Polizia-eskolta Josephentzat
Jehobaren lekukoa al zara? Imajinatu al dezakezu berri onak atez ate predikatzen aritzea polizia-eskoltarekin? Hau da 2017an Josephi Mikronesian gertatutakoa. Beste hiru Lekukorekin batera ari zen kanpaina berezi batean parte hartzen urruneko uharteetan.
Eguerdi aldera, lau lagunak 600 bat biztanle dituen atoloi txiki batera heldu ziren eta uharteko alkateak egin zien ongietorria hondartzan. Josephek ondoren gertatutakoa azaltzen du: «Polizia ibilgailu batek etxe guztietara eraman gintzakeela esan zigun alkateak. Txunditurik geunden eskaintzarekin, baina errespetuz ezetz esan genion. Etxez etxe normalean ibiltzen garen moduan joan nahi genuen jendearengana».
Berri-emaileak ahalik eta jende gehienarekin hitz egiteko asmo sendoarekin abiatu ziren. «Jendeak harrera ona egin zigun eta mezuan interesa azaldu zuen» esan zuten. «Ondorioz, etxe bakoitzean espero genuena baino denbora gehiago igaro genuen».
Geroago, poliziaren ibilgailu batek bitan aurreratu zuen Joseph eta hirugarrenez aurreratzean gelditu egin zen. Falta zitzaizkion etxeetara eramango al zuten galdetu zioten poliziek Josephi. Baina Josephek ezetz esan zien berriro. «Oraingoan, ordea, berriz esan zidaten: “Denbora gutxi duzu uhartetik joan aurretik. Hortaz, gelditzen zaizkizun etxeetara eramango zaitugu”. Ezin izan nion beraien eskaintzari berriz ezetz esan, etxe askotara joan behar bainuen oraindik. Etxe bakoitzera inguratzen ginenean, poliziek familiaren deitura esaten zidaten. Etxeko atea jo ondoren inor ateratzen ez bazen, etxeko jabea ohartarazteko bozina joko zutela ere esan zuten».
«Laguntza honekin, egun horretan etxe guztietara joan ahal izan genuen. Argitalpen asko utzi genizkion jendeari eta interesa azaldu zutenak berriz bisitatzeko planak egin genituen».
Poliziek «berri onak zabaltzeaz benetan gozatu» zutela esan zioten Josephi. Ilunabarrean, hondartzatik agurtu zituzten Jehobaren lekukoak irribarre zabal batekin uhartetik joan zirenean, eskuetan biblia-argitalpenak zituztela.