Janzteko eta apaintzeko moduak oztopoak ziren niretzat
Janzteko eta apaintzeko moduak oztopoak ziren niretzat
EILEEN BRUMBAUGH-EK KONTATUA
Brethren erlijioan hazi nintzen. Amish eta Menoniten oso antzekoa den erlijio zorrotz bat da. Erlijioa hau, Alemanian sortu zen 1708an Pietismo izeneko mugimenduaren barne. Erlijioari buruzko entziklopedia baten arabera, Pietismoaren jatorria honakoa izan zen: «Pertsona batzuk konbentzituta zeuden mundu guztiak Jesu Kristori buruzko berri onak entzuteko beharra zuela» (The Encyclopedia of Religion, Mircea Eliade). Ikuspuntu honengatik, misiolariak bidali zituzten toki askotara.
1719an, Alexander Mack-ek gidatutako talde txiki bat iritsi zen Pennsylvaniara, Estatu Batuak. Talde horretatik, beste batzuk sortu ziren eta bakoitzak Alexander Mack-en irakaspenak bere modura interpretatzen zituen. Gure eliza txikiak 50 kide zituen. Biblia irakurtzea eta eliza buruek esaten zutena zehatz-mehatz jarraitzea oso garrantzitsua zen guretzat.
Hiru belaunalditan, nire familiak erlijio honetan jarraitu du. 13 urte nituenean bataiatu nintzen erlijio honetan. Automobila, traktorea, telefonoa, irratia edo argindarra behar zuen edozein gailu erabiltzea gaizki zegoela irakatsi zidaten. Emakumeok atentziorik deitzen ez zuten soineko luzeak janzten genituen, inoiz ez genuen ilea mozten eta burua beti estalita eramaten genuen. Gizonezkoek, berriz, bizarra zuten. Gure ustez, munduaren parte ez izateko, ezin genituen arropa modernoak, makilajea edo bitxiak eraman. Hauek eramatea harroputz izatearen seinale zen.
Bibliari errespetu handia izaten irakatsi ziguten, Jainkoaren Hitza delako. Egunero-egunero, gosaldu aurretik, guztiok egongelan biltzen ginen aitak Bibliako kapitulu bat irakurri eta horri buruz iruzkin batzuk egiten zituen bitartean. Ondoren, guztiok belaunikatu egiten ginen aitak otoitz egiten zuen bitartean. Gero, amak aitagurea errezatzen zuen. Irrikaz itxaroten nuen goizeko adorazioa, familia osoa elkartuta geundelako gauza espiritualetan murgilduta.
Delphi (Indiana) herriko baserri batean bizi ginen. Bertan barazki mota desberdinak ereiten genituen. Ondoren, barazkiak zaldi gurdi batean herrira eraman eta kalean edota etxez etxe saltzen genituen. Lan gogor hura Jainkoaren zerbitzuaren parte zela pentsatzen genuen. Hortaz, gogor saiatzen ginen lanean igandean ezik, orduan debekatuta genuelako horrelako lanak egitea. Hala ere, zaila egiten zitzaigun ikuspuntu espiritual hori mantentzea baserrian lan asko zegoelako.
Ezkondu eta seme-alabak ditut
1963an, 17 urterekin, Jamesekin ezkondu nintzen, nire erlijioko kide batekin. Bere birraitona-amonak dagoeneko Bethren erlijioko kide izan ziren. Biok Jainkoa zerbitzatzeko desio handia genuen eta gure eliza egia zuen bakarra zela uste genuen.
1975erako sei seme-alaba genituen eta 1983an zazpigarrena jaio zen, azkena izan zena. Rebecca, gure bigarren haurra, gure alaba bakarra izan zen. Gogor lan egin eta gutxi gastatzen genuen eta bizitza apala generaman. Gainera, seme-alabeei gurasoengandik eta beste elizako kideengandik ikasitako Biblia printzipio berak irakasten saiatu ginen.
