Bibliako irakaspenen betiko jakinduria
IMAJINATU antzinako artelanez betetako museo bat bisitatzen ari zarela. Asko, zulatuta eta hondaturik daude. Batzuei, zati handiak falta zaizkie. Hala ere, badago oso-osorik dagoen bat. Diseinu konplexua du eta xehetasun guztiak argi ikusi daitezke. «Hau, besteak baino berriagoa al da?» galdetzen diozu museoko gidariari. «Ez, besteek baino urte gehiago ditu eta ez dute inoiz berritu» erantzuten du berak. «Babestuta egon al da?» galdetzen duzu orduan. «Ez, haize eta euririk latzenak jasan ditu. Gainera askotan hondatzen saiatu dira». Agian, harrituta pentsa dezakezu: «Zerez egina ote dago?»
Biblia mota horretako artelan bikain bat bezalakoa da. Liburu gehienek baino urte gehiago ditu. Egia da, urte asko dituzten beste liburu batzuk ere badaudela. Baina aipatu ditugun antzinako artelanen antzera, denborarekin hauetako asko kaltetu egin dira. Zientziari buruz esaten zutena, adibidez, gaur egungo ezaguera frogatuaren aurka doa. Osasunari buruzko aholkuak, lagungarriak izan beharrean, arriskutsuak ematen dute. Eta antzinako idazki askoren kasuan, hauen atalak besterik ez dira geratzen, zati batzuk galdu edota hondatu direlako.
Kontrara, Biblia guztiz ezberdina da. 3.500 urte baino gehiago izan arren, Biblia oso-osorik mantentzen da. Gainera, mendeetan zehar behin eta berriz erasoak jaso ditu: erre eta debekatu dute, eta bere izen ona zikintzen saiatu dira. Hala ere, Bibliako informazioak ez du kalterik jasan. Bestalde, gaur egungo ezaguerek ez dute zaharkitu. Izan ere, Bibliako pasarte asko bere garairako oso aurreratuak zeuden.
GAUR EGUN BEHAR DITUGUN PRINTZIPIOAK
Agian pentsatzen duzu: «Benetan erabilgarriak al dira Bibliaren irakaspenak gaur egungo bizitzarako?» Erantzuna lortzeko, galdetu zeure buruari: «Zeintzuk dira gizakiok jasaten ari garen arazorik larrienak?» Agian gerran, kutsaduran, delituetan edota ustelkerian pentsatzen ari zara. Baina, orain, aztertu ditzagun Bibliaren printzipio batzuk. Hau egiten duzun bitartean, pentsatu ondorengoan: «Printzipio hauek jarraituz gero, mundua leku hobea izango al litzateke?»
BAKEA MAITATZEA
«Zorionekoak bakegileak, haiek baititu Jainkoak seme-alabatzat hartuko» (Mateo 5:9). «Zeuen aldetik eta ahal den neurrian, izan bakean guztiekin» (Erromatarrei 12:18).
ERRUKITSU IZATEA ETA BARKAMENA ERAKUSTEA
«Zorionekoak errukitsu direnak, haiek baititu Jainkoak erruki izango» (Mateo 5:7). «Izan eraman oneko elkarrekin eta barkatu batak besteari, inork inoren aurka zerbait balu. Jaunak barkatu zizuen bezala, barkatu zuek ere elkarri» (Kolosarrei 3:13).
ARRAZAKERIA BAZTERTZEA
«Gizon bakar batengandik sorrarazi zituen Jainkoak nazio guztiak, lur zabal osoan bizi zitezen» (Eginak 17:26). «Orain jabetzen naiz benetan Jainkoak ez duela bereizketarik egiten, baizik eta berari begirune dion eta beraren nahia betetzen duen edonor duela gogoko, herri batekoa nahiz bestekoa izan» (Eginak 10:34, 35).
LURRA ZAINTZEA
«Jainko Jaunak gizona hartu eta Edengo baratzean ezarri zuen, landu eta zain zezan» (Hasiera 2:15). Jainkoak «lurra hondatzen dutenak» hondatuko ditu (Apokalipsia 11:18).
