaigula geure burua guraso bezala imajinatzea. Baina, ardura berri honekin ilusionaturik Kanadara itzultzeko planak egiten ari ginela, lur jota utzi gintuen zerbait gertatu zen.Sheilak haurra galdu zuen. Medikuak gure jaio gabeko haurra mutikoa zela esan zigun. Hau duela 50 urte baino gehiago gertatu zen, baina ez genuen inoiz ahaztu. Gertatutakoagatik oso-oso triste geunden arren, hainbeste maite genuen gure atzerriko asignazioan jarraitu genuen.
Kamerunen, anaia askok pertsekuzioa jasan zuten politikan neutralak izateagatik. Egoera bereziki zaila izaten zen hauteskunde presidentzialen garaian. 1970eko maiatzaren 13an, gutxien desio genuena gertatu zen: Jehobaren lekukoen lana ofizialki debekatu zuten. Bost hilabete lehenago, sukurtsal berri eta ederrera iritsi ginen, baina orain, gobernuak sukurtsala konfiskatu egin zuen. Astebete lehenago, misiolari guztiak bota zituzten herrialdetik; haien artean, Sheila eta biok. Gogorra izan zen anai-arrebak atzean uztea, asko maite genituelako eta gertatuko zitzaienaz kezkatuta geundelako.
Hurrengo sei hilabeteak Frantziako sukurtsalean pasa genituen. Han, gure Kamerungo anai-arreben beharrez arduratzeko ahal nuen guztia egiten jarraitu nuen. Orduan, Nigeriako sukurtsala Kamerungo lanaz arduratzen hasi zenez, urte hartako abenduan, sukurtsal hartara bidali gintuzten. Nigeriako anai-arrebek ongietorri beroa eman ziguten eta urte batzuetan han zerbitzatzeaz gozatu genuen.
ERABAKI ZAIL BAT
1973an, oso erabaki zaila hartu behar izan genuen. Sheila osasun arazo larriei aurre egiten aritu zen. New Yorken biltzar baterako geunden bitartean, malkoei eutsi ezinik esan zidan: «Ezin dut jarraitu! Leher eginda eta gaixo nago ia denbora guztian». 14 urtez egon zen Mendebaldeko Afrikan nirekin zerbitzatzen. Oso harro nengoen bere zerbitzu leialaz, baina aldaketa batzuk egin behar genituen. Gure egoeraz hitz egin, eta luze eta zabal otoitz egin ondoren, Kanadara itzultzea erabaki genuen bere osasuna hobeto zaindu ahal izateko. Dudarik gabe, misiolari lana eta denbora osoko zerbitzua uztea inoiz hartu behar izan genuen erabakirik zailena eta gogorrena izan zen.
Kanadara iritsi ondoren, Toronto iparraldeko herri batean auto kontzesionario bat zuen aspaldiko lagun batekin hasi nintzen lanean. Pisu bat alokatu, bigarren eskuko altzariak erosi eta zorretan sartu gabe bizitza berri bat hasteko prest geunden. Bizimodu sinplea izaten jarraitu nahi genuen, noizbait denbora osoko zerbitzura itzultzeko itxaropena genuelako. Harrituta geratu ginen, espero baino lehenago iritsi baitzen.
Larunbatetan Norval-eko (Ontario) biltzar areto berriaren eraikuntzan parte hartzen hasi nintzen. Denborarekin, biltzar aretoaren arduradun izatera gonbidatu ninduten. Sheilaren osasuna
hobetzen ari zen eta asignazio berri hau bete ahal izango zuela pentsatu genuen. Beraz, biltzar aretoko etxebizitzara joan ginen 1974ko ekainean. Zer pozik geunden denbora osoko zerbitzura bueltatzeaz!Zorionez, Sheilaren osasunak hobetzen jarraitu zuen. Bi urte beranduago, eskualde arduradun izateko asignazioa jaso nuen, eta onartzea erabaki genuen. Asignatu ziguten eskualdea Kanadako Manitoba probintzian zegoen kokatuta. Bertako eguraldia bere negu gorriengatik da ezaguna. Baina anai-arreben maitasunak epel-epel sentiarazi gintuen. Gauza inportante bat ikasi genuen: benetan axola duena ez da non zerbitzatzen dugun. Gakoa, gauden tokian gaudela, Jehoba zerbitzatzen jarraitzea da.
LEZIO INPORTANTE BAT IKASI NUEN
Eskualde lanean urte batzuk eman ondoren, 1978an Kanadako Betelen zerbitzatzera gonbidatu gintuzten. Handik gutxira, onartzeko zaila izan zen lezio inportante bat ikasi nuen. Montrealen izan zen bilera berezi batean, ordu bat eta erdiko hitzaldia eman nuen frantsesez. Tamalez, ez nuen interesa mantentzea lortu eta zerbitzu departamentuko anaia batek nire hitzaldiari buruzko aholkua eman zidan. Egia esan, onartu behar dut ez naizela inoiz hizlari trebea izan. Baina ez nuen aholkua oso ondo hartu. Elkarrizketa ez zen oso ondo joan eta haserretu egin nintzen kritikoegia izan zela eta zoriondu ez ninduela pentsatzen nuelako. Aholkua emateko moduan eta anaiari buruz nuen iritzian jarri nuen arreta. Zer-nolako akatsa!
Sukurtsal Batzordeko anaia batek gai honi buruz hitz egin zuen nirekin. Aholkua ez nuela ondo hartu eta damututa nengoela esan nion. Ondoren, aholkua eman zidan anaiarekin hitz egin nuen. Oso atsegina izan zen nirekin eta barkatu egin zidan. Bizipen honek apal izatea zein garrantzitsua den irakatsi zidan, eta ez dut lezio hau inoiz ahaztuko (Esa. 16:18). Jehobari askotan egin diot otoitz honi buruz, eta norbaitek aholkua ematen didanean beti jarrera ona izateko helburua dut orain.
40 urte baino gehiago eman ditut Kanadako Betelen eta, 1985etik, Sukurtsal Batzordearen parte izateko ohorea izan dut. 2021eko otsailean, nire Sheila maitea hil egin zen. Orain, bere falta handia sumatzeaz gain, nire osasun arazoei ere aurre egiten ari naiz. Baina Jehobaren zerbitzuan oso lanpetuta eta pozik nagoenez, ez dut nire «bizitza zein motza den» gogoratzen (Ekl. [Koh.] 5:20, NWT). Bizitzan zailtasun batzuk izan ditudan arren, pozez bete nauten gauzak askoz gehiago izan dira. Zoragarria izan da Jehobaren zerbitzuari lehentasuna ematea eta 70 urtez denbora osoko zerbitzuan aritzea. Otoitz egiten dut gure anai-arreba gazteek ere Jehoba zerbitzatzen jarraitu dezaten. Ez daukat dudarik; hori egiten badute, bizitza zirraragarria izango dute. Eta hori Jehoba zerbitzatuz bakarrik da posible.
a Marcel Filteau-ren biografia irakurtzeko, jo «Jehová es mi refugio y fuerza» («Jéhovah est mon refuge et ma force») artikulura, aldizkari honetako 2000ko otsailaren 1eko alean.
b 1957. urtera arte, Afrikako eskualde hau Urre Kosta deituriko britaniar kolonia zen.
c Herbert Jennings-en biografia irakurtzeko, jo «No saben lo que será su vida mañana» («Vous ne savez pas ce que votre vie sera demain») artikulura, aldizkari honetako 2000ko abenduaren 1eko alean.
d Garai hartan, Nathan H. Knorr anaia erakundearen lanean aurrea hartzen ari zen.