Itxurak garrantzi handia zuen Brethren erlijioan. Inork ezin zuenez bihotzean zegoena ikusi, janzkerak bihotzean dagoena erakusten zuela pentsatzen genuen. Hortaz, erlijio kideren batek ilea gehiegi apaintzen bazuen, harroa zela iruditzen zitzaigun. Gainera, gure soinekoaren estanpatua handiegia bazen, harrokeriaren seinale zela uste genuen. Batzuetan, arau hauek Bibliak esaten zuena baino garrantzitsuagoak zirela ematen zuen.
Senide batek egia kartzelan ikasten du
1960ko hamarkadaren amaieran, nire senarraren anaia, Jesse, Brethren erlijioan ere hezitakoa, kartzelara eraman zuten soldaduska ez zuelako egin nahi. Bertan Jehobaren lekukoak ezagutu zituen. Beraiek ere gerran parte hartzea Bibliako printzipioen aurka dagoela pentsatzen dute (Isaias 2:4; Mateo 26:52). Jessek elkarrizketa asko izan zituen Lekukoekin Bibliari buruz eta beraien ezaugarri politak gertutik ikusi ahal izan zituen. Biblia sakonki aztertu ondoren, Jehobaren lekuko izateko bataiatu zen, eta hori ez zitzaigun batere gustatu.
Jessek nire senarrari ikasitakoari buruz hitz egin zion eta Jehobaren lekukoen aldizkariak erregularki jasotzea antolatu zuen. Hauek irakurtzean, Jamesek Biblian zuen interesa handitu egin zen. Beti izan zuen Jainkoa zerbitzatzeko desira, baina askotan berarengandik urruti sentitzen zen. Horregatik, Jainkoarengana gerturatuko zuen edozertan interesa zuen.
Gure adindunek, Amish, Menonita edo beste Brethren taldeen aldizkariak irakurtzeko esaten ziguten, nahiz eta horiek munduaren parte zirela pentsatu. Nire aitak Lekukoen aurkako aurreiritzi ugari zituen. Horregatik, beraien aldizkariak sekula ez genituela irakurri behar pentsatzen zuen. Beraz, James hauek irakurtzen ikusi nuenean pila bat izutu nintzen, irakaspen faltsuak onartuko zituen beldur nintzelako.
James aspalditik ez zegoen ados Brethren erlijioak irakasten zituen sinesmen batzuekin. Bibliarekin bat ez zetozela iruditzen zitzaion, bereziki, igandean lan zehatz batzuk egitea bekatu zela zion sinesmena. Esaterako, igandean animaliei ura ematea onargarria zen, baina ez belar txarrak kentzea. Adindunek ezin zituzten eman Biblian oinarritutako arrazoiak arau honetarako. Hortaz, denborarekin, ni ere dudak izaten hasi nintzen irakaspen hauei buruz.
Beti irakatsi zigutenez gurea zela egiazko erlijioa eta bagenekienez hau utziz gero arazo asko izango genituela, zaila zen Brethren erlijioa uzteko erabakia hartzea. Baina gure kontzientziak ez zigun uzten Bibliarekin guztiz ados ez zegoen erlijio batean jarraitzen. Hortaz, 1983. urtean erlijioa uzteko arrazoiak eskutitz batean adierazi genituen eta kongregazioaren aurrean irakurtzeko eskatu genuen. Ondorioz, kanporatuak izan ginen.
Egiazko erlijioaren bila
Ordutik aurrera, egiazko erlijioa bilatzen hasi ginen. Koherentzia zuen erlijioa aurkitu nahi genuen, hau da, kideek besteei egitea esaten zietena beraiek ere egiten zutena. Hasteko, gerratan parte hartzen zuten erlijioak baztertu genituen. Oraindik erlijio «xumeak» ziren erakartzen gintuztenak, hau da, bizimodu eta janzteko modu xumea zuten erlijioak. Izan ere, erlijio horiek munduaren parte ez zirela iruditzen zitzaigun. 1983tik 1985era, Estatu Batuetan zehar bidaiatu genuen erlijio bat bestearen atzetik aztertuz: Menonitak, Kuakeroak eta beste erlijio «xume» batzuk.