DIRUZALEKERIA ETA MORALGABEKERIA GORROTATZEA
«Gorde diru-gosetik, ondasunek ez baitiote inori bizia segurtatzen, ugari izanda ere» (Lukas 12:15). «Aipatu ere ez egin zuen artean lizunkeria edota inolako bizio eta gutiziarik, fededunei dagokienez» (Efesoarrei 5:3).
ZUZEN JOKATZEA ETA GOGOR LAN EGITEA
«Gauza guztietan zintzo jokatu nahian baikabiltza» (Hebrearrei 13:18). «Lapur denak ez dezala aurrerantzean ostu, saia dadila baizik bere eskuz lan egiten, beharrean dagoenari zer eman edukitzeko» (Efesoarrei 4:28).
BEHARREAN DAUDENAK LAGUNTZEA
«Eman adore bihozgabetuei, eutsi ahulei, izan eroapen [edo iraupena] guztiekin» (1 Tesalonikarrei 5:14). «Umezurtz eta alargunei beren premietan» lagundu (Santiago 1:27).
Hala ere, Bibliak ez ditu printzipio baliagarri hauek soilik aipatzen. Horretaz gain, gure eguneroko bizitzan praktikan nola jartzen ere irakasten digu. Ikasgai hauek jende gehiagok jarraituz gero, arazo gutxiago egongo lirateke. Ez al duzu uste? Egia esan, Bibliako aholkuak inoiz baino erabilgarri eta aproposagoak dira! Baina, zer egin dezakete Bibliako irakaspenek zure alde orain?
NOLA LAGUNDU AHAL DIZU BIBLIAK GAUR EGUN?
Gizonik jakintsuenak behin esan zuen: «Egiteek aitortzen dute Jainkoaren jakinduria zuzena dela» (Mateo 11:19). Ez al zaizu arrazoitsua iruditzen? Aholku bat ona den ala ez jakiteko, hoberena praktikan jartzea eta ondorioak ikustea da. Beraz, hau kontuan izanik, pentsatu dezakezu: Biblia benetan erabilgarria bada, hobetu al dezake nire bizitza? Eta lagungarria al da orain ditudan arazoei aurre egiteko? Aztertu dezagun adibide bat.
Delphine-n * bizitza betea zegoen eta pozgarria zen. Baina, bat-batean, ustekabeko zoritxarrak jaso zituen: bere alaba gaztea hil egin zen, bere ezkontza-harremana hautsi egin zen eta arazo ekonomiko larriak izan zituen. Berak dio: «Alabarik, senarrik eta etxerik gabe, nor nintzen ere ez nekien. Dena galdu nuela sentitzen nuen: nortasuna, indarrak eta bizitzeko zentzua».
Inoiz baino hobeto ulertu zuen Delphine-k hurrengo hitzen esanahia: «Gure bizitza hirurogeita hamar urte, onenean ere laurogei: gure bizi-lehia neke eta atsekabe huts; bizitza arin doa, hegan goaz!» (90. Salmoa 10).
Delphine-k Bibliara jo zuen laguntza bila, eta lortu zituen emaitzak benetan nabarmenak izan ziren. Pertsona askok gauza bera egin dute. Bibliaren aholkuak jarraitu dituzte, beraien arazoei aurre egiteko. Biblia, hasieran deskribaturiko artelanaren antzekoa dela konturatu dira. Ez du zerikusirik urteekin zaharkitzen diren liburuekin. Agian Biblia liburu ezberdina delako? Baliteke Jainkoaren hitza izatea, eta ez gizakiarena? (1 Tesalonikarrei 2:13).
Beharbada, bizitza laburra dela eta arazoz beteta dagoela pentsatzen duzu zuk ere. Arazoz josita zaudenean, nora jotzen duzu kontsolamendu, laguntza eta aholku bila?
Biblia hiru eratara lagungarria izan daiteke, ondorengo gauzak egiten irakatsiz:
Arazoak saihesten posible denean.
Zailtasunak konpontzen agertzen direnean.
Aldatu ezin dituzun egoerak modu egokian eramaten.
^ § 24 Artikulu honetako izen batzuk aldatu egin dira.