Urteetan zehar Biblia aldatu egin al da?
Ez. Egia da milaka urtetan zehar, denborarekin usteltzen diren materialetan Bibliaren kopia asko egin direla. Baina eskuizkribu zaharrak konparatzean argi geratu da Biblia ez dela aldatu.
Kopietan akatsik ez dagoela esan nahi du honek?
Bibliaren milaka eskuizkribu zahar aurkitu dira. Eskuizkribu hauen artean desberdintasunak daude. Beraz, kopiatu zirenean akatsak izan zituzten. Hauetako aldaketa gehienak txikiak ziren eta gainera ez zuten testuaren esanahia aldatzen. Baina desberdintasun handiak ere aurkitu izan dira. Hauetako askok erakusten dute aspalditik Biblia aldatu nahi izan dela. Aztertu ditzagun bi adibide:
Biblia-itzulpen zahar batzuek hau diote: «Zeruan Aita, Hitza eta Espiritu Santua, eta hirurok bat dira» (1 Joan 5:7, oharra). Baina eskuizkribu fidagarriek egiaztatu dute hitz hauek ez zeudela jatorrizko testuan, hau da, geroago gehitu ziren. a Fidagarriak diren biblia-itzulpen berriek ez dituzte hitz hauek gehitu.
Jainkoaren izena milaka aldiz agertzen da Bibliaren eskuizkribu zaharretan. Baina biblia-itzulpen askok «Jauna» edo «Jainkoa» hitzengatik ordezkatu dute.
Nola dakigu ez daudela akats gehiago?
Gaur egun eskuizkribu asko aurkitu direnez, inoiz baino errazagoa da akatsak aurkitzea. b Eskuizkribu hauek konparatzean, zer ondoriotara iristen gara? Gaur egungo Biblia zehatza ote da?
Idazki Hebrearrei edo Testamentu Zaharrari buruz William Henry Green adituak hau esan zuen: «Ziurtasun osoz esan dezakegu antzinako idazkien artean hau dela zehatzena».
Frederick Bruce adituak hau idatzi zuen Idazki Greko edo Testamentu Berriari buruz: «Zalantzan jartzen ez ditugun idazki klasikoak baino fidagarriagoa da Testamentu Berria».
Bibliaren eskuizkribuetan aditu ezaguna den Sir Frederic Kenyon-ek hau adierazi zuen: «Biblia eskuan duenak beldurrik gabe, konfiantzarekin, Jainkoaren benetako Hitza eskuartean duela esan dezake. Honek, mendeetan zehar ez du aldaketa garrantzitsurik jasan».
Zer beste arrazoi ditugu ziur egoteko Biblia zehatza dela?
Judutar eta kristau kopistek Jehobaren herriak egindako akats larriak idatzi zituzten c (Zenbakiak 20:12; 2 Samuel 11:2-4; Galaziarrei 2:11-14). Bestalde, judutarrak desobeditzeagatik kondenatuak izan zirela ere idatzi zuten. Honek, gizakiek doktrina batzuk asmatu zituztela eta okerrak zirela erakusten du (Oseas 4:2; Malakias 2:8, 9; Mateo 23:8, 9; 1 Joan 5:21). Kopistek gertakari hauek zehatz-mehatz idaztean, beraiengan konfiantza izan dezakegula eta Jainkoaren Hitza errespetatzen zutela erakutsi zuten.
Jainkoak Biblia inspiratu zuenez, ez al da logikoa bere Hitza gaur egun arte babestu duela pentsatzea? d (Isaias 40:8; 1 Pedro 1:24, 25). Azken finean, antzinako jendearentzat lagungarria izan zen bezala, gaur egungo jendearentzat ere lagungarria izatea nahi du (1 Korintoarrei 10:11). Gainera «Liburu Santuetan idatzia dagoen guztia gure ikasbiderako dago idatzia, geure eroapenaz [edo iraupenaz] eta Liburu Santuek ematen duten adoreaz itxaropenari euts diezaiogun» (Erromatarrei 15:4).
Jesus eta bere jarraitzaileek Idazki Hebrearren kopiak erabili zituzten eta ez zituzten inoiz zalantzan jarri (Lukas 4:16-21; Eginak 17:1-3).
a Hitz hauek ez dira agertzen Sinaiko Kodexean, Alexandriako Kodexean, Vatikanoko 1209 eskuizkribuan, latindar Vulgata originalean, Filoxenio-Harklensiar bertsio siriarrean ezta siriar Peshittan ere.
b Adibidez, grekoz idatzitako bost mila eskuizkribu baino gehiago aurkitu dira. Hauek, Idazki Greko edo Testamentu Berriaren parte dira.
c Bibliak ez du esaten Jainkoak bere ordezkari izateko erabili zituen gizakiak perfektuak zirenik. Horren ordez, hau dio: «Ez baita inor bekatu egiten ez duenik» (1 Erregeak 8:46).
d Bibliaren arabera, Jainkoak ez zuen bere mezua hitzez hitz diktatu. Hori egin ordez, bere Hitza idatzi zutenen pentsamenduak gidatu zituen (2 Timoteori 3:16, 17; 2 Pedro 1:21).