Garai hartan, Jehobaren lekukoek gure baserria bisitatu zuten Camden-en (Indiana). Esaten zutena entzun arren, King James Version Biblia itzulpenetik irakurtzeko eskatzen genien. Gerrari buruz duten ikuspuntua errespetatu arren, beraiei entzutea niretzako zaila zen, ez zirelako «xume» jazten eta, ondorioz, munduaren parte zirela uste nuelako. Nire ustez, ezin ziren egiazko erlijioa izan. Arropa eta ondasun modernoak edukitzeak pertsona harroak zirela erakusten zuela pentsatzen nuen.
James Jehobaren lekukoen bilera aretora joaten hasi zen gure seme batzuekin batera. Oso haserre nengoen. Berarekin joateko esaten zidan, baina nik ez nuen nahi. Behin esan zidan: «Nahiz eta beraien irakaspen guztiekin ados ez egon, etorri eta ikusi elkar nola tratatzen duten». Bera honengatik oso harrituta zegoen.
Azkenean joatea erabaki nuen, baina kontu handiz. Bilera aretoan nire jantzi xumearekin eta kofiarekin sartu nintzen. Gure semeetako batzuk oinutsik zihoazen eta beraien arropak ere xumeak ziren. Hala ere, Lekukoek ongietorri beroa eman eta maitasunez tratatu gintuzten. Hauxe pentsatu nuen: «Ezberdinak gara, baina hala ere oso ondo hartzen gaituzte».
Zein jatorrak ziren harritu arren, oraindik ikusi bakarrik egin nahi nuen. Kantetan eserita geratzen nintzen eta ez nuen beraiekin abesten. Bilera amaitzean, galderaz josten nituen nire ustez txarto egiten zituzten gauzen edo Bibliako bertset baten esanahiaren inguruan. Nahiz eta askotan ez nintzen atsegina, galderak egiten nizkion pertsona bakoitzak niregan benetako interesa erakutsi zuen. Asko harritu ninduen ere, nahiz eta pertsona desberdinei galdera berdina egin, jasotzen nituen erantzunek bat egiteak. Batzuetan erantzuna idatzita uzten zidaten eta hori oso lagungarria zen niretzako, beranduago berrikusi nezakeelako.
1985eko udan, gure familia Memphis-en (Tennessee) izan zen Jehobaren lekukoen lurralde biltzarrera joan zen, nolakoa zen ikusteko. Jamesek oraindik bizarra zuen eta gu guztiok arropa xumearekin joan ginen. Saioen arteko atsedenetan oso arraroa zen norbait gurekin hitz egitera ez etortzea. Jasotako maitasunak, atentzioak eta eskuzabaltasunak asko erakarri gintuen. Guretzat oso harrigarria zen ere beraien artean zegoen batasuna. Izan ere, bileratara nora joan inporta gabe, beraien irakaspenak berdinak ziren.
Jamesek, Jehobaren lekukoek erakutsi zioten interes pertsonalak bultzatuta, Biblia ikastaro bat onartu zuen. Guztia sakonki aztertzen zuen, ikasten ari zena ondo ulertzen zuela ziurtatzeko (Eginak 17:11; 1 Tesalonikarrei 5:21). Denborarekin, Jamesek egia aurkitu zuela sentitu zuen. Baina nik barruan borroka bat nuen. Zuzena zena egin nahi nuen, baina aldi berean ez nuen «modernoegia» edota «mundukoa» nintzela sentitu nahi. Lehen aldiz Biblia ikastaro batean egon nintzenean, King James Version itzulpena belaun batean nuen eta bestean itzulpen modernoagoa den Traduccion del Nuevo Mundo. Bertset guztiak bi itzulpenetan bilatzen nituen, engainatzen ez nindutela ziurtatzeko.
Zerk konbentzitu ninduen?
