Unibertsoak esaten diguna
Unibertsoak astronomoak harritzen jarraitzen du. Gainera, zientzialariak tresna hobeagoak garatzen ari dira unibertsoa ikertzeko. Zer aurkitu dute?
Unibertsoa antolatuta dago. Astronomy aldizkariaren artikulu baten arabera, «galaxiek sare baten moduko patroia jarraitzen dute; ez daude zeruan modu aleatorioan sakabanatuta». Nola da hori posible? Zientzialarien ustez, ikusi ezin dugun materia bati esker: materia iluna. Materia ilun hori «ikusezina den aldamio moduko bat» dela esan izan da «eta horren gainean [...] galaxiak, galaxia-kumuluak eta galaxia-superkumuluak [...] lerrokatuta eta sostengatuta daude».
Nolatan dago unibertsoa hain ondo antolatuta? Izango ote da ordena hori ustekabeko gertakari baten ondorioa? Ikus dezagun Allan Sandage-k esandakoa. Gizon hau XX. mendeko eragin handiko astronomo garrantzitsuenetariko bat izan zen eta Jainkoarengan sinesten zuen.
Honakoa esan zuen: «Niretzat izugarri zaila da horrelako ordena kaosetik agertzea. Zerbaitek antolatu behar izan zuen».
Unibertsoa bizia egoteko modu zehatzean egokituta dago. Azter dezagun zientzialariek indar nuklear ahula deitzen duten indarra. Horri esker, Eguzkiak sutan jarraitzen du iraunkorra den erritmoan. Indarra ahulagoa izango balitz, Eguzkia ez zen inoiz sortuko. Kontrara, indartsuagoa izango balitz, aspaldi desagertuta egongo litzateke.
Unibertsoan indar mota asko daude zehazki egokituta bizia existitu dadin, eta indar nuklear ahula horietako bat besterik ez da. Anil Ananthaswamy zientzia idazlearen arabera, ezaugarri horietako bakar bat ezberdina izan balitz, «izarrak, planetak eta galaxiak ez ziren inoiz sortuko. Bizia egotea ezinezkoa izango litzateke».
Unibertsoan gizakientzat ezin hobea den etxea dago. Lurrak atmosfera eta ur kopuru egokiak ditu, baita Lurra egonkortzeko tamaina perfektua duen ilargi bat ere. National Geographic aldizkariaren arabera, «gure geologia, ekologia eta biologia sare konplexuak harkaitz arraro hau [Lurra] gizakientzat leku perfektu bakarra bihurtzen du». a
Idazle baten arabera, gure eguzki sistema gure galaxian «ezerezaren erdian» dago. Baina justu isolamendu horrek egiten du posible Lurrean bizia egotea. Beste izarretatik gertuago biziko bagina —bai gure galaxiaren erdian, bai izkinetan—, bizirako erradiazio gehiegi egongo litzateke. Horren ordez, zientzialari batzuek «galaxiako zona habitagarria» deitzen dioten tokian bizi gara.
Unibertsoaren eta honen legeen ezagutza zientifikoan oinarrituta, Paul Davies fisikariak honakoa ondorioztatu zuen: «Ezin dut sinetsi gure existentzia unibertso honetan patuaren kapritxo hutsa, historiaren istripua edo drama kosmiko handian ustekabeko distira denik. [...] Hemen egoteko eginda gaude» (The Mind of God: The Scientific Basis for a Rational World). Davies-ek ez du irakasten Jainkoak unibertsoa eta giza bizia sortu zuenik, baina zer uste duzu zuk? Unibertsoa eta Lurra bizia egoteko diseinatuak daudela ematen du. Ez al da hori diseinatuak izan diren seinale izango?
a National Geographic aldizkariko artikulu honen asmoa ez zen Jainkoak Lurra eta gizadia sortu zituela aditzera ematea. Lurra gizakiak bizitzeko zein egokia den esaten ari zen besterik gabe.