Esperantza: benetako eragina al du gure bizitzan?
Esperantza: benetako eragina al du gure bizitzan?
DANIELEK hamar urte soilik izan arren, urte oso bat zeraman minbiziaren aurka borrokatzen. Medikuek eta lagun minek esperantza galdu zuten, baina berak ez. Danielek, heldua izatean, ikertzailea izango zela, eta minbiziarentzat sendagai bat aurkitzen lagunduko zuela uste zuen. Baikor sentitzen zen, bereziki, mediku baten bisita espero zuelako. Mediku hau, berak zuen minbizi motan espezializatua zegoen. Baina eguna iristerakoan, medikuak ezin izan zion bisita egin eguraldi txarra zela eta. Orduan, Danielek esperantza guztia galdu zuen eta, lehenengo aldiz, ez zuen ezertarako gogorik. Egun batzuk ondoren, hil egin zen.
Osasun arloko profesional batek kontatu zuen bizipen hau. Berak, esperantzak eta hau galtzeak osasunean dituen emaitzak aztertu zituen. Beharbada antzeko bizipenak entzun dituzu. Adibidez, hilzorian dagoen adineko pertsona batek, asko estimatzen duen zerbait irrikaz espero du; agian, maite duen norbaiten bisita edo urteurrenen bat. Espero duena gertatu ondoren, handik gutxira hil egiten da. Kasu horretan, zerk izan du eragina? Benetan hain boteretsua al da esperantza, askok pentsatzen duten bezala?
Gero eta mediku gehiagok, ondorengoa aipatzen dute: Jarrera positiboak, esperantzak eta beste emozio positiboek, gizakion bizitzan eta osasunean eragin handia dutela. Baina denek ez dute ikuspuntu bera. Ikertzaile batzuek ideia hauek baztertzen dituzte, beraien ustez, zientzian oinarriturik ez dauden kontuak direlako. Gaitz fisikoek arrazoi fisikoak soilik dituztela pentsatzen dute.
Noski, esperantzari buruzko ikuspuntu eszeptikoak ez dira berriak. Duela milaka urte, Aristoteles filosofoari esperantza definitzeko eskatu ziotenean, hau erantzun zuen: «Oraindik esna dagoenaren ametsa da». Eta beranduago, Benjamin Franklin politikari amerikarrak, burla eginez, esan zuen: «Esperantzaren menpe bizi dena, gosez hilko da».
Orduan, zein da esperantzari buruzko egia? Ilusio hutsak al dira beti, hau da, kontsolamendua lortzeko ametsak besterik ez? Edo, ba al dugu arrazoirik kontrakoa pentsatzeko? Beharrezkoa al da zoriontsu eta osasuntsu bizitzeko? Benetako emaitza onak sortzen al ditu?