Jehobaren lekukoekin ikasi ahala, gure zeruko Aita Jainko bakarra dela eta ez dela trinitate baten parte ikasi genuen. Honekin batera, gu arimak garela eta arima hilezkorrik ez dugula ere ikasi genuen (Hasiera 2:7; Deuteronomioa 6:4; Ezekiel 18:4; 1 Korintoarrei 8:5, 6). Ikasi genuen beste gauza bat, infernua gizaki guztiak doazen hilobia dela da, eta ez etengabe sufritzen den tokia (Job 14:13; 16. Salmoa 10; Kohelet 9:5, 10; Eginak 2:31). Ez dut ahaztuko infernuaren esanahiari buruzko egia ikasi genuen momentua, Brethren erlijioan infernuari buruzko iritzi desberdin asko zeudelako.
Baina oraindik ez nuen uste Jehobaren lekukoek egiazko erlijioa zutenik, nire ustez munduaren parte izaten jarraitzen zutelako. Ez zeramaten bizitza «xumea», niretzako oso garrantzitsua zena. Aldi berean, pertsona guztiei Jainkoaren Erreinuari buruzko berri onak zabaltzeko Jesusen agindua betetzen zutela konturatu nintzen. Oso nahastuta nengoen (Mateo 24:14; 28:19, 20).
Hain garrantzitsua izan zen garai hartan, Jehobaren lekukoen maitasunari esker, neure kabuz ikerketa egiten jarraitu nuen. Kongregazio oso-osoa interesatu zen nire familian. Batzuetan, kongregazioko anai-arreba batzuk bisitan etortzen zitzaizkigun esnea edo arrautzak erostearen aitzakiarekin. Honi esker, benetan pertsona onak zirela ikusi genuen. Kongregazioko Lekuko batekin Biblia aztertu arren, beste anai edo arrebaren bat gure etxetik pasatzen zenean, bisitatu egiten gintuen. Bisita hauek berebizikoak izan ziren Lekukoak ezagutzeko eta, horrela, guri erakutsi ziguten interesa eta maitasuna ikusi ahal izan genituen.
Gure etxetik gertu zegoen kongregazioko anai-arrebak ez ziren izan hain ondo tratatu gintuzten bakarrak. Janzteko eta apaintzeko modu egokia zein zen erabakitzeko duda-mudatan nengoela, Kay Briggs-ek, inguruko kongregazio bateko arreba batek, bisitatu ninduen. Berak xume janztea eta makilajerik ez erabiltzea erabaki zuen. Berarekin eroso sentitu nintzen eta modu irekian hitz egin ahal izan nuen. Gero, beste egun batean, Lewis Flora anaiak bisitatu ninduen. Bera ere erlijio «xume» batean hazi zen eta, nire aurpegian, barnean nuen borroka ikusi zuen. Ondorioz, 10 orrialdeko eskutitz bat idatzi zidan nire kezkak baretzen laguntzeko. Bere interesa ikustean, negar egin nuen, eta gutun hau askotan irakurri dut.
Isaias 3:18-23 eta 1 Pedro 3:3, 4 azaltzeko eskatu nion eskualde arduradun bati, O’Dell anaiari. «Ez al dute erakusten bertset hauek Jainkoa pozteko xume jantzi behar dugula?», galdetu nion. Horrela arrazoitu zuen: «Gaizki al dago kofia bat janztea edota trentzak egitea?». Brethren erlijioan neskatxoei trentzak edo txirikordak egiten genizkien eta emakumeek kofiak janzten zituzten. Kontraesan bat zegoela ikusi nezakeen eta eskualde arduradunaren pazientziak eta ni tratatzeko modu atseginak asko harritu ninduten.
Pixkanaka-pixkanaka geroz eta konbentzituago nengoen. Baina oraindik asko arduratzen ninduen gai bat zegoen: emakumeek euren ilea moztea. Adindunek nirekin arrazoitu zuten emakume batzuen ilea besteena baino gehiago hazten dela azalduz. Esan nahi al zuen horrek batena bestearena baino hobea zela? Gainera, janzteko eta apaintzeko eran erabakia hartzerakoan kontzientziak duen garrantzia ikusten lagundu eta etxean irakurtzeko informazioa eman zidaten.
Ikasitakoa praktikan jartzen dugu
Fruitu onak bilatzen ari ginen eta aurkitu egin genituen. Jesusek honakoa esan zuen: «Honetan ezagutuko dute guztiek zuek nire ikasle zaretela: zuek elkar maite izatean» (Joan 13:35). Argi ikusi genuen Jehobaren lekukoek benetako maitasuna erakusten dutela. Hala ere, garai hau nahasgarria izan zen gure seme-alaba zaharrenentzat, Nathan eta Rebeccarentzat. Izan ere, eurak dagoeneko Brethren erlijioan bataiatuta zeuden. Denborarekin, guk azaltzen genizkien Bibliako egiak eta Jehobaren lekukoek erakutsitako maitasuna bihotzera iritsi zitzaizkien.
Rebeccak, esaterako, betidanik nahi izan zuen Jainkoarekin gertuko harremana izan. Pertsona batek nola jokatuko duen edo zer etorkizun izango duen aldez aurretik Jainkoak erabakita ez duela jakin zuenean, errazago egin zitzaion otoitz egitea. Jainkoarengana hurbildu zuen beste gauza bat, trinitate misteriotsu baten parte izan beharrean, imitatu zezakeen pertsona erreal bat zela jakitea izan zen (Efesoarrei 5:1). Eta oso pozik zegoen Jainkoarekin hitz egiteko King James Version Biblia itzulpeneko hitz arkaikoak ez zituelako erabili behar. Jainkoari otoitz egin eta gizakiok lurrean betiko paradisu batean biziko garela jakitean, bere Sortzailearengandik inoiz baino gertuago sentitu zen (37. Salmoa 29; Apokalipsia 21:3, 4).
Orain denok Jehoba zerbitzatzen dugu
James eta biok 1987ko udan bataiatu ginen Jehobaren lekuko izateko, baita gure bost seme-alaba zaharrenak ere, Nathan, Rebecca, George, Daniel eta John. Harley 1989an bataiatu zen eta Simon, berriz, 1994an. Gure familia osoak jarraitzen du Jesusen agindua betetzen: Jainkoaren Erreinuari buruzko berri onak zabaltzea.
Seme zaharrenek, Nathan, George, Daniel, John eta Harley, eta gure alaba Rebeccak Jehobaren lekukoen Estatu Batuetako sukurtsalean zerbitzatu dute. Georgek oraindik bertan jarraitzen du, 14 urte daramazki dagoeneko. Simonek, berriz, 2001ean eskola amaitu zuen eta duela gutxi bertara joan da zerbitzatzera. Gure seme guztiak adindunak edo laguntzaileak dira. Nire senarra ere, Thayer (Missouri) kongregazioan adinduna da eta ni predikazioan oso lanpetuta nago.
Orain 3 biloba ditugu: Jessica, Latisha eta Caleb. Asko pozten gaitu beraien gurasoek Jehoba maitatzen nola irakasten dieten ikusteak. Oso pozik gaude Jehobak berarengana erakarri gaituelako, baita Jehobaren zerbitzariek elkarri dioten maitasunagatik bere herria zein den ezagutzen lagundu digulako ere.
Pertsona askok Jainkoa poztu nahi dute, baina beraien kontzientzia Biblian oinarritu ordez, beraien erlijioak erakutsitako arauetan oinarritzen dute. Oso ondo ulertzen ditugu eta guk dugun poztasuna beraiek ere izatea opa diegu. Lehen, etxez etxe barazkiak saltzen genituen, baina orain berri onak zabaltzen ditugu. Jehobaren izena daraman herriak erakutsitako pazientzia eta maitasunean pentsatzean, esker onez betetzen zait bihotza!
[Irudiak]
Zazpi urte nituenean eta urte batzuk beranduago
[Irudia]
James, George, Harley eta Simon jantzi «xumeekin»
[Irudia]
Merkatura gure barazkiak eramaten azaltzen naizen argazkia hau eremuko egunkari batean argitaratu zuten
[Kreditua]
Journal and Courier, Lafayette, Indiana
[Irudia]
Gure familia, gaur egun